1976an guardia zibilek modu basatian torturatu zuten Anparo Arangoa leitzarrari argazkiak atera zizkioten ospitalean. Torturaren lehen irudi horiek mundu osora zabaldu ziren Zeruko Argia-ren bidez. 50 urteren ondoren, Nafarroako Gobernuak errekonozimendua eta erreparazioa eman die bere senideei, ARGIAri jakinarazi diotenez. Orotara zazpi pertsona aitortu ditu oraingoan Espainiako Estatuaren bortizkeriaren biktima gisa.
Anparo Arangoa Satrustegi leitzarrari motibazio politikoko indarkeriaren biktima izaera aitortu dio Nafarroako Gobernuak. Senideek egindako eskaera aintzat hartu du Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak, eta hala, 1976an Tolosako kuartelean guardia zibilek modu basatian torturatu zutenetik ia 50 urte igaro direnean, biktima gisa aitortu eta indemnizazio txiki bat eman die. Arangoa 1991n hil zen.
Bere kasua mundu osoan egin zen ezagun, torturen ondorioz ospitalean ingresatuta zegoela Javier Yaben sindikalistak argazkiak atera eta Patxi Zabaleta abokatuaren laguntzarekin Zeruko Argia-n publikatu zituztenean, eranskin gisa eta koloretan, zentsurari aurre eginda. Tortura frogatzen zuten lehen irudi horiek The Times-en atera ziren eta Amnistia Internazionalak bere txostenean aipatu zuen.
“Pentsatzen genuen onartuko zutela, beste aitortza batzuk ere izan direlako eta gure kasua argi xamar zegoelako: argazkien froga genuen, medikuen txostenak...”, azaldu dio ARGIAri Jon Arangoa ilobak. Istanbuleko protokoloaren baldintza zorrotzak bete behar izan dituzte neba-arrebek, besteak beste, psikologoen aurrean gogorarazi dute orduan gertaturikoa. Egun horietan, Juantxo eta Pako anaiak ere atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta azkeneko hori ere torturatu egin zuten Tolosan, arreba ondoan zuela. “Prozesu gogorra eta nekeza izan da guztientzat”, esan du Jon Arangoak.
Zazpi pertsona gehiago, torturaren biktima
Nafarroako Torturatuen Sareak abian jarritako ikerlana izan da biktima izaera eskatzeko akuilu senideentzat. Sare horrek torturatuen kopuruak eta kasuak biltzen dihardu eta, tartean, Arangoarena ere landu dute, Nafarroan garai hartan poliziek eta guardia zibilek militante politikoei eta herritarrei egin zizkieten tortura ugarien barruan.
Lehen aldiz, Nafarroako erakunde batek Arangoa ofizialki aitortu du biktima gisa –Kriminologiaren Euskal Institutuak EAErako egindako txostenaren bidez aitortza “sinboliko” bat izan zuen– eta erreparazio ekonomikoa eman die senideei. Batzordea osatzen duten kideek "aho batez" hartu dute erabakia, hedabide honek eskuratu ahal izan duen erresoluzioan irakurri daitekeenez.
Gainera, beste sei kideri ere biktima izaera hori aitortu die batzordeak: Iñaki Beorlegi (1973an torturatua), Purificación Galarza (1979an torturatua), Javier Pérez de Obanos (1981ean eta 1987an torturatua), Pedro De Miguel (1994an eta 2004an torturatua), Ane Buitron (1995ean torturatua) eta Mikel Soto (2002an torturatua).
Aitortza bai, justiziarik ez
Arangoa atxilotu zutenean Tolosara eraman zuten Leitzatik, ez Iruñeko koartelera, zegokion moduan. Hango buru zen Jesús Muñecas guardia zibilen kapitaina, torturatzaile ezaguna. Muñecas Argentinako kereilan auzipetu zuten, baina inoiz ez da zigortua izan eta kondekorazioak ere jaso izan ditu. Gaur egun 86 urte ditu.
Aitortza iritsi da, baina justiziarik egingo al da? Galdera horri ezkor eta argi erantzun dio Jon Arangoak: “Justiziarik ez da egin, ez dugu hori bisualizatzen. Oinarriak jarri behar dira halakorik berriz pasa ez dadin, baina ez dugu esperantzarik inolako aurrerapausorik emango denik alde horretatik”.