Telesailak: mugarik gabeko fenomeno globala?

“Gaur egungo zinema onena, telebistatik dator”, zenbat aldiz entzun dugu esaldi hori? Azken urte hauetan, pantaila txikia duin bihurtzen hasiak dira telesailak. Kalitate eskaseko eta exijentzia murritzeko produktu eta saioekin lotu izan da betidanik, baina ikuspegi hori, guztiz aldatu da. Lehen “zinemazaleei” buruz hitz egiten genuen soilik, orain “seriezaleak” fenomenoa ere agertu da. Izugarri harritzen nauen zerbait da, eta pelikulekin gertatzen denaren guztiz alderantzizkoa: hasieratik ditugun aurreiritzi guztien jaka erantzi eta esekitokian zintzilikatzen dugu. Jendeari berdin zaio jatorrizko hizkuntzan dagoen, ekoizpena amerikarra ala suediarra den, hogei edo 50 minutuko iraupena duen, aktore guztiz ezezagunak diren ala fantasiazkoa edo umorezkoa den. Behin harrapatuta, traba horiek guztiak kentzen dituzte gainetik.

Zergatik diot mugarik gabeko fenomenoa dela?  Korrika eta presaka bizi garen honetan, guztia segituan eta momentuan edukitzeko beharra sentitzen dugu eta telesailek aukera hori ematen digute. Filmekin ez bezala, estreinatu eta segituan ikusteko aukera dago, eta horretan aliatu garrantzitsuena Internet dugu, zehazki esanda, sare sozialak. Hauei esker AMC, HBO edo Showtime bezalako kateek ahultasunak identifikatu baititzakete, audientzia soziala erabiliz.

Argi dago gainera, pelikula eta telesailen arteko marra ikusezin hori geroz eta finagoa dela. Breaking bad edo True detective saioek adibidez, urte osoan estreinatzen diren pelikulen %90ek baino gidoi, pertsonaia eta lan sakonagoak dituztela oso argi daukat. Hori gutxi balitz, honelako produktu bat egitearen kostua, telefilm batena baino hiru aldiz merkeago izaten da orokorrean. Boardwalk Empire adibidez, atzean Scorsese dagoela eta sekulako arte eta dekoratu pila daudela kontuan hartuta ere, errentagarriagoa izan liteke.

Ikuslea fidelizatu egiten dute. Askotan 50 orduko film bat ikusten ari garela dirudi eta horri esker kontsumitzeko ate berriak irekitzen dira: ordenagailuak, tabletak edo mugikorrak, esaterako. Honek berrelikadura sortzen du, zarata, eta zaleentzako telesail jakin horren marketina mundu mailako gertakizun bihurtzen da. Gehienetan dosi txikiak izaten dira eta ez duzu bi-hiru orduko tarterik behar. Afal ostean atal bat ikus dezakezu, autobusean etxerako bidean edo ordenagailuan ohera joan baino lehen. Horri, harrapatzeko moduko istorio bat gehitzen badiogu, narrazio oso eraginkorra sortzen da.

Azken hamarkadan gainera, aktore edo zuzendari oso ezagunak mota honetako hainbat proiektutan murgiltzen hasiak dira. Nork imajinatuko lituzke, Kevin Spacey, Tom Hardy, Glen Close, Fincher edo Scorsese telesail baten atzean? Konturatzen hasiak dira orain urte batzuk pentsaezina zen zerbaitez, gaur egun izugarrizko garrantzia eta oihartzuna dutela.

Azken finean, ikuslea erakartzeko erabiltzen diren sistema horien akatsak non egon litezkeen argi dauzkat. Pantaila txikian aldiz, izugarri kostatzen zait hutsune horiek identifikatzen, etorkizunera begira jarri eta mugarik gabeko fenomeno global bezala ikusten baitut.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute "The Lord of the Rings" telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Eguneraketa berriak daude