Fernando Txueka

"Elkano Errenazimenduko gizona izan zen"

  • Biografia klasikoetan Juan Sebastian Elkanoren irudi ohikoa ematen da: marinel ausarta eta konspiratzailea, Magallanesen heriotzarekin gidaritza hartu zuena etxera itzultzeko. Baina zer du egiatik horrek? Elkanok informazio zabala behar zuen izan itsasoaz, eta nautika menderatu.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2008ko urriaren 05a
Fernando Txueka

Elkano itsasgizonaren bizitzaz gehien dakien pertsona ginekologoa da. Fernando Txuekak (Getaria, 1954) mantala eranzten duenean paper zaharretan eta dokumentu digitalizatuetan jartzen ditu begiak. Urteak daramatza Getariari buruzko dokumentuak biltzen; “lan nekeza” bere hitzetan. “Ni ez naiz ibili zuzenean Elkanoren atzetik, Getariako historia ikertu nahi izan dut” dio, bale arrantzaz argitaratutako azken artikuluaren orriekin jolastuz.

Edonola ere, ia nahigabean, bertako seme ospetsuaren aditu bihurtu da, eta Juan Sebastian Elkanoren bizitzaz hainbat hipotesi egiteko adina informazio bildu du. Marinel unibertsalaz iraganetik iritsi zaizkigun topikoak gainditzen dituen balizko teoriak dira bereak.

Wikipediak Magallanesen espedizioan parte hartu zuen “arrantzale” gisa aurkezten digu Elkano.

Historiagile askok Elkano tratatu dute pertsonaia arrunta balitz bezala, arlote xamarra, zakarra eta gerlaria. Nik uste alderantzizkoa zela. Badakigu elkanotarrak XVI. mendean merkataritzan aritu zirela Mediterraneo osoan. Euskaldunak Atlantiko eta Mediterraneoaren arteko lotura ziren, monopolioa zuten, eta beraien zamaontziak Espainiako erregearen esku utzi zituzten gerra garaian.

Elkanok barkua saldu omen zuen genoarrekin zor batzuk kitatzeko. Gero, ezkutuan ihes egin zuen Magallanesen espedizioan. Horrela al da?

Horretaz ari naiz. Carlos enperadoreak agindu zuen horrelakorik ezin zela egin, ontzia saldu, eta gutxiago etsaiari. Liburu askotan azaltzen denez, Elkano ezkutuan ibili zen Magallanesekin joan arte. Baina zer dokumentutan oinarritzen dira hori esateko? Nik ez dut ikusi. Espedizioa portugaldarra zen, baina Espainiako erregeari eskaini zioten Portugalgoarekin desadostasunak zituztelako...

 

 

Orduko deslokalizazioa?

Bai, azken finean enpresa bat zen. Baina portugaldarrei kontrapisua egiteko beste lekuetako jendea erroldatu behar zen, eta jakina, Sevillako Kontratazio Etxean gehienak euskaldunak zirenez... Seguruena horrela sartu ziren Elkano, Akurio eta beste hainbat euskaldun espedizio horretan, botere faktiko bezala.

 

 

Asko dakigu episodio horietaz, baina gutxi bere gaztaroaz. Garaiko gizona izan al zen?

Elkano Errenazimenduko gizona zen, inguruak eragin zion. Ikusi besterik ez dago garai hartarako zein liburu zituen: geografiakoak, kosmografiakoak... Gaur egun inkunableak dira, ez ziren edonon erosten.

 

Pertsona globalizatua zen?

Pentsatu Amerika aurkitu berria zela, portugaldarrek Afrika inguratu zuten... eta Leonardo da Vinci, Lutero, Kopernikoren teoria heliozentrikoa... Horiek denak Elkanoren garaikoak dira. Nola zekien horrenbeste Elkanok? Galdera horri erantzuten saiatzen ari naiz; ohiko topikoen deskribapen historikoak egitea gauza berdinei bueltak ematea litzateke.

 

Elkanok jaso du munduari bira ematearen fama. Baina berarekin hainbat euskaldun ibili zen eta horietaz ezer gutxi dakigu. Ez al zaizu injustua iruditzen?

Elkanorekin gertatzen dena zera da: historiagile askok euskaldunei leporatzen diote Magallanesen heriotza eta horregatik diote Magallanesek ez ziela derrotarik (norabiderik) eman Moluka irletan hil zenean, beretzat gorde zuela. Orduan, zu jarri zaitez Moluketan. Eta Borneotik barrena, sekula ibili gabeko uretan, portugaldarrak atzetik dituzula, esaten duzu: “etxera joango gaituk”. Berak hori egin zuen. Munduari bira emateko izan zuen balore eta gaitasuna sekulakoa da, horrek ematen dio indarra Elkanori.

 

 

Ez zaigu bidaia horren egutegi edo dokumenturik geratzen?

Begira [ordenagailuko pantailan digitalizaturiko paper bat erakusten du]: El libro que trajo la nao victoria de las amistades que hicieron con los reyes de Maluco. Liburu hau hutsik dago. Norbaiten artxiboan al dago gordeta? Historia politikoa egiterakoan –espainolek historia politikoa egin baitute– gorde egin al dute?

 

Munduari bira eman zion lehenengo pertsona, getariarrentzat harro egoteko modukoa da. Baina hortik harago, zer garrantzi izan zuen Elkanoren balentriak?

Elkanoren espedizioaren itzulera lorpen ikaragarria izan zen nautikarako, orduko teoria guztiak baieztatu zituen eta bide komertzial berria ireki. Valladoliden enperadoreak armarria eman zion eta Getariara bueltatu zenean garaiko gizonik ospetsuena zen.

Bigarren espediziorako Europako pertsona aberatsenek dirua jarri zuten eta Elkanok bere ingurukoak hautatu zituen bidaiarako: hiru anai, koinatua, lagunak... Berak zekien norabidea eta berak aberastasuna ziurtatzen zien, Amerika eskaini zien.

 

Bai, baina lehenengo bidaiatik 17 baino ez ziren itzuli. Esan nahi dut arrisku handiko enpresa zela.

Bigarrengoan 450 lagun joan ziren eta denak hil ziren, Urdaneta eta Areiza izan ezik. Izugarrizko hondamendia izan zen. Baina hor bada beste kontu bat. Elkanok ez zuen soilik Moluketara joan nahi, Catay eta Cipangora ere joan nahi zuen, iparraldera.

 

Zer esan nahi duzu? Urdanetari Elkanok pasa ziola Ameriketara iparraldetik (tornaviaje ezaguna) itzultzeko informazioa?

Hipotesi bat egiten badugu, baliteke. Urdanetari ez zitzaion hori bat-batean bururatu, Elkanoren laguntzailea zen eta informazioaren ondoan egon zen. Pertsona argia denak...

 

Orduan, normala da pentsatzea Elkanok bigarrengo espedizioan Amerikara itzultzeko asmoa zuela, Urdanetak gero egin zuen bezala...

Hori da nire zalantza. Zaila da esatea, baina etorkizunean Elkanori buruzko azterketa guztiak Urdanetarekin lotu beharko ditugu. Euskaldunak Ternuara hegoaldetik joan eta iparraldetik etortzen ziren, Atlantikoko ur korrontea jarraituz; litekeena da pentsatzea Pazifikoan berdin gertatzen zela.

 

 

Ekainean hitzaldia eman zenuen Elkanoz eta haren jaiotetxeaz. Zer dakigu bere ondorengoez?

Elkanoren familia desegin egin zen, gizonezkorik gabe geratu zen eta umezurtzez josi. Gainera, diru guztia bidaia horretan jarri zutenez erabat txirotuta geratu zen. Horrela, dorretxearen hondakinak eskualdatzen joan ziren mendez mende.

 

Herritarren zeregina
“Elkanoren irudia mantentzea getariarren lana izan da beti. Izugarri polita da hori niretzat. Mende bakoitzean herritar bat izan da bere irudia berreskuratu duena: familiaren orubea erosi, plaka bat jarri, estatua bat herriko plazan... Gero, 1922an, mendeurrenaren ospakizunak etorri ziren eta gaur egun dagoen monumentua egin zuten. Hortik dator nik dudan memoria, gure aitonak mendeurren horretan parte hartu baitzuen marrazkiak egiten”.
Liburuak zaborretan
Gezurra badirudi ere Fernando Txuekak hamaika altxor aurkitu ditu etxeak erausitakoan geratzen diren hondakin eta zaborretan: “Gertatu izan zait XVIII. mendeko Kardaberazen liburu bat aurkitu izana, doktrina zaharrak, Lardizabalen edizio bat... eta tartean, Elkanori buruzko liburu zaharrak!”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Elkanoren mundu bira kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude