Euskarazko Wikipediak 24 urte bete ditu joan den asteburuan, eta urteurrena albiste berezi batekin ospatu du: munduko lehen postuan kokatu da “Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendan”. Une honetan, euskara da planeta osoan zerrendako artikulu guzti-guztiak 30.000 byte baino gehiagoko luzerara eguneratuta dituen hizkuntza bakarra.
Wikipedian bada zerrenda estrategikoa: Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluak. Helburua da hizkuntza guztiek oinarrizko ezagutza orokorra osatzen duten artikuluak izatea: geografia, historia, zientzia, artea, giza eskubideak, pertsonaia esanguratsuak…
Artikulu horiek komunitate internazionalak aukeratzen ditu. Luzera eta sakonera neurtzeko, hizkuntzaren araberako byte kopuru bat maneiatzen dute. Oro har, artikulu luzeak 30.000 byteko baino gehiagokoak dira eta helburua da kopuru hori gainditzea 1.000 artikulutan.
Gaur egun, 340 hizkuntzetatik 23 hizkuntzak soilik lortu dute artikulu guztiak izatea; baina, une honetan, euskara da artikulu guztiak 30.000 bytetik gora dituen hizkuntza bakarra munduan.
Neurketa hori automatikoki eguneratzen da hilero, eta abenduko emaitzetan euskarak lortu du lehen postua.
Euskal wikilariek urteak daramatzate erronka honetan, baina azken hiru urteotan hartu da ikuspegi sistematiko eta antolatua. Hainbat wikilarik parte hartu dute artikuluak eguneratzen, luzatzen, edo osatzen Wikiproiektu: 1.000 artikuluen zerrenda lanean koordinatuta.
Etapa hau gaindituta, komunitateak erronka handiago bati helduko dio: Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak.
Zerrenda zabalago horretan euskara hamazazpigarren postuan dago une honetan, eta hurrengo urteetako lehentasuna izango da zerrenda horretako artikuluak sakontzea.
EWKEk eta euskal wikilariek helburu argia dute: euskarazko ezagutza librearen kalitatea handitzen jarraitzea, edukien irisgarritasuna eta fidagarritasuna bermatuz.