'Sin Límites' edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

  • Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko era guztietako kultur jarduerak egin dira. Horietako bat da Sin Límites telesaila, zabalpen handienetakoa izan duena.

Erakunde sustatzaileen webguneetan ibilbide azkar bat eginez gero, gertakarien konplexutasun historikoan sakondu beharrean, ia proposamen guztiak beren heroiak gehiago handitzera bideratu direla ikusiko dugu, bereziki Fernando Magallaes eta Juan Sebastian Elkano liderrak – areago esango nuke, horiek bakarrik–, eta era guztietako narrazio heroiko, patriotiko edo identitarioak indartzen jarraitzen duten kontakizun konbentzionalak azpimarratzen dira. Zoritxarrez, historia kontatzeko modu horrek, batez ere errege-erreginen eta aktore indibidualen biografietan oinarrituta idatzitakoak, gertakari sozialen garrantzia neutralizatzen du, eta alboratzen du, balentria partikularrez gain, bazirela baldintza politiko, ekonomiko eta materialak, pertsonen existentzia eta gertakarietan parte hartzeko arrazoiak zehazten zituztenak.

Espainiako Estatuan V. mendeurrenaren amaierako ekitaldi asko Sevillan egin dituzte, eta gehienek horrelako ospakizunen ohiko kanonak jarraitu dituzte, Fura del Bausen –nola ez ba– enegarren ikuskizuna barne. Oraingo honetan, ohiko parafernaliarekin, 500 kiloko sirena bat erabili zuten jasangarritasunaren eta planeta urdinaren enbaxadore gisa (ezin keinuren bat falta erretorika berdeari). Gainera, Sevillako Udalak, irudimen politikorik gabeko erakustaldi batean, Magallaes izena jarri dio bere kulturgune berriari. XVIII. mendeko eraikin historikoa da, 20.000 metro karratu dituena, antzinako “Artilleria fabrika” zen, interes arkitektoniko handikoa eta, gaur egun, birgaitzeko bidean dagoena. Egungo Europako kultura politikek eta estrategia ekonomikoek eskatzen dituzten helburu askori erantzunez, ekipamendua “Kultura eta Sormen industrien Ekintzailetzara” bideratuko da, ez beste inora. “Artilleria fabrika” jatorrizko izena onartzeak lotsa eman diela dirudi; izenak potentzia semantiko handia du, eta behartuko lituzke politika kulturalak aplikatzera, zeintzuek ausardiaz eta zorroztasun politiko, etiko eta estetikoz hausnartzera bultzatzen duten izenaren zentzu historikoari buruz eta egungo bizi-baldintza sozialei aurre egiteak ekarriko lituzkeen erronkei buruz.

Ziur nago salbuespenak egongo liratekeela orduko gertaera historikoak berriro kontatzerakoan ─batez ere ingurune akademikoan─, baina araua klixeak eta konbentzio narratiboak errepikatzea izan da. Duela hiru urte, ospakizunen hasieran, nire blogean Revolver la historia de héroes y naciones (Nazio eta heroien historia irauli) artikulua idatzi nuen, eta bertan azaldu nuen horrelako ekitaldiek historiaren ikuskera erromantiko eta heroikoari eusten diotela oraindik ere, eta uko egiten dietela haien konplexutasunari eta munduaren egungo konfigurazioan dituen inplikazioei.

Telesaioaren aurkezpen publikoa 2020ko otsailean egin zuten Madrilen, Espainiako Armadako Kuartel Nagusian. Argazkia: RTVE

Horrela ere gertatzen da komunikabideetan oihartzun handiena izan duen ikus-entzunezko produkzioetako batean, Sin límites. Hacia los confines del mundo seriean. Ekainean estreinatu zuten, TVEk – estatu mailako kate publiko bakarra– eta Amazon Prime Videok ekoitzita. Sei kapitulutan espedizioaren gorabeherak deskribatzen dituzte, eta tramak Magallaes eta Elkanoren gorabehera pertsonaletan zentratzen dira batez ere. Telesailak historiaren ikuskera mitologikoan sakontzen du, protagonista nagusien bizitza eta mirariak kontatzen dizkiguna, eta gertakari haiek egungo mundua irudikatzeko orduan duten garrantzi politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala ia alde batera uzten duena.

Hasteko, seriearen izenburuak berak azpimarratzen du munduaren kontzepzio “eurozentriko” jakin bat. Hau da, “erdigune” bat duen planeta bat, ezaguna eta nagusia dena, eta beste zati bat lurraren mugetan dagoena, menperatutako periferia urruna eta ezezaguna. Carlos I.a Espainiakoak –Gaztela, Aragoi eta Nafarroako koroak batuarazi ondoren horrela izendatua– hasitako ikuspegi inperialista eta koloniala da. Erromako eta Germaniako Inperio Santuko enperadore ere bazen errege hura nabigazio proiektu haren bultzatzaile nagusia izan zen, espezieen merkatua, lurren jabetzea, natura eta giza ondasunen erauzketa hedatzeko biderik onena aurkitzeko asmoz eta, hala, bere boterearen eragina handitzeko. I. Wallerstein-ek Mundu-sistema modernoa bere lan monumentalean xehetasunez kontatu zigun bezala, bidaia haiek, “aurkikuntza” edo “munduari itzuliak” gisa izendatutakoak, XVI. eta XVII. mendeetan monarkia absolutuak indartu zituzten itsas zeharkaldi eta espedizio komertzial handien parte ziren. Aurrerago, Europako estatuak sendotzeko aukera eman zieten monarkia horiei, eta aldi berean, beren irudi eta antzera, konkistatutako lurren mapak birmoldatu zituzten; eta ordena ekonomiko berri bati, kapitalismoari, bidea ireki zioten, zeinean ondasun trukea, kolonietako baliabide materialen ustiapena eta giza esplotazioa nagusitzen ziren, batzuen onurarako eta besteen kalterako.

Aurre emanaldia 2022ko ekainean egin zuten Madrilgo zinema batean. Telesailaren produktore Miguel Menéndez de Zubillaga bilbotarra, Simon West zuzendaria eta aktoreekin batera daude Espainiako Erregea, Defentsa ministro Margarita Robles, Armadako Estatu Nagusiko almirante buru Antonio Martorell eta Madrilgo alkatea, besteak beste. Argazkia: Espainiako Errege Etxea

Kultura industriarentzat askoz errazagoa da zenbait konbentzio narratibo azpimarratzea, erosoagoa baita pentsatzea historia ez dela erraz kontsumitzeko moduko sinplifikazio mitiko batzuk besterik. Hala ere, nire ikuspuntutik, mundu biraren mendeurreneko ekitaldietara hainbeste baliabide bideratu duten erakunde publikoek aukera baliatu ahal izan zuten, Estudios postcoloniales. Ensayos fundamentales (Ikasketa postkolonialak. Funtsezko saiakerak) liburuan Sandro Mezzadrak dioena parafraseatuz, ondorengoa saiatzeko: gertaerak oroitzea leku geografiko eta esperientzia historiko ugaritatik abiatuta, historia unibertsalaren ikuspegi bakar bat inposatzeko saiakerak ezegonkortu eta deszentratuko lituzketen askotariko begiradak gurutzatuz, estereotipo kolonial jakin batzuetatik askatzea ahalbidetuko liguketenak. Narratiba hegemonikoetatik aldenduta, Chimamanda Ngozi Adichiek El peligro de la historia única (Historia bakarraren arriskua) lanean gogorarazten digun bezala, historia ezin da osotasunetik idatzi, mundua osatzen duten askotariko zentroetatik baizik, bakar bat ere ezin baita gainerakoei inposatu.

Tamalez, oraingo honetan ere ez da horrela izan. Aitzitik, erretorika historiografiko konbentzionalaren klixeak nabarmendu dituzte berriro. Telesailaren zuzendaritza artistikoaren ikuspuntuak itsasontzietan jarri du narrazioaren fokua, nolabait ere, munduaren erdigunea irudikatzen duen plato bezala funtzionatuz, metropoli konkistatzailearen espiritu heroikoaren itsas metafora gisa. Gainerako lurraldeak eta paisaiak, telesailean nekez erakusten dituztenak, espazio exotiko huts bilakatuta, tramaren bigarren mailako lekuak dira, eta politikoki hutsalak. Aitzitik, seriean etengabe azpimarratzen dute mugarik gabe hedatzen den espedizioaren garrantzi militar eta estrategikoa (mugarik gabe ustiatu daitekeen planeta bat, historia globalari, kapitalismo estraktibistaren jatorriari eta kolonialismoari buruzko teoria jakin bat azpimarratzen duen ikuspegi narratiboa).

Horregatik espedizioko buruzagiak eta haien gizonak dira giza izaera duten telesaileko izaki bakarrak, Gaztelako gortean geratu ziren nobleziako protagonistekin batera, horien artean Magallaesen emaztea, haurdun zegoen eta, nola ez, senarraren ausentziagatik nahigabetuta. Beatriz de Barbosaren bigarren mailako pertsonaia telesaileko emakume ia bakarra da, ziur aski, aktore-zerrendan emakumeen gutxieneko kuota betetzeko. Ikuspegi politikotik kezkagarriena zera da, gainerako pertsonak eta haien bizilekuak –gehienetan ia izenik gabekoak– gidoiaren ezbehar hutsak direla. Are okerrago, ahotsik eta hitzik gabeko gizon eta emakume horiek, mehatxuzko gerlari ikusezin gisa irudikatu dituzte; edo basati hiltzaile; edo esklabo, masa beltz anonimoaren parte, animalien antzera kaiolan sartuta; edo emakume sexualizatuen edo –amodiozko trikimailuen bidez– idealizatuen gorputz gisa, arrotzen arteko harremanei buruz –itxuraz onartutakoak– ikuspegi erromantikoa proiektatzen dutenak, baita nabigatzaileen kultura, erlijioa eta ohituretara egokitzeko prozesu “boluntarioak” irudikatzeko ere.

Telesaila iragartzeko Getarian jarritako karteletako bat.

Zentzu horretan, Jauna hartzen ageri diren indigenen eszena adibide bikaina da erakusteko historiaren aldetik nola banalizatzen diren kolonizazio erlijiosoa, hibridazio kulturalaren prozesu luzea eta mestizajea. Horrelako narrazio sinplifikatzaileen bidez azpimarratzen dute periferia kolonialak eta hango biztanleak espazio ezezagun itxiak direla, ukitu gabeak, etnikoki garbiak eta kulturalki tradizionalak, Claude Levi- Straussek “historiaren eremu zaharrak” deitzen zituenak.

Mary Louise Pratt-en arabera, Modernitatea Ameriketatik lanean, une historiko horretan hasi zen “abentura euro-inperial” handia eta desberdinarekin topo egitea. Mundu Zaharreko europarrek XV. mendean lehen aldiz Mundu Berriko herri eta kulturekin topo egin zutenean, galdera bat egin zioten elkarri, eta ez zen izan, hain zuzen ere: ez al zarete seme-alabak edo anai-arrebak; ez al zarete alabak edo ahizpak?. Ez, galdera izan zen ea benetan gizakiak ote ziren; ea gure espezie berekoak al ziren; ea beste sorkuntza batetik sortu al ziren. Horrela planteatu ziren lehen aldiz Mendebaldeko diskurtso modernoan arraza desberdintasunaren auzia eta kristautasunaren boterearen jatorrizko teologiaren gaia. Mende luzez, haien anbizioa izan zen giza arrazaren bi sorkuntzak–haien artean elkargaitzak direnak– sailkatzeko sisteman bereizketa-lerro bitar bat ezartzea, eta erlijio kristauak arau moralen eraketan zuen nagusitasuna azpimarratzea.

Errepresentazioak ez dira inoiz xaloak, haiekin batera beti ekartzen dituzte subjektibazio-forma nagusiak ezartzen dituzten ikuspegiak, imajinario erreakzionarioak betikotzen dituztenak. Nahiz eta, zorionez, narratibitate mota hori, zuria eta Mendebaldekoa, zalantzan jartzen duten gero eta lan gehiago dauden (oraintsuko batzuk aipatzearren, Lucrecia Martelen Zama edo Raoul Pecken Basati guztiak sarraskitu), zinemaren industriak, oraindik ere, bere ekoizpen askotan, ikuspegi kolonial, arrazista eta patriarkalaren itzal luzea zabaltzen jarraitzen du. Indigenak agertzen diren Sin Límites-en irudiek ere kontakizun paternalista eta xenofoboa legitimatzeko joera dute, eta europar zuri zibilizatuek “bestearekin” izandako lehen topaketak azaldu zituzten lehen deskribapen historikoen oso antzekoak dira; Stuart Hall-ek “arraza, etnia eta nazioaren zoritxarreko triangelua” deitzen duena eratzen lagunduz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkanoren mundu bira
"Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatuko dute Gasteizen, Elkanoren mundu biraren urteurrenean

Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.


2022-09-06 | ARGIA
"Euskal Herri dekolonialaren alde egin nahi dugu lan"

Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio... [+]


2022-09-05 | Axier Lopez
Getariako eta Filipinetako lehorreratzeak, nork zer omentzeko?

Asteartean Elkanoren Lehorreratzea herri antzerki berezia egingo dute Getarian. Eusko Jaurlaritzak ezarritako jai egunarekin bat eta Elkano Cadizko Sanlúcar de Barramedara heldu zela 500 urte bete direla eta. Halere, ez da mundu bira horrek eragindako lehorreratze... [+]


Eguneraketa berriak daude