Espainia “errebeldea”


2024ko ekainaren 10an - 11:02
Alvise Pérez, Se acabó la fiesta (Bukatu da festa) alderdiko burua. Hiru parlamentari lortu ditu youtuber faxistak, eta ia-ia Orain Errepublikak koalizioak bezainbeste boto.

Gehien mugitu den titularra: PPk irabazi ditu hauteskundeak, bereziki Ciudadanos oso-osorik jan duelako, eta PSOEk berdin jarraitzen du, gutxi gorabehera, guztizko hamar boto-emailetatik hiru mantenduta. Beraz, PSOEk eutsi dio batailari, eta gaitz erdi, ikusita Europan gertatu dena, nola agintean zeuden presidente edo lehen ministroek dimisioa aurkeztu behar izan duten eskuinak edo eskuin muturrak emandako kolpea tarteko.

Pedro Sánchez presidenteak barandari eutsita segitzen du. Hein batean, eskuinaren botoa hasieran esperotakoa baino banatuagoa izan delako; bestela, bai, nabariagoa izango zen. Kalkulu erraz bat eginda, eskuin eta ultraeskuin espainolistaren igoera argiago ikusteko: 2019an, 5,9 milioi boto zituzten; eta 2024an 8,5 milioi.

“Anti-Sánchez” kanpainari esker, PPk ultraeskuin bat ez, bi elikatu ditu. Vox pozik agertu da, boto portzentajean %6tik %9ra igo delako, baina ernegaturik ere bai, beste %4,6 bere ingurumariak mobilizatu duelako Voxi bizkar eman eta mugimendu faxista berri baten alde: Se acabó la fiesta (Bukatu da festa, euskaraz).

Festa hasi besterik ez da egin

Soziologikoki, esan daiteke ja ziurtasun osoz, beste fase batean sartu dela Espainian politika egin eta botoa kaptatzeko modua. Se acabó la fiesta-k 800.000 boto lortu ditu, Podemosek eta Irene Monterok baino 210.000 gehiago, eta Sumarrek baino 10.000 gutxiago soilik.

Alvise Pérez youtuber edo influencer-ak –dena delakoa, baina faxista– sortu berri duen “mugimenduak” boto mordoa mobilizatu ditu foku mediatikotik kanpo –23.000 boto Hego Euskal Herrian–, eta berrikuntza da horrela izatea. “Errebeldetzat” du bere burua, “gauzak argi esaten dituen bakarra” delako. Ezker-eskuin jendeari edota oro har politikaz erabat paso egiten duenari gustatu ahal zaizkion mezuak zabaldu ohi ditu: “Politikari denak ustelak dira”; “Baserriko tomateek paper burokratiko gehiago behar dituzte etorkin ilegalek baino”; “Espainian ez dago adierazpen askatasunik”.

Mezu orokor horietatik harago ez da inoiz ere joan, ez baitu mamirik, baina ezta beharrik ere sare sozialen trend garaiotan. Gezurrak zabaldu ditu zientoka, ageriko era batean, apropos, baina jendeari berdin dio informazio horiek egia izan ala ez. Fake news-aren errege da Pérez, eta ez da ezkutatzen. Ondo neurtua du sare sozialen eragina. Auzitegietan dozenaka salaketa jarri izan dizkiote difamazioagatik, desinformatzeagatik eta pertsonen izen onaren aurka jotzeagatik. Baina berdin dio berari. Edo ez: hainbeste denuntzia pilatu ditu bere kontra, aforamendua eta immunitatea lortzeko aurkeztu dela Europako parlamentura, bere “adierazpen askatasuna” gehiago blindatzeko. Alegia, desinformatzen segitzeko. Eta jendeak bozkatu du, ia-ia Orain Errepublikak bezainbeste.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europako Hauteskundeak 2014
UPyD eta EAJ talde berean ariko dira Europako Parlamentuan

Europarako Liberal eta Demokraten Aliantzak (ALDE) UPyD alderdia onartu du, talde berean dauden EAJ eta CDCren kontrako botoekin. Trukean, autogobernuari buruzko azpitaldea sortzea onartu du ALDEk.


2014-06-09 | Judith Perez
Syriza: “Euroeszeptikoak boterean daudenak dira”

Europako hauteskundeen ostean Syriza, Greziako ezkerreko koalizioa, herrialdeko lehen indar politikoa bihurtu da. Kostas Isychosek, alderdiaren kanpo politikaren arduradunak, “politika alternatiboentzako itxaropen boto” gisa deskribatu ditu emaitzak, Marta... [+]


2014-05-29 | Ane Lusarreta
Podemosen arrakastaren lau gako

Eduardo Muriel kazetariak Podemosek Europako hauteskundeetan izan duen arrakasta aztertu du La Marea hedabidean.


Ultraeskuinaren itzala Europako hemiziklo nagusian

Alderdi ultraeskuindar eta populistak indar handiz sartu dira euroganberan.Frantzian Fronte Nazionalak panorama politikoa astindu du, eta Espainian bipartidismoak galera itzela izan du.


Posible da PSNrik gabeko gobernu alternatiba

EAJ eta EH Bilduren emaitzak bloke abertzalea biziki sendotu dute, eta jadanik joera da hori. Hegemonia lehiatzeaz gain, serio pentsatu beharko dute herrigintzaren ikuspegitik elkarlan sendoagoa jorratzea. Nafarroan, aldiz, emaitza hauek erakutsi dute posible dela PSNrik... [+]


Eguneraketa berriak daude