Gazte ospetsuaren koplak


2023ko apirilaren 05an - 09:00
Azken eguneraketa: 11:20
Mireia eta Joana Vilapuig ahizpek ekoitzi dute 'Selftape' telesaila, fikziotik kontatutako autobiografia. 'Polseres vermelles' telesail entzutetsuko bi aurpegi ezagun dira, eta horrek emandako ospea, ospearen kudeaketa, presioa eta emakume gorputzaren sexualizazioa dute hizketagai, besteak beste. Donostiako Crossover jaialdian izan ziren gonbidatu eta primizian eskaini zituzten lehen bi atalak. Apirilaren 3tik aurrera ikusgai dago Filmin-en. (Argazkia: Ricard Cugat / Público)

A-ren nerabezaroa markatu zuen telebistako erreferentetako bat da B. Gustatuko litzaioke A-ri, B bezalako aktore ezaguna izatea. Ohikotik irteten ez den lagun kuadrilla dute biek, baina bereizten dituena nerabezaroa da. Ezohikoa bizitu du B-k; telebista kate publikoaren telesail batean hartu zuen parte eta "ospetsua" da ordutik, diferentea da bere bizitza. Edo desberdina du bizitza, kanpotik desberdin ikusten dutelako.

Asteburua heldu eta trago eta trago artean, gaua desfasaturik amaitu du B-k. Baditu ito nahi dituen arazoak. Kontzientzia berreskuratu duenerako sareetan trending topic dira bere irudiak, izugarri zabaldu dira, barrari heldu ezinda nola zebilen balantzaka, mingaina lodi-lodi eginda... eta komentarioak, “ze galduta ibiltzen den” eta gauza horrelako gauzak. Agian ezin du “horrela ibili” aurrerantzean, pentsatuko du B-k. Eta A-k, igual, oraindik ere, ospetsu izan nahiko du. Ospetsu izateak bizitza erraztuko balio bezala.

Galderak eta koplak

Gazte ospetsu baten kopla bihurtutako kezkak izan daitezke horiek. Edo gazte biren koplak, kasu honetan. Joana Vilapuig eta Mireia Vilapuig esanda akaso ez, baina ezagutuko dituzue Polseres Vermelles (edo Pulseras Rojas gazteleraz, Espainiako Estatuan egin baitzen ezagun itzulpena) telesaileko bi aurpegi ezagun direlako bi ahizpak. Joana sartu zen lehenik telesailean, eta atzetik Mireia. Joanak 16 urte zituen lehen denboraldiaren emisioarekin hasi zirenean; Mireiak, berriz, 13. Famaren eskalan oso azkar egin zuten gora, oso gazte zirelarik. Zer pentsatu ematen du, eta ezin uka, hauen kasuak ikusita gogora etorri zaidala 9 urteko neskato basauriarri saria eman zaiola berriki Berlinen.

Aktore izatearekin amestu zuen haurrak, nerabetan bete zuen ametsa –goizegi?–. Derrepentean, bere adin bueltako milaka eta milaka haurren idolo bihurtu zen. Klasera joaten zen, ikasgairen bat suspenditu ere bai akaso, eta arratsaldetan grabaketetara, ezer pasako ez balitz bezala. Gai al zen pasatzen ari zitzaion guztiaren jabe izateko? Gustatuko litzaidake jakitea ezetz, Goazen! telesaileko gazteak ez direla antzera bizi.

Bada beste galderarik ere: zer gertatzen da nerabetan izar bilakatu eta dagoeneko ez denarekin? Non galdu da eta zergatik? Ezagutuko dute oraindik ere kalean, ala herritar bat gehiago izango da? Eta beraz, aktore “da” ala aktore “zen”? Baditu proiektu gehiago ala porrot egin du?

Selftape

Vilapuigtarrek koprodukzioan landu dute Selftape telesaila (Filmin-ek eskaintzen du apirilaren 3az geroztik); ideia, kontatu dizueguna, ehuneko ehunean izan da bi ahizpek sortutakoa. 2015ean hasi ziren buruari bueltaka, Joanak, ahizpa zaharrenak, 21 urte eskas zituenean. Behin nerabeen telesail entzutetsua amaituta, produkzio etxeetatik pertsonaia bera interpretatzeko proposatzen zieten, nor baino nor lehiatu zitezen lanpostu beragatik. Haserreak sor zitezkeen tartean, inbidia, bekaizkeria... arazoak, finean. Baina elkar hartu izan dute biek.

Ahizpatasuna du hizpide telesailak, ospea kudeatzea, presioa jasatea eta, praktikora eramanda, autobus markesinan ageri den zure irudia zure pertsonatik bereizten jakitea.

Emakumeen ahalduntzea eta emakumearen (emakume gaztearen) gorputzaren sexualizazioaz ere gogoetatu nahi duenak gogoetatuko du. Eta aldarrikatuko dute askatasuna. Kritikatu ere bai. Izan ere, atari pornografikoetan badira haien gorputzak sexualizatzen diren bideoak, beste film edo ikus-entzunezkoren batetik ateratakoak. Eta, antza, legezkoak dira. Horregatik, aldarrikapen eta kritika moduan, telesailean ere ageriko dira.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute "The Lord of the Rings" telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Heartstopper telesailak agerian utzi du kolektibo oso baten "nerabezaro lapurtua"

Kritika eta publikoaren arrakastatik harago, Heartstopper telesailaren ikusle asko mezu bera uzten ari da sare sozialetan: belaunaldi berrientzat erreferente pozgarria dela bi mutikoren arteko lehen maitasun istorio ezti eta jostari hau, hainbeste eta hainbeste izanik... [+]


Eguneraketa berriak daude