ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 03a

Kataluniarren ipuin hori

  • Eskerrak ARGIAk Bartzelonara joateko tren txartela ordaindu digun, merezi izan baitu Hobe kontatzen ez badidazu (Pasazaite, 2014) ipuin katalanen antologiari buruz hitz egiteko konde-hirirainoko bidaiak. Bartzelona, Katalunia osoa bezala, momentu interesgarrian dago eta ondo ezagutzen ditu hemengo jendeak eta kantoiak mintzakide izango dugun Aritz Galarragak –gida turistiko izateaz gain, liburuko ipuinen hautatzailea ere badena; itzulpen lanetaz berriz, Gerardo Markuleta arduratu da–.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2014ko ekainaren 08a
Inma Monsó, Empar Moliner (goian) eta Quim Monzó, Sergi Pàmies eta Frances Serés, 'Hobe kontatzen ez badidazu' liburuan bildu dituzten bost idazleak.
Inma Monsó, Empar Moliner (goian) eta Quim Monzó, Sergi Pàmies eta Frances Serés, 'Hobe kontatzen ez badidazu' liburuan bildu dituzten bost idazleak.

Fontana metro geltokian dugu hitzordua. Eskailera mekanikoek igoeran eskaintzen duten angeluari esker, kazetariari gradualki agertzen zaio eite anglosaxoiko tipo bat, lehenbizi Camper oinetakoak, gero galtza bakero estuak, jertse granate polit bat –galdetu behar dio non erosi duen–, eta Berriako zutabeetako argazkikoen aldean bizar gehiago daukan aurpegi hau. Kortesiazko aurkezpen hitzen ondoren galdetzen dio ea non egin nahi duen elkarrizketa. “Auzoan paseatzen dugun bitartean?”. Grabagailuaren rec botoia sakatu aurretik azaldu du estazio honen pareko pisu batean biltzen direla Juan Marséren Si te dicen que caí-ko anarkistak. “Literatura asko dauka auzoak, ikusiko duzu”.

Edukiko du, ez diogu ezetz, baina Asturies karrikan oinez hasita lehen begi kolpean beste zerbaitek deitzen du arreta: Gràciako etxe askoren balkoiak dekoratzen dituzten Esteladak, mugimendu independentistaren indarraren erakusle. Eta kontrastean, ipuin liburua ez da bereziki “politikoa”. “Akaso orain lehentasunen ordena aldatuko zen pixka bat, baina orain artean ‘eguneroko bizitza’ izan da katalanen gatazka nagusia. Bai behintzat idazle destakagarriena”, azaldu du Galarragak. Eta erantsi: “Gatazka nagusi horretan gatazka ugari barnebiltzen direla oso garbi izanda: fabrikako etorkizunari iskin egitea, nagusiak erne dizun umekia abortatzea, hiriburua txukun jartzeko landa eremua esplotatzea”.

Kontatzeko modu bat

Oinez-oinez Plaça del Diamantera iritsi gara. “Merçe Rodoredaren nobela ezagutzen?”. Kazetariak lotsaz aitortzen dio ezetz, ez duela oraindik gerraosteko nobela psikologiko ezaguna irakurri. Deseroso dago, iruditzen baitzaio ez duela serio itxurarik ematen literatura katalanaz hitz egitera etorri den eta irakurketetan horrelako hutsuneak dituen jurnalistak. Baina keba, hitz beste egin eta imaginazio handiz Diamant izena jarri dioten tabernaren terrazarantz buru-keinua egin du Galarragak. Eta galdetzen: “Nahi duzu garagardo bat?”. Erantzun aurretik, bigarren galdera: “Baietz erantzungo baduzu, Moritz bat izatea nahi?”.

Edalontzi parea mahaian, ipuinen tonuaz galdetu diogu, darien ironiaz, era berean garratza eta neurrizkoa. Seny kataluniar famatua hori ote den. “Kasu honetan, euskaldunen seny delakoarekin dago lotuta: bai editoreak bai eta itzultzaileak ere, oso modu edukatuan, gomendatu zidaten hobe zela Monzóren ipuin gore xamar bat aukeraketatik apartatzea. Baina, bestela, bertute gisa ikusten dut literaturan kontentzio hori, iradokitzea baina ez erabat erakustea, amildegiraino eramatea baina azken bultzada ez ematea”.

Idazle bakoitzak beretik duena gorabehera, ezaugarri amankomunak ugari direla esaten diogu –aipatutako ironiaz eta “egunerokotasunaz” gain, istorio guztien izaera urbanoa nabarmentzekoa da, adibidez–, eta horrek pentsatzera eraman gaituela Monzó patroiaren uberan ipuingile eskola bat sortu dela. “Haiek esango dizute ezetz –hain zuzen, Francesc Serések Zarauzko aurkezpenean esan zuen ezetz–, baina nik uste dut zer edo zer partekatzen dutela. Monzóren aitatasunaz hitz egitea gehiegitxo izango da, baina gutxienez markatu du eredu bat. Eredu bat kopiatzeko, kontrakoa egiteko edo kasurik ez egiteko, baina eredu bat”. Antologiaren egilearen ustez “aire –segur aski kontaminatu– berbera arnasten dute” idazleek eta ez da gehiegikeria “Bartzelona marka” batez hitz egitea.

Lehortea?

Apar bat edalontzian utzita altxa gara –bai ona Moritz marka hau–, Gràciako mini-tour turistikoarekin jarraitzeko. Verdi karrikako zinemak pasa –Marséren haurtzaroa islatzen duten istorioen beste leku bat–, eta liburu denda baten atarian geratu gara. Taifa. “Auzoko denda bat da, baina fondo polita dauka”.

Katalanez idatzita eta katalanera itzulita aurki daitezkeen titulu kopuruarengatik euskaldun jatorrari inbidia ematen dioten apalen artean, prospektiba ariketa egiteko eskatu diogu Galarragari. 20 urte inguruko aldea dago Hobe kontatzen ez badidazu liburuko idazlerik zaharrenaren (Monzó) eta gazteenaren (Serés) artean. Ba al dator belaunaldi berririk azkeneko horren atzetik? “Badator, baina ez oraingoz zaharrenak paretik kentzeko indarrarekin. Antologiako autorerik gazteena 1972koa izatea ez da, zoritxarrez, bilatutako zerbait. Gustura sartuko nukeen idazle gazteagoren bat. Baldin eta gainontzekoen mailarik izan balu. Ez dut halakorik aurkitu, ordea. Eta ez da bakarrik antologia honetarako”.

Alimaleko produkzioa egon arren, ipuingile katalan berrien punteria ez da, Galarragaren iritziz, liburuan bildu dituen egileena bezain ona. Hori bai, kanpoan geratu diren idazle beteranoekin beste antologia baterako materiala egongo litzatekeela uste du. “Baina iruditzen zait hemendik aurrera –orain artean egin ez denez– modu erregularrago eta sistematikoagoan hasi beharko ginatekeela itzultzen gure ondoan ditugun eta hala ere erabat ezezagun zaizkigun literatura horietatik, adibidez galegotik, adibidez katalanetik, Madrilen eskala egin beharrik gabe”.

Nahita edo nahi gabe, Madril askoren ahotan dabil gaur Bartzelonan ordea. Maiatzaren 17a dela esatea ahaztu zait artikuluaren hasieran: etxeko taldeak Espainiako futbol liga du jokoan Atlético Madriden aurka eta elkarrizketa bukatzean partidua taberna batean ikustera joan gara, garagardo bat –ez dut berriz marka errepikatuko publizitaterik ordaintzen ez diguten bitartean– hartu bitartean.

Tentsioa bai, baina joko askorik gabeko partiduan Barça aurreratu da Alexisek lehen zatian jaurtitako misil bati esker; gero komeriak bigarren zatiko korner batean Diego Godín koltxoneroa zezena bezala sartuta buruz egin duen berdinketarekin. Banakoa aski zuten madrildarrek irabazteko baina Messik, aurtengo denboraldiko gorabeherak ahaztu nahian korri egingo balu bezala, lau jokalari eta atezaina atzean utzita sartu duen golak eman dio Liga Bartzelonari. Eta hor ja ahaztu ditugu antologiak, idazleak, belaunaldiak eta ipuin guztiak. Canaletesera goaz garaipena ospatzera. Gaua nola bukatuko den, hobe kontatzen ez badizut.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Nazioarteko literatura kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2014ko ekainaren 08a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude