Egiturazko arazo baten datu gordinak

  • Lan merkatuan gazteek jasaten duten bazterkeria eta zapalketa zenbakitan ere neurtu daiteke. Ernai erakundeak bildutako datuen arabera, 15 eta 34 urte arteko lau gaztetik hiru pobreziaren langaren azpitik bizi da.

Euskal Herriko lurralde guztiak kontuan hartuta gazteen egoera ekonomikoaren berri ematen duen argazkia atera du Ernaik eta datuak kezkagarriak dira oso. Lan merkatuko segurtasun faltak prekarietatera eraman ditu gazteak, beltzean lan egitera, pobreziaren mugaren azpitik dauden soldatak jasotzera eta baita sorterritik kanpora migratzera ere.

Argazkia ateratzeko hainbat iturri erabili ditu ezker abertzaleko gazte erakundeak, tartean Gaindegia, Emakunde, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Espainiako eta Frantziako estatistika institutuak eta Ikasle Abertzaleak-ek emandako informazioa. Hala, Gazteria, lana eta prekarietatea txostena xehatuz gero, lotsarazteko moduko datuak ageri zaizkigu.

EAEko eta Nafarroako gazteen %72k baino gehiagok pobreziaren muga azpiko diru sarrerak dituzte. Irizpide estandarizatuen arabera, muga hori 937 eurotan dago egun –biztanleko BPGaren %37,5–. Baina egoera okerragoa da, kontuan hartuz gero gazteen %65ek ez dutela inolako kontraturik eta bizirauteko bestelako diru sarreretara jotzen dutela: diru laguntza publikoetara, gurasoengana eta baita ezkutuko ekonomiara ere, izan haurrak eta zaharrak zaintzen, tabernan zerbitzari gisa edo garbiketak egiten. Batez ere emakumeak dira lan erreproduktiboaren eremu ikusezinean dabiltzanak.

Kontratua dutenen artean ere baldintza prekarioak dira nagusi; horren adierazgarri dira Espainiako lan erreformak ekarri dituen “formazio kontratuak”. Ernairen esanetan gazteen %2k kontratu mota horrekin egiten du lan, hau da, hilean 500 euroren truke 33 urte izan arte, eta gizarte segurantzan kotizatu gabe. Bestalde, kontratuen %95,5 aldi baterakoak dira.

Langabetuen zakua

2007an, 15-24 urte arteko gazteen %16,1 zegoen langabezian eta 25-34 urte artekoen artean %6,5 baino ez. Bost urte geroago, %39,3 eta %18,6 daude egoera horretan, hurrenez hurren. Langabeziak gogor jo du gazteen artean, hirukoiztu egin da ia.

Langabetuen zakuan begiratuz gero, gazteak dira nagusi, paroan daudenen artean %58,5 gazteak baitira, emakumeak gizonak baino gehiago. Eskualdeka diferentzia nabarmenak daude ordea; Nafarroako hegoaldea eta Bizkaiko mendebaldea dira gaztigatuenak. Aldiz, Nafarroa Beherea barrualdean, Zuberoan, nafar Pirinioetan eta Arabako zenbait tokitan langabezia tasa oso baxua da gazteen artean. Hori fenomeno baten ondorio da: emigrazioa.

Azken hamarkadetan lurralde horiek jasaten ari diren populazio odolusteak gazteen egiturazko migrazioarekin du zerikusia: lan faltan, gazteek sistematikoki alde egiten dute. Ipar Euskal Herrian “desertizazioa” gertatzen ari dela salatu du Ernaik eta hezkuntzarekin ere lotu du hori. Tokiko eskaintzarik ez dagoenez, goi mailako ikasketak egitera Pau, Bordele edo Okzitaniako Tolosara joaten dira eta asko ez dira itzultzen.

2012an 22.300 gaztek alde egin zuten Euskal Herritik. “Burmuinen ihesaldi” baten aurrean ote gaude? Nabarduraz josi beharreko galdera da hori. Euskal Herriko gazteak akademikoki ondo prestatuta daude –%43,7k goi mailako ikasketak dauzka, Europako bataz besteko %27,7ren aldean–, baina prestakuntza hori bideratuta dago enpresa eredu zehatz batera, multinazionalek ordezkatzen duten horretara: “Eguneroko beharrei dagokien prestakuntza eskasa da –ondorioztatu du Ernaik txostenean–, taldeak antolatzen eta koordinatzen jakitea, oinarrizko lanak… Horrek proiektu propioak martxan jartzeko eta autogestiorako zailtasunak eta ziurgabetasuna sortzen ditu maiz”.

Euren kabuz lanean hasteko beldurra hedatzen ari da. Inkestek erakusten dute autoenpleguaren aukeran pentsatu ere egin ez duten gazteen portzentajea igo egin dela (ikusi koadroa).

Gauza bera gertatzen ari da emantzipazioarekin. Gurasoen etxetik ez joateko arrazoien artean etxebizitzaren prezioa (%83), lan egonkor falta (%81) eta soldata baxua izatea (%76) dira nagusienak. Baina alarma piztu duen ondorioetako bat hauxe da Ernairen esanetan: gero eta gutxiago dira emantzipatzeko aukera planteatzen duten gazteak.

Ernaik, txostenean, datuak mahai gainean jartzeaz gain bide alternatiboak izan daitezkeenak ere plazaratu ditu prekarietateari aurre egiteko, “herri presioa eta praktika burujabea” garatzea, besteak beste. Maiatzaren 3an manifestazioa antolatu du Bilbon.

Beren kabuz lan egitea, gazteek ikusten ez duten aukera

Gazteen Euskal Behatokiak EAEko gazteen ekintzailetzaz berrikitan kaleratutako ikerketa batek larritzeko moduko ondorioak utzi ditu. Hauek dira 2013ko apirilean egindako telefono bidezko inkestaren emaitza nagusienak:

  • %61,5ek ez dute inoiz pentsatu negozio bat euren kabuz jartzea.
  • %27,1ek diote pentsatzen ari direla negozio bat jartzea baina oraingoz ez dutela pausorik eman norabide horretan.
  • %3,5ek negozioa jartzeko ideia alboratu dute pausorik eman gabe.
  • %8,1ek “esperientzia ekintzailea” izan dute.

2010ean egindako beste ikerketa batekin alderatuta, gazteek autoenpleguaren aukera gero eta hurrunago ikusten dutela ondorioztatu daiteke. Espainiako lan erreformak lan baldintzak prekarizatu eta enpresariei langileria kontrolatzeko eskumen gehiago eman dien arren, nork bere kabuz lan egiteko gogoa %26,3tik %20,2ra jaitsi da. Hau da, independenteago izan eta erabakiak hartzeko nahiari, segurtasun eta egonkortasunik ez izatearen beldurra gailentzen zaio.


ASTEKARIA
2014ko apirilaren 20a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude