Getariako eta Filipinetako lehorreratzeak, nork zer omentzeko?

  • Asteartean Elkanoren Lehorreratzea herri antzerki berezia egingo dute Getarian. Eusko Jaurlaritzak ezarritako jai egunarekin bat eta Elkano Cadizko Sanlúcar de Barramedara heldu zela 500 urte bete direla eta. Halere, ez da mundu bira horrek eragindako lehorreratze bakarra, ehunka urtez Espainiako Inperioaren menpeko kolonia izandako Filipinetan ere gogoan dute Elkanoren bidaideen beste lehorreratze bat. Ondorengo pasartea Gure heroiak liburuan idatzitakoan oinarrituta dago.


2022ko irailaren 05an - 14:58

Getarian lau urtean behin Elkanoren lehorreratzea herri antzerkia antolatzen du udalak, herritarren parte-hartze handiarekin. Hala egin izan dute 1922tik hona, Mundu Biraren IV. mendeurrenaren ospakizunekin batera hasi baitzen “tradizioa”, Alfonso XIII eta Victoria Eugenia Espainiako errege-erreginak Getarian zirela.

Normalean abuztu hasieran herriko festen barruan ospatzen dute. 2022ko edizioari ukitu historikoagoa ematearren, irailaren 6ra –Elkano Cadizeko Sanlúcarrera iristearekin bat– mugitu zuten, nahiz eta lehorreratzean antzezten dena 1522ko irailaren 8an Victoria ontzia Sevillara iritsi zenekoa izan. Edonola ere antzezlanaren funtsa hauxe da: Getaria Sevillatzat hartuta, zizko eginda dauden 18 gizon Nao Victoriarena egiten duen belaontzi batetik jaitsi eta zonbien antzera elizaraino doaz, kristauen jainkoari eskerrak ematera. Ondoren, Elkano, gortesauen antzera jantzita, karroza batean Carlos I Espainiako enperadorearengana doa jendetzaren txalo artean, bost kontinenteak ordezkatzen dituzten bost emakumez –2018ra arte– inguratuta, munduari bira eman izanaren froga gisa. Afrikako ordezkaria beltzez margotuta luma batzuekin, Europakoa erreginen pare jantzita, eta horrelako estereotipoak dira nagusi. Elkanok Carlos I enperadoreari jakinarazten dio, haiek munduari bira ematen lehenak izateaz gain, pozgarri zaiola ohartaraztea “hango errege eta jauntxoek zuri [Espainiako erregeari] mendekotasuna adierazi izana”. Ondoren, udaletxe parera joan eta herriaren ohorea jasotzen du Elkanok herriko eta Gipuzkoako agintarien aurrean, Gora Elkano abestu bitartean.

Kanpotik ikusita, baten batek pentsa lezake Getarian, herritar gehienak abertzaleak eta euskaltzaleak izanik, ea kontraesanez bizi ote duten lehorreratzean Espainiako enperadoreari men eta ohore egitea. Baina horrelako sentsaziorik ez da. Getariarren artean oso barneratuta dago herri antzerkia eta Ozeaniaz, Elkanoz edo Amerikaz mozorrotuta parte hartzea “ohoretzat” hartu ohi dute. ETB1-ek zuzenean emititu izan du antzezlana eta 2018koan orduko Getariako alkateak adierazi zuen, lehorreratzea egun hunkigarria eta berezia dela getariarrentzat, eta guri dagokigula “ondorengoek ere jakin dezaten zer balentria izan zen Getariako semeak egindakoa”.

Lehorreratzea beti ez da Getarian egin. Adibidez, 1948an, frankismo betean, Donostiako portuan egin zuten, eta 1992an getariar batzuk 12.000 poliziaren zaintzapeko Expo-ra joan ziren eta Sevillan antzeztu zuten lehorreratzea, “Amerikaren aurkikuntzaren” V. mendeurreneko Espainiako ospakizun ofizialekin bat eginez; Euskal Herrian, Espainiako Estatuan eta Ameriketan milioika lagun eta ehunka herri mugimendu ospakizun umiliagarri horien kontra lanean ziren bitartean.

Aldaketa asko azken lau urteotan

2018ko edizioan EH Bilduko gobernuak zenbait aldaketa ezarri zuen lehorreratzearen izaeran. Adibidez, mugimendu feministak kritikatu izan duen alde bat: emakumeek kontinenteen ordezkariarena baino ezin zuten egin, beste rol guztiak gizonek egiten zituzten. 2018an lehen aldiz emakumeek parte hartu ahal izan zuten kontinenteetako ordezkari, lantzari eta karroza laguntzaile gisa, dozenaka urtetako bazterketaren ondoren. Eta, bestetik, gizonak ere kontinenteetako ordezkari gisa aritu ahal izan ziren. Pertsonaia historikoen paperak—Elkano eta tripulazio kideak—, aldiz, gizonezkoek bakarrik antzez ditzakete oraindik. Bigarren aldaketa zozketa bidezko hautaketak egitea izan zen. Lehen antolatzaileek aukeratzen zuten nork zer egin, eta askotan senide batetik bestera pasatzen zen ardura.

2022ko edizioari begira aldaketa gehiago gehitu diote. Orain arte 18 gizon jaisten ziren itsasontzitik, nahiz eta egiazki, ontzian 21 itzuli ziren. Beste hirurak historia ofizialak izen, izan eta jatorririk gabe utzitako “jatorrizko herritarrak” dira. Hiru “indigena” horiek gehitu dituzte lehen aldiz antzezlanean, eta bost kontinenteak pertsona bakarrak irudikatu baino multzoek egin dute, baita Elkanoren ama gehitu ere “bere lan, abilezia eta jakintza mahaigaineratzeko”. Aurtengo edizioa Bira bat, 100 mundu lelopean egingo da eta aldaketa esanguratsu gehiago gehitu diote. Adibidez, Artzapek jaso duenez, "Elkanoren bidaia irudikatze aldera, garai hartako munduko indigenak ordezkatuko dituzte, Ameriketako patagoiak, Afrikako Cabo Verdeko indigenak…"; eta amaierako pasartea erabat aldatuko dute, eta hala Elkanoren monumentu aurrean Espainiako Karlos V. erregearen gorazarrea kendu eta tarte hori “Elkano omentzeko eta mundu anitz bat irudikatzeko” erabiliko dute.

Laburbilduz, Getarian lehorreratzen eta omentzen direnak dira Sevillara bizirik heldu ziren Espainiako Enperadorearen agindupeko gizonak, hiru urtez munduan barrena bereak eta bi egin ostean. Baina Sevillakoa ez zen izan Elkanok eta enparauek egin zuten lehorreratze bakarra. Beste lehorreratze gehienetan ez zituzten txalo eta biba artean jaso, eta horietako bat da, hain zuzen, munduaren beste mutur batean antzezten dutena: Filipinetako Mactanen.

Hemen omendutakoen aurrean, erresistentzia

Dozenaka eta dozenaka herritarrek hartzen dute parte musika eta dantza oinarri dituen antzerki jendetsu batean Mactan irlako itsasertzean. Antzezten dutena da 1521eko apirilaren 27an Elkanoren tripulazio kideak irla horretan lehorreratu zirenekoa, hango herritarrak zigortzera, hiltzera, joan ziren, haien menpe jartzeari uko egiteagatik. Borrokaldia, ordea, ez zen europarrek nahi bezala atera eta Elkanoren hainbat armalagun hiltzeaz gain Magallaes kapitaina bera ere hil zuten. Garaipen hori eta europar kolonizatzaileei aurre egin zieten lehen jatorrizko herritar horiek dira filipinarrek beste lehorreratze horretan antzezten eta, batez ere, omentzen dituztenak. Ekitaldiaren une gorena da, Hollywoodeko filmetan protagonista onaren eta txarraren arteko azken borroka epikoen antzera, Magallaesen eta Lapu-Lapuren arteko dema. Amaiera jakina da: Magallaes desarmaturik lurrean dela ezpataz hiltzen du egungo Filipinetako heroiak, herritarren oihu eta txalo artean. Ondoren dantza egiten dute garaipena ospatzeko.

“Aginte kolonialaren aurkako garaipena” ospatzen dute gaur egun Mactanen. Europar kolonizatzaileen aurkako “indigenen erresistentzian” , oinarritu dituzte 500. urteurreneko ekitaldiak Filipinetan. Berriz ere, bakoitzak eraikitzen eta omentzen ditu bere heroiak, bakoitzaren interesen eta ikuspegiaren arabera. Baina historiaren zein alde ari gara hemen iraunarazten?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkanoren mundu bira
"Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatuko dute Gasteizen, Elkanoren mundu biraren urteurrenean

Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.


'Sin Límites' edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]


2022-09-06 | ARGIA
"Euskal Herri dekolonialaren alde egin nahi dugu lan"

Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio... [+]


Eguneraketa berriak daude