Legediaren erruleta

  • Online jokoak (Internetek) ez du mugarik. Europak bai. Eta muga adina interes, interes adina lege. Araudi saltsak nahasturik ditu apustu etxeak, apustuzaleak eta, bereziki, estatuen monopolioa babestu nahi duten arduradun politikoak.
Poker partida birtuala.
Bartzelona eta Manchester United futbol taldeek iaz jokatu zuten Txapeldunen Ligako finalak 45 milioi euro mugitu zituen Betfair apustu-etxean. Rafa Nadal eta Robin Soderling tenislarien arteko Roland Garros txapelketako partidak, 18 milioi euro.

Interneteko kirol-apustuek geroz eta jende (diru) gehiago erakartzen dute. Berdin pokerrak eta kasino jokoek. Espainiako Estatuan, apustu-etxeek 200 milioi euroko irabaziak lortu zituzten 2008an –beste zero bat gehitu orotara mugitu zen diru kopurua kalkulatzeko–. Irabazi horien parte bat estatuak jaso beharko luke, baina Suitza, Malta eta Gibraltar bezalako paradisu fiskaletara doa. Edo enpresa horien egoitza fisikoak dauden herrialdeetara: Britainia Handia, Austria... Espainian online jokoa ez baitago araututa. Frantzian (oraingoz) ere ez.

Erregulaziorik ez izateak esan nahi du, batetik, Interneteko apustu-etxeek fiskalitate txikia duten herrialdeetara desbideratuko dutela jokoan dagoen diruaren parte handi bat. Baina bada beste zerbait. Bai sektoreak, bai apustuzaleek, segurtasun handiagoa izango lukete online jokoa arauturik balego Hala adierazi digu Laura Guillot Espainiako Internet Apustularien Elkarteko (AEDAPI) bozeramaileak: “Plataforma ezagunenak seguruak dira. Bwin-ek adibidez akordioak ditu online jokoen operadoreak ordezkatzen dituen EGBA erakundearekin, Austriako legediaren menpe dago, burtsan kotizatzen da, lizentziak ditu Gibraltar edo Maltan... Baina badira beste enpresa batzuk hainbesteko bermerik eskaintzen ez dutenak. Online jokoa arautuz gero, errazagoa litzateke webgune horiek identifikatzea”. Orduan, zergatik ez dute arautzen?

Galdera bakarra nahikoa izan da Laura Guillotek abiadura hartzeko. Egoeraren analisi zehatza egin digu ordubetean, eta ezin guztia hona ekarri. Gaiari buruzko informazio gehiago jaso nahi baduzue, bere blogera jo dezakezue.

LAE, jokalekua prestatzen

Egoera dirudiena baino korapilatsuagoa dela dio, ezkutuko interes asko dagoela. Erregulazioak hiruzpalau aurkari ditu: sektore tradizionalaren lobbya (Cirsa, Codere...); LAE (Loterías y Apuestas del Estado) eta neurri apalago batean ONCE; eta autonomia erkidegoak edo, zehazkiago, “euren inkonpetentzia”.

Bere hitzetan, sektore tradizionalak uste izan du erregulaziorik ez badago, kanpoko enpresentzat Espainian sartzea zailagoa izango dela. “Ez da hala”, adierazi digu, “Interneti ezin zaizkio mugak jarri”. Dena den, bakarren batzuk erreakzionatzen hasi dira. Cirsa eta PartyGaming konpainiek, adibidez, Azartia.com plataforma aurkeztu zuten hilaren hasieran.

Bien bitartean, Espainiako Gobernua ere mugitzen ari da, baina isilpean, partida irabaziko duela sumatu arte ez baita arriskatuko. Espainian, joko publikoa, estatuak (LAEk) zuzenean kudeatzen duena, Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren esku dago. Pribatua arautzea, aldiz, autonomia erkidegoei dagokie. Eta halaxe ari dira, bakoitza bere aldetik. 1990eko hamarkadara arte, joko pribatua Barne Ministerioak kontrolatzen zuen, haren menpe zegoen Jokoaren Batzorde Nazionalaren bitartez.

Joko pribatuaren kontrola erkidegoen eskuetara pasa eta denbora gutxira, artean bakoitza bere lekua bilatzen ari zenean, Internet agertu zen. Eta hura, noski, ezin zen auzoka egituratu. Erkidegoek, “ezjakintasunagatik eta sektore pribatuaren presioengatik”, ez dute online jokoa arautzeko deus egin, ezta Madrilek eta EAEk, 2007an apustu-etxeen jarduna erregulatu eta merkatu berrietara zabaltzeko aukera sortu zenean ere.

Politikarien ezjakintasuna

2008ko ekainaren 18an, Ogasun eta Barne ministerioetako, LAEko eta erkidegoetako ordezkariak Bartzelonan bildu ziren, zer eta nola erregulatu erabakitzeko. “Orduan esan nuen elkarrekin bazkaldu eta argazkia ateratzeko besterik ez zirela elkartu, eta asmatu nuen”, dio Guillotek. “LAEk erkidegoei esan zien lasai egoteko, prestatuko zuela berak zirriborroa. Politikariek, ezjakin hutsak direnez, LAEren esku utzi dute ardura hori, errealitatean euren lehiakide denean”.

AEDAPIko bozeramailearen iritziz, aurrerapausorik eman ez izanak ez du esan nahi LAE lozorroan egon denik. Aitzitik, joko-mahaia bere neurrira prestatzen aritu da, iazko ekaina baino dezente lehenagotik, gainera. Duela bi urte Informazioaren Gizartea Sustatzeko Legea (LISI) onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta han jasotakoak beteko zituela hitz eman zuen, besteren artean, Interneteko joko eta apustuak arautzeko Lege Proiektua aurkeztuko zuela. “Adarra jotzen ari dira. Legearen zirriborrorik ere ez dute aurkeztu oraindik. Erritmo honetan, 2012ra arte ez da ezer egingo”, azaldu du Guillotek.

Frantzian, polemikarekin baina aurrera

The Economist aldizkariak online jokoak Europan bizi duen egoera zoroari buruzko artikulua plazaratu zuen iragan uztailean. Hark ere argi dauka: hainbat herrialdek inposatutako debekuak estatuaren esku dauden monopolioak babestea du helburu, Espainiako LAE eta ONCE –Ministro Kontseiluaren menpe dago– eta Frantziako Française des Jeux (loteriak) eta PMU (zaldi-lasterketak), adibidez.

Frantzian, Europar Batasuneko beste hamalau estatutan eta AEBetan bezala, online jokoa oraindik legez kanpoko jarduera da. Duela bi aste, ordea, Nazio-Biltzarrak merkatua liberalizatu eta arautzeko lege proiektua onartu zuen –senatuan eztabaidatuko dute orain–. Tira, Gobernuak dio “liberalizatu” egingo dela, baina sektore pribatuaren ustez haren monopolioa babesten jarraitzeko besterik ez du balio lege proiektu horrek. Hala uste dute AEDAPI, EGBA eta RGA (Urruneko Jokoaren Elkartea) erakundeek. Gobernuaren lizentzia berezia lortu eta Frantzian sartuko liratekeen apustu-etxe atzerritarrek, %15-%20ko erretentzioa izango lukete. Alegia, sariek jokoan dagoen diru-kopuruaren %80-%85 ordezkatuko lukete, kopuru txikiegia, sektorearen ustez. Eric Woerth Aurrekontu ministroak adierazi du ez daudela prest zorte-jokoek estatuari ematen dizkioten 5.000 milioi euroak apurka kuzkurtzen joateko.

Ez da hori, ordea, Frantziako lege proiektuak sortu duen polemika bakarra. Kirolak, bazter guztiak zipriztintzen dituen fenomeno “espekulatiboak” –Guillotek definitzen duen moduan–, ika-mikaren erdira egin du salto.

Nazio-biltzarrak proposatu du joko-operadoreek zuzenean –bitartekaririk gabe– ordaindu beharko liekeela kirol taldeei, euren inguruko apustuak eskaintzeagatik, “kirolaren zintzotasuna bermatzeko” ezinbestekoa ei den baldintza. EGBAk esan du ez dagoela arazorik kirol-erakundeei ordaintzeko, baina zuzenean egitea ez dela egokiena. Erakunde horren ustez, gobernua izan beharko litzateke, operadoreak zergapetu ostean, diru-sarreren parte bat kirol taldeei eman beharko liekeena.

“Politikariek diote kontsumitzaileak defendatu nahi dituztela, ludopatia sustatu baitezake online jokoak. Baina legearen beste aurpegiak euren hipokrisia erakusten du”, dio The Economist-ek. “Europan zein AEBetan, lekuan lekuko monopolioek baimena dute Internetez apustuak zabaltzeko, enpresa atzerritarrek debekaturik dutenean”.

LAEk eta ONCEk adibidez Internetez jokatzeko aukera eskaintzen dute. “Gainera, enpresa pribatuek ez bezala, nahi bezainbeste publizitate egin dezakete”, ohartarazi du Guillotek.

Elkarrizketaren amaieran, hedabideok ere jokoan sartuko garela esan digu. “Tira, jada ari zarete sartzen”. Hasieran ez diogu ulertu zer esan nahi duen. “Informazioa oparitzen ari zarete, accomoditya. Publikatutako albisteen inguruko apusturik zergatik ez duzue eskainiko? Aurreikus daitekeena oinarritzat duen merkatua zirraragarria da. Dirua egiteko modua da, Interneten, paperean zein telebistan”. Gogoan hartuko dugu.
Poker jokalaria
“Interneteko itsasoan, dena galtzen da; erregulatuta ere, nola kontrolatu?”
Online jokoen nondik norakoak ezagutzeko, bere izena ez agertzea nahiago duen 32 urteko gipuzkoar batekin izan gara. Kirol apustuetan denbora batez aritua, pokerrak harrapatu du orain.

Partida kontrolpean duenaren ironiarekin erantzun die gure galderei: “Ez dut uste nire iritzia poker jokalari arruntarena denik; askok dibertsioagatik jokatzen dute, eta nik ez, nik diruagatik jolasten dut. Eta dirua irabazten dibertitzen naiz. Diferentzia dago jokoaren ikerketari eskaintzen diozun denboran. Nik ikasi egin nahi dut; beste batzuk, ezer irakurri gabe, zuzenean hasten dira diruarekin jokatzen. Emaitzak nabariak dira, nik orokorrean ez dut sekula dirurik galdu, eta galduko banu jokatzeari utziko nioke. Erabiltzaile gehienek, ordea, dirua galtzen dute”.


Zein webgunetan aritzen zara pokerrean?


Poker etxe askotan aritu naiz, eta gustukoenak Full Tilt Poker eta Poker Stars ditut.

Zergatik horietan? Seguruagoak dira, irabazi handiagoak lor daitezke…?


Software onena beraiena da, eta asko jokatzen dugunok kontutan izan behar dugu hori. Gainera, horiek dira poker etxe handienak; beti dauzkazu mahai-joko mordoa aukeran, edozein ordutan. Handienak direnez, batzuetan suertatzen da norberaren taldetxoan aurkari eskas bat edo beste topatzea, eta haren dirua zure kontura pasatzea eskertzekoa da.


Zein autokontrol mekanismo hartzen dituzue diru gehiegi ez jokatzeko… galtzeko?


Pokerrean Bankroll-aren Gestioa deitzen zaio. Dokumentazio ugari dago horri buruz. Daukazun diru guztia mahai batean jokoan ipintzea aukera oso txarra da. Zure kontutik desagertzea gehiegi axola ez zaizun kopurua jarri behar da jokoan, galdutakoa berreskuratu ahal izateko adina diru gordeaz. Daukazun diruaren araberako aurkari egokiak aurkitzea da kontua. Eta mailarik baxuenean ere dirua galduz gero… partxisak ere bere emozioa badu! Askok ez dituzte oinarrizko arauak jarraitzen, eta nigatik hobeto dute denek horrela jarraitu.


Nork ezartzen ditu joka daitezkeen diru kopuruen mugak?


Norberak aukeratzen du zein mahaitan jolasten duen. Mahai bakoitzean maila bereko jokalariek jokatzen dute… edo beharko lukete. Aurkarien maila, gutxieneko apustuak ezartzen du: 0,02 dolar, 0,50, 2, 5, 10, 50… Eta Sit and Go edo txapelketetan, izen-emateak: dolar bat, 3, 5, 10, 100, 500, 1.000… Portzierto, eurotan joka daitekeen taxuzko poker etxe bat egotea eskertuko nuke, daudenak nahikoa tristeak dira eta.

Behin irakurri nuen poker etxe batek ez ziola utzi jokalari bati hilabete horretan diru gehiago sartzen. Antza, tipoak ez zekien pokerrean jokatzen, eta mailarik baxuenean hasi beharrean, semi-profesionalen artean ari zen, bere dirua mahaiko tiburoiei oparitzen ari zela konturatu gabe. Hori ez da sarri gertatzen, baina…


On-line jokoaren legedia ezagutzen duzu? Badakizu Espainian ez dagoela erregulatuta…


Poker etxe gehienak Bahama, Gibraltar, Liechtenstein eta horrelako lekuetan daude alta emanda. Hala da, Espainian ez dago arauturik, eta topatuko balute webgune bat zuzenean Espainiari eskainita dagoena, bere aurka joango lirateke, horretarako baimenik izango ez lukeelako. Interneteko itsasoan, ordea, dena galtzen da. Erregulatuta ere, nola kontrola dezakete? Nik Trinidad eta Tobagon alta emandako poker etxe batean joka dezaket nire etxetik eta dirua Gibraltarreko banku batera pasa. Zer arraio egin dezake gobernuak? Teknologia lege eta mugen aurretik doa beste behin ere.

Poker etxeek sekulako kontua dute hanka sartzerik ez egiteko. Erakunde bat dago poker etxeen softwarea-eta kontrolatzen dituena, eta taxuzko etxe guztiek dute haren oniritzia, bestela akabo. Inoiz hanka sartzen badute, poker etxeek azkar asko ematen dituzte argibideak, eta beharrezkoa bada dirua itzuli, lehia handia baitago euren artean. Baten batek ospe txarra hartzen badu, erabiltzaileak beste norabait pasako dira.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Apustu etxeen gorakada
2023-02-08 | Jon Torner Zabala
Osasuna futbol taldeak akordioa egin du beste apustu etxe batekin

Letoniako Olybet apustu etxearen izena ez da Osasunako jokalarien kamisetetan agertuko, ezta, besteren artean, estadioko euskarri fisikoetan edo telebista-iragarkietan ere, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua dela-eta.


2022-09-05 | ARGIA
Joko patologikoari aurre egiteko gida plazaratu du Jaurlaritzak

Joko arriskutsua goiz antzemateko eta prebenitzeko gidaliburua gazteei eta haien ingurukoei zuzendurik dago. "Jokoarekin lotutako arazoak edozein pertsonak izan ditzake, baina, bereziki, eurak dira kolektibo kaltebera", Eusko Jaurlaritzaren hitzetan.


2022-02-16 | Leire Artola Arin
Joko areto kopurua murriztuko dute eta horietara sarbidea kontrolatuta egon beharko da aurrerantzean

Indarrean sartu da Eusko Jaurlaritzak eginiko jokoaren lege berria EAEn. Aurrerantzean, apustu etxeek ikastetxeetatik gutxienez 150 metrora egon beharko dute, eta bi joko aretoren artean 500 metroko distantzia errespetatu beharko dute.


2021-10-28 | ARGIA
Jaurlaritzak jokoaren erregulazioa "gogortuko" du, "joko patologikoari aurrea hartzeko"

Lau ataletan sailka daitezkeen aldaketak egingo ditu datorren hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzak jokoaren erregulazioan: aretoen arteko eta ikastetxeekiko distantziak mugatuko dira, baita areto kopurua ere, horietara sarbidea kontrolatuko da, eta publizitarearekin lotutako... [+]


Apusturako deia, langileen auzoetatik

Haritik Hirira lantaldeak agerian utzi du apustu etxeen eta horien kokalekuaren arteko harremana, auzo batzuen eta besteen arteko bereizketa nabarmenarekin; horiek mugatu eta arautzeko beharraz ohartarazi dute Asajer errehabilitazioan diren Arabako jokalarien elkartetik.


Eguneraketa berriak daude