Baserritarrek ez dute diru-laguntzetatik bizi nahi

  • Sortzeaz batera hasi zen Europar Batasuna nekazaritza politika bateratua ezartzen, II. Mundu Gerraren osteko elikagai faltari aurre egiteko. Arazoak 90eko hamarkadan heldu ziren, ordura arte nagusi izan zen merkatuen kontrolaren ordez politika neoliberalak gailentzen hasi zirenean. Hogei urte geroago, gaizki banatutako diru-laguntzen menpeko bihurtu da sektorea.

NPBren diru-laguntzak bi zutabeetan banatuta daude. Alde handiz bigarrena da ahulena, nekazaritza eta abeltzaintza eredu jasangarriagoa lortzen lagundu dezakeena hain zuzen. Sindikatuen ustez lerro hori indartu beharko litzateke, eta horretarako modu bat
NPBren diru-laguntzak bi zutabeetan banatuta daude. Alde handiz bigarrena da ahulena, nekazaritza eta abeltzaintza eredu jasangarriagoa lortzen lagundu dezakeena hain zuzen. Sindikatuen ustez lerro hori indartu beharko litzateke, eta horretarako modu bat izan liteke benetako aktibitaterik eduki gabe lehenengo zutabeko laguntzak hartzen dituztenak banaketatik kanpo uztea. Besteak beste, mendi inguruetan ari direnentzako laguntzak bideratzen ditu bigarren zutabeak. Argazkian, behiak Gorbeia inguruan.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Neurri egokiak hartu ezean Euskal Herriko lehen sektorea desagertzeko zorian egon liteke. Hori esanez hasi zen orain dela bi asteko Argian Juan Mari Arregik idatzitako Beste nekazaritza garapen eredu baten alde zutabea. Baieztapen potoloegia eman dezake, baina bat dator Euskal Herrian nagusi diren nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko sindikatuen ikusmoldearekin. Haiek diotenez, Europatik datozen politikak, eskuarki, baserri tradizionalaren kalterako izaten dira.

EBren Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) baserritarrengan duen eragina etengabeko eztabaidagaia da sektorean, baina are biziagoa da erreformak ezartzea egokitzen denean. Aurten, hain zuzen, 2014-2020 epealdirako baldintzak finkatzen ari dira. Batik bat, diru-laguntzak jasotzeko bete beharrekoak. Laguntzak baitira Bruselako politikaren muina, ikusiko dugunez.

Bi hamarkada neoliberalismorantz lerratzen

NPBk 1992tik jasan dituen erreformak “porrot ikaragarria izan dira”, EHNE-Bizkaiako Andoni Garciaren esanetan. “Negozioaren mesederako ekoizpen eredua sustatzen da, eta herritarren elikadura ez da ardaztzat hartzen. Baliteke, azkenerako, elikagaien hornidura ezin segurtatzea ere”. Garciak gogorarazi du, konparazio baterako, 2003tik hona Hego Euskal Herriko nekazarien diru irabaziak %23 gutxitu direla batez beste. Ikus dezagun zein den egoera honetara ekarri gaituen bidea.

Hastapenean, merkatuaren kontrola

Ipar Euskal Herrian NPBk arautu du laborarien bizimodua azken mende erdian. Izan ere, laborantzari buruzko politika bateratua Europako Ekonomia Erkidegoarekin batera sortu zen 50eko hamarkadaren amaieran, eta Frantzia han zen, NPBren bultzatzaile nagusien artean. “Gerla osteko Europan defizita zen elikaduraren aldetik”, dio ELB sindikatuko Mixel Berhokoirigoinek, “kontsumitzen zenaren %80 baino ez zen ekoizten”. Produkzioari bultzada emateko sortu zen NPB, baita lortu ere. 80ko hamarkada hasierarako, urtez urte elikagai soberakina zeukan Europak. Besteak beste, bertoko laborarien jarduna babestuz lortu zen hori. Berhokoirigoinek dioenez, NPBren lehen hamarkadetako ezaugarri nagusia merkatuen kontrola izan zen, ekoizleentzat prezio duinak segurtatzea barne.

“Aldaketa 1992an hasi zen”, dio ELBko kideak, “eta arrazoi politikoengatik eman zen”. Andoni Garciak ondo gogoan du garai hura, ordurako Hegoaldeko baserritarrak ere bai baitziren NPBren menpeko eremuan: “Urte hartan politika bateratuaren lehen erreforma egin zen, eta NPB zeharo aldatu zen. Ordura arte prezioen babesean oinarritu zen politika, baina gero eta garrantzi handiagoa hartzen hasi ziren diru-laguntzak”.

Garaiko testuingurua kontuan hartu behar da: 90eko hamarkadaren hasieran, nazioarteko itun berrien negoziazioetan buru-belarri murgilduta zebilen EB. Ondorioa gero eta liberalizazio handiagoa izan zen, eta hor ez zeukan lekurik NPB bezalako politika batek, ez ordura arteko ezaugarriekin bederen. Merkatuen kontrola, nekazariek beren produktuen truke jasotzen zituzten prezioen berme politikoa barne, ahultzen hasi zen, eta ahultzen segitu du ordutik egindako erreforma bakoitzarekin.

Laborariek horren ondorioz izandako galerak arintzeko, Europak diru-laguntzak ezarri ditu. Hogei urteotako bilakabide hori laburbiltzen du Mixel Berhokoirigoinek emandako datu honek: “NPB sortu zenean, haren aurrekontuaren %80 merkatuaren kontrolatzera bideratua zen. Gaur egun, %7 baizik ez”. 2014an, NPB diru-laguntza multzo bat da batez ere.

“Antibiotikoen” tranpa

Gauden-gaudenean, ez dago laborantzaren biziraupena ulertzerik diru-laguntzarik gabe. Baina sistema maltzurra da, sindikatuen ustez. Haiekiko menpekotasuna desager dadila nahi duten arren, sektoreak ezinbestekoak ditu laguntzak gaur-gaurkoz. “Antibiotikoak bailiran hartzen ditugu”, diosku Garikoitz Nazabalek, Gipuzkoako EHNEko kideak; “infekzioari aurre egiteko behar duzu, baina aldi berean zure defentsak ahultzen dituzu”.

Nazabalen iritziz, baserritarrak laguntzetatik ez baizik eta beren lanetik bizi behar dira, “eta azken batean lan hori herritarrentzat elikagaiak ekoiztea da”. Alde batetik, herritar guztiek erosteko moduko prezioan merkaturatu behar dira produktu horiek, eta bestetik laborarien etorkizuna ziurtatzeko moduko prezioak izan behar dute. “Baina eskema horrek ez du dagoeneko funtzionatzen”, kexu da Nazabal.

Espainiako Estatuan, nekazari eta abeltzainek euren produktuengatik jasotako prezioa oso gutxi handitu zen 2000 eta 2012 urteen bitartean; aldiz, elikagaien Kontsumoko Prezioen Indizea %50 igo zen. Ekoizleengandik kontsumitzaileenganako bidean bitartekariak daude, gero eta tartaren zati handiagoa bereganatzen dutenak. 2011n Mugarik Gabeko Albaitariak elkarteak egindako txosten batek dio Espainiako Estatuan elikagaien azken prezioa, batez beste, ekoizleek jasotzen dutena baino 4,5 aldiz handiagoa dela. Espekulazioa nagusi den sistema horrek iraun bitartean, nekazariek, nahi eta nahi ez, diru-laguntzen oxigenoaren beharra dutela azpimarratu du Garikoitz Nazabalek. Harekin bat dator EHNE-Bizkaiako Andoni Garcia: “Batez beste, baserritarrek irabazten dutenaren %30 diru-laguntzetatik dator, eta sektore batzuetan %70era heldu daiteke. Pentsa zer litzatekeen kenduz gero...”.

Diru-laguntza sistema, txikien kalterako

Ezinbestekoak izanagatik, EHNE-Bizkaiak pozoitzat ditu NPBren diru-laguntzak –ez denak–, “horien izenean nekazarientzako prezio artifizialki baxuak justifikatzen direlako oraindik”. Azkenerako, laguntzen adabakia ez da nahikoa baserritar txiki askok, etsita, aktibitatea albo batera lagatzeko.

Azken batean, lur kontzentrazio handiei eta laborantza industrialari egiten ari zaie mesede, diru-laguntzen banaketa ez baita inondik inora orekatua: zenbat eta lur gehiago, orduan eta laguntza handiagoa. Transnational Institute elkarteak plazaratu berri duen lan batek dioenez, 2011n Europako etxaldeen %1,5ek, handienek, laguntzen herena bereganatu zuten. Frantziako Estatuan, laguntzaren %44 etxaldeen %13rentzat izan zen. Eta Espainiako Estatuko laguntzen %75 hartzaileen %16rentzat izan zen. Pribilejiodun gutxiengo hori elikagaien industriako konpainia erraldoiek eta lurjabe handiek osatzen dute gehienbat, prentsa arrosaren azaletan maiz agertzen diren sona handiko zenbait pertsonaia barne.

NPBren bi zutabeak

Desorekak ez dira hor bukatzen. Aurrera jarraitu aurretik, ordea, komeni da diru-laguntza sistemari buruzko zenbait xehetasun esplikatzea. Mixel Berhokoirigoinek emandako azalpena baliatuko dugu horretarako: “NPBk laborantzara ekartzen dituen laguntzak bi zutabetan antolatuak dira. Estatu batetik bestera aldatzen da, baina orokorki, EBn, laguntzen %80 lehen zutaberako da, eta %20 bigarrenerako. Bigarren hori lotua da lurraldeari, kalitateari, biodibertsitatearen kontserbazioari... Helburu soziala dute, lurralde eta ingurumen ikuspegiak indartzen dituzte, mendiko laborantzari laguntzen diote, biologikoari.... Lehen zutabea, aldiz, ekoizteko ahalmenari –hektarea edota abere kopuruan neurtua– ematen zaion laguntza da, baserriaren handitasunari lotua eta bestelako justifikaziorik gabe, edo justifikazio txikiarekin”.

Berhokoirigoinek aipatutako justifikazio falta horri desakoplatze esaten zaio. 1992an NPBren merkatu-kontrol mekanismoak ahultzen hasi zirenean, laborarien galerak konpentsatzeko laguntzak ekoizpenarekin lotuta zeuden. Hau da, hartzaileak frogatu egin behar zuen elikagaiak ekoizten zituela; bestela esanda, laguntza akoplatuak ziren. Aldaketaren hasiera izan zen hori, baina sindikatuen ustez batez ere mende honen lehen urteetako erreformek jarri zuten sektorea hankaz gora. “Orduan hasi zen benetan prezioa aintzat ez hartzen”, dio Andoni Garciak, “interbentzio publikoa are txikiago bihurtu zen, eta laguntzak desakoplatzen hasi ziren”. Desakoplatzeak esan nahi du ez dela nekazaritza edo abeltzaintza aktibitaterik justifikatu behar diru-laguntzak jasotzeko, edo nahikoa dela oso aktibitate apala izatea.

Espainiako Estatuan, errenta osoaren laurdena nekazaritzatik jasotzea aski da baserritar profesionaltzat hartua izateko. Gutxi, ENBA sindikatuko Xabier Iraolaren iritziz. EHNE konfederazioak eta EHNE-Bizkaiak bezala, lehen zutabeko laguntzak –laguntza zuzenak ere esaten zaie– jaso ditzaketenen kopurua askoz txikiagoa izan beharko litzatekeela uste du ENBAk. “Baina Madrilen interes politikoak daude betiko lurjabe batzuei diru-laguntzak ematen jarraitzeko”, salatu du Iraolak. Andoni Garciak uste du, berriz, Espainiako Estatuan –beste horrenbeste Hego Euskal Herrian– laguntza desakoplatuak jasotzen dituztenen heren batek baizik ez lukeela berez horretarako eskubidea eduki behar. “Datu esanguratsu bat: Estatuan 900.000 inguru laguntza hartzaile dago, eta horietatik 300.000 erretiratuta daude dagoeneko”.

Desakoplatzea ez da erabatekoa, bestalde. Ekoizpenari lotutako laguntza batzuk mantendu ditu NPBren lehen zutabeak, baina sektore gutxi batzuentzat baino ez: behi esne eta haragia, ardia, erremolatxa, arroza, labore proteikoak (soja, garia, garagarra...). Gainerakoak kanpoan uzten ditu Bruselak, eta horri bidegabea deritzo EHNE-Bizkaiak, nahiz eta Euskal Herriko nekazari eta abeltzain gehienek laguntzak jaso ditzaketen arloetan diharduten.

Lehen zutabea osorik ordaintzen du EBk, eta Euskal Herriari dagokionez, diruaren banaketa Madril eta Parisetik erabakita dator. Bigarren zutabeko laguntzak, aldiz, erdibana finantzatzen dituzte Bruselak eta tokian tokiko administrazioek. Haien baldintzak orain ari dira negoziatzen euskal sindikatuak EAE, Nafarroa eta Akitaniako erakundeekin, eta 2015ean sartuko dira indarrean.

Iparraldean aurrerapauso batzuk lortu dira zenbait arlotan, Mixel Berhokoirigoinek dioenez. Hegoaldearen kasuan goiz da ezer esateko, baina garbi dago behintzat bigarren zutabeko laguntzak ez direla ez antibiotiko ez pozoitzat hartuak. “EBk handitu behar luke bigarren zutaberako diru kopurua”, adierazi digu Garciak, “hori baita sektorearen errealitatearekin lotura daukana, enplegua sustatzen duena, baldintza zailetan ari direnei babesa ematen diena... Azken batean, eredu jasangarriagoa lortzen laguntzen duena”. EHNE-Bizkaiak garbi du bigarren zutabearen finantzazioa indartzeko bidea zein den: baserritar ez-profesionalei lehen zutabeko laguntzak emateari uztea.

Mixel Berhokoirigoinen aburuz, “esan liteke NPBren bi zutabeak elkarren aurka ari direla: lehenak hausten duena konpondu nahi du bigarrenak, lehena irizpide sozialik gabe emana baita, eta enplegua desagertzea eta desertizazioa ekartzen ditu”. Arazoa da aurrekontuaren %80 dagoela haustera bideratua, eta %20 baizik ez konpontzera. Euskal sindikatuen ustez, tristeena da NPBren azken erreforma hau mahai gainean jarri zenean, duela bizpahiru urte, Europako Batzordeak oso diskurtso itxaropentsua agertu zuela, ordura arteko politikekin guztiz kritikoa. “Azkenean, ordea, ez dute ase sortutako itxaropena”, dio Andoni Garciak atsekabetuta. Hasierako asmo on haiek (ingurumena zaintzea, laguntzak zuzenkiago banatzea...) apurka desitxuratu izanaren arrazoi nagusia zein den garbi du Berhokoirigoinek: lobbyak, beti lobbyak.

Emakume laborariak, baztertuetan baztertuenak

2012an, Isabel de Gonzalo eta Leticia Urretabizkaia ikerlariek Las mujeres baserritarras; análisis y perspectivas de futuro desde la Soberanía Alimentaria (Emakume baserritarrak: analisia eta etorkizunerako aukerak Elikadura Burujabetzaren ikuspuntutik) lana argitaratu zuten. Liburuaren lehen zatian, Isabel de Gonzalok xehe ziharduen NPBren historiaz eta gaur egun Hego Euskal Herriko laborantzan duen eraginaz, genero ikuspegitik gehienbat. Egileak azpimarratu zuten 1992tik hona izandako erreformek emakume nekazariei egin dietela bereziki kalte. Batez ere, 2003tik aitzinakoek.

De Gonzaloren esanetan, duela hamarkada bat inguru diru-laguntza desakoplatuak –hau da, ekoizpenari ez baizik eta lur edo ganadu jabetza hutsari lotutakoak– indarrean jartzeak mesede egin zien tamaina handiko haztegiei, eta kalte, asma daitekeenez, ekoizpen eredu txiki eta tradizionalei. Emakume nekazarien gehiengoa dagoen ereduei, hain zuzen.

Hego Euskal Herrian NPBk emandako diru-laguntzak genero ikuspegitik aztertu zituen De Gonzalok bere ikerketan, eta horretarako informazio faltari aurre egin behar izan zion. Izan ere, laguntza horien banaketari buruzko datuak ez dira egoten sexuaren arabera sailkatuta. “Datu faltak esanahi politiko garrantzitsua du”, idatzi zuen, “ezinezkoa baita neurtzea diru-laguntzak banatzean berdintasun irizpidea kontuan hartzen ari ote den”. Ikerlariak laguntza-hartzaileen zerrendara jo behar izan zuen, eta banan-banan begiratu bakoitzaren izen-abizena. Baina 2008ko kopuruekin konformatu behar izan zuen, urte hartatik indarrean den datuen babeserako legediak galarazi egin baitzion hartzaileen nortasuna ezagutzea.

De Gonzalok 2008ko datuekin moldatu zituen grafikoak, aldameneko orrialdean ageri diren berak. Argi ikus daiteke pertsona fisikoen kasuan –kontuan izan behar da hartzaile batzuk enpresak direla, ez banakoak–, emakumeei NPBren diru-laguntza gutxiago iristen zaiela gizonezkoei baino. Eta zenbat eta handiagoa laguntzaren diru kopurua, orduan eta andrazko portzentaje txikiagoak jasotzen du, laugarren grafikoak erakusten duenez.

2008koak ez dira datu berrienak, hala ere. Salbuespen modura, Espainiako Gobernuak sexuen araberako sailkapen eta guzti argitaratu zituen 2012ari zegozkion zenbait datu. Europako laguntzak eskuratzen dituztenei dagokienez, portzentajeak 2008ko berdinak dira ia: Hego Euskal Herrian, NPBko diru-laguntza zuzenak jaso zituzten pertsona fisikoen %68 gizonak izan ziren.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/npb.jpg
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-11-05 | Estitxu Eizagirre
Garbiñe Larrea "Kosmetikoak sendabelarrekin" liburuaren egilea:
“Kosmetiko industrialak gure sistema hormonala hackeatzen ari dira eta horren aurrean baliabideak eman nahi izan ditut”

Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa,... [+]


2024-11-04 | Garazi Zabaleta
Mimogoxo
Edertasuna baino osasuna helburu duen proiektua Ezkion

Naturopatiaren eta iridiologiaren mundutik iritsi zen Eztizen Agirresarobe Pineda ezkiotarra kosmetika naturalaren mundura: “Hirugarren urtea dut naturopatia eta iridiologia ikasketetan, baina lehenagotik ere egiten nituen ukenduak, kakaoak, eta antzekoak”, azaldu... [+]


2024-11-04 | Jakoba Errekondo
Eguzki-lore meteorologoa

Mendirik altuenetako okoilu gordeetan. Ziztu biziz haize hotzak zazpi hilabetez neguztatzen duen zokoan. Udan igotzen dituzten azienda saldoek motzean eusten dioten belaze bazterretako zuhaixken altzoan. Bertan ezin biziraunari eutsi eta basoak ere txil egin eta urrun-urrunera... [+]


Sardina europarra
Mugarik gabe, baina ez mugagabe

         Sardina bat... bi sardina... topatu ziren...

Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko.


Birika-belarra

Udazken betean gaudela arnas bideei erreparatu beharra daukagu, garai honetan ia gehienok izango baitugu katarroren bat. Hori bakarrik denean gustura, arnasbideetako gaitz larriagoak zeharo gaiztotuta dabilzkigulako azkenaldian. Gure artean aurre zaintza egitea ohitura zabaldua... [+]


2024-10-28 | ARGIA
Hazi ekologikoak jaso dituzte Amillubi proiektuan eta liburua aurkeztu dute

Urriaren 26an Amillubi kolektibizatutako lurretan auzolana eta Haziak liburuaren aurkezpena egin dituzte. Zestoako Portale Kultur Elkarteak eta Amillubi proiektuak elkarrekin antolatu dute ekitaldia.


2024-10-28 | Jakoba Errekondo
Sagastizaleentzako jakinarazpena

Euskal Herrira 2018an iritsi zen. Bertakotu eta euskaldundu den migratu bat gehiago. Ongi etorri. Gutxi batzuk hasieran, izurritea 2023rako.


2024-10-28 | Garazi Zabaleta
Artotxiki
Artobeltza, artatxikia, kinoa eta produktu beganoak Lizarraldean

Umetatik baserrian bizi izan dira Gillen eta Bittor Abrego Arlegi anaiak, Lizarraldean, Iguzkitza herrian. Familia abeltzaina izan da haiena baina baserria eta lursailak haien esku gelditu zirenean, proiektuari buelta bat ematea erabaki zuten bi anaiek: “Lur zatia eta... [+]


Usapal europarra
Pase garaiko protagonista

Ürx’aphal bat badügü
herrian trixterik,
Nigarrez ari düzü
kaloian barnetik,
Bere lagün maitiaz
beit’izan ützirik:
Kuntsola ezazie,
ziek adixkidik.


Suaren kolorea duen azaroa, hazien aroa

Zer da zuretzat sukaldea? Niretzat, suaren tokia, sua dagoen aldea. Etxearen bihotza da, lapikokoa mimoz eta maitasunez  prestatzeko lekua. Gero, mahai inguruan  jateko, dastatzeko, partekatzeko eta disfrutatzeko tokia. Sasoikoa jateko sukaldera sartuko gara.


Euskal Herriko tomate agroekologikoek %38,6 CO2 gutxiago isurtzen dute Almeriako tomateek baino

EHNE Bizkaiak bultzatutako azterketaren emaitzek baieztatu dute eredu agroekologikoan ekoiztuak diren tomateek berotegi efektuko gasen isurketan, eta batez ere energia kontsumoan, inpaktu txikiagoa dutela eredu agroindustrialean ekoiztuak diren tomateekin alderatuta. Honetan,... [+]


2024-10-21 | Jakoba Errekondo
Harizti borobil bat mugari

Mugek itotzen gaituzte. Ondo esanda, mugek itotzen naute; izan ere, izango da baten bat zeina mugen estuasunean bertan gozo ederki sentituko den. Ni itotzen naute baina, harrigarria, mugak desegin daitezke. Lursail baten mugak, auzo baten mugak, udal baten mugak, eskualde baten... [+]


2024-10-21 | Garazi Zabaleta
"Haziak" liburua
“Liburuarekin jendea animatu nahi dugu haziak ekoizten hastera”

Hazien munduan buru-belarri ari dira urte askotatik Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal, Haziak liburuaren egileak. Hazien ugalketari buruzko azalpen praktikoez gain, elementu historiko, ekonomiko, politiko eta kulturalak jaso dituzte; beraz, baratzerik ez dutenentzat ere... [+]


Une baten eternitatea

Atal honetan behin baino gehiagotan aipatu izan dugu izaki txikien munduan (gurean bezalaxe) itxurak okerrera eramaten gaituela, sarritan. Eta gaur dakarkigun laguna horren adibide garbia da, animalia gutxi izango baita Lurrean itxura ahulagoa edo kalteberagoa duenik. Horrez... [+]


2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


Eguneraketa berriak daude