"Sare sozialak eta multimedia erabiltzen ditugu, bestela ez zara inor"

  • Ikasturte honetan 20 urte beteko dituen Plataforma per la Llenguako kidea, ongi baino hobeto ezagutzen du ikus-entzunezkoen mundua Carles Solàk. Kataluniako immigranteez eta kulturaniztasunaz ikuspegi positibotik hitz egiten duen TV3 kateko Totunmón saioko zuzendaria da.  Argi du sare sozialak oso lagungarriak direla euren kanpainak eta edukiak hedatzeko zein hizkuntzagatiko diskriminazioa salatzeko.
     

"Gu multiplataforma gara. Kanpaina bat egiten dugunean hargailuetara egokitzen da, telefono mugikorretara..."

Zertarako erabiltzen ditu Plataforma per la Llenguak ikus-entzunezkoak?

Katalanaren gizarte erabilera bultzatzeko asmotan sortutako kanpaina zehatzak edo diskriminazio kasuak askoz modu zuzenagoan erakusteko baliatzen ditugu ikus-entzunezkoak nahiz sare sozialak.

2005. urtean, adibidez, animaziozko lehen flasha egin genuen. Animaziozko klip labur baten modukoa zen eta sare sozialen bidez ikus zitekeen. El cinema en català: Missió impossible (Zinema katalanez: Ezinezko erronka) zuen izenburua eta salatzen zuen zinemetan ematen diren filmen oso kopuru txikia dagoela katalanez, bai bikoiztuta bai azpititulatuta. Eskaintza ez da %5era heltzen une honetan.

Baina, duela urte batzuk katalanez eman beharreko filmen portzentaje bat ezarri zen, ezta?

Azken hiruko gobernuak bazuen borondatea eta Zinemaren Legea landu zuen helburuak garatzeko. Han jasotzen zenez, katalanezko zinemak pixkanaka gora egin behar zuen, modu mailakatuan, baina horrelakoetan alkateen, banatzaileen eta zinema-aretoen babesa beharrezkoa da. Katalanezko eskaintza, azkenean, ez zen legeak aurreikusten zuen eran zabaldu. Gobernu berriak aurreikuspenak berrikusi eta ehuneko baxuak ezarri zituen. Egia da katalanezko filmen kopurua pixkanaka igotzen ari dela, baina gorakada hain motela denez, epe ertain-luzeko asmo bezala ikusten da.

Zer egiten dugun Plataforma per la Llenguatik horrelako gauzen aurrean? Bada, kasu, esparru edo sektore jakin bat aztertzeko kanpaina, eta zinemaren sektoreko egoera salatzeko aipatutako klip hori egin genuen.

Beste kanpainaren baten adibiderik?

Duela gutxi egin dugu azken lana, Malta eta Kroazia Europar Batasunean sartu zirenean. Katalana eta Europako hizkuntza ofizialak ezagutarazi nahi genituen, katalanak Batasunean ofizialak diren beste hizkuntza gutxitu batzuekin alderatuta duen garrantzia azpimarratu. Eta Interneten zabalkunde handia izan zuen klip horrek.

Zentzu horretan, nolako emaitzak lortzen dira ikus-entzunezkoekin horrelako kanpainetan?

Bideo labur horiek duten indarra aprobetxatzen da kanpainak ezagutzera emateko. Sarean modu esponentzialean zabaltzen dira bideoak eta lehen kartelekin edo kalean egonda (kontzentrazioetan-eta) lortzen zen emaitza baino erantzun handiagoa eskuratzen da. Jarraitzen dugu gizartea kalean mugiarazten, egiten dira agerraldi publikoak, produktuak katalanez etiketatzea edo Zinemaren Legea bete dadin, eta katalanez bikoiztutako edo azpititulatutako film gehiago egon daitezen eskatzeko kontzentrazioak egiten dira oraindik.

Sare sozialak erabiltzen ditugu katalana Europan ofiziala izan behar dela defendatzeko argudioak emateko herritarrei. Badira hizkuntzak, maltera adibidez, 50.000 pertsonek hitz egin eta Europan ofizialak direnak. Ez dugu hizkuntzarik gutxietsi nahi baina katalana milioika pertsonak hitz egiten badugu, nola ukatuko dute hizkuntza horren garrantzia eta ofizialtasuna?

Ideia horiek erakustarazteko sare sozialak eta ikus-entzunezkoak erabiltzen ditugu, garaiotan mugimenduzko irudiak erakutsi eta sare sozialik erabili gabe ez zarelako inor. Eta kanpaina horiek erantzun handiagoa dute.

Garai batean umorezko ikuspegia zuten bideo-sorta pedagogikoa ere egin genuen. Hainbat bereizketa linguistiko erakusten zituen eta horiek ere oso erantzun ona izan zuten sare sozialetan. Gainera, zenbait formakuntza saiotan ikus-entzunezko material gisa erabili zen.

Behin eta berriro aipatu dituzu sare sozialak. Zer ekarri dute?

Horiei begira egindako azken kanpainak, oso erantzun ona izan dutenak gainera, hizkuntzaren aldeko lipduba eta muralmoba (mugimenduan egindako murala) izan dira. Azken Sant Jordi egunean egin zen murala, El català, llengua comuna leloarekin. Egunak aurrera egin ahala joan ziren murala egiten eta sare sozialei esker lortu zen ekintzan parte hartu ez zuen jendeak bere etxetik ikusi ahal izatea. Bertan egon gabe, zertan ari ziren jakin zuten milaka pertsonak eta ekintzak egunean zehar nolako garapena izan zuen ikus zezaketen.

Ikusizko mezua bilatzen dugu batez ere eta zenbait ezaugarri eskatzen dizkiogu mezuari: garbia izan dadila, hartzailearen arreta erakarri eta originala izan dadila, berritzailea, interesa piztu dezala eta ongi egituratua eta landua egon dadila.

Estima el català kanpaina egin genuenean, hedapen handia izan zuen eta Twitterren Trending Topic izatera heldu zen; egun gutxian, lehen heltzea ezinezkoa zen lekuetara zabaldu zen. Facebooken eta Twitterren egon zen Estima el català eta Dígalo en català gehigarriak jartzeko dei bat eta Instagramen horien argazki asko jaso ziren. Baliabide horiekin, kanpaina elikatzen joan zen.

Eta Internetera konexioa duten gailuen hedapenak nolako garrantzia izan du?

Gu multiplataforma gara. Kanpaina bat egiten dugunean hargailuetara egokitzen da, telefono mugikorretara, tabletera eta hargailu horien barruan programa jakinetara: Facebook, Twitter, Instagram edo hizkuntzaren aldeko borrokan dabilen edo katalanaren gizarte erabilera bultzatzen duten pertsonen interkomunikazioa ahalbidetzen duen beste edozein aplikaziotara.  

Sareetako eta bertako pertsonen arteko komunikazioa errazten duen aurrerapenei adi dago beti Plataforma. Horrek ez du esan nahi paperean, adibidez, lanik egiten ez dugunik. Interneten ikus daitekeen aldizkari bat dugu eta jendeak edozein formatutan eta gailutan deskargatu ahal izateko modua bilatzen ari gara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internet
2024-06-07 | Sustatu
Googleren emaitzetan katalana gutxiago agertzeko motibo zenbait azaleratu dituzte

Googleren bilaketa emaitzetan katalanak eta euskarak 2022-2023 tartean izan zuten beherakada dokumentatu genuen webgune honetan. Nolabaiteko konponketa izan zuen gauza hark. Oraintsu, Kataluniatik iritsi zaizkigun azterketa batzuetatik, hizkuntza hauek bilaketetan gutxiago... [+]


2024-05-31 | Sustatu
Euskarazko Wikipedia 33.a da artikulu kopuruan, eta azala diseinuz berritu du ospatzeko

Euskarazko Wikipediak 433.000 artikuluen muga gainditu berri du (ikus estatistikak), eta horrekin batera 33. postua eskuratu du artikulu kopuruan, Wikipedia guztien ranking edo zerrenda honetan. Lorpena ospatzeko, diseinu berritzailea estreinatu du gaur gure Wikipediak, eta... [+]


Amazonen opari bat

Amazonek, Jeff Bezos magnatearen konpainia estatubatuar erraldoiak, dirutza gastatuko du Aragoin dituen hiru datu-zentroak handitzeko. Bere filial Amazon Web Servicesek (AWS) 15.700 milioi euro jarriko ditu Huescan eta Zaragozan, Pirinioetatik datorren Gállego ibaiaren... [+]


Amazonek Nafarroan “eskala handiko” bi zentral fotovoltaiko eraiki nahi dituela dio

Multinazionalak jakinarazi duenez 72 MWko potentzia izango luketen bi "eguzki parke" edo makro-zentral fotovoltaiko eraiki nahi ditu foru lurraldean, baina ez du kokapenaren berri eman. Industria teknologikoan gehien kutsatzen duen enpresetako bat da Jeff Bezos... [+]


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek “errepresio sindikala” egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Eguneraketa berriak daude