Vidaurre eraikitzaileak Iruñeko Mercaderes 18ko maizterrak bota nahi ditu

  • Irati Sorbet eta bere bi pisukideak 2024ko maiatzetik bizi dira eraikinean. 11 etxebizitza ditu eta gaur egun bost pisutan 11 bizilagun bizi dira bertan. VDR eraikuntza enpresarena da eraikina eta alokairu turistikorako etxebizitzak egin nahi ditu bertan. Geratzen diren bizilagunak enpresaren presio gogorra jasaten ari dira bertatik alde egin dezaten.

Bizilagunek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak egindako prentsaurrea egoera salatzeko. Gedar

2025eko abenduaren 12an - 11:43
Azken eguneraketa: 15:15
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Apirilaren 27an hasi zen dena, itzalaldi orokorraren egunean, VDRko langile batek bilera batera deitu zituen bizilagunak eta esan zien eraikina saldu egin behar zutela, eta alde egin behar zutela. Irati Sorbetek dioskunez, berehala idatzi zieten gainerako bizilagunei: “Bota nahi gaituzte! Eta aipatu genuen inork ez zezala ezer sinatu”. Ekainean jakin zuten pisu turistikoak egin nahi zituztela.

Kanporatzearen aurkako borroka Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak lagunduta egiten ari dira Mercaderes 18koak. Sindikatuko kide Ainhoa Mendiluzek dioenez, “VDRk eraikina 2019an erosi zuen eta dagoeneko baziren alokairuak. Lehenago ere pisu turistikoak ziren, Avenida Hotelak kudeatzen zituen 2012tik, baina VDRk pandemian alokatu egin zituen, 2025ean pisu turistikoak lortzeko baimena lortu zuten, eta orain horrela gaude”.

Bizilagunek bizi duten amesgaiztoaren bigarren jausia irailaren 10ean hasi zen. VDRk esan zien hezetasunak zirela eta obra batzuk egin behar zituztela atariko pareta batean. Urrian hasi ziren lanak, sarrerako pasabideko pareta bat pikatu zuten eta sortutako zaborrak hantxe bertan utzi zituzten. Harrezkero hiruzpalau aldiz joan dira langileak, baina ezer gutxi egin dute Iratik dioenez, zaborrak bertan utzi zituzten eta bizilagunak zaborren gainetik pasa behar dute.

“Agian igogailua izorratuko zaizue”

Irailean, halaber, Fernando Vidaurre enpresariarekin ere bildu ziren, lehen aldiz, eta eskaintza ekonomiko bat egin zien eraikinetik alde egiteko: “Ezetz esan genuen”. Presioak apurka gora egin du. Udan auzokide batzuk ur bero gabe gelditu ziren, baina jabeak ez die konpondu, eta ur hotzarekin ari dira orduz geroztik. “Igogailua ere izorratu da, eta ni 6. pisuan bizi naiz –dio Iratik–. Maiatzeko lehen bilera hartan VDRko langileak ohartarazi zigun; ‘agian igogailua izorratuko zaizue’”.

Obren iraupenaren informaziorik ez diete eman eta VDRko egoitzara egoera salatzera joan diren guztietan ez diete inongo kasurik egin. “Bistan da, guztia joateko presioa da”, dio Iratik. Eta neurri batean helburua lortu dute, sei pisuetako bizilagunek alde egin baitute. Orain bost pisu geratzen dira.

Prentsaurrekoa eta Vidaurreren haserrea

Egoera ikusita, azaroaren 3an bizilagunek prentsaurrekoa eman zuten Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak lagunduta. “Batetik, gure egoera salatu nahi genuen, zehazten du Sorbetek, baina egoera baliatu nahi genuen ere Alde Zaharrean bizi den egoera salatzeko”. Auzoko eragile ugarik salatu dute, eta oso aspalditik gainera, auzoa hiriko aisialdiaren parke tematikoa bihurtzen ari dela, turistifikazio prozesu bat ematen ari dela, eta horrek herritarrentzat etxebizitza kopurua urritu eta garestitzen duela. ARGIAn ere erreportaje zabala egin genuen gaiaz duela urte batzuk.

Fernando Vidaurreri ez zitzaion batere gustatu prentsaurrekoa eta oso haserre deitu zion Sorbeti: “Oihuka eta mehatxu eginez, oso modu txarrez. Esan zidan han esandakoak gezurra zirela eta albistea argitaratutako hedabideei ere deitu ziela gezurtatzeko. Bi egunetan sekulako antsietatea izan nuen. Beste batean, beste bizilagun baten farmaziara ere joan zen, oso zakar, eta hari ere mehatxu egin zion, farmazian paperak jarriko zizkiola... ‘Badakit familia duzula Almerian, zuek ikertzen ari naiz...’, esan zion maizterrari".

Legez, baina, kanporatu ditzake VDRk bizilagunak? Etxebizitza Sindikatuko Mendiluzek dioenez ez: “Kontratuak zazpi urtekoak dira eta VDRk legalki ezin du ezer egin epe hori amaitu arte, bizilagunei bizitza izorratu baino, horiek alde egin dezaten. Bizilagunek nekea nabaritzen dutela dio Sorbetek, baina, oso batuta daudela ere azpimarratzen du: “Alde Zaharreko auzokideen sostengu handia sentitzen dugu eta horrek indarra ematen digu. Azaroaren 14an auzoan asanblada bat egin zen gaiaz hitz egiteko –gureaz eta beste batzuen arazoez– eta jende piloa joan zen, jendeak bere egoeraz hitz egin zuen, eta guk ere berotasun handia sumatu dugu”.

Etxe turistikoen arazoa

Mendiluzeren esanetan, Mercaderes 18ko arazo honek laguntzen du ulertzen Alde Zaharrean zer gertatzen ari den: “Azken finean, hori adibide bat besterik ez da eta. Eslava kalean abuztuan ireki zuten bloke turistiko bat eta San Agustin kaleko 5.enean ere badute eraikinean etxe turistikoak jartzeko lizentzia. Eta gero Unzu dago, auzoko proiektu turistiko handiena, 233 bat apartamentu turistiko izango dituena. Hori guztia gaur egun Iruñean 200 eta piku pertsona kalean bizi direnean eta etxe ugari hutsik daudenean”.

Sorbeten esanetan, hilabete hauetan aritu dira bilatzen etxeak alokairuan, bai Alde Zaharrean, bai Iruñean oro har, “eta halako bat eskuratzea zein zaila den ikusi dugu. Prezioak oso garesti daude eta urteetarako ez da alokatzen”. Mendiluzek gaineratzen duenez, “jabeek nahiago dute ikasleei alokatu, eta gero sanferminetan eta udan turistei. Kalkulatzen da alokairuaren errentagarritasuna %15 dela eta, ondorioz, gero eta gehiago inbertitzen da alokairuan. Era guztietako prezioak etengabe igotzen ari dira eta horrek sektore pobretuenak auzotik kanporatzen ditu”.

Bitartean, eraikitzailearen presioa gainean eta Alde Zaharreko bizilagunen sostengua aldean dutela, Merkaderes 18ko bost pisuetako bizilagunak euren aldarrikapenari eusten diote: kontratua amaitu arte euren etxeetan bizi nahi dute.

Bizilagunei sostengua emateko eta Alde Zaharraren turistifikazioa salatzeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak manifestazioa deitu du larunbat honetarako Iruñean. 18:00etan abiatuko da Errekoleten Plazatik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza Turistikoak
2024ko azaroaren 6
Lurraldea eta arkitektura
Oinordetzan

Eguneraketa berriak daude