Espazio publikoan gatazka ikusezin bihurtzeko hiru hamarkadako prozesua

  • Kalea bilakatu da espazio publiko. Ezarri zaio ordena diseinuaren, arauen eta zaintzaren bitartez. Higienismo garaikidea aztertu dugu Bilboko errealitatea ardatz hartuta.

Bilboko Unamuno Plazan aurreko Mallona eskaileretan herritarrak atsedena hartzen. Eider Iturriaga

2025eko uztailaren 03an - 07:50
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

90eko hamarkadatik aurrera nagusitu da “espazio publiko” terminoaren erabilera. Aurretik kale, plaza, hiri inguru edo leku zena, berrizendatu egin da azken hiru hamarkadetan. Espazio publiko izatera pasa da. Hori dio Manuel Delgadok bibliografia zabala aztertu ondoren. Berrizendapena, baina, kontzeptualizazio berri baten eskutik etorri da: bateratu egin dira leku fisikoa izendatzen duen “espazio publikoa”, eta filosofia politikotik datorren “espazio publiko” kontzeptua. Ideia politiko baten gorpuzte fisikoa ekarri du. Goazen pixkanaka

Espaloi berri-berria, zabala, lau pertsona paseoan lasai gurutzatzeko modukoa. Kolore gris klaruduna, orbainik gabea, esprai arrastorik ez duena. Lantzean behin, zebra-bideari leku egin behar dionean, testura bereizidun franja gorrixkaduna. Ondo argiztatua, aurpegietan itzalik ez sortzeko moduan. Belar parterreduna, fin-fin moztua, bokazio estetikoa duen zuhaixka lerro batek koroatua. Bigilatua, arautua, ordenatua. Garbia, diseinuak kontrolatua, ezin hobeto exekutatua. Memoriarik gabea, amaitua, erabilia izateko prest dagoena. Espazio publikoa.

Kalea bilakatu da espazio publiko, gatazkaren lekua izatetik ordenaren eszenatoki izatera, Bilbon eta edonon

Leku fisikoaren esanguratik, espazio publikoa da hiriko hutsunea, eraikigarria ez dena, hiri-bilbearen baitan kokatua, irismen libreko eremua, administrazio publikoaren menpekoa. Filosofia politikoaren esanguratik, espazio publikoa da gizarte anitzaren elkarbizitza baketsurako esparrua, eztabaida arrazionalerako eta gizatasunerako eremua. Delgadok defendatzen du espazio publikoaren berkontzeptualizazioak ordura arte harremanetan ez zeuden bi esanahi horiek fusionatu dituela: lekuarena, hots, egoteko edo mugitzeko azpiegitura fisikoarena; eta esparru filosofiko politikoarena, hau da, gizarte harreman eredugarriena, balore etiko partekatuen elkarbizitza idealaren proiektua.

Hiri-formaren eta antolaketa politikoaren arteko bat egite horretatik sortu da hirietako kanpo espazioen balio berri bat, konnotazio etikoak dituena. Kalea bilakatu da espazio publiko, giza harreman demokratikoen eta bake sozialaren leku. Tresna bat elkarbizitza ordenatu eta zibilizaturako, gatazkak eta ezberdintasun sozialak ikusezin bilakatzeko.

2024ko urtarrilean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok irratian zioen manifestazio gehiegi daudela hirian. Protestak espaloitik egitea proposatzen zuen, trafikoa ez mozteko. Manifestazioek hiritarren bizi kalitatea hondatzen dutela, eta edonork biltzeko eta manifestatzeko eskubidea duen arren, oso garrantzitsua dela gizarte osoa kontuan hartzea. Adierazpen horien bitartez, Aburto espazio publikoaren izaera baretuari hel ari zitzaion. Ari zen azpimarratzen kalea ez dela gatazkarako leku, protestak deserosoak direla “gizarte oso” bezala izendatzen duen horrentzat: gizarte berdinzale eta demokratikoarentzat. Higienismo garaikidea deitzen dio Delgadok horri.

Bilbao espacio pacificado 1
San Frantziskon, gizon bat zebra-bidea zeharkatzen, atzean polizia-patruila bat ageri dela. Poliziaren presentzia etengabea da auzoan, eta hiri-diseinua bera moldatu da haien ibilgailuak erraz mugi daitezen. Espazio publikoa gero eta gehiago egokitzen da autoz patruilatzeko logikari. Eider Iturriaga
 

Higienismo garaikideak gatazka ulertzen du hiri burgesaren osasuna kolokan jartzen duen plaga bat balitz bezala. Kaleak lasai nahi ditu, ordenatu, ezusteko gertaerarik gabe. Hirien gobernantza baketsua arriskuan jarriko duen mehatxurik gabe. Higienismo garaikidea da XIX. eta XX. mendeko higienismoen oinordeko, kalearen neutralizazio eta domestikazio prozesuen bertsio eboluzionatua.

Hiriaren merkantilizaziorako tresna

Ez da kasualitatea “espazio publiko” terminoaren orokortzea 90eko hamarkadan gertatu izana. Gure hirien desindustrializazio garaian, “Guggenheim efektuaren” mirakuluarenean. Hiri-berroneratze plan handiak eta berrurbanizazio prozesu integralak ohiko bilakatu ziren orduan. Zerbitzuen ekonomiara egin genuen bira, eta ezin biraketa hori ulertu hirigintzari aitortu gabe izan zuen zentralitatea. Delgadoren esanetan, espazio publikoaren nozioak balio baitu lekuei plusbalio sinbolikoa emateko, “kalitatezko espazio publikoa” esaerak bereziki. Eta gurea bezalako gizarte neoliberalean, balio sinbolikoak ezinbestean dakar gainbalio ekonomikoa.

“Bilboko alkate Juan Mari Aburtok zioen manifestazio gehiegi daudela hirian, eta protestak espaloitik egitea proposatu zuen”

“Espazio publikoa” terminoaren popularizazioa bat dator, beraz, Bilboren tertziarizazioa bultzatu zuen eraldaketa prozesuarekin. Baita marka-hiriaren eraikuntzarekin ere, eta horri dagokion tematizazio eta turistifikazioarekin. Hiria zoru zati eta paisaia piezak balira bezala salgarri egitearekin.

Erabiltzaile zibilizatua

Espazio publikoak bilakatzen du herritarra erabiltzaile. Armoniaren eta berdinzaletasunaren ameskeriak ikusezin egin nahi ditu gizarte ezberdintasunak eta sistemak biolentatu eta prekaritzatzen dituen subjektuak. Espazio publikoan denok gara eskubidedun indibiduo askeak, diseinatuta eman diguten espazioaren erabiltzaileak. Inporta duena ez da norbanakoa nor den, baizik eta zer egiten duen. Espazio publikoan desberdinkeria desagertutzat eman da, eta denontzat berdinak diren legeen pean aritzen gara. Berdin dio bizitokirik dugun edo ez, egoera erregularrean gauden edo ez, kontsumitzeko dirurik dugun edo ez.

Bilbao espacio pacificado 2
Emakume bat telefonoan hitz egiten, Plaza Zabalburuko banku indibidualetan. Ez da kasualitatea: banakako eserlekuak diseinatzen dira, badaezpada, inor ez dadin topa beste inorekin. Eider Iturriaga

Erabiltzaile unibertsal eskubidedunak, baina, ezin du edonolako jokamoldea izan. Erabiltzailea da zibikoa, eredugarria, elkarbizitza baketsua bermatzen duten portaera arauak jarraitzen dituena. Ibai Atutxak Barbaroak eta zibilizatuak lanean planteatzen digun erreminta kutxa baliatuta, esan genezake espazio publikoak behar dituela jokamolde batzuk barbarizatu, erabiltzaile zibilizatuaren irudikeria eta araua sortzeko. Ez dagoelako zibilizaturik barbarorik gabe. Jokamolde batzuk barbarizatzeak justifikatuko du horiek aurrera daramatzaten gorputzen gain biolentzia ezartzea, eta gizarteak biolentzia horiek normalizatzea. Normalizatu ditugu manteroak larri poliziarengandik ihesi, kale egoeran dauden pertsonak leku ezinezkoetan lotan, pertsona arrazializatuen identifikazio arrazoirik gabeak.

Espazio publikoan, beraz, jarduerak dira arautuko direnak. Zehaztuko da zein jokamolde den zibikoa, eta zein elkarbizitzarentzat problematikoa. Arauari berdin izango zaio gu garen langile etxejabe azal zuriduna, kale egoeran dagoen gaixo kronikoa, Atzerritarren Legeak egoera irregularrera kondenatutakoa, edo astebeteko egonaldian dagoen bisitaria. Arauak esaten badu espazio publikoan ezin dela lorik egin, araua berdin aplikatuko zaio lotarako etxea duenari edo ez duenari. Espazio publikoan ezin bada kanpin-dendarik zabaldu, berdin dio denda zabaldu duena turista abenturazalea den edo zubipea gordeleku duena. Espazio publikoan desberdinkeria desagertutzat eman delako.

Gure gizartean gorputz batzuk sistematikoki biolentatuak diren heinean, arauen aplikazioa ere biolentzia ezartzeko modu bat da

Irakurleak barruan aldarrika duen hori noa esatera, eta da, ondo dakigun bezala, praktikan araua ez zaigula denoi berdin aplikatzen. Pertsonen ezaugarriek inporta dutela, eta jokamolde berdin batek itxura ezberdina duten pertsonengan ondorio ezberdinak dituela. Gure gizartean gorputz batzuk sistematikoki biolentatuak diren heinean, arauen aplikazioa ere biolentzia ezartzeko modu bat dela. Espazio publikoko jokamoldeen arautzea dela beste tresna bat sistemak prekarizatutako gorputzak biolentatzen jarraitzeko. Horregatik, gizarteak ez du berdin ikusiko 65 urteko gizon zuria erdi lo Arenaleko banku batean, edo 19 urteko gazte magrebtarra erdi lo Mariaren Bihotza plazan. Biak daude erdi lo, baina bigarrena etengabe da jazarria poliziarengatik arauaren betearazpenaren izenean.

Baketze-mekanismoak: diseinua, araua, bigilantzia

Bakea ez da existitzen, feminismoa bai. Lema marabilloso hori eman zigun Jule Goikoetxeak euskal gatazkaren bake prozesua feminismotik berrirakurri eta problematizatu zenean. Kalean ere, bakea ez da existitzen, biolentziaren bidez produzitzen delako kalearen irudikeria baketsua. Espazio publikoaren irudi zibilizatua elkarlanean funtzionatzen duten mekanismo ezberdinen emaitza delako. Kalea izan dadin kontrolatua, aurreikusgarria, eta jarrera zibikoen eszenatokia, ezinbestekoak dira espazio publikoaren diskurtsoa materializatzen duten mekanismoak. Horiek dira, besteak beste, espazio publikoaren erabilera arautzen duten ordenantzak, zibismoaren aldeko kanpainak, hiri-diseinu eta elementuak, eta bigilantzia sistemak. Egin dezagun horien errepasoa Bilboko kasua adibide hartuta, jakinik irakurleak ariketa antzekoa egin lezakeela ziur bere bizitokian.

Bilboko Espazio Publikoaren Ordenantzaren arabera, barbaroa da sexu langilea (16. art.), da kalean litroak eginez herritarren arteko bizikidetza zapuzten duena (17. art.); da bide, kale eta plazetan olgetan dagoelarik besteak molestatzen dituena; edota kometa zurrunak aireratzen dituena (22. art.). Barbaroa da kalean lo egiteko kanpatzen duena; da eserlekuak baimenduak ez dauden erabileretarako baliatzen dituena; da iturrietan bainatu edota arropa garbitzen duena, da kalean janaria prestatzen duena (24. art.). Barbaroa da kalez-kaleko salmenta oinez, mantarekin edota ibilgailuarekin egiten duena (53. art.).

“Buelta eman zaio biolentziaren ordenari, eta paseatzaile zibikoa biolentatua sentitzen da bizitoki faltan kalean lo dagoena ikustean.”

Izate zibilizatua predikatzeko eta legeak jasotako edukiak sozializatzeko elkarbizitza kanpainak egiten dira. “Bilbo zure etxea da” bezalako kanpainen bidez, “Bilboko Udalak uriko espazioa bizikidetzarako lekua dela erakutsi nahi du, eta, bertan, funtsezkoa dela jokamolde zibikoak eta uria zaintzeko eta jagoteko ardura bultzatzea”. Egite onean hezten dira herritarrak gizalegezko balioak eta jarrerak sustatzeko.

Gizarte zibilizatuak gizalegearen kontrako ekintzak mespretxatzen ditu, eta ondorioz, ekintzen egileak baita. Buelta eman zaio biolentziaren ordenari eta paseatzaile zibikoa biolentatua sentitzen da bizitoki faltan kalean lo dagoena ikustean, orbana delako espazio publikoaren berdintasun ilusioan. Eta berdin dio pertsona hori kondenatua badago eskubiderik gabe bizitzera Atzerritarren Legearen kulpaz, edo higiezinen espekulazioak kaleratu badu etxetik. Atutxak dio barbaroak azpikoz gora erakusten dituela botere harremanak. Hots, zibilizatuarentzat berez dela biolentoa barbaroa, eta mistifikazio horrek zapalkuntza harreman materialak distortsionatzen dituela. Barbaroa da biolentoa, eta zibilizatua da erasotua. Eta barbaroaz defendatu eta babesteko tresnen erabilera justifikatzen du horrek. Espazio publikoan baliatuko dira hiri-diseinua, bigilantzia eta jazarpen poliziala, isunak, edota kameren kontrol optikoa.

Bilbao espacio pacificado 3
Gazte bat ollie bat egiten Begoñako skateparkaren ondoan. Deustuko skateparka ordea desagertu zen, Zorrotzaurreren aurrean eta IMQ klinikaren ondoan eraiki dituzten luxuzko etxebizitzen mesedetan. Hirigintza politika batzuen isla: lehentasunak garbi daude. Eider Iturriaga
 

Espazio publikoko elementuen bitartez higienizatzen da kalea. Horren adibide dira pertsona bakarreko eserlekuak, edota beso euskarriek luzeran zatikatutako bankuak. Diseinuak propio ekiditen du eserlekuan etzatea, eta ondorioz, ordenantzak dioen legez, “baimendutakoak ez diren erabileretarako” baliatzea. Antzerako helburua daukate kaleko aterpeetan edota fatxaden parean kokatzen diren elementu zorrotz eta finkoek. Baita zoruari nahita emandako akabera aldapatsuek ere, edota periodikoki gainazalak urez zipriztindu eta bustitzen dituzten aspertsoreek. Bilbon erraz topa ditzakegu halako elementuak Plaza Eliptikako banketxeen fatxadetan, Solokoetxeko dorren arkupeetan, edo Uribitarte kaleko zubipean. Arkitektura oldarkorra edo pertsonen aurkakoa ere deitzen zaie diseinu eta elementu bortxatzaile horiei.

Aipatuko dugun laugarren mekanismoa da bigilantziarena, bideozaintza sistemek eta presentzia polizialak gorpuztua (batzuetan baita herritar moralista arauzaleak ere). Horiek datoz herritarrari gogoraraztera artez jokatzeko obligazioa, zibismo kanpainek izan ez duten eragina konpentsatzera, eta autodiziplinaren bitartez gobernatu ez den hori zuzentzera. Bilboko Herritarren Segurtasunaren aldeko Itunak helburu dauka “bizikidetza baketsua ziurtatzea; indarkeria ezabatzea; bide eta espazioen erabilera baketsu, errespetuzko eta ordenatua, eta orokorrean, pertsonen eta euren ondasunen segurtasun fisikoa”. Ez da inozentea, bada, kalean gabiltzala, polizia kotxeen argiak gure inguruan etengabe ikustea, Egun edo gau, urgentziaz dabiltzanean edo patruilatze lasaian. Argiak bermatzen du beren presentzia urrunetik hautematea, arauaren mehatxua ez ahaztea.

Espazio publiko ordenatuak sortzen du bizi-errealitate prekariorik eta gatazkarik existitzen ez denaren ilusioa, eta baimentzen dituen jarduerak domestikatu nahi ditu.

Finean, nahi dugu espazio publiko ordenatua, bizi-errealitate prekario eta bortitzik existitzen ez denaren ilusioa sortuko duena, eta baimentzen dituen jarduerak domestikatuta nahi dituena. Kontua ez delako kalean alkoholik ez edatea, berariaz merkantilizatutako espazio publiko zatitxoetan egitea baino; terrazetan alegia. Kontua ez baita jolasik ez egitea, baizik eta jolastea aurrez diseinatutako moduan eta horretara bideratutako leku espezifikoetan; jolas-parkeetan alegia. Fatxadan arropak sikatzen jartzea debekatzen duen araua ere badugu, “estetikaren” izenean edo. Skatea eta parkourra egin daitezke, baina jarduerok duten kalearen hackeo-kultura neutralizatuta, eta hiriaren periferian propio eraikitako metro karratu eskasetan. Kale margoaren adibidea ere aipa dezakegu; espazio publikoan grafitia delako bandalismoa, eta udalek kontratatutako muralismoa delako artea. Adibideak badira hainbat, ezin kabitu beste.

Kalea egin

Kalea da elkarbizitzarako leku, baina baita elkartasunerakoa. Eskubide urraketen salaketarako esparru, eta baita ere eztabaidarakoa. Akordio absolutua ilusio hutsa delako, eta gatazka gure gizarteari intrintsekoa. Sistemak eragiten dituen ezberdintasun eta zaurgarritasunei ez ikusia egitea baino, ez ote da zintzoagoa horiei aurrez aurre begiratu eta geure buruari kargu hartzea? Ulertzea kalea dela gure gizartearen ispilu, eta bertan ere borrokatu behar ditugula zapalkuntza harremanak. Agentzia hartu. Kalea erabili eta kontsumitzera mugatu baino, kalea egin.

Kontua ez da irisgarritasunaren, argiztapen egokiaren edota “kalitatezko espazio publikoaren” kontra posizionatzea. Arazoa da espazio publikoa dela eskubideak bermatzeko leku bezain beste, ordena ezartzeko eta gatazka ikusezin egiteko gune. Eta ezin dela bere izaera banandu higiezinen merkatuan duen funtziotik. Uxala Bilboko zeruan kometa gehiago hegaz, eta bedar luze eta deskontrolatuak parterreetan. Uxala jendea lasai siesta egiten parkean, eta auzokideak etxe azpian beren aulkiekin berriketan. Uxala kaleak sutan Palestinako genozidioa salatzeko, Atzerritarren Legea indargabetzeko, edota gure bizilagunaren etxegabetzea gelditzeko.

Bilbao espacio pacificado 4
Etxegabe bat Bilboko Plaza Eliptikatik kanporatu izatearen aurka borrokan. Eider Iturriaga

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hirigintza
Zirgariak etorbidea: Erandiok itsasadarraren langileei aitortza egingo die kale izen aldaketagaz

Altzagatik itsasadarraren parean doan BI-711 errepidearen Jose Luis Goyoaga etorbidearen izena aldatzeko herritarren parte-hartze prozesuaren ondoren, kale horren izen berria Zirgariak etorbidea izango da.


2025-05-16 | Elhuyar
Europako hiriak huts egiten ari dira klima-aldaketarako egokitzapenetan

Klima-aldaketari buruzko BC3 ikerketa-zentroak baieztatu duenez, Europako hiriak atzera geratzen ari dira klima-aldaketari egokitzeko neurrietan. Hain zuzen, nazioarteko beste zentro batzuekin batera egindako ikerketan frogatu dute egokitzapen klimatikoko planen ia % 70k ez... [+]


2025-04-02 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Hirigintza militarra

Berriki zabaldu da Gazako lurralderako Egiptok egindako hirigintza-antolaketa plana. Marrazki batean jaso dira etorkizuneko kale, eraikin eta iruditeria, oraindik metraila eta lehergailuen usaina darion errealitate baten gain. Hirigintza proposamena, beste bonba jaurtiketa bat... [+]


Odon Elorzak Donostiako San Bartolomeko merkataritza zentroaren kontrako plataforma aurkeztu du

Donostiako alkate ohiak webgune bat sortu du, eta plataformarekin bat egiteko eskatu die herritarrei.


Hirigintza araudia malgutu eta etxebizitzen eraikuntza sustatzeko dekretua sinatu du Jaurlaritzak

Etxebizitza berrien promozioak ez atzeratzea da Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen dekretuaren helburu nagusietako bat. Zentzu horretan, udalei "autonomia" gehiago emango diela ziurtatu du Denis Itxaso sailburuak.


Sarah Babiker. Gurpiletik atera
“Abiadura honetan ezin diegu eutsi berez funtsezkoak diren gauza batzuei”

Hirietako egunerokoa interesatzen zaio Sarah Babiker kazetariari; ez, ordea, postaletako irudia, baizik eta auzoetan, parkeetan, eskoletan, garatzen den bizitza; bertan dabilen jendea. Lurralde horretan kokatzen dira bere artikuluak, baita iaz argitaratu zituen bi lanak ere... [+]


Ez ezazula memoria gal, zure auzoa ere Gamonal

Burgosko Gamonalen 2014ko urtarrilean gertaturikoa M15 mugimenduak eta antzekoek hauspotutako protesta soil batzuk izan zirela uste duena, oso erratuta dabil. Auzoaren memorian arakatzea besterik ez dago konturatzeko zer nolako eragina izan zuten iraganeko galera sentimenduak,... [+]


Ander Zangitu. Eraikinez harago
“Joera bilakatu da, baina ez dago sukaldea eta egongela bateratzeko pisuzko arrazoirik”

Iaz egin nuen topo lehen aldiz Ander Zangiturekin, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean antolatzen duten Hitzaren Eskolan. Isiltasunaren inguruan aritu ginen, batez ere, hausnarrean. Harrezkeroztik tentu handiagoz erreparatu die haren formei bere ogibidearen mundutik, arkitekturatik... [+]


Los Angeles hirigintza estentsiboaren zepoan: ehundaka etxe kiskali dituzte suteek

AEBko eta munduko hiri handienetakoa den Los Angeles sute ikaragarriek harrapatu dute eta jadanik 150.000 lagun lekuz aldatu behar izan dituzte agintariek. Alkateak larrialdi egoera ezarri du, garrek ehundaka etxe kiskali dituzte hainbat auzotan, eta haizete gogorrek ez dute... [+]


2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


2024-12-04 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Sir

Londrestik iritsi da ospe handiko arkitekto bat Galiziako herri txiki batera. David Chipperfield du izena, eraikinak mundu osotik zehar ditu, Berlin, Milan eta Shangaigo bulegoetatik lanean. Arkitektura elegantea, fina, Sir batek egindakoa. Istorioa Corrubedo herrixkan hasten... [+]


2024-11-20 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Datuak lurraldera

Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]


Valentziakotik ikasi behar duguna: eman arnasa lurrari

Mediterraneoan tanta hotz batek eragindako triskantzak erakutsi digu gizakiak noraino sartu dezakeen hanka. Klima larrialdia sortzeaz gain, bere kalte humanoak eta ekonomikoak anplifikatu ditugu. Copernicusen datuen arabera, 400 kilometro koadrotik gora lur geruza... [+]


Donostiako Udalari exijitu diote behingoz Sorleku parkea egin dezala, ehunka familia eremuan bertan sartuta

Ekintza zuzena burutu dute Donostiako Marrutxipin 600 pertsonatik gorak. Ategorrieta ondoan, Sorleku parkea egitea nahi duten lur-eremuaren inguruan buelta bat eman ostean, barrura sartu dira ordu erdi pasatxo iraun duen protestan. Duela hainbat urte, Donostiako Udalaren... [+]


2024-11-04 | Jon Torner Zabala
Valentziako hondamendia:
Hormigoiak lurzorua inpermeabilizatzen duenean

Ugariak dira Dana denboraleak Valentzian eragin duen hondamendiaz egin diren irakurketak. Beste faktore batzuen artean, gizakiak naturari ebatsitako eremuez luze mintzo dira hedabideak, ibai eta itsaso ertzak hormigoiarekin betetzeak duen arriskua dela-eta. Hormigoiarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude