Nazionalismo espainiarraren armak gerra kulturala irabazteko

  • Hamarkada hau arma sinboliko berriak karga-karga eginda abiatu du nazionalismo espainiarrak. Sumatzen da. Sentitzen da. Zenbatu daiteke. Baina nola lortu dute eztabaida publikoan horrela eragitea? Pablo Batalla Cueto historialari eta idazle asturiarrak iaz argitaratu zuen Los nuevos odres del nacionalismo español liburuak (Nazionalismo espainiarraren zahagi berriak) material ugari eskaintzen du fenomenoa behar bezala ulertzeko.

Augusto Ferrer-Dalmauren 'Rocroi, el último tercio' koadroa. Soldadu espainiarrek parte hartu duten gerretan oinarritutako koadro hiper-errealisten bidez, erresistentzia nazionalaren epika goratzen du eskuin berriaren artista gogokoenak.
Augusto Ferrer-Dalmauren 'Rocroi, el último tercio' koadroa. Soldadu espainiarrek parte hartu duten gerretan oinarritutako koadro hiper-errealisten bidez, erresistentzia nazionalaren epika goratzen du eskuin berriaren artista gogokoenak.

Twitterren @negukobaratza erabiltzaileak bideo bat igo du. Espainiako ereserkia entzuten da. Ume bat ageri da soka bati tiraka Espainiako bandera igotzen, baina goraino eraman duenean oraindik estali egiten du azpian gordeta daukan sekretua. Horregatik, umeak eskuarekin erretiratu du trapu gorri, hori eta gorria. Urdaiazpiko bat. Haurrak orain eskua kopetara eraman du bisera eginez. Ez, bisera ez, agur militarra da. Kamera eszenaren ikusleengana biratu da: hamabost bat lagun agertu dira, familia bat. Denak agur militarra egiten ari dira: haurrak, gurasoak, amona. Kamerak berriz ere urdaiazpikoa jarri du pantailaren erdian. Eta justu une horretan, “biba Espainia!” oihukatu du helduetako batek. “Biba!” erantzun dute familiako gainontzeko kideek. Txaloak. Bukatu da ereserkia, has daiteke bazkaria.

“Konturatu gara bi urte barru jende honek aginduko duela Espainian?”, galdetu du bideoa igo duen txiolariak. Mezua argitaratu duen astean publiko egin da boto-asmoari buruzko proiekzio bat, Sigma Dos inkesta etxeak El Mundo egunkariarentzat egina: PPk eta Vox-ek elkar hartuta Espainiako Gobernua hartzeko modua izango lukete horren arabera. Bi urtean gauzak asko alda daitezke politika instituzionalean, baina eguneroko politikaz ari bagara –etxeetan, tabernetan edo sareetan gertatzen den horretaz, alegia– Espainiako Estatuan zerbait aldatu dela pentsatzeko motibo asko dago. Nazionalismo espainiarrak lehen ez bezalako presentzia hartu du eztabaida publikoan.

Eskuinaren eta ezkerraren arteko mugak lausotzen saiatzen den tendentzia bat ere indarra hartzen ari da, Gustavo Bueno filosofoaren ideietan oinarrituta

Joera horrek barregura eragin izan du maiz Euskal Herriko abertzaleen eta ezkertiarren artean, plazara ateratzeko janzten dituen elementu erdi-friki erdi-faxistengatik. Baina bultzaka nola datorren ikusirik, irribarreak kezkaz beteriko aurpegi bihurtzen hasi dira, Moncloara neofrankismoaren zaldi gainean igota iritsi daitekeen presidente batek ekar dezakeenaren beldurrez. Garaia iritsi da galdetzeko nola ari den Espainia ulertzeko modu atzerakoi eta esentzialista hori halako giharra hartzen.

Gol batek askatutako piztia

2010. urtea, Hegoafrika: Espainiako gizonezkoen futbol selekzioa Munduko Txapelketako finala jokatzen ari da Herbehereen kontra. 116. minutuan, jokaldi nahasi samar baten ondoren, baloia Andres Iniestaren oinetara iritsi da area barruan, indar guztiekin ostikatu du eta Stekelenburg atezainak ukitu arren, ez du gelditu. Gola da. Munduko Txapelketa lortzeko balio duen gola. Selekzio horren historian inoiz lortu gabekoa. Eta krisi ekonomiko gordinean sartuta dagoen herrialde baten morala altxatzeko erabiliko dena: Pablo Batallaren arabera, baliteke XIX. mende hasierako Independentzia Gerraz geroztik aurrekaririk ez daukan olatu patriotiko bat nagusitu izana Espainiako Estatuko herritarren artean garaipen horren ondorengo asteetan. Hegoafrikako “heroien” inguruan mito bat eraikiko dute. Jokalariak herri txikietakoak direla goraipatuko da, jende xumea direla –eta horrelako jatorririk ez dutenen kasuan, asmatu egingo zaie–, ideia bat indartu beharrez: estatuko txoko guztietatik zetozen hamaika aldeano-k bat egin zutela proiektu amankomun batean. Espainiak, bat eginda, lor dezakeela handitasun unibertsala.

Kirol prentsak misiotzat hartuko du “gutasun” hori indartzea: “2010eko ekainaren 16ko Marca-ren azalak bihotz bat erakutsi zuen selekzioaren elastikoa zeukan gizon baten bularretik ateratzen, ‘46.745.807 taupada’ titularrarekin: Espainiako herritarrak adina zenbatu zituen Marca-k, nahiz eta baziren, eta ez kopuru txikian, identitate espainiarra baztertzen zutenak eta la Roja-ren porrota nahi zutenak”. Baina egia da, 46 milioi ez ziren arren, espainiar askok ospatu zuela garaipena. Eta bide batez, lehen ez bezala identifikatu zen bandera monarkikoarekin, zenbait eslogan bere egin zituen –“espainiarra naiz, zertan irabaziko dizut?”–, aspertu arte errepikatu zen “yo soy español, español, español” kanta; eta hori guztia gertatzen zen bitartean, nahiko isilpean pasa zen selekzioak txapelketan debuta egin zuen egunean José Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak onartu zuen lan-erreforma, kaleratze merkeagoak eta soldata baxuagoak ekarriko zituena.

Biktimaren epika

Futbolarien jatorri apala azpimarratzeak pistaren bat ematen du neonazionalismo espainiarra azken urteetan ekoizten ari den imajinarioaz, baina akaso Blas Lezo XVIII. mendeko marinel pasaitarrarekin gertatzen ari denak argiago erakusten du operazioa: almirante horrek, zeinak Espainiako Itsas Armadarekin ingelesak garaitu zituen Cartagena de Indiasen (gaur egun Kolonbian dagoen hiria), eskultura bat dauka 2014tik Madrilgo Kolon plazan. Crowdfunding bidez finantzatu zuten estatua, eta ekimenak jasotako babes ekonomikoak adierazten du bestelako heroi bat fabrikatzeko gogoa.

Blas Lezoren omenezko eskulturaren inaugurazioa 2014an Madrilen. Almirante pasaitarra ikono bihurtu da azken urteetan zirkulu kontserbadoreetan (argazkia: Madrilgo Udala)

“Lezo ez zen izan erasoko heroia, defentsakoa baizik, eta horrek bat egiten du diskurtso batekin, jada ez dena elikatzen D’Annunzioren garaiko irredentismoaz eta espazio bitalaren zabalkundeaz, inguratutako gotorlekuaren erresistentzia epikoaz baizik, migrazioetatik hasi eta marxismo kultural-eraino jasaten ari den inbasio ugariren aurrean”. Espainia galbidean dagoen nazio bezala, Kataluniako independentismoaren, komunisten, gay eta lesbianen, hizkuntza gutxituen “inposizioaren” eta beste inbaditzaile askoren jazarpena jasaten. Batallaren arabera, Lezoren itxura fisikoa ere lagungarria da eraikuntza sinboliko horretan. Hankamotza zen, begibakarra, eta ezin zuen beso bat mugitu, parte hartu zuen gatazketan jasandako zauriengatik. “Heroiaren anputazioetan errepresentazio grafiko egokia aurkitzen du eskuin berri honen biktimismoak eta jende xehearen epikak”. Gehitu horri, noski, euskal herritarra zela. Euskal herritar “ona”: Espainiaren alde borrokatu zena. 

Espainia biktima gisa agerraraztea bihurtu da estrategietako bat. Imajinario horrek heroi berriak bilatu ditu, Blas Lezo almirante mutilatua adibidez

Kontua da, Blas Lezok historialarien zirkuluetatik harago lortu duen fama nahiko fenomeno berria dela. Baliteke 2010ean Arturo Perez-Reverte idazleak Vocento taldeko egunkariekin igandeetan banatzen den XLSemanal aldizkarian publikatutako artikulu batek jarri izana fokua haren gainean. Geroztik, sareen abaroan pop ikono bihurtu da. Forocoches atariak –gaztelaniaz erabiltzaile gehien dauzkan foroetako bat– 2016an kanpaina abiatu zuten armada britainiarra troleatzeko: Erresuma Batuan herritarren esku utzi zuten barku militar berri bati zer izen jarri eta Forocoches-eko erabiltzaileek Blas Lezo jartzearen aldeko botoak eman zituzten masiboki, aukera hori botaziotik erretiratu behar izan zuten arte. Liburuak, kamisetak, USB memoriak... denetan agertzen da gaur egun. Iraganetik berreskuratua, zenbaiten ezinegon identitarioei aurre egiteko lemazain bihurtu da.

Gerra kulturala fronte guztietan

“Nazioa ordezkatzen duten sinboloak geldirik geratzen badira edo modu mugatuan eta itxian interpretatzen badira, erabilgarri izateari uzten diote masen artean sentimendu nazionala mobilizatzeko eta hautsez betetako erlikia bihurtzen dira. Belaunaldi bakoitzak sinbolo zaharrak birdiseinatu behar ditu eta berriak sortu, su nazionala piztuta mantentzeko”, azaldu du Batallak.

Zahagi berri horietan denetarik dago: Espainiaren historiako gertakariak erreproduzitzen dituzten Augusto Ferrer-Dalmauren margolanak, azken urteetan best-seller bihurtu diren hainbat nobela historiko –sarritan musulmanen aurkako birkonkista eta Flandriako Tertzioak gai fetitxe gisa hartzen dituztenak–, Masterchef telebista-saioan gastronomia erabiliz zabaltzen den iruditeria, bideo-jokoen bidez gertatzen ari den inperialismoaren gamifikazioa edo TVEko zenbait telesail –Isabel eta El ministerio del tiempo–, besteak beste. Eta adierazpen kultural horietako bakoitzaren azterketa xehea eginez, ezkutatzen dituzten tranpak agerian geratzen dira.

Adibidez, Ferrer-Dalmauren koadroetan zer ikusten den eta zer ez den inoiz ikusiko: sobietarren aurka –eta nazien alde– gerra egitera joandako Dibisio Urdineko soldaduei hainbat margolan eskaini die, ez ordea Parisen liberazioan parte hartu zuten Leclerc Dibisioko soldadu errepublikanoei, adibidez. Nobela historiko espainiar askotan berriz, iragana aitzakia hutsa da gaur egungo egoeraz hitz egiteko. Iberiar Penintsulatik kanporatu zituzten musulmanak gaur egungo migratzaileen ordezkoak lirateke: “Erlijio musulmana infekzio edo minbizia gisa ulertua; pozoi bat, nazioaren odolean sartua, baina organismo sendo batek desaktibatua, bere burua itotzen ez uzteko erabakia hartuta”, azaldu du Batallak, Isabel San Sebastiánen lanak aztertu dituen pasarte batean.

Santiago Abascal Vox alderdi ultraeskuindarreko burua, XVI. eta XVII. mendeetan tertzio espainiarrek eta Amerikaren konkistatzaileek erabili zuten morrioia buruan duela. Iragan inperialaren mitifikazioa bultzatu dute azken urteetan neonazionalista espainiarrek.

Bideo-jokoen kasuan, beste zerbait ere gertatzen da: jokalariek historia berridatzi dezaketela. Batallak aipatu duenez, Europa Universalis IV estrategia-jokoan Gaztelako erresumarekin 2.000 ordu inguru jokatu dituen erabiltzaile batek webgune batean esplikatu du, ohar eta pantaila-argazki asko jarriz, nola anexionatu dituen ia Amerika osoa, Afrika, Europa, Asia eta Ozeania. “Galdetu beharko genuke zer inplikazio psikopolitiko dituen kontu honek”, dio egileak. Ez ote du horrelako inperio birtual bat sortu ahal izateak pentsarazten iraganean ere, lider konpetenteagoak eduki izan balitu, Espainiak mundu erdia menpean edukitzen jarrai zezakeela? “Ez ote ditu elikatzen horrek –azaletik eta hutsalki bada ere– atsekabe irredentistaren galdarak eta eliteen konspirazioa-ren mitoa, faxismoaren atarikoak izan ohi direnak?”.

Liburuak, telesailak, bideo-jokoak... azken hamarkadan nazionalismo espainiarrak euskarri guztietan aurkitu du bere mezua hedatzeko modua

Zenbait ekintza bandalikok ere erakusten du nazioa noren aurkako labana den: 2017ko urriaren 12an Oviedon (Asturias) gorriz eta horiz pintatu zituzten LGTB komunitatearen ortzadar kolorekoak ziren banku batzuk; 2016ko abuztuan Berriozarren (Nafarroa) torturaren aurkako mural batek jasan zuen kolore espainiarren erasoa; 2021eko otsailean Trebujenako (Andaluzia) indarkeria matxistaren aurkako kartel bat estali zuten Espainiako bandera espraiekin margotuz. Zerrenda luzea osa daiteke antzekoekin, baina interesgarriena sakoneko ideia da: “Nazionalismoak, heterogeneotasunaren josturak, haren etsaiak ere josten ditu: nazioaren Iskariote guztiak gauza bera dira funtsean”.

Eskuineko antikapitalismoa

Joera politiko guztiek bezala, kimu berriak erakusten ari den espainiar nazionalismoak baditu bere autore intelektualak. Horien artean, azpimarratzekoa da Gustavo Bueno (1924-2016) filosofoaren ideiek izan duten revival-a: Falangen militatzetik Espainiako Alderdi Komunistaren inguruan orbitatzera pasa zen pentsalari horrek ezkerreko alderdiekin kolaboratzen jarraitu zuen Trantsizioaren ondoren ere. Baina 1990eko hamarkadaren amaieran jarrera kontserbadore, nazionalista eta autoritario geroz eta nabarmenagoak hartu zituen, besteak beste Ibarretxe planaren aurkari sutsu bihurtuta –EAEko lehendakari ohia fusilatzeaz ere hitz egin zuen–.

Zerk esplikatzen du ibilbide politiko hori? Batallaren arabera, Bueno ez zen komunista izan stricto sensu, “mundu mailako kapitalismoa geldiarazi zezakeen edozein bloke inperial posibleren aldekoa” baizik. Eta Sobietar Batasuna desegin zenean, inperio espainiarrean aurkitu zuen proiektu horren subjektua. Horregatik agertzen dira nahas-mahas haren planteamenduetan ezkerreko antikapitalistek ere sinatuko lituzketen gauzak –NATOren eta Europar Batasunaren aurka agertu zen adibidez– eta, aldi berean, betiko eskuinaren usaina dutenak, inperialismoa zuritzeko estrategietatik hasi eta Eliza Katolikoaren historia agente zibilizatzaile gisa birdefinitzeko saiakeretaraino, abortatzeko eskubidearen kontra eta heriotza-zigorraren alde agertu zela ahaztu gabe.

Pablo Batalla Cueto historialari eta idazlea (argazkia: Alvaro Minguito / La Marea CC-by-sa).

Buenoren ideia askok mainstream-era jauzi egin du azken urteetan, Hego Euskal Herriko edozein liburu-dendatan gaur bertan ere erraz samar aurki daitekeen liburu baten bidez: Maria Elvira Roca Barearen Imperiofobia y leyenda negra (Inperiofobia eta legenda beltza). 2016an argitaratu zenetik fenomeno editorial bihurtu da, 30. berrargitalpenera iritsi da eta arrakasta horren eraginez, gaur egun Espainiaren historiako kapitulu ilunen bat gogora ekartzen duen edonork erraz jasoko du erantzunen bat sareetan, “hispanofobia” elikatzea leporatzen.

Eta kontua ez da historiaren begirada distortsionatu horretara mugatzen. Ezkerraren eta eskuinaren arteko bereizketa gainditzeko modua ere bilatzen ari dira Buenoren jarraitzaileak, Batallaren arabera: “Globalismo-aren aurkako etengabeko gerra, immigrazioaren aurkako jarrera, feminismoaren eta mugimendu sozial berrien kritika gutxi gorabehera basatia, nostalgia obrerista, moralitate kontserbadorea eta George Soros bezalako handikien figurekin obsesionatuta dagoen konspiranoia, halako pertsonaiak aurkezten dituena izango balira bezala migrazioan, erlijiogabetasunean eta askatasun sexualetan interesatuta dagoen kapitalismo neoliberala gidatzen duten txotxongilolariak”. Material horiekin eta COVID-19aren pandemiak eragindako ezinegon soziala baliatuz, Europako beste herrialde batzuetan bezala Espainiako Estatuan ere gorpuzten ari da igitaia faszioarekin gurutzatzen duen joera nazional-iraultzailea, zutabegile, iritzi-emaile eta influencer sorta batek hauspotuta. Lortuko dute ezkerraren esparru soziologikoaren zati bat herrestan eramatea? Ez lirateke berri onak Espainiaren aurkari gisa identifikatzen dituzten kolektiboentzat.


ASTEKARIA
2022ko urtarrilaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako politika
Zapaterok dio Ostiral Santukoaren gisako akordio bat egon zela ETAren amaieran

Madrilgo Ateneoan ETAren amaierari buruzko zikloa egiten ari da azken asteetan, eta bertan astearte honetan egindako adierazpenetan, Irlandako bake prozesuan izandako jendea euskal bake prozesuan izatea oso garrantzitsua izan zela aipatu zuen José Luis Rodríguez... [+]


Pedro Sánchezek karguan jarraituko du

"Joko garbia" eskatu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta "hausnartzeko" deia egin: "Munduari erakutsiko diogu nola defendatzen den demokrazia". Ulertzera eman du "indartsuago" itzuliko dela.


Lau egun dantzan Pedro Sánchezen dimisioaren bueltan

Zer egingo du Sánchezek datorren astelehenean? Dimititu edo jarraitu? Hori da Espainiako Estatuan une honetan bolo-bolo dabilen auzi nagusia. Lau egunotan horretaz besterik ez hitz egitea lortuko du Sánchezek. Eta bide batez Manos Limpias, PP-Vox eta lawfare-ari... [+]


Trafiko eskuduntza bermatzeko Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, Trafikoa foru exekutiboaren eskuduntza historiko eta esklusiboa dela blindatzeko.


Eguneraketa berriak daude