Non idatzi?

Duela hainbat urte Londresen bizi zen eta izenik ezin gogora diezaiokedanez John deituko dudan idazle ingeles bat ezagutu nuen, Granadako Los Faroles kafe-koba mitikoko terraza zaharrean. John ni baino hogeita bost urte nagusiagoa zen, burusoila, zozoaren mokoa oroitarazten zuen sudurra zuen eta hainbat liburu argitaratuak zituen ordurako.

Aurkeztu gintuen lagun komunak idazle bezala anuntziatu ninduenean Johnek galdetu zidan zertaz, noiztik eta non idazten nuen. Ez dut gogoan terrazako mahaian ohiko koaderno txikia eta boligrafo zarpaila nirekin neramatzan, baina baliteke hala gertatu izana, ondo oroitzen baitut jaurti zuen esaldi kategorikoa, adinak eta esperientziak ematen zion autoritatetik: “Ezin ditut ulertu kafetegietan idazten duten idazleak. Ezin da eleberri on bat izkiriatu halako lekuan”. Eleberrigilea baitzen John, ez dut dudarik munduan barreiatutako kafe literarioetan dirdira egindako autoreen ezagutza bazuela, nahikoa eta sobera izan ere.

Dozenaka dira idazle sonatuak aterpetu dituzten kafetegi mitikoak munduan zehar. Hiri biren adibideak soilik jartzearren, Buenos Aireseko Cafe Tortoni aipa nezake, non Alfonsina Estorni, Juana de Ibarbourou edo Jose Luis Borges batu ohi ziren, edota Pariseko Deux Magots eta Café de Flore ezagun bezain estudiatuak, zeinetatik idazle eskerga iragan zen. Beharbada, garai batekoa hobea delako sentipenarekin bizi zen John, eta nahiz iraganekoen aintza errekonozitu, ez zegoen egungo idazle kafetarren alde, iruditzen baitzitzaion alferlana zela hauena, bai, behintzat, etxeko idazle langile seriosen aldean.

Makina bat ordu sartutakoa naiz kafetegietan koadrozko koaderno narrasak betetzen, gertatuak gerta, idazten jardutearen erabakiaren ondorioz. Saiatuagatik aurrerabide eskasagoa izan nuen tabernetan, alkoholaren eraginpean idatzitakoek zakarretarako bidea egiten baitute gloria unetik esnatu eta gutxira, nire kasuan, beti.

Urteak dira kafetegietan idazten ez dudala. Idazle gai berriak ibiliko dira nire lekuan. Hortik zehar irudikatzen ditut bigarren kafea ordaintzeko dirurik gabe, kikarako kondarra koilaran jaso eta hura milikatuz, literaturak berak zurrupatuak batzuk, literaturaren ideiak, bestetzuk, poeta bihurtuz lehenengoak eta poema bigarrenak. Maite ditut izakiok beren baitara barneratzen direnean. Bakartze literarioaren apologia egin nahi gabe eta bohemiaren anestesian lokartu gura gabe, bai eta idazletza ezeren gainetik ez ezeren azpitik jartzeko asmorik gabe, maite dut beren jarduna, bilaketaren jardun pribatu publiko bihurtua. Kafetegietako burrunba distrakzio amaigabez mukuru dagoen abarrotsa dateke zenbaitentzat, baina terrazen publikotasunak adoretu egiten dituenak ere badira, bizitzaren abailak kutsaturik edo.

Johnek Los Faroleseko terrazan ezagutu ninduenean nire zerbait eraman zuen berarekin eta ez zen, zehazki, bere baieztapenaren onespena izan. Nire izen euskalduna aditu orduko, idazten ari zen eleberriko protagonistari Iratxe ipiniko ziola erabaki eta hala deklaratu zidan. Pena dut haren deitura ez gogoratzea nire izeneko protagonistadun eleberria eskuratzea ezintzen baitit oraingoz, nahiz topatuko dudan egunen batean, ziur. Interesgarriena da nire izenaren prestamuak agerian utzi zuela kafetegiak eta terrazak baliagarri direla, modu batera edo bestera, bai literaturarako, bai literaturarentzat eta bai literatur egileentzat.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude