Euskaldunen hiri buruzagia

  • Horixe idatzi zuen Etxeberri Sarakoak duela 300 urte Iruñeari buruz, behiala gure hiriburu nagusia izan baitzen, bai eta arras euskalduna ere. Hiriaren lehen izenetik toki-izen gehienetaraino, ezin konta ahala eraikin, txoko eta karrika daude aldez edo moldez euskarari lotuta, Iruñean bertan sortu berri den Labrit Tours turismo-zerbitzuko gidarien eskutik ohartuko garen bezalaxe.

Zumakalarregiren atea edo Frantziako atea, hiriaren ipar harresian.
Zumakalarregiren atea edo Frantziako atea, hiriaren ipar harresian.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

San fermimen irudia dagoen San Lorentzo eliza ondotik abiaturik, inguru horretako hainbat kalek euskal izena izan zuten Erdi Aroan: Arriasorantza, Zakudinda edo zakugileen kalea, Urradinda edo urregileen kalea, bai eta Sanduandia ere, bertan dagoen baselizako Ama Birjinaren irudia handia delako. Han bertan nekazarien kofradiaren ospitalea zegoen, eta iruindarrek kofradiari “laginobrari” esaten zioten.

Hiriaren ipar harresira joanen gara, hurbil baitago. Ederki ohartuko gara hasierako Iruñea hura muino baten gainean eraikia zegoela, Arga ibaiak babestua. Ederra da ikuspegia; gure begiradapean Arga eta erreka bazter zuhaiztuak daude, iparraldeko auzoak (Arrotxapea, Txantrea), hainbat herri (Artika, Antsoain, Berriozar...) eta mendi-kasko aunitz; lehena, Ezkabamendi; urrutiago, Sarbil, Txurregi, Beriain, Artxueta... Aurtengo eurien eraginez uzta atzeratu bada ere, garagarrak eta gariak horaildu egin dira eta hasia da agorraldia. Urteroko kontua. Ez da euskarari egotzi ohi zaion kolorea ageri –kolore berdea, alegia–, bestelakoa baizik. Urtero bezala, Iruñerriko mendiak gorritu eta bazterrak oro idortuko dira, hemengo nekazari guztiak euskaldunak zirenean gertatzen zen bezala. Horrelako paisaia lehorrak ere baditu euskarak, baditu Euskal Herriak, maiz ahaztu egiten bazaigu ere.

Larreko-ren urratsen xerka

Harresi-lerroari jarraiki, Santo Domingo aldapara iritsi eta eskailera mehar pikoak igoko ditugu Nafarroako Museora iristeko. Lehenago, ospitalea izan zen, eta gerra garaian, nor eta sendagile euskaldun bat izan zen bertako zuzendaria; hots, Pablo Fermin Irigarai Larreko euskal idazle auriztarra. Urte hits eta latz haietan bizi izandakoak eta sentipenak Gerla urte gezur urte liburu mardulean idatzi zituen, sekretuan idatzi ere. Izenburua guztiz adierazgarria da. Altxamenduak, jakina, errotik moztu zuen euskararen aldeko mugimendua, eta giro hura ikusita, euskara Nafarroa Garaitik erabat desagertuko zela pentsatzen zuen eta Iparraldetik ekarri beharko zela Hegoaldera.

Santo Domingo aldapan gora joanen gara, ez noski zezenen adinako abiaduran, eta eskuinaldeko eskailerak igota, Erdi Aroko San Saturnino eliza agertuko zaigu, hiriko euskaldunek Jaun Done Saturdi erraten ziotena. Erdi Aroko Iruñea zatitu hartako burguetako bat izan zen San Saturnino, gaskoiz eta okzitanieraz mintzo zen jendeak jendeztatua, baina hizkuntza horiek itzali zirenean, euskara guztiz zabaldu zen burgu horretan, San Saturninoko eliztarren hizkuntza nagusia izateraino, apez batek XVII. mendearen erdialdean idatzi zuen bezala: aitortzera etortzen zaizkidan ehun pertsonatik laurogeita hamarrek euskaraz egiten dute aitorpena. Elizatik hurbil, hainbat moldiztegi zeuden eta XVIII. mendean euskarazko hainbat liburu argitaratu ziren. Sebastian Mendibururen Jesusen amore-nequeei dagozten cembait otoitz-gai, adibidez, Iruñeko libruguille Juan Antonio Castillaren echean (1760).

Erresuma zaharraren diru-kontuak

Eliza zedarritzen duen Ansoleaga karrika meharrean gora, ezkerraldean Zaldiko Maldiko euskal elkarte ospetsua utzi eta Comptos Ganberaren eraikinaren parera ailegatuko gara. Gezurra badirudi ere, Iruñeko tokirik garaienean gaude. Iruñeko etxe zibil gotiko bakarra da eta, bertan, mendez mende, Erresuma zaharreko diru-kontu publikoak aztertu eta begiratu zituzten. Nafarroa probintzia huts bihurtu zenean, ordea, Kontuen Ganbera desagertu eta eraikin horretan bestelako erakundeak aritu ziren. XIX. mendeko Euskara Elkargoak, esaterako, hantxe egiten zituen batzar nagusiak. Han elkartu ziren, beraz, Campion, Iturralde y Suit eta makina bat iruindar euskaltzale, urte sail luzean. Honatx elkargoaren asmoak, Mercaderes karrikako Lorda moldiztegian inprimatzen zuten Euskara aldizkarian 1878an agertu bezala: “...asmoak dira gordetzea, galtzera utzi gabe, ta edatzea aldaitequen gucian euskarazko mintzaira”. Eraikin berean, gainera, gerra ondoko lehen euskaltegi publikoa zabaldu zuen Nafarroako Diputazioak 1950ean, euskararen akademia izenarekin. Urtebete eman zuen Kontuen Ganberan, gero katedral ondoko merkataritza eskolara eraman baitzuten, bigarren urtean ikasle kopurua handitu zelako.

“Batzuk badoaz, besteok bagatoz”

Ansoleaga kalean atzera egin, Francisco Seminarioren pasabide estalitik Udaletxe plazan agertu eta Txapitela karrika aldapatsua joko dugu, hantxe oihal denda bat izan baitzuen Joan de Amendux iruindarrak, XVI. mendean. Haur zelarik umezurtz geldituta, aitatxik Erriberara eraman zuen, eta gero Zaragozara, ofizio bat ikasteko; gaztearen bizitza, ordea, ez zen onbideratu. Elegia ezagun bat idatzi zuen, bere bizimolde zorigaiztokoaren adierazgarri: Hemen natza ortzirik. Txapitelan, bestalde, Arturo Campionen etxea dago. Bere bizitzaren azken urteetan hainbat omenaldi egin zizkioten, euskararen alde 80 urtean egindako lanaren esker onean. Halakoetan pentsamendu batek iluntzen zion gogoa: “Bizitza osoa eman dugu euskararen galera geldiarazi nahian, baina batzuk badoaz, eta besteak ez datoz”. Hau da, euskaldunak hiltzen dira eta berririk (haurrik, gazterik) ez dator. Iruñeko lehen ikastolako haurrek omenaldia ere egin zioten Txapitelako etxean, 1934ko udaberrian, eta ekitaldi horrexek gure Campion xaharra biziki poztu zuen, haurrek plaka hau oparitu baitzioten: “Batzuk badoaz, baina besteok bagatoz”.

Ondoren katedral aldera joko dugu, gure ibilia Nabarreriako iturriaren ondoan pausatzeko. Nabarreria auzoa iruindarren lehen bizilekua izan zen. Han historiaurreko aztarnak agertu dira, hura ere lehen muino harresitua izan zen, baskoien hiri nagusia, erromatarren garaiko boteregunea, Erdi Aroan errotik suntsitua eta berreraikia. Garai batean, Zugarrondo plaza erraten zitzaion, zumar handi bat zegoelako. Plaza erdian, egun, uraren murmurioa adituko dugu, iturria, sormen-iturria, parean Alexander Tapia Perurena euskal olerkaria jaio baitzen, bere gurasoek gobernatzen zuten argizari, kandela eta txokolate dendaren altzoan.

Ciga, Agerre, Laboa...

Gorago, katedralerako bidean, Javier Cigaren sortetxea ikusiko dugu; pintore euskaltzalea, hamaika margolan ezagunen egilea, Sanferminetako kartel ugariren sortzailea, Iruñeko zinegotzia. Eta are gorago, katedralaren parean, Dormitaleria eta Kuria kaleen artean, Jose Agerre euskal idazle eta kazetaria jaio zen, txupinazoari zirtapunpa esaten ziona, kulturaz jantzia, eleanitza, dotorea, liburutegi handi baten jabea. Larreko, Tapia Perurena, Ciga, Agerre... 1936ko uztailaren 18tik aitzinera jasan eta ikusitakoen ondorioz, sormena lantzen jarraitzeko gogorik gabe gelditu ziren haietako batzuk. Bidenabar, katedralaren aurre-aurrean geldirik gaudela, fatxada neoklasikoari erreparatuko diogu. Fatxadak ez du zerikusirik batere barnealde gotikoarekin. Bertako artxiboan euskarari lingua navarrorum erraten zaion agiria agertu zen. 1167. urtekoa da.

Bukatzeko, katedralaren saihets batean dagoen San Jose plaza txiki zuhaiztura iritsiko gara, guztiz aproposa udako bero zakarrean egoteko. Urte sail luzean merkataritza eskola bertako eraikin batean egon zen, eta eskola horretan arestian aipatu dugun euskaltegi publikoa. Euskaltegiko ikasleen artean, gazte donostiar bat zebilen, Iruñera medikuntza ikastera etorritakoa, haur denborako euskara higatua berreskuratu nahian. Mikel Laboa zuen izena. Plazako etxe bateko bigarren solairuan, bestalde, gerra ondorengo lehen ikastolaren bigarren urtea iragan zen, 1966-1967 ikasturtean. 30en bat neskato-mutiko ziren, egun euskaraz ikasten duten milaka haur eta gaztetxo iruindarren aitzindariak eta azken hamarkada hauetan Iruñean izandako euskal loraldiaren abiaburuetako bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroa
Israelek Espainiako Vueltan parte hartzeko eskubidea daukala esan du txapelketaren zuzendariak

Espainiako Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra izango da, bertan, Israel-Premier Tech taldeak hartuko du parte. Txapelketaren zuzendari Javier Guillének esan du "ezin dituztela kanporatu, puntuazioa dela eta parte hartzeko eskubidea" irabazi baitute.


Zangozako Muga meategia finantzaketarik gabe geratu da, txinatar inbertitzaileek atzera egin ostean

Txinako Qinghai enpresak atzera egin eta ez ditu 257 milioi euro inbertituko potasa meategi proiektuan. Finantzaketarik gabe ez ezik, Muga meategia ustiatzeko lizentzia ere ez du proiektuak, 2024ko urrian Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi... [+]


2025-08-20 | Ahotsa.info
Ibaitik itsasoraino, Tuteratik Hendaiara, Palestinaren aldeko ibilaldia irailaren 10etik 20ra

Ibilaldiaren helburuak dira, alde batetik, Euskal Herrian kausa palestinarra babesteko sarea ikusaraztea eta aktibatzea, eta, bestetik, sionismoarekin kolaboratzen duten enpresa eta erakundeak salatzea, hala nola CAF, Teva, Carrefour, Zara eta Bardeako tiro poligonoa. Euskal... [+]


Zizur Nagusian emaztea hil zuen gizonak behin-behineko espetxealdia etxean beteko du

85 urteko gizonak bere emaztea hil zuen uztailean, eta Poliziaren ikerketaren ondoren behin-behineko espetxealdian zegoen. Orain, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak esan du gizonak "ageriko narriadura kognitiboa" daukala eta "zaurgarria" dela.


Auzo ibilbideak (III)
Txantrea: konfliktiboa, eta zer!

Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


26 urteko nafar bat hil da Pirinioetan

Russell mendian gertatu da ezbeharra, amildegi batetik jausita. Gaztea Iruñekoa zen.


Zarrakazteluko sutea kontrolatzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek

Larunbat gauean hasi zen sutea Zarrakaztelu eta Figerol lotzen dituen errepideko pinudi batean. Herritarrentzat arriskurik ez dago momentuz, gobernuak adierazi duenez. Gizakiek eragindako sutea dela jakinarazi du gobernuak.


Nafarroako suteak nekazaritzako makina batek sortu zituela baieztatu du gobernuak

338 hektarea erre ditu astearteko suteak. Nekazarien sindikatuak haserre agertu dira Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko ezarritako murrizketekin. Asteazkenean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean, baina hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek.


Kontrolpean dute Nafarroako baso sutea, eta gobernuak suteak saihesteko neurriak hartu ditu

Suhiltzaileek kontrolpean dute Ibarbeibar ibarreko sutea, Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietan egondakoak hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak behin-behineko debekua ezarri dio nekazaritzan sua erabiltzen duen edo sor dezakeen makineriari. 


2025-08-04 | Gedar
“Sinpatiaren Festak” Lizarran: erasoak Bajadika alternatiboari

Ukabilkadak, bultzadak, blokeoa, izotz jaurtiketak eta abar jasan behar izan dituzte Bajadika aldarrikatzailea egin duten pertsonek.


Fusilatutako bi pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte Muniainen

Gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera ahal izateko ezinbestekoa izan da Gesalaz Muniango bi bizilagunen testigantza: Lucio eta Domingo Zabalza anaiek adierazi zuten, haur zirela, hainbat pertsona lurperatu zituztela leku horretan Guesalazko haranean, herri horretako... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


2025-07-30 | Ahotsa.info
Eskuin muturreko talde sektario batek ‘Nabarro’ren omenaldia oztopatu du Abarzuzan

Eskuin muturreko sekta erlijioso bateko kideek, Deierrin bizi direnek, 1986an erbesteratuen aldeko ekintza batean Hernanin hil zen Fernando Ros Abartzuzako gaztearen omenezko ekitaldiko bidea oztopatu zuten igandean.


Eguneraketa berriak daude