Vidaurreri aurre


2025eko abenduaren 8an - 08:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Iruñetik kanpo Mercaderes kalea entzierroagatik baino ez da ezaguna izango, baina 18. zenbakian duela urtetatik zein hilabetetatik bizi garenontzat zeozer gehiago da: gure bizitokia. Ikusteke dago, hala ere, gutxi barru ez ote den guretzako ere entzierroko souvenir denden kale batean bihurtuko. Apirilean, gutako berrienek alokairu-kontratua sinatu eta hiru astera baino ez, eraikinaren jabe den Vidaurre Group enpresak eraikina saltzeko asmoa eta gure etxetik alde egiteko beharra jakinarazi zizkigun. Bizilagun askok gure etxeetan geratzea erabaki eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuarengana jo genuen laguntza eske. Horrela jakin genuen ez genuela zertan gure bizitokia utzi, jabeak eraikina salduta ere, gure iraupen luzeko kontratuek indarrean jarraitzen zutelako. Hau da, enpresaren “joan egin behar zarete” horren atzean “zuek joatea nahi dugu” bat ezkutatzen zen. Berandu baino lehen jakin genuen, gainera, gure bizitokiek pisu turistikoetan bilakatzeko lizentzia urte hasieran eskuratu zutela.

Turistentzako ostatu bihurtzen den pisu berri bakoitza etxebizitza bat gutxiago da hemen bizi garenontzat. Transformazio horrek gure auzoa kontsumoarentzako parke tematiko bilakatzen du

Enpresarekin hainbat aldiz elkartu ondoren, irailean ultimatum bat jaso genuen: haien eskaintza onartu edo jabeak zer egin ikusi beharko zuen. Eskaintza ukatuta, zer egitea erabaki zuen deskubritu genuen. Denbora gutxira, eraikineko hezetasun batzuk konpontzeko obrak hasiko zirela jakinarazi ziguten, zenbat iraungo zuten esan gabe. Obrak hasi bezain laster, igogailua zerbitzuz kanpo utzi eta atariko pareta zulatu zuten, eta ataria hondakinez beteta utzi. Egun horretatik aurrera, langileak ez dira apenas agertu eta obra geldituta geratu da, igogailua bera eta gure ataria oztopatzen duten hondakinak bezain geldi. Obrek “jarraitu” duten bi hilabete hauetan, bizilagunak eskailerak erabiltzera behartuta egon gara –gutako batzuk seigarren solairuraino–, eta baita etxeko atariko hondakinen gainetik ibiltzera ere. Hori gutxi balitz, eraikinaren jabeak bere eginkizunak betetzeari utzi dio eta, ondorioz, hainbat bizilagunok hilabeteak daramatzagu ur berorik gabe.

Argi dugu gure kasua ez dela bakarra, eta gure inguruko jende askok bere borroka partikularra duela etxebizitzaren auzian. Pisu turistikoen ugaritzea gure bloketik haratago doa, eta langile klasea auzoetatik kanporatzen ari da alokairuen prezio igoeraren zein ohiko etxebizitzarako eskaintza murriztearen bidez. Turistentzako ostatu bihurtzen den pisu berri bakoitza etxebizitza bat gutxiago da hemen bizi garenontzat. Transformazio horrek gure auzoa kontsumoarentzako parke tematiko bilakatzen du, eta eguneroko bizitza gero eta prekarioagoa bihurtzen da eta kalitatezko etxebizitza baterako sarbidea gero eta zailagoa da.

Horregatik guztiagatik, datozen protesta deialdiekin bat egitera gonbidatu nahi ditugu Alde Zaharreko bizilagunak zein elkartasuna adierazi nahi duen pertsona oro. Hurrengo mobilizazioa abenduaren 13an 18:00etan izango da, Errekoletak Plazan. Sistemak babesgabetasun eta isolamendura bultzatzen gaituen bitartean, antolatzea besterik ez zaigu geratzen. Iruñean bizitzeko eskubidea dugulako.

Mercaderes 18ko bizilagunak

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude