Behinola elkargune, orain zer?

  • Euskal literatur sistemaren osasuna epaitzeko ekoizpenari erreparatu ohi zaio: liburu kopurua, aniztasuna, kalitatea, salmentak…  Beste bide bat hautatu dugu guk diagnostikoa egiteko. Uztan baino, landareetan jarri dugu arreta: zein bilakaera izan dute behinola idazle taldeek martxan jarritako argitaletxeek? Zergatik sortu dira berriagoak? Bada gehiagoren beharrik? Lagin murritz baina adierazkorra hautatu dugu erantzunak aurkitzeko.

Edo! argitaletxea modu asanblearioan kudeatzen dute. 2012an martxan jarri zen egitasmoa da azken urteotan sortu den editorial berrietako bat, Denon artean, Gaumin eta Pasazaiterekin batera.

“Iruditzen zitzaigun lan interesgarri asko kanpoan geratzen zirela argitaletxe gehienek merkatu ikuspegiarekin funtzionatzen dutelako. Alor ekonomikoa ekuaziotik ezabatzeak lan horiek argitaratzeko aukera eman digu”. Hala laburbiltzen du Iratxe Retolaza literatur kritikariak Edo! argitaletxearen sorreraren zergatia. Mahai beraren bueltan ditu, duela hiru urte sortutako argitaletxea euren borondatezko lanarekin elikatzen duten beste bi kide ere: Ibon Egaña kritikaria eta Oier Guillan idazlea. Bat datoz euskal argitalpenetan oso toki gutxi duten generoak zerrendatzerakoan: pentsamendua, saiakera, artea, antzerkia eta itzulpena. Hain justu ere, Edo!-k orain arte kaleratu dituenak alor horietako lanak dira.

Guillanek ez du atsegin, ordea, hutsunea betetzen dutela esatea. Ezinezkoa dela dio, hamar liburu soilik argitaratu dituztelako. “Esperimentu honek balio izan du hutsune horiek ikusarazteko eta frogatzeko beste kultur eredu batzuk ere badaudela: gauzak beste modu batera eginez gero, egon daitekeela hori baloratu eta irakurriko duen publiko bat”. Harpidedunen ekarpenak eta borondatezko lanak sostengatzen dute Edo!, eta argitara eman dituzten liburu gehienak agortu zaizkie dagoeneko. Azken urteotan sortu den argitaletxe txikietako bat da, Denon artean, Gaumin eta Pasazaite-rekin batera.

Edizioa editorearen gainetik

Edo! modu asanblearioan kudeatzen dute, eta editore lana ere ez dute pertsona bakarraren esku uzten. Bi edo hiru laguneko taldeek hartzen dute edizioaren ardura, ondoren zuzentzaile batek azken errepasoa eman aurretik. Liburu bakoitzak eskatzen duenaren araberako taldea hautatzen dute gainera. Bere alde on eta txarrekin, eragin positiboa duela dio Ibon Egañak: “Prozesua beste bide batzuen aldean mantsoagoa gertatzen da, baina lana mimoz egitea lehenetsi dugu. Ohituta ez dagoen sortzailearentzat luzeegia izan daitekeen arren, emaitzan aldea igartzen da.”

Edizioan jartzen dute arreta, ez editorearen figuran, Egañaren arabera: “Badira dena erabakitzeko boterea duten izen handiko editoreak, beste literatur sistemetan batez ere. Guk prozesuari ematen diogu garrantzia”.

Euskal editoreei begira jarrita, profil aniztasun falta aipatzen da maiz. Iratxe Retolazak ere bere egiten du analisi hori: “Bakoitza bere joerekin baina antzeko profila dute askok, eta sortzailearekin duten harremanetan, jokabideak ere antzekoak dira. Gizonezkoak dira, gipuzkoarrak gehienak, klase sozial bertsukoak, belaunaldi berekoak, eta literatura ulertzeko modu jakin bati erantzuten diotenak”. Arrazoi historiko bati egozten dio antzekotasun hori: “Euskal argitaletxe gehienak garai berean sortu ziren, eta orduan lan horretan aritu zirenak dira orain editore. Haien ahaleginari esker egin dute aurrera”.

Aldizkarien eboluziotik industriara

Arrazoi historiko horiek ongi baino hobeto ezagutzen ditu Josu Landa idazleak, Susa argitaletxean baitabil sorreratik bertatik. 1983an abiatu zen, Maiatz eta Pamielaren garai berean eta ibilbide bertsua egin ondoren. Aldizkarien anparoan eta eboluzio natural gisa sortu zirela dio Landak. “Jada enpresa ikuspegia bazuten Elkarrek eta Ereinek izan ezik, garai hartan sortutako argitaletxeek aldizkari gisa ibilbidea egina zuten aurretik”. Horri esker, testuak maketatu eta papereratzeko gaitasuna zuten idazle talde mordoa ziren urte haietan. “Azken finean lehengai bertsua da aldizkari bat edo liburu bat egiteko behar dena. Testua, maketazioa, inprenta, papera…”.

Susaren kasuan, Luis Haranburu Altunak Xabier Montoiaren Anfetamiña poema liburuari emandako ezezkoak piztu zuen zigilu propioa sortzeko grina. “Zertan ibili behar dugu ate joka gure motibazio edo nahien antipodetan dauden argitaletxeetan? Bultzada edo gogo hori zegoen orduan. Ikuspegi ideologiko batetik ere garrantzitsua zen guretzat produkzio bideen jabe izatea”. Gaur egunera etorrita, aldizkarien dinamikarik ez izateak argitaletxe berrien faltarekin zerikusia baduela uste du Landak.

80ko hamarkadan sortutako argitaletxeek profesionalizaziorako bidea egin zuten apurka, Susan soldatapeko bakarra Gorka Arrese editorea bada ere. “Euskarazko produkzioak ofizialtasuna lortzeak eta horren inguruan eman zen instituzionalizatzeak, lanpostu mordoa sortu zituen. Horrek frankismo osteko aparraldia baretzearekin batera, pultsio eraldatzaile horren apaltzea eta ia-ia desagertzea ekarri zuen”.

Landaren arabera, liburu industriaren aldeko aldarria ere egin da urte askoan. “Ematen zuen zenbat eta lanpostu eta egitura gehiago izan, orduan eta indartsuagoa izango zela euskal kultura”. Dioenez, azken urteotan apaldu egin da diskurtso hori, baina garai hartan esan eta idatzitakoak ondo gogoratzen ditu: “Bazirudien argitaletxe txikiak soberan zirela; hobe zutela desagertzea”.

Argitaletxeak jada ez dira elkargune

Josu Landak berak aitortzen du lehenengo urteetan Susa argitaletxearen argitalpenak idazle talde jakin baten lanak zirela. Gaur egun ordea, lehen “pentsaezina” zen idazleek ere Susan argitaratzen dituzte euren lanak. Iratxe Retolazak orokortzat jotzen du transformazio hori. “Duela hogei edo hogeita hamar urte idazleak eurak ziren argitaletxeak sortu zituztenak, eta lotura estetikoa zein ideologikoa nahiko markatua zen. Orain idazleek erabiltzen dituzten plataformak dira, atxikimendua izan edo ez”.

Ildo beretik, argitaletxeak enpresa bilakatu diren heinean, elkargune izateari utzi diotela dio Guillanek. “Idazleek badituzte foroak, baina ez dira enpresa egitura duten argitaletxeak. Nahiko bilakaera naturala eta logikoa iruditzen zait”. Argitaletxeen ezinbestekotasuna zalantzan jartzen du 2012an Damutzen ez direnak lehen eleberria kaleratu zuen Itxaso Araque idazleak ere. Argitaletxe kontzeptua errotik aldatzen ari dela dio:  “Behar-beharrezkoak dira argitaletxe berriak, literatura kudeatzeko modu ezberdinak praktikan jartzeko eta eztabaida publikoa aberasteko. Baina, sortzaile talde batek ezinbestekoa al du argitaletxe bat ideiak gorpuztu eta lanak argitaratzeko? Edo nahikoa du kafetegi edo liburu-denda batean euren lanak plazaratzea?”.

Idazle gazteek ez dute argitaletxerik behar?

Itxaso Araquek 24 urte zituela plazaratu zuen bere lehen eleberria. Salbuespena da berea neurri batean: bi eskurekin –eta akaso bakarrarekin ere bai– zenba daitezke dagoeneko liburua argitaratu duten 30 urtetik beherako idazleak. Gehientsuenek Elkar argitaletxeak sustatutako Igartza eta Augustin Zubikarai bekei esker papereratu dute euren lehen lana. Araqueri halako deialdiak pozgarri egiten zaizkio: “Augustin Zubikarai beka irabazi ez banu, segur aski ez nuen eleberririk plazaratu ahal izango”. Izan ere, ez zaio sekula argitaletxe batengana hurbiltzea bururatu, leku hermetikoak iruditu baitzaizkio beti. Barne dinamikak ezagutzean ulertu du ez dela hala, baina euren profil publikoa hobetzeko ahalegina egin behar luketela uste du.

Ba al dute aipatu bekek loturarik egungo gazteek argitaletxe propioak ez sortzearekin? Baietz uste du Josu Landak: “Idazle gazteek ez dute liburuak argitaratzeko plataforma propioak sortzeko beharrizana sentitzen. Itzali egin da inpultso hori. Alde batetik, pozgarria da. Esan nahi du orain dela hogeita hamar urte baino dezente hobeto gaudela, eta aukera gehiago dagoela argitaratu ahal izateko”. Araquek ordea ez du uste indar hori galdu egin denik, transformatu eta dibertsifikatu egin dela baizik. “Idazlegai gazteek aukera ugari dituzte euren lana online argitaratu eta promozionatzeko eta agian horregatik ez dute argitaletxe bat sortzeko beharrik ikusten”. Retolazak ere ez du uste gazteek argitaletxeak behar dituztenik: “Belaunaldi berrietan beharbada ahotsa hartzeko bidea jada ez da argitaletxea, ez dio erantzuten gaur egungo kultur ereduari. Iruditzen zait gazte asko dagoela kulturgintzan bere tokia egin duena libururik argitaratu gabe”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude