Lourdes Mendinueta

"Errefuxiatua izatea erraietan bete ezin duzun hutsune bat etengabe sentitzea da"

  • “Aupa gizona, jeiki mutil, atzar emazte ta neskatil...”.

Sustrai Colina
2013ko ekainaren 09a
"Jendeak ez daki zer bizi izan dugun, zer falta zaigun, zer esperantza dugun".Dani Blanco

Etxean politikaz hitz egiten zenuten?

Sekula ez. Gogoan dut behin, lehengusina eta bioi, “zuek galtzaileak zarete!” egotzi zigutela. Ezin ulerturik, amari parte eman nionean, “eta beraiek zer arraio irabazi dinate ba!” asaldatu zen. Zurtuta gelditu nintzen. Horiek dira amari politikari buruz inoiz entzun dizkiodan hitz gogorrenak. Gurean ez zen horri buruz hitz egiten. Pentsa, pasadizo horren harira ikertzen hasi eta aitona hiltzera eraman zutela eta herritar baten esku-hartzeak libratu zuela jakin genuen. Kalean eta batez ere eskolan arnasten genuen politika. Eskola Nazionaletan ibili arren, gure maistrak gerla denboran Arbizutik ihes egin behar izan zuen, beste emazte batzuen gisan, ilea moztuta herrian umiliatu nahi zutelako. Historiako klaseetan, “¡mentira, mentira!” oihukatzen zion bere buruari, eta berak bizi izandakoa kontatzen zigun. Bestalde, ikurrina bat zeraman Oldarra dantza taldearen postala gordetzen genuen klasean. Bagenekien debekatuta zegoela, isilik ibili behar genuela, baina ordurako jakitun ginen ikurrina zela gurea, euskaldunak ginela. Zorte izugarria izan genuen maistra harekin. Atera kontuak, eskola berean, gure anaia atzamarretan erregelarekin kolpatzen zuten euskaraz egitearren.   

Ikasketak bukatu eta gau-eskolen munduan sartu zinen.

Hori ikasi arren, ez nuen enpresa kudeaketa eta ekonomia arloan lan egin nahi. Euskaltzaindiko titulua atera eta Iruñeko Arturo Campionen hasi nintzen. Orduan ez zegoen AEKrik, gau-eskolak ziren. Baztan, Sakana edo Iruñerria bezalako eskualdeetan nahiko ongi antolatuta zeuden, baina Nafarroa koordinatu gabe zegoen. Beste herrialdeekin harremanak sendotu eta AEK sortu genuen. Ni izan nintzen Nafarroako lehen liberatua. Autobusa hartu eta Tuterara, Sartagudara, Lerinera, Lizarrara... joaten nintzen bertakoekin bildu eta sarea ehuntzera. Ordurako lan anitz egiten zen baina inork ez zuen auzokoaren berri. Beldurraren beldurrez Sartagudako klaseak klandestinoak zirela esanda, dena esanda dago, ezta?

Gogoan duzu alde egin behar izan zenuen eguna?

Gaua zen, euria goian behean, eta Iruñean klasea ematen ari nintzela nire lagun baten bila joan zirela abisatu zidaten. Ikasleei ariketak jarri, irteteko arazo pertsonal bat argudiatu eta ez nintzen itzuli. 1981a zen, Tejeroren estatu kolpea gertatu berri. Banekien itzulera ez zela erraza izango, etxeratzerako urte batzuk pasako zirela, baina nola pentsatuko nuen 32 urte berantago oraindik Arbizura ezin joanik segiko nuela? Aurrera jo eta borrokatzeak merezi zuela sinetsita nengoen, eta gainera, beldur nintzen poliziak torturatu eta espetxeratuko ninduela. Ez nuen dudatu, Iparraldera etorri nintzen.

Espero zenuena atzeman zenuen bertan?

Edonora iristen zarelarik ere integratu behar duzu. Horrek ez du esan nahi zure sustrai, kontzientzia, pentsamolde eta identitateari uko egin behar diezunik. Alderantziz. Ezin duzuna da kanpotar baten gisan bizi, bertakotu gabe, bertakoez paso eginez. Murgildu behar zara, bertakoekin bizi, bertako hizkuntza zeureganatu... Ez da samurra, ordea, norbaiti errefuxiatua zarela esatea. Batzuk fite jartzen dizute gurutzea. Orain irekiagoak gara, baina orduan ghetto moduko batzuetan bizi ginen. Heldu berritan, gure munduan ere jende anitzek ez zekiela euskaraz eta beste asko alfabetatu gabeak zirela jabetu nintzen, eta iheslari eta errefuxiatuentzat ikastaro trinkoak antolatzeari ekin genion. Bidarraien egin genuen lehena, eta Zuberoako Indauze-Mendin bigarrena. Bertan geundela desagerrarazi zituzten Lasa eta Zabala, handik jakin genuen Kattu eta Txapelaren aurkako atentatuen berri, eta GAL-en itzalari aurre egiteko neurriak hartzen hasi ginen. Bi orduko zaintza txandak egiten genituen gauero, mendi-bide galdu haietan susmatzen genituen auto arraroak zerrendatzen genituen, baina ez zen aski izan: Tigre erail ziguten. Hurrengo asteak biziki gogorrak izan ziren, orotariko poliziengandik askotariko probokazioak jasan behar izan genituen, eta beste ikastaro pare bat eman bagenituen ere, gerta zitekeenaz jakitun, barnetegiak bertan behera utzi eta Donibane Lohitzuneko AEKn hasi nintzen.

1986an, GAL desegin, baina Frantzia errefuxiatuak kanporatzen hasi zen. Korapilo estuena ere estutu liteke gehiago?

Ordura arte Frantziak paperak ematen segitzen zuenez, hiruzpalau hilabeteko kontua izango zela pentsatu genuen hasieran. Ez zen horrela izan. Gu badaezpada mendira oporretara joan ginen, eta alde batetik bestera berrien zain geundela, ohartu ginen jendea harrapatu ahala kanporatzen zutela. Ezkutatzea erabaki genuen, desagertzea. Urte batzuk egon ginen familiarekin inolako harremanik izan gabe: sei hilabete, zortzi hilabete, urtebete, komunikaziorik gabe. Ez genuen ez dokumentazio ez ezer. Etxeetan zulo batean sartuta bezala bizi ginen. Elkartasun handia jaso arren, espetxean egotea bezalakoa zen hura, ezin genuen horrela jarraitu. Hala, beste modu batera bizitzeko aukera izango genuelakoan, Ameriketara joatea erabaki genuen eta 1990ean Kubara iritsi ginen.

Zure historia ez da zurea bakarrik, zu bezala errefuxiatua den bikotekidearena ere bada, eta nola ez, Kuban izan zenuten alabarena.
Ordura arte, ez genuen sekula familia ekartzeko urratsik eman egoerak eragozten zigulako. Egonkortasuna falta zitzaigun, ez genuen lanerako aukerarik, lasai bizitzeko modurik. Hala ere, Kubara heldu ginenean, Euskal Herrira askoz lehenago itzuliko ginelakoan geunden. Gure familiak ez zekien non geunden, ez genuen harremanik. Pentsa, erditzear nintzela ere gurasoek ez zeukaten nire kokapenaren arrastorik. Halako batean, tropikoetako bero hezean izerdi patsetan nengoela, amak bidalitako haurdunontzako pana lodizko peto bat heldu zitzaidan! Urte neketsuak izan ziren. Hogei urtean, behin ikusi ditut gurasoak. Alabak, 18 urterekin Euskal Herrira lehen aldikotz etorri arte, behin baino ez zituen ikusi bere aitona-amonak. Hori bai, bikoteak bihotz-bihotzez desiratu dugu alaba, eta dena eman dugu zoriontsua eta Kuban murgildua bezain euskalduna izan zedin.

Nola bizi da norbere egoera pertsonala baldintzatzen duen egoera politikoa, itsasoaren beste aldean?

Hastapenean ez genuen Internetik eta biziki zaila zen. Hilean behin, 30-31 Egin iristen zitzaizkigun, baina jakina, denontzako ziren, eta eskutan hartzerako erabat iraungita zeuden. Gainera, sasoi hartan, Euskal Herrian egunero gertatzen zen zerbait, eta goizetik gauera aldatzen zen panorama. Radio Exterior de España ere entzuten genuen, baina probetxu minimoa ateratzekotan, dena iragazkitik pasa beharra zegoen, izenak ere oker esaten baitzituzten sarri. Zentzu horretan, Internet lortzea sekulako arnasa izan zen. Badakizu zer zen guretzat noiznahi Gara edo Berriaren webgunean sartu ahal izatea? Goizero, jaiki orduko, kafea hartu eta egunkariak irakurtzen nituen. Pentsa, alabatxoari amatxoren mimikak imitatzeko eskatzen ziotenean, kafea hartuz ordenagailua klikatzen irudikatzen ninduen. Albiste gose ginen, behar-izan bat zen.

Beti izan duzu garbi Euskal Herrira itzuli nahi zenuela? Kuban 20 urtez bizi izanak ez zizun bertan gelditzeko tentaziorik sortu?

Beti izan dut argi. Behin, bertako lagun batek “hemen ongi zaudete, lasai bizi zarete, alaba bat duzue...” konbentzitu nahi ninduen, baina zerbait eskas nuen, ez nengoen erabat trankil, eta Euskal Herrira itzuli arte ez dut benetako sosegu hori sentitu. Herri handira bueltatu naiz, sosegu oso-osoaz gozatzeko ordea, herri txikira joan ahal izatea falta zait. Kuban, lo hartu aurretik, gauero akordatzen nintzen herriaz, gurasoez, familiaz, lagunez... Alabarekin itsasoari so jartzen ginenero hatzarekin Euskal Herria seinalatzen nion, egun batean itzuliko ginela zin eginez. ET bezalakoa nintzen, egun osoa “ene etxea” gogoan.

Jendeak badaki iheslari bat zer den?

Jendeari iheslariaren bizitza ez zaio hain gogorra iruditzen. Ongi ikusten gaituzte, batzuk lanean, eta ez dute imajinatu ere egiten zer diren distantzia, herrimina, familiarekin ez egotea, lagunak ez ikustea, nahi duzuna ezin besarkatu ahal izatea... Jendeak ez daki zer den errefuxiatua izatea, ez daki zer bizi izan dugun, zer falta zaigun, zer esperantza dugun. Errefuxiatua izatea erraietan bete ezin duzun hutsune etengabe bat sentitzea da. Badakizu zerbait falta zaizula, ezinegonez bizi zara, etengabe hutsune hori betetzeko ahalegin mingarrian.

Jendarte honetan zer da paperik gabeko pertsona bat?

Lana aurkitzeko, etxe bat alokatzeko, sendagilearengana jotzeko... eskatzen dizuten aurreneko gauza izena da. Hona itzuli naizenetik harrituta nago bete behar den paper kopuruarekin, urrats txikienak eskatzen duen burokraziarekin. Edozertarako behar dituzu paperak. Edozertarako behar duzu kontu korronte bat, edozertarako erakutsi behar duzu zure txarteltxoa. Erabat kontrolatuta zaude, ezin duzu pauso bakar bat eman paperik agertu gabe. Harrigarria zait. Soldata kobratzeko, gizarte laguntzak jasotzeko, osasun arazoak konpontzeko... Denerako kontu korronte bat ukaitera derrigortzen zaituzte. Kontu korronterik ez daukazula esaten baduzu, dena zailtzen da, ezin duzu gabe bizi. Hala, badakite zer jaten duzun, nola janzten zaren, non ibili zaren... Dena. Lehen dirua patrikan bizi zen jendea. Pentsa, berriz Euskal Herrira itzuli arte ez dut sekula kreditu txartelik izan. Nahitaez erabiltzen ikasi behar izan dut. Ez zait ahaztuko lehen aldiz ezantza txartelarekin ordaintzen den postu automatikoan gizon bati nola funtzionatzen zuen galdetu behar izan genionekoa! “Nondik arraio atera dira hauek?!” pentsatuko zuen. Baina bai, guk ere birziklatze bat behar dugu, gu ez garelako horrela bizi izan, eta gu egon garen tokietan ez direlako horrela bizi.

Nola irudikatzen duzu Arbizu? Nola, itzuliko zaren eguna?

Uste dut ez nagoela hain galdua. Jendearekin egoteko parada izaten nuenean, etxez etxe pasatzen nuen herria bataz eta besteaz galdezka. Orain, hurbilago nagoenez, jendearekin harreman gehiago daukat, eta Udalaren webgunearen bidez herriko etxeei erreparatzen diet, ezagutzen ez ditudan auzo berriei. Egiari zor, beste herri bat dirudi baina nik berdin-berdin ikusten dut, itzuliko naizen eguna geroz eta hurbilago ikusten dudan gisan. Badakit joango naizela, une hori biziko dudala. Ez dakit noiz izango den, ez dakit nola, baina gustatuko litzaidake inori ezer esan gabe isil-isilik joan, etxeko tinbrea jo, eta sorpresa ematea.

Hainbeste urteren ondoren, ikusten duzu zure burua Arbizun bizitzen?

Etxera itzuli nahi dugula diogunean ez gara baitezpada bertan bizitzen jartzeaz ari. Guk gure herriko edozein txokotan ibili eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Ez besterik. Nik, pertsonalki, espero dut berriz Arbizun bizi ahal izatea, bertako biztanle eta herria aurrera ateratzeko partaide bat gehiago izatea. Niretzat pertsonek merkantziek baino gehiago balio baitute. Ez dut nire burua diru asko duen jendearekin konparatzen, nahiago dut lagunez aberatsa izan eta harreman horiek elikatuz bizi. Egia da, herria dugu arnas, eta nik ez daukat herriarekiko esker ona besterik.

Nortasun agiria

1958ko otsailaren 12an sortu zen Arbizun. Enpresa eta ekonomia arloko ikasketak egin zituen Oñatin, eta Nafarroako AEK-ko lehen liberatua izan zen, 1981ean Iparraldera ihesi joan behar izan zuen arte. Bertan urte gogor batzuk pasa eta Kuban hartu zuen lur 1990ean, antzeko egoeran zegoen bikotekidearekin batera. Hogei urtez hantxe bizita, orain hiru urte itzuli ziren Lapurdira, Arbizura bueltatzeko ametsa egunetik egunera hurbilago dagoela sinetsita.

Medioetatik at

Geroz eta garbiago daukat: kazetariok ez gaude medioetan agertzen ez den jendea elkarrizketatzeko formateatuta. Elkarrizketa proposamenari “hau niretzako marroi bat da!” erantzuten digutenean hitzik gabe geratzen gara, galdera eta erantzunen arteko isiltasunak urduritzen gaitu, elkarrizketatuaren pudoreak gure lekuan jarri... Baina zer nahi duzue esatea, bizitzaren harribitxiak medioetatik kanpo daude.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Euskal gatazka

Euskal gatazka kanaletik interesatuko zaizu...
Presoen aldeko oihua

Urteroko zita bihurtua da jende askorentzat urtarrileko manifestazioa. Lelo batekin ala bestearekin, milaka lagunek baliatzen dute urtez urte euskal preso politikoen korapiloa askatu beharra sentitzen dutela erakusteko. Urteetako immobilismoaren ostean, Frantziako gobernuak 25 eta Espainiakoak 11 preso hurbildu dituzten arren iaz, egoera berriz ere geldirik dela salatu dute antolatzaileek. “Ez dugu ez ulertzen ez onartzen”, adierazi dute.


2019-01-17 | ARGIA
Sare
"Grande-Marlaskaren hitzak zuhurtziaz hartzen ditugu, ez datoz bat ekintzekin"

Preso, iheslari eta errefuxiatuen eskubideen aldeko Sare Herritarrak, sakabanaketaren inguruan Espainiako Gobernuko Barne sailburuak egindako adierazpenei erantzun die, eta Bilbo nahiz Baionako manifestazio jendetsuen ostean, euskal presoak hurbiltzeko "urgentziaz eta prozeduraz" hitz egiteko beharra azaldu du.


2019-01-16 | ARGIA
Kote Cabezudoren aurkako lehen epaiketan, lau urteko kartzela eskaera berretsi du Fiskaltzak

Argazkilaria dela baliatuz, beretzat posatzen zuten emakumeez abusatzea, haiek sexualki erasotzea eta haur pornografia eta iruzurra egitea leporatzen diote, besteak beste, Kote Cabezudo argazkilariari. Auzi nagusitik eratorritako salaketa bati heldu diote asteazken honetako saioan: biluzik dagoen emakume baten argazkia sare sozialetan publikatu izana.


Angela Davisek euskal preso politikoei babesa adierazteko baliatu du eman behar zioten sari bat kendu izana

"Palestinako preso politikoak babesten ditut, babesten ditudan bezala egungo Euskal Herriko preso politikoak, Kataluniakoak, Indiakoak eta munduko beste hainbat lekutakoak", adierazi du, New York Timesen irakur daitekeenez.


Euskal presoen eskubideak defendatzeko aldarri egin dute milaka lagunek Bilbon eta Baionan

85.000 lagun inguru bildu dira larunbatean Bilbon eta Baionako manifestazioetan. Euskal presoen eskubideen defentsan, hitza betetzeko eta ekiteko eskatu diote Frantziako eta Espainiako Gobernuari.


ARGAZKIAK | Milaka lagunek "orain presoak" aldarrikatu dute Bilbon eta Baionan

Beste urte batez, milaka lagun bildu dira Baiona eta Bilbon euskal preso politikoen alde deitutako manifestazioan. Goiburua "Orain Presoak" izan da. Bilboko argazkiak Dani Blancoren eskutik, Baionakoak Ibai Arrietaren lana.


Harkaitz Cano Jauregi
Errealitatea baino egiazkoagoa

Twist (Susa, 2011) argitaratu zuenetik nobelarik publikatu gabe zegoen Harkaitz Cano eta hura bezain indartsua den apustu batekin itzuli da: Fakirraren ahotsa (Susa, 2018). Imanol Larzabal zenaren bizitza fikzionatu du, joan-etorri eta gorabehera handiko lau hamarkadaren erretratua eginez. Donostian elkartu gara berarekin, liburuak eragin dizkigun galdera sorta bat eskuan.


2019-01-11 | ARGIA
Plaza Hutsa tailerra
"Ezkerreko independentismoak herrigintzan egin dezakeen ekarpenaz" tailerra larunbatean Durangon

"Ezkerreko independentismoak herrigintzan egin dezakeen ekarpenaz jarduteko plaza irekia". Horrela definitu dute Plaza Hutsa izeneko tailerra. Urtarrilaren 12an egingo dute Durangoko Landakon, goizean 10:00etan hasita. Ezkerreko independentistei zuzenduta dago. Izena eman behar da parte hartzeko.


2019-01-11 | Mikel Asurmendi
Frantziako Justizia ministro Nicole Belloubet
"Presoen politika Frantziako Justiziak kudeatzen du, ez beste inork"

Frantziako Gobernuaren politika aldaketa nabaritu zen iaz, Espainiako politikaren aldean behintzat. Espainian ez bezala, euskal preso politiko andana aurreratua izan dira Euskal Herritik hurbil diren espetxetara.


Larunbatean Bilboko eta Baionako manifestazioetara batzeko dei egin dute, bake integrala lortzea "denon ardura" baita

Bi manifestazioak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira, La Casillatik eta Errepublika plazatik. “Elkarbizitzarako ezinbestekoa da ezberdinen batasuna”, adierazi dute Orain Presoak dinamikako kideek.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude