Posible da PSNrik gabeko gobernu alternatiba

  • EAJ eta EH Bilduren emaitzak bloke abertzalea biziki sendotu dute, eta jadanik joera da hori. Hegemonia lehiatzeaz gain, serio pentsatu beharko dute herrigintzaren ikuspegitik elkarlan sendoagoa jorratzea. Nafarroan, aldiz, emaitza hauek erakutsi dute posible dela PSNrik gabeko gobernu alternatiboa. Gaitza, baina posible. Ez dago kontrajarria, baina erabaki eskubidean sakondu baino, EH Bilduk ezkerreko indarrekiko aliantzan murgildu beharko du datozen urteetan, erresuma zaharrean behingoz UPNren alternatiba eratzeko.

Xabier Letona @xletona
2014ko ekainaren 01a
EH Bildu atera da Hego Euskal Herriko lehen indarra 220.000 botorekin eta EAJ bigarrena 213.000rekin.
EH Bildu atera da Hego Euskal Herriko lehen indarra 220.000 botorekin eta EAJ bigarrena 213.000rekin.

Aurreikusi moduan, Europar Batasuneko hauteskundeek ez dute erakarpenik eta euskal herritarren erdiak baino gehiagok (%55 inguruk) ez du hauetan parte hartzen. Hala ere, Hego Euskal Herrian, parte-hartzeak bizpahiru puntu egin du gora 2009ko emaitzekin konparatuta. Horrek esan nahi du, beraz, adi ibili behar dela etorkizuneko hauteskundeei begira egiten diren estrapolazioekin, %20-30eko parte-hartzearen handitzeak goitik behera alda baitezake edozein emaitza.

Hala ere, ezin uka Europako hauteskundeek ere joera oso argiak finkatzen dituztela, oraingoan batez ere honakoak: 2011tik aurrera apurka finkatzen ari den ETAren ondorengo mapa politikoan, EAJk eta EH Bilduk osatzen duten bloke abertzalea bere nagusitasuna azpimarratzen ari da Hego Euskal Herrian, eta PP eta PSOEren gainbehera etengabekoa da. Kasu honetan azpimarragarriena PSOEren emaitza litzatzeke, EAEn eta Nafarroan, batez beste, beren botoen erdia baino gehiago galtzen dute 2009arekiko (%59,18tik %28,28ra). PPk herena galtzen du (%26,8tik %17,6ra). Eta, oro har, hauteskunde hauetan ezin ahaztu txikiagoen emaitzak, batez ere ezkerrekoak, Ezker Anitza (62.000 boto) eta Podemos (72.000 boto) modukoak. Bien artean 135.000 boto lortu dituzte Hego Euskal Herrian. UPDk ere gora egin du nabarmen, bere botoak bikoiztuz (30.000 boto). Emaitza horiekin, dena den, azpimarragarriena da Podemos sartuko litzatekeela Eusko Legebiltzarrera eta UPD kanpoan geratu. Hiru alderdi hauei dagokienez, Espainiako joerak mantendu dira, bipartidismo espainiarraren amaiera etor litekeela erakutsiz. Baina, seguruenik, horretarako herritarrak gertuago ikusten dituen hauteskunde batzuen beharra dago, ikusteko alderdi txikiagoen joera horiek azkartzen diren ala ez. 2015eko udal hauteskundeetan ikusi ahal izango da hori Espainian.

EAE: EAJ nagusi, EH Bildu gertu

Orain artekoa Hego Euskal Herriko datuen azterketa orokorra litzateke. Ipar Euskal Herrian UMP da nagusi, bigarrena FN (PS eta Modem gertu dituela) eta abertzaleen artean EAJ, baina kontuan hartu behar da ohikoan nagusi den ezker abertzalea ez dela bozetara aurkeztu. Egungo errealitate politiko-administratiboaren irakurketa zehatzago eginda, EAJ da EAEko alderdi nagusia eta EH Bilduk gertutik jarraitzen du, lau puntu gutxiagorekin (%27,45 / %23,35). Ohiko bloke nagusien banaketari dagokionez, EAJ/EH Bildu blokeak (%50,8) bikoiztu egiten du PP-PSErena %23,99. Lurraldeka kontuak argi daude: Bizkaian EAJren nagusitasuna erabatekoa da, eta azken hauteskundeetan bezala, EH Bildu nabarmen finkatzen da bigarren indar moduan. Gipuzkoan EH Bildu da nagusi eta EAJ bigarren indarra; 2012ko autonomikoen joerei eutsiz jeltzaleek bazuten EH Bildura gehiago gerturatzeko esperantza, baina ia zazpi puntura geratu dira. Eta ezustekorik handiena Araban gertatu da, lehenbiziz EH Bildu baita lehen indarra eta bi puntura EAJ.

PSOEren porrota

Hauteskunde hauetan, alabaina, garaipenak baino porrotak nabarmendu behar dira, bereziki PSErena. Patxi Lopezen alderdiak bere historiako emaitzik txarrenak atera ditu eta botoen erdia galdu du (202.000tik 104.000ra). PPren galera ere itzela izan da, herena galdu du EAEn (107.000tik 77.000ra), eta eserlekuetan ere galera sinboliko esanguratsua izan du, Carlos Iturgaitzek ez baitu bere eserlekua berreskuratzea lortu. Egunotan joango gara alderdion zuzendaritzetako azalpenak entzuten, baina dagoeneko buruzagi batzuek egin dituzten adierazpenak ez bide doaz bide onenetik. Idoia Mendiak astelehen goizean egindako adierazpenen arabera, bere alderdiaren akatsa ez legoke edukietan, formetan baizik, bere ezkerretara dauden alderdiek ez ei dute berrikuntzarik aurkeztu edukietan, baina bai formetan. Ezker Anitza eta Podemosekin erkatuz edukiena egia ez izateaz gain, Mendiak ahaztu nahi du PSOEk krisiaren aurrean Madrilen izan duen jarrera, eta hori herritarrek ez dute ahaztu, ezta bere botoemaileek ere. nola ulertu edo sinetsi estatu osoan boto gehienetarik galdu duen lurraldeko buruzagia izatea alderdia bere porrotetik altxako duena? Iturgaitzen azalpena ere alderdi handietako galtzaileek askotan egiten dutena da, beti irabazi: bai onartu zuen PPren galera EAEn, eta berea ere bai, baina oro har, Espainian PP oraindik lehen indarra dela gogorarazi zuen eta horri eman behar zaiola garrantzia.

Nafarroa gori-gori

Hauteskunde hauetan Nafarroan jokoan zera zegoen, ea oposizioko indarrek balizko gobernu bat osatu ahal izango luketen PSNrik gabe, eta blokeen arteko emaitzak asko gerturatu dira. PP, PSN eta UPDren artean %44 lortu dute eta EH Bildu, Podemos, Ezkerra eta EAJren artean botoen %40,7. Jakina, hemen giltzarri dira aurkeztu ez diren bi indar politikoak, UPNren botoemaileen zati handi bat falta delako bloke batean eta bestean Geroa Bairen botoak gehitu beharko liratekeelako. Azken honi dagokionez, zerbait argi geratu bada koalizio horren baitan EAJk duen indarra da (5.400 boto), Espainiako 2011ko azken hauteskunde orokorretan Geroa Baik 42.000 boto lortu baitzituen. Abstentzioa hor dago eta hauteskunde bien emaitzak ezin guztiz konparatu, baina datuak oso esanguratsuak dira.

EH Bilduk bigarren indarra izateko erronkari eutsi dio Nafarroan. Pentsa zitekeen, baina funtsean ikusi behar zen PSNren galera noraino helduko zen. Eta bai, emaitza hauekin esan liteke Roberto Jimenezek gidatutako alderdiak larrutik ordaindu duela berriz ere UPN gobernuan mantenarazteko bere politika. Abstentzioa hor da, ados, baina norabidea argia da, bide horretatik PSN oso bigarren mailako alderdia bilakatzeko joeran dago. Bestetik, oso posible da Geroa Bairen boto zati bat Podemosera joan izana. Edozein kasutan, azpimarragarria da PSN kenduta ezkerreko alderdiek izan duten emaitza: EH Bildu, Podemos eta Ezkerrak 83.000tik gora boto lortu dituzte (%38,9).

Urtebete besterik ez da falta Nafarroako foru eta udal hauteskundeetarako eta lehia gogorra izango da. Giltza, berriz ere seguruenik, PSNren esku izango da. Espainian izan diren emaitzekin eta Kataluniako prozesua aurrez aurre, ezin da baztertu azken boladan bolo-bolo dabilen hipotesia, hau da, PP-PSOE koalizio gobernua Madrilen, eta bistan da horrek eragin handia izango lukeela Nafarroan ere. Historiari begira, oso posible litzateke PSNk berriz ere sostengua ematea UPNri, baina bide horrek PSN nora daraman ere gero eta argiako ikusten da. Eta gainera, lehen kimera bat zena orain ere urruti da baina akaso posible da, hau da, PSNrik gabeko gobernu alternatiba osatzea. Urtebetek asko eman dezake, bai alde batera zein bestera, eta lehia itzela izango da, hori bederen iragarria dago.

Pirinioetako eskualdeetan ere Fronte Nazionala garaile

Frantziako Estatuan 8 dira hauteskunde barrutiak. Akitania, Languedoc-Roussillon eta Midi-Pyrénées eskualdeek 4. osatzen dute. Herritarrek 10 europarlamentari hautatu dituzte, aulkiak honela banatuz: FNk 3 irabazi ditu (bozen %24,71). UMPk 2 (%18,51). PS-PRGk 2 (%15,73). EELVk 1 (%11,48). UDI-MoDemek 1 (%8,60). Front de Gauchek 1 (%8,57). Abstentzioa estatuko antzekoa izan da: %52,51.

Politikari ezagun hauek izanen dira Bruselan: Louis Alliot eskuin muturrekoa, Michele Alliot-Marie eskuindarra, Virgine Rozière sozialista, José Bové ezkerreko ekologista, Rober Rochefort zentrista eta Jean-Luc Melenchon ezkertiarra.

Ipar Euskal Herriko emaitza orokorra ezagutu ezean, hona bera hartzen duen departamenduko (Pirinio Atlantikoak) datu azpimarragarri batzuk: Alliot-Marie izan da bozkatuena, 42.000 boz jaso du, José Bovék berriz 26.000 inguru.

Baiona –Ipar Euskal Herriko hiriburua– hartu dugu tokiko euskal herritarren bozen lagin: UMPko Alliot-Mariek %22 jaso ditu. FNko Alliotek %14,79. PSko Rozièrek %12,86. EELVko Bovék %12,55 eta Rochefort zentristak %11,62. EH Bai (ezker abertzalea) ez da aurkeztu, ez inoren aldeko boz eskatu ere. EAJko Jean Telletxeak bozen %7,48 jaso du Baionan.

Edonola ere den, FNk eman du Iparraldean ere jauzi izugarri, hala Akitanian nola 8. barrutian. Frantziako Asanblea Nazionalean ordezkaritzarik ez izatetik Europako Parlamentuan frantziar aulki gehien duen alderdia izatera pasa da. Marine Le Penen Fronte Nazionalak lurrikara politikoa sorrarazi du estatu osoan, Pirinioak hartzen dituzten hiru lurraldeetan barne.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Europako Hauteskundeak 2014 kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude