Emakumeak borrokan

Oria ibaia garbitzea, denon ardura

  • Oria ibaia aparrez betea zen garaia igaro da, baina horrek ez du esan nahi gaur egun erabat garbia denik. Urriaren 11n hura garbitzeko auzolanerako deia egin zuen Andoaingo Eguzkik. Azken urteetan gero eta herri gehiagotan sortu dira halako ekimenak. Izan ere, ibaia egoera onean mantentzea gizarte osoaren betebeharra da.

Martin Vicioso @martinvicioso
2014ko urriaren 26a

Gipuzkoako industriagune garrantzitsuenetako batzuk Oria ibaiaren magalean kokatuta daude. Besteak beste, horiek sortutako hondakinengatik Euskal Herriko kutsatuenen artean egon da urte askotan. Egoera nabari hobetu den arren, bizilagunek eta erakunde ekologistek salatu dute oraindik ere badela zer hobetu. Izan ere, Eguzki talde ekologistak dioenez Andoainen erabilitako uraren erdia araztu gabe Oriara egozten da. 2005ean Europar Batasunak zehaztu zuen zikindutako urek araztegitik igaro behar zutela, baina Eguzkiren arabera erantzukizun osoa ez da erakundeena. Herritarrek ere ibaia garbi mantentzen lagundu dezaten, auzolanerako deiak egiten dituzte urtero.

Aurten, urriaren 11n bildu dira Andoainen elkarlana aurrera eramateko. Ibaiaren eta uraren egoera hobetu behar dela aipatzeaz gain, erreka inguruko eremuak zaindu beharraren garrantzia azpimarratu dute. Leitzaranen aisialdirako egokitutako guneak, Otieta eta Olazar esaterako, behar bezala zaindu gabe daudela aipatu dute. Bereziki udara amaitzean, plastiko zaharrak eta alde batera utzitako hondakinak aurki daitezke. Babestutako biotopoa izanik, premiazkoa da egoki mantentzea.

Oria ibaiak Gipuzkoako arro hidrologikorik handiena du, 54 udalerriz osatua. Hala, Oria eta haren adarrak auzolanean garbitzeko saiakerak beste hainbat herritan ere egin izan dira. Besteak beste, Zizurkilen, Ordizian, Tolosan, eta Lasarte-Oria, Zubieta eta Usurbil zeharkatzen dituen eremuan antolatu dituzte garbiketa jardunaldiak azken urteetan. Halaber, ohiko ekintza da Euskal Herriko ibai gehienetan, batez ere gune industrial handiak igarotzen dituzten horietan.

Instituzioen txanda

Duela hamar urte konponduta behar zuen arazoak eginbeharren zerrendatik ezabatu gabe dirau. Andoaingo Eguzkik salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela 2004an adostutako diru-laguntza osoa eman. Udalak ere bere ardura duela nabarmendu dute. Diotenez, ur zikinak “Jaurlaritzak eta Aldundiak eraikitako hoditeri orokorrera lotzea bere esku dago”.

Adunako araztegia eraikitzearen ondorioz, Alegia eta Andoain artean dauden herri gehienetako ur zikinak araztea lortu da. Hortaz, esan daiteke pixkanaka hobekuntzak eman direla. Hala ere, asko dago egiteko oraindik ere. Zikindutako ura eta hondakinak ibaitik erabat desagerraraztea lan nekeza da, eta gizarte osoari dagokio. Garbiketa ekimenek asko laguntzen dute, batez ere ibaiaren ertzetako hondakinak jasotzeko. Baina ez da ahaztu behar zikinkeria asko lantegi eta etxeetatik etorri beharrean gure arduragabekeriaren ondorioz sortzen dugula. Horregatik, auzolan premiakoena ez kutsatzea da.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Auzolan esperientziak

Auzolan esperientziak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude