Milia Lasturkoaren itzala

  • Erdi Aro garaiko jauntxoen munduan, baldintza bitxietan hilik suertatzen zenaren oroitzaz eta omenez eresiak ontzeko ohitura zegoen, gehienetan emakumeen ahotsez, izan ahizpak, kasu honetan bezala, izan arrebak, izan ere sendiek horretarako ordaintzen zituzten emazteak. Herriz herri ibiltzen ziren eta plainiderak bertsotan orraztatzea zuten bizi-bidea. Milia Lasturren ahizparen izenaz, nehor ez da gogoratzen.

    Guztiak bai, aldiz, gertakariaz eta gertakariaren zergatiaz.


2015eko apirilaren 05an

Negarra begian eta kiratsa ahoan, Miliaren ahizpa bertsotan hasi zen. Euria ari zuen jaits ahala Lasturko dorre etxeko hegatsa kolpekatuz. Ezkaratz ilun eta hezean bildu herritarrek, amets gaiztoa ote zen galdezka, lehen aldiz aditu zituzten, haragian behera, izu hormatua eragin zien eresia:

    Zer ote da andra erdiaren saria?
    Sagar errea eta ardao gorria.
    Alabaina kontrarioa da Milia:
    Azpian lur hotza, gainean harria.

Miliaren gurasoak amilduak ziren. Alabaren gorputza aitzinean zeukaten hobian zetzan. Jakin zenaren arabera, dolore minetan erditzean eman zuen azken hatsa eta ezkondu bezain laster Arrasateko Oro familiako Peru Gartziak bere emaztea gaizki tratatzen zuen: kolpeak eta irainak bihurtu ziren Milia Lastur gaztearen eguneroko ogi idorregiak.

Haur baten sortzea ospatu ordez Lasturko gotorlekuan heriotzaren hegala hedatzen zihoan. Zaldi zainartek lauhazkatu orgetan ekarri zen Arrasatetik Lasturrera Miliaren gorpua. Zeharkatu zituzten herri guztietan, dendetako oihalak eta kopetak apaldu ziren, Arrasaten gertatua ezaguna baitzen. Miliaren ahizpak sagar errea eta ardao gorria aipatzen zituen, lur hotza, gainean harria, egoeraren zorigaitzaren astuna azpimarratzeko.

Milia Lasturren aitak kabala franko erail zituen ehorzketa oparoak antolatzeko eta emakume zenduaren amak aberaski hornitu zuen kutxa: gurasoentzat, alabaren zentzea, Miliaren ahizpak bertsotan jarri zuen jasan ezinezko makurra zen. Peru Gartzia eta Milia Lastur ez ziren antza amodioz ezkondu, bi etxeen aberastasunak emendatze aldera baizik.

Debatik Arrasatera zuzendu zen Milia Lasturren ahizpa, Peru Gartzia alarguna gaztaroan maite zuen Marina Arrazolako anderearekin ezkontzekoa zela jakin zuenean. Haserre gorrian. Gizonari doluak ez zion asko iraun. Miliaren ehorzketan eskaini bertsoen oihartzunak muina larrutzen zion Izarraitzen behera Azkoitira bidean Arrasate lehian.

Peru Gartziaren arreba aurkitu zuen erantzun emaile Arrasate-Mondragoneko jaunaren egoitzan. Bertsolari bi zeuden parez parean. Biek bipil eta zorrotz zuten mihia:

    Arren ene andra Milia Lasturko,
    Peru Gartziak egin deusku laburto:
    Egin dau andra, Marina Arrazolako.
    Ezkon bekio, bere ideia dauko.

Peru Gartziaren ohorea salbatzea zuen arrebak helburu. Hitzez, lortu zuela aitortzekoa dugu. Anaiak ez zeukan errurik Milia Lasturkoren handinahikeria indartsua baldin bazen. Peru Gartzia gizon abila zen txikia izan arren, aberatsa, bizitorea:
 
    Ez dauko Peru Gartziak beharrik
    Hain gauz handiak apukadua gatik,
    Zeruetako mandatua izanik,
    Andrariok hala kunpli jasorik.
    Gizon txiki sotil baten andra zan,
    Ate arte zabalean ohi zan,
    Giltza porra handien jabe zan,
    Ondra handi asko kunplitu jakan.

Ohikoan guda-ekintzak goresten zituzten eresiek. Milia Lasturren ahizpak gizon-emazteen arteko harremanen bortitza zuen bertso ahantzezinetan zizelkatzen. Gaizki trataturiko Gipuzkoako beste hiru emakumeen destino garratzaren lekukotasuna ematen zuen gainera eresiaren bukaeran, izenak eta lekuak zerrendatuz:

    Mondragoeri hartu deutsat gorroto,
    Giputz andraok hartu ditu gaxtoto:
    Iturriotz kalean andra Maria Baldako,
    Arte Kalean andra Otsanda Gabiolako,
    Errebalean andra Milia Lasturko.

Jatorriz Arrasatekoa zen Esteban Garibai (1533-1599) erudituaren memorietan aurkitu zen Milia Lasturko eresiaren testua, hogeita hamazazpi koplatan Miliaren ahizpak eta Peru Gartziaren arrebak harilkatua. Koldo Mitxelenak euskarazko idazki arkaikoetan sartu zuen eta Benito Lertxundik Joaquim Desprezen Mille Regrets ahaideaz lagundurik eresia xuxurlatu eta grabatu belaunaldi berrietako entzuleen belarrietara destilatzeko. Buruan daramagu eresiaren zilarra.

    Zerurean jausi da habea,
    Jo dau Lasturko torre gorea,
    Eroan ditu hango jauna eta andrea,
    Bata lehen, gero bestea.
    Bidaldu dogu zeruetara kartea:
    Arren diguela gure andrea.

Udaberri zilarraren distiraz gozatzeko asmoz, behin Lastur herrira zuzendu nintzen. Mendekoste goiza zen. Gereziak lore ziren Gaztelugatxe eta Eako bazterretan. Bizkaitik, kostako bidetik, itzultzean aspaldikoa nuen Deba eta Itziarren gora, Lasturreko eromenean galtzeko desioa. Egia erran, idazle eta eresia zaharren miresle gisa, behiala Lakarri-Aran, Bosmendieta eta Andoseko ibarrean zehar Bereterretxe gaixoaren lasterrak errepikatu nituen bezala, Lastur idealizatzen nuen eta pentsatzen ere, agian, Miliaren gurutzatzea herri txiki hartako xendra buztintsuetan.

Ospe handiko herria da Lastur eta ez bakarrik Milia Lasturkoren bertsoengatik. San Nikolasetan bereziki, eta asteburu oroz udaran, zezen-jokoak antolatzen dira elizak, jatetxeak, tabernak eta aterpetxeak moldatu plazatxoan. Azken urteotan betizu arrazako abereak agertzen dituzte bertako abeltzainek. Uztapide bertsolariak eta Sakabi trikitilariak alegeratzen zituzketen jende anitz biltzen zituzten baserritarren ohiturazko jolasak. Herriko tabernan sartzean, kafea eskatzearen aiduru nengoela, murruan dilingotu zuri-beltzeko bi izarren argazkiek garai heroikoen lekukotasuna ukigarria zitzaidan. Atzeko gelatik, berehala, irria ezpainetan, atera zen  Bixente Zulaika, Joseba ikerlariaren anaia. Gogotik gidatuko ninduen Lasturreko labirintoan.

Burdinolak aipatu zizkidan, herri sarreran dagoen errotari buruzko xehetasunak eman, arto irina eskutan hartu nuen denboraren isuria irudikatuz eta birla-tegitik ezker-paretara nagitu nintzen, Izarraitz mendialdeen berdetasunak liluratua. Aska itsu eta lainotsuan larrabeixak alha begiztatu nituen eta San Nikolas elizako zeinuak begiak ebatsi zizkidan: mihiz gora zegoen, mutu. Lastur isila zen. Bixentek, bukatzeko, bere harri bilketa ikusgarria erakutsi zidan, bideak seinalatuz: Mutrikura heltzen ahal nintzen eskuinera bihurtuz, eta Azpeitira bidea ezker jarraituz gero.

Munduaren bihotzean nengoen. Miliaren aitamen zoritxarra eskura neukan Bixentek, belardi hegian, hausnar bakartian abandonatu ninduenean:

    Lasturrera behar dozu, Milia.
    Aita jaunak eresten dau elia,
    Ama andreak apainketan hobia.
    Hara behar dozu, Milia.

    Jausi da zerurean harria,
    Aurkitu dau Lasturren torre barria,
    Edegi dio almeneari erdia.

XV. mendeko eresia berriz entzuten da hondar hamarkada hauetan. Luzaz sumatu ezina zen euskal jendartearen baitako biolentzia, batez ere haurren eta emazteenganakoa, dagoeneko onartzen, aztertzen eta salatzen delako agian erabiltzen dira Lasturko Miliaren ahizparen auhenak. Emakumearen mendeetako pairamenaren oroitzak nolabait minaren aurka eragiten ahal duelakoaren jakile dabiltza gure artean. Gaurkotasun handiko kanta delako ikaratzen gaitu oraindik ere.

Ez dakit zergatik baina, betidanik, iruditu zait Lasturreko eresia film baten biltzeko oinarri ezinbestekoa izan zitekeela. Guztia dauka: tragedia, traditzea, ahizpen arteko elkartasuna, klase borrokaren aztarna, epikotasun harritua.
    Eta hizkuntza baten edertasun trinkoa.
    Lasturrera behar dozu…  Milia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude