Etiketak zauritu du fikziozko begirada

  • “Tarantinokeriak”, “klima aldaketa” edota “arrazismoa AEBetan”. Ikus-entzunezko streaming plataformek etiketetan sailkatuta eskaintzen dute fikzioa. Kultur industriaren azken jokaldietako bat da: fikzioa tematizatuta sartzen zaigu egongelaraino, erlazio prefabrikatuek zurrunduta, ikusleak bere baitan egin ditzakeenak baldintzatuz. Gainera, kontsumo eredu horrek bete-betean indartzen du lehendik ere setati zetorren joera: edukikeria, edo gaira murriztea fikzioaren konplexutasuna. Bi hari horietatik abiatuta, fikzioaren hainbat irakurketa garaikide aletzen saiatuko gara ondorengo lerrootan.

Afalostean total eginda lotaratu aurreko luxua –hala izendatzera iritsi da– eman nahi dio bere buruari irabazi askorik gabeko langileak eta, sofan trauskilduta, urrutiko aginteari sakatu eta Filmin-en sartu da. Zer ikusi nahi duen, arrastorik ez; azkar asko amildu da bertako supermerkatu tematikoan: “Holokaustoaren memoria”, “Ekialde Hurbileko feminismoa”, “Irakeko gezurrak”, “elizaren abusuak” eta “ETAren amaiera” bistaratu ditu lehen kolpean. Ordu horietarako harri kozkor handitxoak ez ote diren, scrolling segi du pixka batean: “kolapso handiak”, “lehen maitasuna”, “polizia ustelak”, “LGTBI harrotasuna”, “sektak”, “narkoak”. Horietakoren bat agian, pentsatu du, baina segi dezadan begira: “biboteak zineman”, “hitz egin dezagun sexuaz”, “cruising”, “Aste Santua”. Beste eginahal baterako indarra bildu du: “udako ipuinak”, “tiroak eta petardoak”, “igerilekuak”, “Trumpek ikusten ez duena”. Demagun azken hori egin zaiola deigarri, AEBetako hauteskundeak igaro berri direnez gero. Edo demagun ezetz, beste gai baten alde egin duela. Ez digu axola. Hemen beste afera bati heldu nahi zaio: etiketa fikziora iristeko irizpide bilakatu den honetan, ez ote dugun beste jauzi bat eman kulturaren tematizazioan; tag-a etxeko egongelaraino sartzeak ez ote duen zauritu lehendik ere zakurreztulak jota zebilen fikziozko begirada. Bistakoa da Filmin, Netflix, HBO eta gisako plataformetan. Kultur industriak funtzionatzeko baitezpadakoa du kontsumitzaile taldeak asmatzea, eta target zehatzentzako amu gisa darabiltza etiketak. Noski, operazio komertzial horrek ondorioak dauzka: guztia etiketa zaku bihurtuta, gako-hitz beraren pean aurki ditzakezu formalki elkarren antipodetan dauden lanak. Baina ondorio kezkagarriena, ziur asko, hartzailearen begiradari dagokiona da. Etiketaren itzala iritsi da klase guztietako pelikula, nobela edota antzerkitara iristeko daukagun moduetara. Parametro tematikoak izugarri baldintzatzen digu fikzio-hautua: esadazu zertaz den, zer jorratzen duen, eta esango dizut helduko diodan.

Fikzioaren tematizazioak edukikeria elikatzen du: fikziozko lanen atzean legokeen gaia arrantzatzera mugatzen den begirada mota bat –formalismoaren antipodetan–. Peio Aguirrek idatzi izan du auziaz: “Ez al genuen adostu artea ez dela errealitatea, baizik eta haren isla bat, edota, nahi bada, osotoro asmatutako errealitate berri bat? Ingurura begiratuz gero, nekez aurkituko dugu gai bezala aurkezten zaigun errealitaterik. Elkarrekin borrokan eta kontraesanean dabiltzan errealitate asko ikusiko ditugu”. Haren ustez, pentsamendu kontserbadorearentzat helduleku da gaia, obraren baitako dimentsioak kategoria bakarrera murrizteko beharra baitu. Inguruotan ez dira falta joera horren indarra erakusten duten adibideak: hor dira, besteak beste, Jose María Pozuelo Yvancos kritikariak Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua abertzaletasunaren apologiara murriztu zuenekoa, edota Jaime Rosalesen Tiro en la cabeza (Tiro bat buruan) filmak eragindako erreakzio sorta, ETAren indarkeriaren gaia era horretara enfokatzea onartezina zela ziotenak, funtsean. Tankerako kasu askotan, baita balio ustez progresistetatik egindako irakurketetan ere –inork esplizituki esan ez arren–, erresistentziak sumatzen dira aitortzeko obrak bil dezakeela gaiaz haragoko konplexutasunik, eta ahal bezain pronto lurreratu nahi da, ahalik eta kategoria hermetikoenera, esentziara. L’art pour l’art-en ifrentzua: artea gaira murriztua. Tag fenomenoak joera zabalago hori hauspotu baizik ez du egiten.

Autorearen piztuera

Autorea hil zuen Roland Barthesek 1968an, fikzioaren ordura arteko eskemak aldaraziz. Aurrerantzean obra ez zen izango autore aktibo batek hartzaile pasibo batentzat sortzen zuen zerbait. Autorea hilda, obrak haren menpeko izateari uzten zion, kode ireki bihurtuz. Eta haren interpretazioa hartzaileari baizik ez zegokion. Obrari –eta, beraz, hartzaileari– zentraltasuna aitortzea fikziozko begirada konplexu baten aldeko aldarri gisa uler daiteke, azpimarratzen duelako artefaktu batek askotariko dimentsioak bil ditzakeela bere baitan –autorearen kontroletik haragokoak horietako asko–, hartzaile bakoitzarengan desberdin biderkatzen dela, eta, beraz, ezin dela hura gai bakarrera murriztu –ezta gai sorta batera ere–.

Guztia etiketatuta, hitz gako beraren pean aurki ditzakezu formalki elkarren antipodetan dauden lanak

Baina Barthesek hura idatzi zuenetik mende erditik gora igaro den honetan, batek begiratzen du ingurura eta zinez kosta egiten da autorea hilda dagoenik sinesten. Kontrara, bizi-bizirik jarraitzen du, ez Barthesek hil aurreko zentzuan bakarrik, baita plaza publikoan ere. Artista berpiztu da, eta orain enpresaria da edo, are, entrepreneur-a, bere liburuaz hitz egitea aski ez eta marka gisara berrasmatua, bera den guztia –obra, diskurtsoa, ideiak, gorputza– produktu bihurtu eta kosta ala kosta inori saldu nahian –mundu guztia bezala, funtsean–. Aldi berean, kultur eskaintzak gainezka egin du, harri bat altxa eta derrigor ikusi beharreko 100 telesailen zerrenda kausituko duzu, eta gero liburuena, eta pelikulena, eta buruak ezin du datu gehiago atxiki. Guztia esku-eskura, baina dena ikusteko astirik ez: bata ala bestea hautatu behar horretan, sinopsiaren logikak agintzen du maiz, eta etiketaren amuak garamatza fikziora. Edonola ere, ez da auzi isolatua. Garaiko joerarekin ezin hobeto ezkontzen da.

Fikziozko begirada krisian

Artzainak oihukatu zuen “otsoa dator!”, baina ez zetorren otsorik. Une horretan jaio zen fikzioa, Vladimir Nabokovek dioenez. Humanitatearen historia ia guztian narrazioak sinetsiak izateko sortu izan dira. Mitologiatik eta erlijioetatik dator literatura, eta Biblia bera, urrutira joan gabe, hitzez hitz hartu beharreko kontakizun bezala idatzi zen. Fikzioaren eremua zabaltzen joan zen pixkanaka eta, mende askotako lan intelektualaren ondotik, XIX. mendeko nobela handian jo zuen goia. Nobelaren esparrua ezarri zen orduan, autorearen eta irakurlearen paktu moduko batetik: biok dakigu ez dela otsorik, baina jolas dezagun ispilu honetan haren etorrera irudikatzera. Jakintzat ematen zen nobela batean errealitatearen antzeko ezer ageri bazen kasualitate hutsa behar zuela.

Gauzak asko aldatu dira ordutik. Duela ia bi hamarkada iragarri zuen Maurice Blanchotek nobela bere horretan desagertzera zihoala. Oraingoz ez dira aurreikuspenak bete, baina egia da nobelagintzak aldi luzea daramala irauteko modu berrien bila, bere biziraupena arriskuan ikusirik. Bide horietako askok –nouveau roman-ak, esaterako– lengoaiaren esperimentaziora jo zuten, hizkuntza bortxatzera, muturreko apustu formalak eginez. Ez zen debaldeko esperimentazioa, ordea. Sakoneko arantza bati erantzun nahian zebiltzan: nobela, artefaktu bezala, ez ote zen garai batean bezain baliagarria mundua kontatzeko, jendearen arazoez hitz egiteko. Doris Lessingek esana da: “XIX. mendeko izen handiek ez zuten bat egiten ez erlijio kontuetan, ez politikan, ez eta irizpide estetikoetan ere. Baina bazen elkartzen zituen zerbait: antzeko balio etikoak zituzten”. Existentzialismora arte nola edo hala iraun zuten balio humanista haiek erabat ezereztu dira, eta nobela krisian bizi da ordutik. Ematen du kondenatuta dagoela kontakizun partzialak biltzera. Ataka horretan, idazle sorta handi bat –Sebald, Ernaux, DeLillo, eta abar– hasi zen autofikziora jotzen. Egun, muturrera joan da joera hori, eta ez literaturan bakarrik: edonon ikus daitezke artefaktu hibridoak, errealitatearen eta fikzioaren artean dabiltzan piezak. Autofikzioaz gain, gora eta gora dabiltza biografiak eta memoriak: badirudi lehen pertsonak liluratzen duela irakurlea, beste ezerk baino gehiago. Ni narratiboaren garaia da.

Obrak bil dezake gaiaz haragoko konplexutasunik, baina gaur egun ahal bezain pronto lurreratu nahi da, ahalik eta kategoria hermetikoenera

Paraleloki, hiperrerrealitate garaiak bizi ditugu, mass media-renak, ia gertakariarekin batera jasotzen ditugu haren narratiba orkestratuak. Adibideak, milaka: Dorre Bikiak erori zirenekoa, edo, gertuago, COVID-19aren inguruan piztu den berba-jario guztia, gerra-metaforak eta fase zehatzetan zatikatutako aldiak. Errealitateak ordu gutxitan ekoizten ditu klase guztietako narratiba arranditsuak, eta fikzioak geroz eta zailagoa dauka harekin lehia.

Panorama horrek baditu bere arriskuak. Ematen du fikzioa hautemateko modua aldatzen ari dela –nonahikoa izatearekin batera hutsal bihurtu balitz bezala–, eta krisian dela berriro autorearen eta hartzailearen arteko paktu zaharra. Jada gutxik sinesten du otsoan, eta artzainak haren etorrera zergatik iragartzen duen galdezka dabiltza geroz eta gehiago.

Fikzioa eta konpromisoa

Fikzioaren irakurketa sinplista horietako asko sarri izaten dira haren plano politiko-ideologikoari dagozkionak, ohartu gabe dimentsio horiek ere ezin direla ganoraz aztertu edukira murrizten den begirada batetik soilik. Literatura konprometituaren auzi zaharra gogorarazten dute. 60ko hamarkadako Hego Amerikako boom-ean kontu aski eztabaidatua izan zen. Literatur berrikuntza eta berrikuntza politikoa eskutik zihoazela ematen zuen orduan, Kubako Iraultzak piztutako ilusioak lagunduta. Testuinguru hartan, Ricardo Pigliak hizpide hartu zuen konpromiso literarioaren auzia. Haren ustez, “literatura konprometitu” terminoak jarrera indibidualista dakar berarekin. Horren aldean, nahiago zuen literatura praktika sozial gisa ulertu, eta gizartean fikzioak zein funtzio betetzen duen aztertu. Pigliak dio literaturak hizkuntzarekin egon behar duela konprometituta, gai izan behar duela hizkuntzaren erabilera nagusiak kritikatzeko. Hori eginez soilik eraikiko luke estatuak –edo merkatuak– darabilen hizkuntzaz haragoko esparru alternatibo bat.

Konpromisoaren eztabaida ezin da gaira murriztu, beraz, ezta edukira ere: erabiltzen den lengoaia motarekin du zerikusi gehiago –eta, hortaz, afera formalekin–. “Estaturik gabeko gizartea da literatura”, dio Pigliak, “inolako erakundek edo bestelako indarrek ezin du behartu inor poetika artistiko jakin baten alde egitera”. Horregatik iruditzen zaio konpromisoa ez dela fikzioan afera politikoak hizpide hartzea, ezpada museoaren eta merkatuaren arteko dinamikez gogoetatzea. Horra konpromiso artistikoaren koordenadak: museoa, zilegitasunaren eta kontsagrazioaren metafora gisara, eta merkatua, obren zirkulazio esparru gisara –diruak baldintzatua, beti ere–. “Marko horretan sorkuntzaren auzia ikusgarriagoa eta konplexuagoa bilakatzen da aldi berean”.

'Alardea' telesaileko irudi bat.

Aktualitatea da fikzionagarri

Aipatu denez, fikzioaren parke tematikoan ondo kotizatzen dute autofikzioak eta errealitatearekin lotura duten artefaktu hibridoek. Joera horren hurrengo aldaera bertan da: aktualitateko gaiekin fikzioa egitea. Edukiaren merkatuan, nekez aurki daiteke gertatu berri dena baino etiketa erakargarriagorik. Hiperrerrealitatearekin lehiatu behar horretan, inoiz baino gehiago, iragan hurbila –kasik orainaldia– bihurtzen da fikzionagarri.

Elias Canetti Parisen zen 68ko maiatzean. Bertatik bertara bizi izan zituen han gertatuak, baina ez zuen haiei buruzko ezer ere idatzi. Gerora, kazetariek harrituta galdetu izan zioten ea esperientzia hark ez ote zion ezer eragin. “Denbora luzez aritu nintzen gertakari haiei bueltaka”, erantzun zien Canettik, “hala jarraitzen dut oraindik. Hain justu, horregatik ez ditut inon aipatzen. Niri ez dagokit gertakari guztiei buruz iritzia ematea, kazetariei eta politikariei bezala; saiatzen naiz bizipenak barruan eramaten, ulertzera iritsi naizela sentitzen dudan arte. Ulertu baino lehen ezingo nuke haiei buruzko ezer esan. Arduragabekeria litzateke”.

Konfinamenduari buruzko liburua ateratzeko lasterketak edo ETBren udazkeneko telesailetan aktualitateko gaiek duten presentziak baiezta dezake fikzioaren tematizaziorako joera

Canettiren espiritutik urrun, aurtengo otsailaren 29an hasi zen Paolo Giordano Nel contagio idazten. Pare bat astetan amaitu zuen, eta hilabeterako kalean zen, pandemia bete-betean, COVID-19aren iritsieran girotutako egunkari intimoa –Kutsaldian izenburuarekin publikatu du euskaraz Erein argitaletxeak–. Handik gutxira hasi ziren fikziozko lanak: Roberto Rodriguez Morok El confinado (Konfinatua) argitaratu zuen, hamabost egunetan idatzitako thriller-a; María Zabayk Aislada (Isolatua) atera zuen laster, Venezian pandemiak harrapatuta gelditzen den gazte baten istorioa; Luis Campo Vidalen Mi país soñado (Nire ametsetako herrialdea) iritsi zen ondoren, konfinamenduko hogei egunetan idatzia. Telesailetara ere egin zuen jauzi olatuak: Grey’s Anatomy-k (Greyren anatomia) iragarri zuen hurrengo denboraldia koronabirusaren inguruan girotuta egongo dela. Eta horiek aurreneko aleen artean bakar batzuk besterik ez dira. Edonola ere, muturreko adibide horiez harago, agerikoa da joera: urrutira joan gabe, hor dira ETBk udazkenerako ekoitzi dituen hiru telesailetatik bi, Alardea eta Altsasu. Hartzailea bete-betean interpelatuko duten gaien alde egiten da, gero eta gehiago. Noski, aktualitateak beti izango du tiradizo gehiago horretarako. Horra etiketaren logikaren beste albo-ondorio bat: presentismoa indartzen du. Fikzioa gaira murrizturik, ibilbide laburreko loturak sustatzen dira, obren arteko elkarrizketa sakonak oztopatuz –askotariko logikei erantzuten dietenak, ezinbestean–.

Abenduan estreinatu den 'Altsasu' telesaileko filmaketako irudi bat.

Irakurketa konplexuaren pedagogia

Bistan da, haizeak ez du alde jotzen, saturatuta bizi gara eta narratiba uholdeak kontrako eztarritik joaten zaizkigu egunero. Ez da klima aproposena fikzioak eskatzen duen patxadazko begiradarentzat. Zurrunbilo horretan, ematen du etiketa ari dela nagusitzen fikziorako helduleku nagusi bezala, eta etiketaren babesean, edukikeria, fikzioaren gaia ehizatu nahi duen begirada murriztailea. Horren aldean, irakurketa konplexuen aldeko pedagogia pixka bat egitea gelditzen da. Agian oraindik bada zer erreskataturik Barthesen ekarritik: esaterako, fikziozko lanak kode irekitzat ulertzea. Eta, bide batez, edukiaz haragoko dimentsioei arreta jartzea. Pigliak esandakoaren bidetik, fikzioaren partida politikoa ez baita jokatzen obra bakoitzaren balizko edukietan, ezpada merkatuak ezarri nahi duen hizkuntza nagusia disputatzean. Eta hori, inoiz iristekotan, fikzioaren lengoaiari eta hari dagozkion auzi estetikoei zentraltasuna aitortzetik etorriko da, ezinbestean.


ASTEKARIA
2020ko abenduaren 13a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fikzioaren bide berriak
Gure gaizkileek merezi duten fama

Historiak ahaztu nahi dituen pertsonaiak dira. Fama txarrekoak, behe-munduetakoak, tranpatiak, labana errazekoak, lapurrak, gezurtiak. Hitz batean: gaizkileak. Prentsak famatu egin zituen batzuk. Jack Destripatzailea. Bostongo Itotzailea. Rostoveko Harakina. Baina hemen,... [+]


'Homecoming': euskaraz fikziozko serie bat egin nahi duenak kontuan izan beharko lukeen eredua

Jason Bourneren trilogia eta In treatment telesailaren arteko zerbait da Homecoming, baina diferentzia handi batekin: kontatzen duen guztia kontatzeko, soinua besterik ez duela erabiltzen. Eta hori diferentzia handia da.


Eta Manuel Bartualek fikzio birala astindu zuen

Twitter ez da gauza bera izango Manuel Bartualek joan den astean publikatu zuen hariaren ondoren. Fikzio transmediaren aukerak agerian utzi ditu komikilariak.


Eguneraketa berriak daude