Konfinamenduan kirol-apustuek behera, pokerrak eta kasinoak gora

  • Ausazko joko eta kirol-apustuen publizitatea geroz eta mugatuagoa dagoenean, on-line jokoaren kontsumoak gora egin du alarma-egoerak baldintzatutako hilabeteotan.


2020ko azaroaren 04an - 09:21
Kirol-apustuek behera egin duten bezala, gora egin dute pokerrak edota kasino-jokoek.

Espainiako Gobernuak asteartean, hilak 3, onartu du ausazko jokoaren publizitatea eta on-line apustuak arautzen dituen errege dekretua. Hala, telebista, webgune edota irratiek soilik goizeko 1:00 eta 5:00ak bitartean emititu ahal izango dituzte joko-operadoreen iragarkiak. Gainera, iragarkiotan ezin izango da azaldu pertsona ezagunik, telebista aurkezle eta kirolariak, esaterako. Bestalde, enpresek ez dute bezero berriak erakartzeko ongietorri-bonoak eskaintzerik izango. Kontsumo Ministerioaren hitzetan, helburua da sektore zaurgarrienak babestea, adin txikikoak, gazteak eta menpekotasunak dituzten herritarrak.

Nabarmentzekoa da dekretuak kirolaren munduan izango duen eragina, futbolean eta saskibaloian bereziki, jokalarien kamiseta edota estadioetako euskarrietatik desagertu egin beharko direlako joko-operadoreen izenak, zeintzuk talde profesional askoren babesle nagusiak diren. Behin BOE buletin ofizialean argitaratu ostean, ezingo dira sinatu dekretuak jasotzen dituen neurriekin bat ez datozen kontratuak. Indarrean diren kontratuak 2021eko abuztuan eten beharko dira.

Pokerraren eta kasino-jokoen hazkundea

Duela hilabete, jokoaren inguruan egindako agerraldian, Alberto Garzón ministroak azaldu zuen alarma-egoeran joko eta apustu kopuruak gora egin duela, eta eragina handiagoa dela auzo pobreenetan: "Zonalde batzuetan errazagoa da egoera ekonomikoa txarra baldin bada, egun batetik bestera egoera konpon daitekeenaren mezua txertatzea".

Ludopatia Online webgunean, Espainiako Estatuan jokoak izan duen igoerari heldu diote, Joko Antolaketarako zuzendaritza Nagusiaren 2020ko bigarren hiruhilekoari dagokion txostenari tiraka, azpimarratu ostean konfinamenduak ekarri dituen antsietate egoerengatik, arrisku handiagoa dagoela herritarrak jokoaren edota beste edozein substantzia/produkturen menpe erortzeko.

Datuei dagokienez, badira bi gauza nabarmendu beharrekoak. Batetik, taberna eta joko-aretoak itxita egon direnez, joko presentziala gutxitu egin da. eta on-line jokoa aldiz hazi. Bestetik, kirol txapelketa batzuk bertan behera geratu direnez, kirol-apustuen kopurua ere izugarri jaitsi zen aipatu epean. Ordainetan, gora egin dute pokerrak, erruletak eta kasino jokoek.

On-line jokoaren kasuan, operadoreek 208 milioi euro gordin (GGR) –jokalariei ordaindu beharrekoa eta ongietorri-bonoak aintzat hartuta– irabazi zuten hiru hilabetean, 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta %17,71 gehiago.

On-line operadoreen irabazi gordinak 2020ko bigarren hiruhilekoan / Iturria: Espainiako Gobernua

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Apustu etxeen gorakada
2023-02-08 | Jon Torner Zabala
Osasuna futbol taldeak akordioa egin du beste apustu etxe batekin

Letoniako Olybet apustu etxearen izena ez da Osasunako jokalarien kamisetetan agertuko, ezta, besteren artean, estadioko euskarri fisikoetan edo telebista-iragarkietan ere, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua dela-eta.


2022-09-05 | ARGIA
Joko patologikoari aurre egiteko gida plazaratu du Jaurlaritzak

Joko arriskutsua goiz antzemateko eta prebenitzeko gidaliburua gazteei eta haien ingurukoei zuzendurik dago. "Jokoarekin lotutako arazoak edozein pertsonak izan ditzake, baina, bereziki, eurak dira kolektibo kaltebera", Eusko Jaurlaritzaren hitzetan.


2022-02-16 | Leire Artola Arin
Joko areto kopurua murriztuko dute eta horietara sarbidea kontrolatuta egon beharko da aurrerantzean

Indarrean sartu da Eusko Jaurlaritzak eginiko jokoaren lege berria EAEn. Aurrerantzean, apustu etxeek ikastetxeetatik gutxienez 150 metrora egon beharko dute, eta bi joko aretoren artean 500 metroko distantzia errespetatu beharko dute.


2021-10-28 | ARGIA
Jaurlaritzak jokoaren erregulazioa "gogortuko" du, "joko patologikoari aurrea hartzeko"

Lau ataletan sailka daitezkeen aldaketak egingo ditu datorren hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzak jokoaren erregulazioan: aretoen arteko eta ikastetxeekiko distantziak mugatuko dira, baita areto kopurua ere, horietara sarbidea kontrolatuko da, eta publizitarearekin lotutako... [+]


Apusturako deia, langileen auzoetatik

Haritik Hirira lantaldeak agerian utzi du apustu etxeen eta horien kokalekuaren arteko harremana, auzo batzuen eta besteen arteko bereizketa nabarmenarekin; horiek mugatu eta arautzeko beharraz ohartarazi dute Asajer errehabilitazioan diren Arabako jokalarien elkartetik.


Eguneraketa berriak daude