Olibondoek zutik diraute

  • Kezkatuta dago Israelgo gobernua. Hala adierazi du palestinarrek gidatzen duten Boikot, Desinbertsio eta Zigor kanpainari buruz. BDS siglekin bataiatua, agintariok aitortu dute mundu zabalean “esponentzialki” ari dela hazten. Nazioarteko hedabide nagusiek azken aldian eskaini dioten tartea horren erakusle da. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, joan den ekainean kanpaina hori borrokatzeko misioa eman zion Afera Estrategikoen Ministeritzari.

    “Gandhik esaten zuen bezala, lehenengo ez ikusiarena egingo dizute, ondoren barre egingo dizute, gero borrokatu egingo zaituzte, ostean, irabazi egingo duzu. Eta guk irabazi egingo dugu”. Kanpainaren sortzaileek diote, Ramallahko bulegoan.

Israel palestinarren egunerokoa baldintzatzen saiatzen den arren, bizitzak aurrera darrai.
Israel palestinarren egunerokoa baldintzatzen saiatzen den arren, bizitzak aurrera darrai.

Euskal Herriko ordezkaritza kultural batek 9 egunez egindako bidaia du ardatz irakurleak eskuetan duen erreportaje honek. Bakea eta Duintasuna, Biladi eta Sodepaz Nafarroa elkarteek antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntzari esker gauzatu da bi herrion arteko harreman trukea. Kulturaren esparruan palestinarrek bizi duten egoeraren sentsibilizazioa landu nahi da.

Palestinarekiko Elkartasun Urtea izendatu du Nazio Batuen Erakundeak 2014a. Israelgo estatua sortu zela 66 igaro direnean, bizitza gogorra da olibondoen lurralde honetan.

Israelgo gobernua eta Aginte Palestinarraren arteko bake negoziazioek ezer gutxi konponduko dutela uste dute bi aldeetako herritarrek, agendatik kanpo geratu baitira beren ustez ezinbestekoak diren gaiak, hala nola, errefuxiatuen itzulera eskubidea. Beren existentzia hutsa erresistentziaren oinarri gisa ulertzen duen herri honen mundu ikuskeran sakontzen saiatu gara, emaitza, milaka laginen artean bat besterik izango ez dela irakurleari hasieratik adieraziz. Hedabide nagusiek albiste asko eta informazio gutxi ematen duten garaiotan, okupazioaren aurka lanean ari diren herri mugimendu eta norbanakoek transmititutakoa josi eta testuinguruan kokatzea izan da Larrun honen asmoa. Erreportaje luzea denez, inprimatzea gomendatzen dugu, edo bestela, PDF formatua eskura duzue, nahiz eta argazki gutxiago sartu ditugun bertan.

“14:00etan izango da Big Banga” esan eta telefonoa eskegi du ekintzaile palestinarrak. Israelek 1948an herritarrak kanporatu zituenean birrindu zuen herri batera joango dira, biziberritzen saiatzeko. Debekatuta daukate hori egitea, eta polizia militarra etortzean bide baketsuak erabiliz eutsiko diote. Gas negar eragileak eta plastikozko balak erabiliko dituzte agenteek ziurrenik, aurreko protesta baketsuekin egin izan duten bezala. Egun bat lehenago desalojatu dute azken kanpamendua ehun bat pertsonak sei egun bertan egin ostean. Hamabi ordutan prest dute hurrengo ekintza. Eta botatzen dituztenean, beste gune bat aukeratu eta berriz egingo dute.

Jeriko kanpoaldean kokatutako herrixka batean dago, Palestinaren ekialdean, basamortua amaitu eta Israelen palmondo sailak hasten diren lekuan. Jesusek 40 egun eta 40 gau noraezean egin zituen bertan munduko libururik salduenaren arabera. Ekintzaileak Fathy Khdirat du izena eta azken xehetasunak lotzen ari da. Ordu erdian dozena bat aldiz deitu diote, autoek hauts hodeiak altxatzen dituzten bitartean. Beroki lodia gainean, gaua izarren azpian pasatzeko prest etorri dela dio.

“Palestinako ekintzaile baketsuak Jordan Haraneko herri bat berreraikitzen ari dira. Etor zaitez”. 40 bat pertsonari bidaliko dien SMSa prest du zirriborroetan, ingelesez eta arabiarrez idatzita, lekua zehatz adieraziz. Lur eremuan sartutakoan bidaliko du, Israelek komunikazio guztiak kontrolatzen dituela pentsatzen baitu. “Existitzea erresistitzea da” dioen pegatina itsatsi du begirada galduek bakarrik topatuko duten lekuan.

Filmetako protagonistak bailiran, autoetan sartu eta adostutako lekura joango dira, Israelek kontrolatzen duen administrazioan barrena, keinuekin elkar ulertuz. Oihalezko zinta batzuen bitartez mugatu dute eremua, artzain gazte batzuen begirada adiskidetsua lagun. Lur eremu harritsua da, errepide ondoan, hainbat zuhaitz, hondarra eta Israelek lurpetik ura ateratzeko erabiltzen duen azpiegitura hesitua. Beren banderak haizetan jarriz bizirik daudela erakutsiko dute.

Hedabide palestinarrek ere nabarmenduko dutenez, Euskal Herritik joandako taldeak esku bat bota die. Tentsioa nabari da. Israelgo polizia militarra 10 minututan agertu da hiru jeep-etan eta metrailetak eskuetan. Hurrengo okupazioan pentsatzen hasteko ordua. Urteen poderioz etsipenean erotzen ari diren herritarrak erresistentzia aktiborako motibatu nahi dituzte, hirugarren Intifada edo altxamendu herrikoierako baldintzak ereini asmoz.

 

Debekatuta duten lur eremuetan sartzen dira ekintzaile palestinarrak.

 

Militarrek kontrolatutako herria

Duela 20 urte sinatutako Osloko akordioek palestinarrentzat frustrazio garaia ireki zuten. Israelgo lehen ministro Isaac Rabin eta Palestinaren Askapenerako Erakundeko presidente Yasser Arafat ikus zitezkeen elkarri eskuak estutzen; ondoren, palestinarren estatu propioa baino, Israelek kolonien zabalkundea eta okupazio politikak nola areagotu dituen ikusi dute herritarrek. Nazio Batuen Erakundeak, beste askok bezala, “Palestinar Lurralde Okupatuak” terminoa erabiltzen du Zisjordania, Gazako Lerroa eta Jerusalem izendatzeko.

Aipatu akordioen ondorioz, Zisjordania A, B eta C eremuetan banatu zuten. A-n bizi da herrialdeko palestinarren %55, lurraldearen %18 hartzen duen eremuan, Aginte Palestinarrak kudeatutako  administrazioan. Bertan daude Ramallah, Nablus, Jericho eta Belen hiriak adibidez. B eremuak lurraldearen %21 hartzen du eta palestinarren %40 bizi da bertan; kudeaketa partekatu egiten dute israeldarrekin, paperaren gainean behintzat. Eta azkenik, Palestina historikoaren gainontzeko lurralde osoaz gain, Zisjordaniaren %61 dauka kontrolpean Israelgo gobernuak. Jerusalem aparte utzi zuten, biek aldarrikatzen baina Israelek kontrolatzen duen hiriburua. Palestinarrak Jerusalem ekialdean bizi dira, murruak bananduta beste aldera pasatzeko baimenik gabe.

“Bakea negoziatzen ari diren bitartean, palestinarren bizitza asko zailtzen dute Israelgo gobernuaren ekintzek, eta soluziorako aukerak mehatxatzen ditu”, dio Oxfam erakundeak herrialdean duen bulegoko zuzendariak. “Bake prozesu batek bi parteen aldetik kontzesioak eskatzen dituen arren, zibil palestinarrak dia oso prezio altua ordaindu dutenak”.

Palestinar askok pentsatzen dute eremuen zatiketa hutsegite handia izan zela, C eremuan baitaude nekazaritza lur sail nagusiak, uraren %80 sortzen duen akuiferoa eta Jordaniarekiko muga, Israelen kontrolpean. A eta B eremuetan soldaduak hain nabarmen ez ikusteak okupazioa ikusezin bihurtu duela diote, murruen ingurura joaten ez den herritar askorentzat behintzat.

Qalqiliyarrak, murruaren lehen biktimak

Suhad Hashem qalquiliyarra.Bizitzak aurrera darrai Qalqiliyako kaos antolatuan, Jerusalemdik iparraldera. Trafiko handia eta jende asko kalean batera eta bestera. Zisjordania amaitu eta Israel hasten den Marra Berdearen kontra dago. 2002. urtean, murruak erabat itxi zuen lehen hiria izan zen. U forman inguratuta, checkpoint batek kontrolatzen duen irteera bakarra dauka. 50.000 herritar bizi dira espetxe erraldoi honetan.

“Imajinatu murru bat eraikitzen dutela zure bizitzan gehien maite duzun jendearen eta zure artean, pasabide bakarrarekin –dio Suhad Hashemek–, eta Israelgo militarrek erabakitzen dutela nor pasa daitekeen eta nor ez”. Palestinar askok bezala, eraikitzen ari direna ez dela segurtasun murrua pentsatzen du, eurek onartzea nahi duten muga berria baizik. Marra Berdea baino kilometro batzuk ekialderago eraiki zuten behinola, bertako nekazariek lantzen zituzten lurretan eremua libre utziz kolonoen asentamendu berriak egiteko. Serio eta indartsu hitz egiten duen emakumea da Hashem.

Bulegoan dauka Palestinaren eboluzioa agerian uzten duen mapa laukoitza. 1922an zuriz margotutako lurraldea ikus daiteke, puntu beltz batzuekin; 1948an eremu beltza zabaldu zen Israelgo estatuaren sorrerarekin; 1967an maparen hiru laurdenak hartu zituen petroleo orban baten antzera, Sei Eguneko Gudarekin, zati zuria erabat inguraturik utziz; eta azkenik, egun, Gruyère gazta bailitzan, beltza da nagusi pixkana desintegratzen ari den eremu zuriaren aurrean, ondoan, goian, behean.

5.610.000 judutar eta 5.120.000 palestinar bizi dira Palestina historikoan. 5.3 milioi palestinar erbestean, NBEk emandako datuen arabera. Bitartean Israelek mundu osoko judutarrei herrialdera joateko hegazkin txartela eta herritartasuna doan ematen die. 2014ko otsailaren 6an lurralde palestinarretan beste 500 etxebizitza eraikitzeko baimena eman dute. Nazioarteko begirale askok Apartheid gisa definitu duten politika egiten du Israelgo gobernuak herritar palestinarrekin.

Koloniak elkarrekin batzen dituzten errepideei eta murruei begiratuta, argi ikus daiteke Israelek bost minututan moz dezakeela Zisjordaniako fluxua, hiru puntutan estrategikoki ezarritako checkpointen bitartez. Are, Gaza eta Zisjordania bereizita utzi dituzten bezala, Zisjordania bera ere erditik mozteko arriskua ikusten dute palestinarrek, mapan atzaparrak diruditen eremuak sortuz palestinarren lurretan. “Ura eta baliabide naturalak lapurtzeaz gain, asentamenduak Israelekin de facto batu dituzte, begi bistakoa da, beren errepideetatik lasai asko joaten dira Israelera lanera gauean herrira itzultzeko”. Murruaren laguntzarekin asentamenduak eraikiz, Zisjordaniara sartzen ari da Israelgo gobernua.

Qalqiliyako barrutiko lurretan, 22 herrixka edo asentamendu judu eraiki ditu Israelek. Lurren lapurreta agerian uzten du hiriaren hedadura ofizialaren datuak. 1947an 27 kilometro koadrokotan zabaltzen zen herriak egun 4,25 kilometro koadro ditu. Geroz eta pilatuago daude palestinarrak eta zortzi metroko murruaren bestaldean 53.000 judutar bizi dira. Palestinarrak baino gehiago dira dagoeneko.

 

MurruaOkupazioa kriminala da

Zer marrazki egingo ote dituzte eskolara joateko Israelgo armadaren checkpointetik igaro behar duten milaka haurrek? Nola azaldu milaka palestinarrek beren bizilekuaren eta gertuen duten ospitalearen artean halako horma bat izatea, askotan anbulantziei ere igarobidea ukatuz? Lurpeko ura ateratzeko azpiegiturak beren begien aurrean suntsitu eta beren ura saltzen dieten herritarrek zertaz hitz egingo ote dute sukaldean? Zer sentituko ote dute “Non jaio zinen zu?” galderari, “Qalandiako chekcpointean” erantzuten dioten haurrek? Eta bertan haurra galdu zuten amek, nola definituko ote dute biolentzia hitza? Aginte Palestinarrak emandako datuen arabera, 2000 eta 2005 urteen artean 31 palestinar jaio ziren checkpoint militarretan. 37 hil.

“Lurralde Okupatuetan bizi diren palestinarrentzat ur seguru eta garbia ez izatea arazo larria da”, dio Amnesty Internationalek argitaratutako txostenak. Israelek darabiltzan praktikek palestinarrak diskriminatzen dituela ere adierazten du. “Ura lortzeko aukera ezberdintasuna oso agerikoa da. Palestinarren kontsumoa egunean 70 litrokoa da pertsonako batez beste, Munduko Osasun Erakundeak duintasunez bizitzeko behar direla dioen eguneko 100 litroen azpitik. Familia batzuk ez dira 20ra ere iristen. Kolonietan bizi diren israeldarren bataz bestekoa 300 litrokoa da.

Israel eraikitzen ari den murrua ilegala dela eta hura eraisteaz gain, palestinarrei kalte-ordainak eman behar dizkiela ebatzi zuen Nazioarteko Justizia Epaitegiak 2004an. Nazio Batuen organo judizial nagusi horrek nazioarteko legedia oinarri hartuta ebazpen aholkulariak ematen ditu. Tel Aviven “segurtasun murrua” 2000ko irailean hasi zuten, bigarren Intifadako erasoaldiak geratzeko ezinbesteko zutela argudiatuz. Hori aitzakia dela pentsatzen du zementuzko hesien barnean zein kanpoan bizi den askok. Aipatu altxamendu herritarra 2005ean amaitu zen, eta ordutik, urtez urte hormigoi grisak geroz eta jende gehiago ixten du. Gelditzeko agindu zioten unean zuen luzera bikoiztu du dagoeneko. 800 kilometroko planetik 450 eraikita daude. Gainontzeko guztia txarrantxekin hesituta dago.

“Aizu, lanera joan behar dut, hiru ordu egin ditut hemen atea noiz irekiko, eta AEBetako pasaportea dudan arren, gaur ez didatela pasatzen utziko esan didate!”. Artikulua sinatzen duen kazetaria zer erantzun jakin gabe geratu zaio, ilaran zain dauden beste 20 bat herritar begira dauden bitartean. Isilean, eguzkitan. Burumakur joan da “egunero berdin” marmarreaan.

“Helburua da palestinarroi erakustea beraiek kontrolatzen dutela egoera, gure egunerokoa sudur puntan jartzen zaien bezala baldintza dezaketela”, dio aurrez aipatu dugun Suhad Hashemek. 500 checkpointetik gora ezarri ditu Israelek Zisjordanian eta nazioarteko legediak dio palestinarren oinarrizko Giza Eskubideak urratzen ari dela Israelgo estatua.

 

 

Hegoafrika arrazista gogoan

Erabat bereizitako errepide sistema eraiki dute Zisjordanian. Autoen matrikularen koloreak agintzen du nondik bidaia dezaketen batzuk eta nondik besteek. Horia bada plaka, gidaria judua dela esan nahi du nagusiki, eta beraz, beraientzat esklusiboki egindako errepide berrietatik ibiliko da. Autoaren agiri metalikoa berdea bada, ezingo du sartu, eta bigarren mailakoetatik ibili beharko du, murruek erabat baldintzatuta. Askotan itzuli zentzugabeak eman beharko dituzte mapan gertu diruditen bi leku elkar lotzeko; eta beste batzuetan bi errepideak parez pare joango dira, baina elkar ikusi gabe tartean horma dutela. Israelek Hegoafrikako Apartheid gobernuaren antza handia duela diote geroz eta ahots gehiagok. New York Timesen otsailaren 1ean “Nolatan ari den galtzen Israel propagandaren guda” orri erdiko iritzi artikulua horren adibide. Hirsh Goodman idazle Israelzaleak abisua lerro artean Netanyahuren gobernuari: Zaindu formak, Apartheid gobernu baten antzera jokatzen ari zarete eta ez al zarete konturatu hori aurkan etorriko zaizuela?

Mediterraneo itsasoak bustitako lurralde lehor honetan, olibondo eta mahasti sailen gainean, mendixketan, bidaiariak erraz identifikatuko ditu milaka etxe zuri. Hiruki forman, bi isurialdeko teilatu gorriak dituzte gehienek. Kolonoen etxeak dira, mundu osotik joandako juduen herriak. Palestinarren etxeak berriz, teilatu lauan ura gordetzeko bidoi beltzagatik bereiziko ditu, goian jarrita ura presioarekin jaitsi dadin. Ia herri palestinar guztiek koloniak dituzte alboan, parez pare, edo inguruan. Juduentzat hutsetik eraikitako herri eta hiriak dira. Daviden izar urdina duten banderak ez dira faltako, ezta herriak zaintzeko segurtasun pribatua ere.

Txalapartak argitaratutako El judío errado liburuan kolono hauen erradiografia polita egiten du Alberto Pradilla kazetariak. Talde hetereogenoa dela adierazten du bertan. “Kolono ideologiko gisa ezagutzen ditugunek baino ez dute erabaki konbentzimenduz asentamenduetara bizitzera joatea, Jainkoak lur hau judutarrei eman ziela argudiatuz”. Oso eraginkorrak maila politikoan, gutxiengoa zenbakitan. Pradillak dioenez, asentamenduetara bizitzera joandako pertsonen multzo handiena arrazoi ekonomikoengatik joan da, etxebizitza merkeago lortzearren, nahiz eta horrek ez duen esan nahi kolonizazioren aurka daudenik. Azken urteotan, kolonoek beren gobernuari desafio egiten amaitu dute, muturreko jarrerak hartuz eta bake negoziazioetarako oztopo nagusi bihurtuz.

Duela urte batzuk, kolono bat mahasti baten jabe zen palestinarrarengana joan omen zen, bere sailetik zuhaitz bat erosi nahi ziola esanez. Palestinarrak, harrituta, eta egoerari xelebre iritzita, tratua egin zuen eroslearekin. Bere zuhaitza aukeratu zuten. Hurrengo egunean, arbola arantzadun hesi metaliko batekin inguratu zuen jabe berriak. Jerusalemdik Hebronera doan errepidearen ondoan ikus daiteke zuhaitz zauritua.

Nekazari palestinarrak beren olibondo sailetan lanean ari direla menditik antolatuta jaitsitako kolonoen erasoak jasan dituzte. YouTuben “Settlers attack palestinian” hitz gordinak bilatuta, 27.300 bideo proposatuko zaizkio ikusleari. Tartean dira gauean sustraietatik ateratako edo erditik moztutako olibondoak. Oscar sarietan dokumental onenaren saria irabaztetik gertu izan zen 5 Broken Cameras filmean, olibondo sailari kolonoek su nola eman dioten ikus daiteke protagonisten etsipenerako.

Errefuxiatuen korapiloa

My homeland and me izeneko dokumentala ikusi eta erbesteratuen gaiaz solas egiteko 50 bat lagun bildu dira Alternative Information Center taldeak Belenen duen lokal hotzean. Errefuxiatu gunean bizi diren bi gaztek beren sakelako telefonoekin grabatutako lana da. Historia pertsonalak ezagutarazteaz gain, mezua garbi transmititu dute: gune hauetan bizi diren herritarrek itzulera eskubidea dutela erabat barneratuta dute, NBEk eta bestelako nazioarteko erakundeek dioten bezala. Nahiz eta beren jatorrizko herria sekula ikusi gabeak izan, belaunaldiz belaunaldi beren jatorria zein den transmititzen dute, eta egungo bizitokia behin-behineko geltoki dela.

“Etxean kontatzen dugu historia, eta israeldarrekin dugun ezberdintasun nagusia da guk lur honetan sinesten dugula, hemengoak baikara”. Behin eta berriz ateratzen den gai zaila da erbesteratuena. Denbora baterako uzten zituztela pentsatuta atzean utzitako herrietara itzultzea debekatu zaie 66 urtez milioika palestinarri. Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, munduko errefuxiatuen herena palestinarra izateak eragiten duen etsipenaren erakusle da publikoan sortu den eztabaida. Batek adierazi du errefuxiatuek akatsa egin zutela: kanpin dendak utzi eta etxeak eraikitzen hasi, “egoera normalizatuz”. “Errefuxiatua naiz, eta itzultzeko eskubidean sinesten dut, orain zu ikusten ari naizela dakidan ziurtasun berarekin”, eman dio besteak arrapostu. Audientzia txaloka hasi da.

“Zaharrak hil egingo dira eta gazteek ahaztu egingo dute”, Israelgo lehenengo lehen ministro David Ben-Gurionen hitzak ongi gogoratzen dituzte palestinarrek. Ez da halakorik gertatzen ari, memoriak ez du indarrik galdu. Sutsuki aldarrikatzen dute palestinarrek etxera itzultzeko duten eskubidea, NBEk urteroko txostenetan errepikatzen duena: 1948an Israelen sorreraren ostean erbesteratuek eta horien ondorengoak diren sei milioi herritarrek beren herrietara itzultzeko eskubidea dute. Kalte-ordaina ere eman behar diete. Proiektatu berri duten dokumentalean bost urteko haurrak zera adierazi du: “Familiako ametsa bete eta gure herrira itzuli nahi dut”.

 
Itzultzeko borrokan

“Ez ditugu eskubideak sekula galduko, hauen alde borroka egiten duen jendea dugun bitartean”. Fayez Arafat ez da edonor Balata izeneko errefuxiatu gunean. 25.000 biztanlerekin, Zisjordaniako handiena da. “Arafat originala” bera dela diosku arabieratik itzulpenak egiten ari den lagunak, erdi brometan. Jaffakoa da, gurasoak eta seme-alabak bezala, nahiz eta ez den sekula han izan.

“Jordanian, Sirian errefuxiatuak gonbidatuta dauden bezala, gu Palestina barnean Aginte Palestinarraren gonbidatuak gara”. Balata ofizialki 1952an fundatu zuten, Nablus hiriaren kanpoaldean. Bilera gelako atearen gainean ikus daiteke orduko argazki bat. Gune mortu batean hamar kanpinez osatutako hamasei ilara ikus daitezke atzean, aurrean gizon bat gameluarekin pasatzen ari den bitartean. Kilometro koadro bat alokatu zuen NBEk, Palestina barnean, desertuan sakabanatuta eta pobrezia gorrian geratu ziren herritarrak biltzeko. Palestinan bertan 27 errefuxiatu gune daude. Dagoeneko batzuk inguruko hiriekin elkartzen joan dira.

Bistan ditu zauriak Balatak. Eraikinetan Israelgo artileria astunak utzitako bala markak dira agerikoenak. Ikusteko zailago diren zauriak  barruan daramatzate bertako herritarrek. Datu ofizialen arabera, bigarren Intifadan, 70 pertsona hil zituen Israelgo armadak Nablusen, eta ehunka atxilotu.

Haurrak jolasean ari diren kale estuotan, pobrezia %60tik gorakoa da. Haginlari, mediku eta zirujau bana dago 25.000 bat biztanlerentzat. Ikasgeletan 40 eta 45 haur artean daude, eta arazo sozialak ugariak dira.

Palestinako errefuxiatuentzat NBEk sortu zuen UNRWA erakundearen ardura da sei milioi herritar hauei oinarrizko zerbitzuak ematea. Pixkana eskuak garbitzen ari direla sinetsita dago ordea Arafat. Horregatik, herritar talde bat bizi baldintza duinak mantentzeko lanean ari da Yafa Cultural Center erakundean. Israelek itzulera eskubidea onartu ala ez, herritarrok eskolak, ospitaleak, liburutegiak behar baitituzte.

“Gatazka errefuxiatuekin hasi zen, eta ez da amaituko hau konpondu arte”, diosku. Elkarrizketaren ostean, argazki saioa egin dugu. Bertan erakusteko beren sinbolo duten giltza hartu du altxor preziatuak gordetzen dituen armairutik.  Edalontzi zaharrak, katiluak, egurrezko kaxak dauzka gordeta, eta jabetza erakusten duten dokumentuak kutxa gotorrean giltzapean. Israelgo armadak Nablus inguruak bonbardatu zuenean, 2002an, instintiboki salbatu zituen lehen gauzak izan ziren bere burua babesean jarri aurretik. Galdutako lurren aztarna arkeologikoak dira, berreraiki nahi duten bizi baten ametsa eta eskubidea.

 

 

Presoen mina

Balata errefuxiatuen guneko 430 herritar preso dauzkate Israelgo kartzeletan sakabanatuta. Legebiltzarkideak, irakasleak, ikasleak, sindikalistak, arrantzaleak, talde armatuetako kideak, politikariak, nekazariak, haurrak... aurpegi ezberdin asko ditu preso politiko palestinarren argazkiak. “Helburua ez da segurtasuna, gizarte zibila zigortzea baizik. Zer egin du bada 12 urteko umeak atxilotua izateko?”, diosku Mourda Jadallahk. Addameer Presoen Babeserako eta Giza Eskubideen aldeko Antolakundeko kidea da.

Datuak ematen igaro du ordubeteko bilera. 5.028 preso politiko palestinar daude erreportaje hau idazteko unean Israelgo kartzeletan. Legeak hala baimenduta, tratu erabat ezberdina jasotzen dute preso israeldar komunen aldean. “Segurtasun presoak” dira arabiarrak. Palestinar bat epaiketa aurretik lau egunez eduki dezakete inkomunikatuta; kolonoa bada, epaiketara 24 orduko epean eraman behar dela dio legeak. Ohikoa da oraindik torturak salatzen dituzten preso palestinarren testigantzak irakurtzea. Juduen tortura kasurik ez du erraz aurkituko interesa duenak. Palestinar bat nahi eran atxilotuko dute, egunez edo gauez, eta arrastaka aterako dute. Judutarrari kartzelara joan behar duela adieraziz oharra iritsiko zaio etxera. Emakumeak bortxatuak izan dira kartzeletan, 12 urtetik gorako haurrak atxilo ditzake polizia israeldarrak. Judu gazteena 16 urtekoa izango da. Harriak botatzeagatik 20 urteko kartzela zigorrak ezarri izan dizkiete. Haurrek beren gurasoei adierazi izan diete, besteren artean, pixa egin dietela burura espetxezainek. Dokumentatuta dauzkaten umiliazio zerrendekin liburuak idatzi daitezke.

Dispertsio politikarik erabiltzen duten galdetuta, fotokopia bat atera du ekintzaileak. Presoak Mediterraneo itsasoaren ondoko kartzelatan daude sakabanatuta, Zisjordaniatik punturik urrunenetan.

Bigarren Intifada amaitu zenetik, 4.000 atxiloketa egin dituzte urtean, eta 1967tik 800.000 palestinar atxilotu dituzte. Denbora gehien daraman presoak 32. urtea markatu du egutegian.

Presoen aurpegirik ezagunena Marwan Barghoutirena da. 2002tik espetxean, inkestek diote palestinarren %60ak bera hautatuko lukeela lider gisa, Fatahko eta Hamaseko buruen aurretik. Ramallah kanpoaldean bere marrazki erraldoia egina dute murruan, eskuburdinak jarrita, garaipenaren ikurra eginez.

Preso palestinarren eskubideen alde lanean ari diren ekintzaile hauek gogor salatzen dute Osloko Akordioen ostean sortutako Autoritate Palestinarra polizia israeldarrari lan zikina egiten ari zaiola askotan. Legea bete behar duela arrazoituz, palestinarrak atxilotzen ditu polizia palestinarrak, ondoren Israelen esku uzteko.

Jerusalem ekialdean erresistentzia

“Ekonomia kanpotik erabat esku hartuta daukaten herrialdeak hirugarren munduko gisa definitzen ditugu, eta Jerusalem ekialdea hala dago”. 33 urteko israeldarra da Yahav Zohar. Palestinarren eskubideen alde lanean ari den  militante ezkertiarra da. Etxe Eraisketen Aurkako Komite Israeldarreko kide ohia da, Jerusalemgo auzo palestinarretara nazioarteko behatzaileak eramateaz arduratzen da denbora librean.

Palestinarrek eta israeldarrek beren hiriburu aldarrikatzen duten hiria erabat zatituta dago. Jerusalem ekialdean bizi dira palestinarrak, murruak bananduta, kale askotan espaloirik gabe, parkerik, etxeetako ur zikinak bideratzeko hustubiderik gabe. Urtean milioika turistak hiriaz daramaten oroitzapen distiratsutik oso bestela. Zaborra errepidearen alde bietan pilatzen ari da.

 

 

Jerusalem beren “bizitzaren erdigunea” dela frogatu behar dute ekialdean bizi diren palestinarrek. Froga anbiguo horren arabera mantendu edo kenduko zaie hiriko nortasun agiriak. Ez badira bertan bizi, ezin dute bertan egon, beren etxeak  konfiskatuta geratuz. Politika horren aurka dago Zohar.

Bertatik bota nahi dituztela sentitzen dute auzokideek, gatazka palestinarraren esentziara joz. Hemen ere, existitzea erresistitzea da. Jerusalem ondoan bizi den palestinarrak ezin du hirira joan, bisitara ere, baimenik ez badu.

Eraikuntza berria debekatuta dago, eta baimenak lortzea urtetako tramite luzea da bizilagunentzat, Zoharrek azaltzen duenez. Populazioa gora doa, eta estatistika zehatzik ez bada ere, 300.000 bat lagun biziko direla kalkulatzen dute, urtez urte haziz murru artean.

 

Eraitsitako familiak

 

 

Otsailaren 5a. Eguerdia. Auzoa zauritu dute Israelgo hondeamakinek Jerusalem ekialdean, aipagai dugun palestinarren auzoan. “Ez dakigu gaur non egingo dugun lo”. Bederatzi pertsonaren etxea suntsitu dute orain ordubete Israelgo militarrek, lau heldu eta bost seme-alaba teilaperik gabe utziz. Eguerdian izan da, bulldozerrak iritsi eta bost minututan, ezer ateratzeko denborarik eman gabe, dena birrindu dute. Down Sindromedun semea besoa sorbaldan jarrita babesten duela, begirada galduta dago aita. Hondeamakinak bertan zirela ikusita, auzokideak makinen aurrean jarri dira inguruetatik harriak botatzen zizkieten bitartean. Gas negar eragilea bota eta etxea eraitsi dute. “Jainkoaren esku gaude”.

“Helburua ez da familia, honenak dagoeneko egin du, helburua auzoa beldurtuta izatea da”. Batzuk gela bat gehiago egin diote etxeari, beste batzuk gainean beste logela bat, batzuk komuna kanpoan. Baimenik gabe egindako eraikuntzak etxe osoaren eraisketarekin zigortzen ditu Israelek, eta egun 10.000 etxeren aurkako prozesuak abiatuta dauzka. Halere, urtean 50-60 bat eraisten dituela kalkulatuta dauka Zoharrek, nahikoa kinkan dauden familiak beldurtuta izateko, baina kopuru txikia beste herri altxamendu bat probokatzeko. Eraisketak, beti, egun argiz egiten dituzte.

“Politikan edo herri mugimenduetan nabarmentzen bazara, badakizu zerekin jokatzen ari zaren, zu edo zure senitartekoren bat”. Okupazioarekin amaitzeko, ez du jendarte israeldarrean esperantzarik jartzen. “Sistema israeldarra oso eraginkorra da eta herritarrek politika gauza aspergarria dela pentsa dezaten lan egiten du”. Bere hitzetan, israeldarren eguneroko kezketan urrun daude palestinarren Giza Eskubideak. Nazioartetik bai, handik etorriko dira gobernua presionatu eta neurriak hartzea eragingo duten ekimenak.

 

 

Borroka feminista palestinarra

Gizarte patriarkala da palestinarra. Argi dauka Soraida Hussein Emakumeen Komite Teknikoko kideak. Kolonbiako erbestean jaioa eta zazpi urterekin Ramallahra itzulia, emakumeen eskubideen alde lanean daramatza hamarkadak. Egoeraren larritasuna azpimarratzen du: “Datu ofizialik ez badugu ere, etxea eraitsi dioten familia batean, etxeko gizonak emakumea jotzeko joerak nabarmen igotzen dira”.

Palestinan emakumeak 1928tik antolatuta daudela ondorioztatu dute historialariek. 1952tik parte hartu izan dute gudan laguntzaile gisa, armak batera eta bestera eramaten edo zaurituak artatzen. Borroka armatuan 1967tik aurrera aurki daitezke lehen emakumezko ekintzaileak. Lehenengo Intifadan herri batzarren bitartez antolatu zirenez, emakumeek ezinbesteko papera jokatu zutela gogoratzen du Husseinek. 18 bat urte zituen berak, eta orduan egin zuen bat erresistentziarekin. Herritarren osasuna eta hezkuntza antolatu zituzten herrietan, eta etxe askotako lidergoa eurek eraman zutela dio. Handik aurrera, emakumeak beren eskubideen alde nazio eraikuntzan ari dira.

“Kartzelak ez dira fisikoak bakarrik, mentalak ere izan daitezke”. Gaza jartzen du adibide, eta bertan jaio eta bertan hiltzen diren milaka pertsona horien lekuan jartzeko eskatu. “Ez dute sekula oina jarri beren muga inposatu horietatik kanpo. Bonbardatu egin dituzte, herritar horiek kartzela fisiko batean egoteaz gain, kartzela mental batean daude”. Ez daukate kanpoko emakumeekin harremanik, apenas duten mundua ulertzeko beste erarik ezagutzerik.

Orain arte behintzat: teknologia berriekin pozik da, ohartu baitira Facebookeko kontua egiten duten emakume palestinarrek sarean askatasuna aurkitzen dutela. Hori lantzeko, emakumeek bakarrik erabil ditzaketen ordenagailu gelak prestatu dituzte Ramallahn eta Gazan. “Mundura leihoak irekitzen ari gara”.

“Tankeak ez du etxea eta zuhaitza bakarrik hautsi nahi; norbera barrutik haustea da asmoa”. Borroka feministari ekin zionetik aurrerapauso handiak eman zituztela dio, nahiz eta bigarren Intifadaren osteko errepresioarekin, herritarrei erabat hauskorrak direla sinestarazi dieten, zertarako emakumeen eskubideen alde borrokatu inork ez badu eskubiderik? Berriz ere dena zerotik hasi behar dute bere hitzetan. Azken urteetan biolentzia matxistaren aurkako dokumentu nazionala eta erakundeek erasoa jasan duen emakumea artatzeko protokoloa adostu eta indarrean jartzea lortu dute, adibidez.

Erresistentziak baditu milaka aurpegi

Palestinarren erresistentzia ez da gauza berria. Britainiarren aurka altxa ziren duela 100 urte. “Borroka armatuarekin Israel oso eroso zegoen, haiek hiltzaile profesionalak baitira, ikaragarrizko armamentuarekin hornituta, eta gu berriz, oso baliabide mugatuak dituzten herritarrak”. Propagandarako erabiltzen dutela salatzen du erreportajearen hasieran aipatu dugun eta kanpamendu palestinarrak koordinatzen dabilen Fathy Khdiratek. Munduaren aurrean palestinarrei terrorista deitzeko baliatzen dutela dio.

Herritarrak “modu eraikitzailean” desobedientzia zibila planteatzen ari direla nabarmendu  dute FDLP mugimendu palestinar ezkertiarreko kideek. Izenik ez dute eman nahi, segurtasun arrazoiengatik. “Negoziazioek ez dute egoera konponduko. Israelgo propagandak dio ez ezer egiteko, planteamendu bat dutela, baina hori ez doa inora. Alternatiba bakarra herri-erresistentzia da”.
Giroa berotzen doala diote, geroz eta jende gehiago dagoela erresistentziarako prest, “eta une batean, zerbait gertatzen denean, berriz ere herria altxako da”. Armei ez diotela uko egiten dio, “baina hau beste gauza bat da, jendeak egin dezakeen zerbait”.

Erresistentziak prezioa dauka ordea. Hala da mundu osoan, eta Palestina ez da salbuespena. AICk jasotako datuen arabera, 40 pertsona hil dituzte ekintza baketsuetan, ehunka zauritu eta milaka atxilotu azken hamarkadetan.

Aginte Palestinarrak dio erresistentzia herrikoi kontrolatua nahi duela, baina ez dela halakorik gertatuko uste dute FDLPko kideek. “Badakigu israeldarrekin egindako adostasunekin lotuta daudela, baina gu ez. Herria ez da Aginte Palestinarra. Jendeak gehiago nahi du”. Mugimenduak indarra hartzen duenean, ezingo dela gelditu sinesten dute.

“Era guztietako ekintzak egin ditugu okupazioaren aurka”, dio Stop the Wall mugimenduko kideak: Manifestazioak murrua eraikitzen ari diren lekuetara, kolonietara eta israeldarrentzat eraikitako errepideetara; 15 herrik ostiralero konfrontazioa bilatzen dute soldaduekin eraikuntza gunean; konfiskatutako lurren okupazioa baketsua; murruaren aurkako ekintzak, barrikadak eta erasoak; segregatutako errepideetan Palestinako banderekin auto karabanak, kolonoen supermerkatuen okupazioak...

Okupatzailearen jarduera ekonomikoki nola garestitu pentsatzen ari dira aurrera begira. Murruaren aurkako ekintzak eginez, teknologia garestiagoa erabiltzen hastea bilatu nahi dute, kamerak, hesi elektrikoak, eta horiek zainduko dituzten soldadu gehiago. “Zenbat eta baliabide gehiago behar Israelek gu zapaltzeko, orduan eta ageriago utziko dugu Israeli emandako dirua gure Giza Eskubideak urratzeko erabiltzen dela, noizbait bideraezin egin asmoz”.

“Dagoeneko ez gara lur puska bati buruz hizketan ari, duintasuna da jokoan dagoena. Bizitza hau horrelakoa da, eta horregatik, elkarri maitasuna ematea tokatzen zaigu. Israeldarrek galdutzat eman behar lukete borroka hau, gure bizimodua jada erresistentzia baita. Ni hilko naiz, baina hurrengo belaunaldiak hemen jarraituko du”. Soraida Husseinek esana herritar askoren ADNan txertatutako ideia.

Legalitatea okupazioaren aurka

“Legeak gure alde daude”, dio Hussein Ahmedek. Al Haq-eko kidea da, nazioarteko zuzenbidearen esparruan lan egiten duen erakundea. Palestinako abokatuek sortu zuten okupazioa borrokatzeko, nazioarteako legeak modu unibertsalean baliatuz. Urraketa guztiak jorratzen dituztela diote, “edonondik datorrela ere”.

Batetik, Aginte Palestinarra epaitegietara eraman izan dute. Azken kasuak aipatzeko galdetuta, nabarmendu dute sei pertsona atxilotu zituztela Facebooken egindako iruzkinengatik, manifestazioak bortitz sakabanatu izan dituela polizia palestinarrak, eta batez ere, hauteskunderik ez dela izan 2006tik. “Halere, alor honetan dugun borrokarik nagusiena palestinarren izenean sina litezkeen negoziazioetan gure eskubideak errespeta daitezen bermatzea da”.

Bestetik, Israelen okupazioa ahalbidetzen duten enpresen aurka egiten dute. Horretarako, herrialde bakoitzeko legedia aztertu, eta argudio legala bertan oinarrituta epaiketak abiarazten dituzte. Herbehereetako garabi enpresa bat izan da azken helburua, murruaren eraikuntzarekin negozioa egiten ari zelako. Hiru urtez epaitegietan ibili ostean, artxibatu egin dute kasua, baina pozik daude abokatuok epaileak ondorengoa adierazi duelako: “Herbehereetako enpresek guda krimenetan parte hartzen badute, Lege Kriminala aplikatuko zaie”. Ordutik “okupazioaren konplizeei” beti adierazten diete kontutan hartu behar luketela hori.

Enpresaren baten aurka epaiketak irekitzea lortzen dutenean, herrialde horretako Palestinarekiko elkartasun sareek kanpainak abiatzen dituzte enpresaren izen ona kaltetzeko. “Argudio legal indartsuak ematen badizkiegu, herrialdeetako ekintzaileek zilegitasun handiagoz indar ditzakete boikot kanpainak, enpresa horiek legea urratzen dutela salatuz”.

Israel ez dago besoak gurutzatuta, eta talde honetako kideen aurkako operazioak egin izan dituzte. Horrez gain, kalkulatu dute 12 eta 14 milioi euro artean bideratzen dituela nazioartean abiatzen diren epaiketa eta boikot kanpainei aurre egiteko.

Al Haqeko kideek egindako gestio eta presio lanek izango zuten zerikusirik 2013ko ekainaren 28an Europar Batasunak hartutako erabakian. Debekatuta diru-laguntzak, kolaborazioak, ikasle eta ikerketa bekak eta sariak Zisjoradanian eta Jerusalem ekialdean kokatuta dauden erakunde israeldarrentzat.

 
Boikotean esperantza jarrita

Esperantza Israel beldurtzeko gai izan den borrokan jarria dute palestinarrek azken urteotan: Boikot, Desinbertsio eta Zigor (BDS) kanpaina. Mundu osoan enpresa israeldarrei milioika euroko kontratu galerak eragin dizkien mugimendua da. Palestina osoko alderdi politiko, sindikatu eta herri mugimenduek 2005ean abiatu zuten.

Omar Barghoutirekin bildu gara Ramallahn, figura esanguratsua nazioartean. Bera izan zen BDS kanpainaren bultzatzaileetako bat. Hiru aldarrikapen ditu kanpainak: Lehenik, Israelek okupazioa amaitzea Gazan eta Zisjordanian. Bigarrenik, palestinarren eskubideen errespetua. Eta hirugarrenik, errefuxiatuen itzulera. Hiru helburuak lortu arte ez dute geldituko aparra bezala hazten doan kanpaina.

Arrakasta izan baitu: Gobernu batzuk aktiboki gogorarazten diete beren herrialdeko enpresei Israelekin negozioak egiteak ondorioak izan ditzakeela. Herbehereak edo Erresuma Batua dira horietako bi herrialde. “Justizia lortuko dugu eskubideak lortzen ditugunean”, diote. Hegoafrikan inspiratutako kanpaina da, Apartheidaren gobernua erortzeko ezinbesteko izan zena. Esku hartzeko unea dela adierazi nahi dute.

Boikotaren tamainaz jabetzeko, BDSmovement.net guneko “Garaipenak” atala begiratu besterik ez dago. Mundu osoko boikot diplomatikoak, akademikoak, kulturalak, kirol arlokoak, kontsumo boikotak, desinbertsioak eta zigorrak zerrendatuta daude. Barghouti jabetzen da estatu oso bat baldintzatzeko potentziala duen mugimenduaren gidari direla, eta irribarrez dio ikusi dituela Gasteizko Tau saskibaloi taldeko zaleek Tel Aviveko Maccabiren aurka egindako protesten argazkiak.

Bilbon eman ziren 2007an Veolia enpresaren aurkako mundu mailako boikotaren lehen pausoak. Zisjordaniako asentamenduak lotzen dituen tranbiaren eta eremuotako hondakinen kudeatzailea da, eta hainbat hiritan milaka milioi euroko kontratuak galdu ostean, utzi egin nahi duela adierazi dute.

2013an AEBetako bost unibertsitate nagusiek Israeli boikot akademikoa egingo diotela adierazi dute ikasle mugimenduen lanari esker. Erresuma Batuko hainbat hiritan kontratuak eten dizkiote Israelgo kartzelak eta kolonoen asentamenduetako segurtasuna kudeatzen dituen GHS enpresari. Musikari askok Israelen jotzeari uko egin diote. Afrikako sindikatu nagusien federazioak, 15 milioi langile ordezkatuz, BDS kanpainarekin bat egin du. Europako Sindikatuen Kongresua erabakitzen ari da Israelgo asentamendu ilegaletan ekoiztutako produktuen aurkako ekintza.

 

 

“Irabazteko egiten dugu borroka”. Mundu osoan ugaldu den mugimendua izaki, herrialde bakoitzak bere borroka errealitate propiora egokitu behar dutela argi dute. “Adibide bat jartzearren, musikari israeldar baten kontzertu bat moztuta publikoko jende gehienarekin ez badute konektatuko, beste nolabait planteatzeko eskatzen diegu ekintzaile taldeei”. Horretarako irudimena gakoa dela uste dute. “Israelgo musikari baten kontzertuko atean, kanpotik abeslariaren argazkia zuten eskuorriak banatu zituzten Europako hiriburu batean. Kontzertura joan zirenek programa zelakoan hartu, eta  behin aretoan, barnean zer zegoen begiratu zutenean, Gazako bonbardaketako argazkiak eta Israelek eragindako hildakoei buruzko datuak aurkitu zituzten”. Ekintza horri esker, batzuk kontzertutik atera zirela gogora ekarri du.

Garaipena lantzen jarraituko dute

“Israelek kontrolatutako lurretan sartu eta bertan kanpamenduak altxatzen ditugunean, polizia militarra etortzen da gu botatzera”. Bere bizkarrean gudarako prest dauden agenteak dituela,  argazkia bilatzen omen du polizia buruak, armamenturik gabe, manifestariei eskua ematera joaten denean. Telebistan erakutsi izan dute palestinarrek ez dietela eskurik eman nahi israeldarrei. Palestinarrek estrategia aldatu zutela kontatzen du Fathy Khdiratek. Orain, agentea telebistaz lagundurik etortzean, “ez dizugu eskua eman nahi, besarkada bat baizik”, esan eta manifestari guztiak agentearen atzean dauden poliziak besarkatzera joaten dira”. Polizia ez omen dago entrenatuta bortizkeriarik gabeko erresistentziari erantzuteko. Orain kazetari palestinarrak dira agenteek atzera nola egiten duten munduari erakusten diotenak.

“Borroka armatuaren bitartez Israel lehoi bat bezala ikusten dut, baina desobedientzia zibila erabiliz puxika bat dirudi”, dio FDLPko ekintzaile palestinar batek. “Ados, negoziatu beharko dugu, eta adostasunera iritsi gainera, baina ezin dugu mahaian eseri inongo indarrik gabe, beste aldean superpotentzia bat dugu, Israelen aldeko jarrera duen bitartekari batekin. Hortik ez da inoiz justiziarik iritsiko”.
“Egoera bertatik bertara ikusi eta palestinarron alde zer egin dezaketen galdetu izan digute urteetan nazioarteko ekintzaileek. Orain badugu erantzuna –dio Omar Barghuti BDS kanpainaren ideologoetako batek–: bat egin boikot kanpainarekin eta inguruak mugitu. Eragin zuzena du palestinarrongan, Israelgo ministerioan boikot ekintza bakoitzaren berri baitute eta munduan bakarrik geratzen ari direla ikusiko dute, noizbait jarrera aldatu beharrez”.

“Nik agian ez dut sekula nire herrira itzultzerik izango –hasi da Fayez Arafat errefuxiatuen eskubideen aldeko ekintzailea–, baina hurrengo belaunaldiek ziur baietz”. Historiari errepaso bat egin dio erakusteko inperioak ez direla betirako. “Nork esango zuen duela 70 urteko Erresuma Batu inperiala egun horrela egongo zenik? Nork Sobiet Batasuna eroriko zela? AEBren inperioa ere eroriko da, Israel arrazista honekin batera, eta guk borrokan jarraituko dugu, askatasunaren alde”.

Gatazka konpondu nahi bada, gainontzeko herrialdeek Israel belaunikaraztea lortzen dutenean, bere etxeetara itzultzeko duten eskubidea onartu beharko dio herri honi. NBEk hala dio. Bitartean, lehen errefuxiatuen belaunaldiak etxetik eraman zituen objektuekin museo bat egitea pentsatzen ari dira Balatan. “Aurrenekoa izango da Palestinan –dio alai Arafatek–, baina behin behinean egin beharko dugu, noizbait etxera itzuli behar baitugu”.

Murrua eraikitzen hasi zirenetik 200.000 bat olibondo suntsitu dituzte israeldarrek Palestinan. Bakearen sinbolo den adaxka baina, noizbait justiziarena ere izango dela sinesten dute askok. Horregatik, urteak joan, checkpointak etorri, hormaren azpitik tunelak egin edo gainetik eskaileraz pasa, haurrak hezteko baliatzen dute eraso bakoitza. Sufrimendu latzaren lekuko izan den lurrean, milaka olibondo kimu landatzen jarraitzen dute urtero.


LARRUN
2014ko otsailaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


2024-04-22 | ARGIA
Gazako genozidioa gelditzea eta Israelekin harreman komertzialak haustea eskatu dituzte Iruñean

Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak antolatutako martxan milaka manifestarik “berehalako su-eten iraunkorra” eskatu dute. Halaber, Espainiako Estatuari exijitu diote Israelekin dituen harreman komertzialak eta diplomatikoak bertan behera uztea.


Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Eguneraketa berriak daude