Pentsioak osatzeko 145.000 sinadura bildu dituen herri ekinaldi legegilea eztabaidatzeari ezezkoa eman ondoren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua oso gogor agertu da Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin eta "bi aldiz engainatuta" sentitu direla azaldu du. EH Bilduk eta ELAk ere erabakia deitoratu dute.
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak astearte honetan jakinarazi du pentsio txikiak osatzeko herri ekinaldi legegilea eztabaidatzeari (HEL) ezezkoa eman diotela, babes hori dagoeneko "sisteman txertaturik" dagoelako. Hori jakin eta berehala Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iritzia kaleratu du eta gogor hitz egin du Jaurlaritzaren "karpetazoa" salatzeko.
"Bi aldiz engainatuta" sentitzen direla adierazi dute pentsiodunek. Euren esanetan, Jaurlaritzak ziurtatu zien HELren inguruko txostena juridikoa izango zela, baina "zehaztasun eta daturik gabeko txosten politikoa da", diote. Bestetik, parte-hartze politikorako bide antzu baten aurrean aurkitu direla azaldu dute, "era guztietako ahaleginak eta prozedura nekeza eta garestia" eskatu diena, 145.000 sinadura lortzeko.
"Eusko Jaurlaritzak agerian utzi du demokrazia eta justizia soziala indartzeari buruzko diskurtsoak propaganda hutsa baino ez direla", dio mugimenduak kaleratutako oharrean.
Parte-hartze politikorako bide antzu baten aurrean aurkitu direla azaldu dute, "era guztietako ahaleginak eta prozedura nekeza eta garestia" eskatu diena, 145.000 sinadura lortzeko
Torresen argudioak desmuntatzen
Pentsiodunek banan-banan desmuntatu dituzte Torresek emandako arrazoiak ekimenaren eztabaidari uko egiteko. Azaldu dute Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak (DSBE) ez duela bermatzen lanbide arteko gutxieneko soldataren adinako pentsioa jasotzea, "berme hori 2019an baliogabetu zelako gastu sozialak murrizteko politiken barruan". Euren ustez, DSBE diseinaturik dago "adin aktiboan" dauden pertsonentzat, eta "porrot egin du pentsiodunei dagokienez".
Pentsioak DSBE bidez osatzeko bizikidetza-unitatea kontuan hartu behar izatea ere kritikatu dute: "Pentsiodun bakoitzak bizikidetza-harremanak alde batera utzita errenta nahikoa izateko eskubidea aldarrikatzen dugu". Oraingo sistemarekin, pentsio txikienak jasotzen dituzten emakumeak euren bikotekideen "menpe" egon behar dutela ziurtatu dute, eta gogorarazi dute herri ekinaldiak "emakumeekin izandako bidegabekeria historiko bati" erantzuten diola.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren ustez, DSBE diseinaturik dago "adin aktiboan" dauden pertsonentzat, eta "porrot egin du pentsiodunei dagokienez"
Eskumenari dagokionez, Jaurlaritzari "utzikeria" egotzi diote. Autonomia Estatutuak aurreikusten du pentsioen eskumenak EAEko erakundeena izan behar lukeela eta, hori kontuan hartuta, pentsioak osatzeko "euskal sistema" bat sortzea eskatu diote Pradalesen gobernuari, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak eta zerbitzu juridikoek egingarritzat jo dutelako.
Pentsiodunentzat dirurik ez, enpresentzat "ehunka milioi"
HELren bideragarritasuna defendatzeko konparazio bat egin du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak: "Onartezina da pentsiodun prekarioenentzat baliabide ekonomikorik ez dagoela esatea, enpresa handientzat itzuli beharrik gabeko ehunka milioi euro banatzen diren bitartean".
Pentsiodunak hilaren 8an hasiko dira berriz elkarretaratzen, astelehenarekin, eta jakinarazi dute mobilizazio gehiago antolatzen ari direla.
"Onartezina da pentsiodun prekarioenentzat baliabide ekonomikorik ez dagoela esatea, enpresa handientzat itzuli beharrik gabeko ehunka milioi euro banatzen diren bitartean"
EH Bildu: "Akats larria da"
Erreakzioak berehalakoak izan dira oposizioko alderdi eta sindikatuen partetik ere. EH Bilduk esan du Jaurlaritza herri ekinaldi legegilearen kontra azaldu izana "akats larria" dela, eta egotzi dio milaka sinadura "kolpe batez" baztertzea gobernu kontseilu batean. Koalizio abertzaleak dio lanean jarraituko duela pentsiodunen ahotsa "legebiltzarrean entzun dadin".
ELA sindikatuak, bere aldetik, gogorarazi du Jaurlaritzaren txostena ez dela loteslea, baina HELren tramitazioa "oztopatu" nahi izatea leporatu dio gobernuari. Era berean, ziurtatu du ekimena ekonomikoki bideragarria egiteko aukera badagoela: zerga bilketa handitzeko "erreforma progresibo" baten bidez.