Jose Manuel Pagoaga 1962an sartu zen ETAn, 18 urterekin, eta garaiko gertakari asko bizi izan zituen. 1979an bere aurkako atentatua egin zuen BVE Batallón Vasco Españolek; larri zauritu zuen.
Arrasaten (Gipuzkoa) jaioa 1944an, Baigorrin (Nafarroa Beherea) bizi izan da Jose Manuel Pagoaga 'Peixoto' militante abertzale historikoa. 18 urterekin sartu zen ETAn, 1962an. Erakundeak bigarren batzarra egin zuen urte hartan, eta barne egituraketa 1965ean hasi zuen, IV. Biltzarrarekin. Hortaz, garai erabakigarri eta konplikatuak ezagutu zituen Peixotok.
Kontzientzia politikoa etxetik zetorkion Peixotori. 1936ko Gerrako kontuak amak kontatu zizkion, amaren anaia zortzi urtez kartzelan izan zen, euskaraz bizi ziren etxean... Honela kontatu zuen 1982ko irailean ARGIAn, elkarrizketa batean, ETAn sartu zeneko kontzientzia politikoaz galdetuta:
Ideologia baino, intuizio batzuk ziren, halako tripako min bat. Badaukat eta badaukat. Ez duzu galdetzen zergatik, baduzu. Euskaldunak ginen, gerraren halako oihartzun batzuk entzunak genituen, gurasoen eta senideen arteko eztabaidak ere bai, bagenekien euskaldunak gerlan parte hartu zutela... Labegeriren kantak ere orduan hasi ziren zabaltzen gure herrietan, eta izugarrizko lana egin zuten. Baina gorputz ideologikorik ez genuen, ezta gutxiago ere.
Formazio politikorik ez zuen, baina. 14 urte bete arte ez zen eskolara joan, baserriko lanetan ibili zen beti, eta 18 urterekin sartu zen ETAn, ETAren Zutik aldizkariaren bidez. Formazioa ETAk emanda jaso zuen, hala nola erakundeak emandako Franz Fanonen Los malditos de la Tierra liburuarekin. Honela zioen elkarrizketa hartan, ETAn egiten zuen hasierako lanaren inguruan.
Garai hartako giroa nolakoa zen esplikatuko dizut. ETAn, sartu ginenean propaganda zabaldu eta pintaketak egiteko eskatu zitzaigun, baina baita ere kaptazio lana egiteko. Nola bilatu berriak, nola hasi? Gure inguruan so egiten genuen eta ikusten bagenuen mutil bat jatorra eta itxurakoa eta euskalduna eta hau eta hura... galdera klabe hau aurkitu genuen, hona gure deskubrimentua: "Hi, entzun dok sekula Euskadi?" Baietz erantzuten bazen, aurrera eta jeneralean ondo ateratzen zen. Ezetz erantzuten bazuten, eta askok erantzuten zuten ez zekitela, "bo, ez lasai, nire tontakeria bat dok eta eztik inporta!". Hori da hastapenean ezagutu genuen giroa.
"Kaptazio" lanaz aparte, "herria girotzeko zeregina" zuten Peixoto eta aldamenekoek. Hainbat enparantza eta horma pintatu zituzten, dirua biltzeko festak antolatu, beste jaialdi batzuk boikoteatu... 1964an atxilotu zuten lehenbizikoz, 1968tik 1971ra Ekuadorren egon zen misiolari, eta handik bueltan sartu zen Ipar Euskal Herrian. Erakundearen adar militarrean aritu zen, besteak beste, Eustakio Mendizabal Txikia, Txomin Iturbe eta Jose Miguel Beñaran Argala-rekin.
Besteak beste, Peixotok Xibertako (Angelu, Lapurdi) elkarrizketatan hartu zuen parte. Aurretik, Espainiako armadako ordezkariekin ere aritu zen negoziaketan. 1979an, BVE Batallón Vasco Españolek atentatua egin zuen haren aurka, eta larri zauritu zuen, batez ere ikusmenari eraginda.
ETAtik kanpo, iheslarien kolektiboko eledun ezaguna izan zen, eta gero, Herri Batasunaren hautagaitzan aurkeztu zen Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, 1987an. 1993ko apirilean, prozesatua izan ondoren, Baigorrira itzultzeko baimena eman zioten.