Etxegabeen kontrako bi eraso egin dituzte Bilbon eta Lekeition

  • Larunbat gauean gizon batek Bilboko Zorrotzaurreko pabiloi bat erre zuen, bertan bizi diren etxegabetutako pertsona batzuen kontra egiteko. Lekukoen arabera, 33 urteko gizonak errezelei su eman zien bertan zeuden batzuekin eztabaidatu ondoren. Bestetik, pasa den astean Lekeition,  kalean bizi den pertsona baten ohea erre zuten.

Erretako pabiloiaren irudiak. EITB

2025eko maiatzaren 19an - 09:31
Azken eguneraketa: 11:48
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Larunbatean 23:15ean Ertzaintzak sute baten inguruko abisua jaso zuen Bilboko Zorrotzaurre irlan. Pabiloiaren kanpoaldean zenbait pertsona zeuden eta horietatik hiruk ihes egiten saiatzen ari zen gizon bat atxiki eta sutearen egiletzat jo zuten. Poliziek gizona identifikatu eta pabiloian inor gehiago ez zegoela baieztatu zuten. Suhiltzaileek itzali zuten sua. 

Lekukoen arabera, 33 urteko gizonak gaua igarotzen zeuden beste pertsona batzuekin eztabaidatu zuen, eta, errezelak gasolinaz busti ondoren, su eman zien. Ondorioz, ihes egin behar izan zuten bertan lotan zeudenek. Bi pertsonak osasun asistentzia jaso behar izan zuten sutearen ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ezagutarazi duenez.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eta jakinarazi du 33 urteko gizona atxilotu duela giza hilketa saiakera egotzita eta epailearen esku utziko dutela, ertzain etxeko eginbideak amaitzean.

Lekeition beste eraso bat

Pasa den astean, Lekeition, etxegabe bati ohea eta zenbait objektu erre zizkiotela jakinarazi du Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak. "Eraso hau zein muturreko adierazpen honen konplize den sistema instituzional osoa" salatu dute eta "babes eta elkartasun osoa" adierazi diote erasoa jasan duenari.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabeak
Eguneraketa berriak daude