Maria Angeles Larrea: «Euskal Herriko historia irakasten lehena izan nintzen Deustun»


2021eko uztailaren 12an
Eta...
Hori ez jarri.

Baina, Maria Angeles, hori ere gure herriaren historia da!
Txikitan euskaraz egiten genuen, dena, baina gero, ikastera joan nintzen kanpora eta han ez nuen norekin berba euskaraz egin. Eta ahaztu egin zitzaidan asko.

Kanpora, Valladolidera.
Bai. Han egin nituen ikasketa orokorrak. Gero, Madrilera joan nintzen gehiago ikastera. Bost urte baino gehiago egon nintzen kanpoan eta, bai, etortzen nintzen etxera, baina erraztasuna galdu nuen guztiz! Ikasketak amaitu, doktoregoa egin... eta, gero, zelan umerik ez dudan ekarri, emakumearen sustapen lanetan hasi nintzen, ze Espainiako bazter guztietako jendea etorri zen Bizkaira orduko denboran. -Orain latindarrak datoz, baina orduan, galiziarrak, Extremadurakoak...-. Etortzen ziren eta ez zuten ezer: goian zerua eta behean lurra. Egon nintzen euren txaboletan ere. Oiloa ekarri zutela ikusten zenuen, arrautza jarri ziela. Horrela. Nik, neure buruari: «Hau konpondu beharra zegon, nortara edo hartara». Eta... a! Ikastetxe bat ere ireki nuen.

Ikastetxe bat?
Bai. Ikasketak amaitu eta aitak bere herrira eraman ninduen, Zornotzara. Alaba lizentziaduna zuela, eta erakustera. Alkatearekin topo egin genuen. Yarza izeneko bat. Gure aitak: «Hauxe da nire alaba. Filosofia eta Letretan lizentziaduna». Eta alkateak: «A!, eta horrek zertarako balio du?». Eta nik: «Kolegioa ipintzeko. Nik gura nuke beste lizentziatu batzuegaz kolegioa ireki hemen». «Gernikak, Durangok, Bermeok ez daukate, eta diozu guk eduki genezakeela?». «Bai, uste dut baietz, baimenak lortuz gero behintzat», nik. «Bada, udalak erabat lagunduko lizuke, hori zeharo inportantea da eta. Hemen ditugun umeak batxilergoa sasoiz ikasten hasteko. Aizu, eta zein izango litzateke zuzendari jauna?». Eta nik: «Bada, neu izan ninteke». «Zu?». «Bai, ni saiatuko naiz behar diren agiriak Valladoliden lortzen». Handik hamabost egunera deitu ninduen alkateak. Dardarka joan nintzaion, ez nekien zer esango zidan eta. «Zorionak! Badugu kolegioa egiteko baimena. Eta zorionak zuzendari andreari!».

Balendin Berriotxoa ikastetxea ireki zenuen Zornotzan, artean 23 urteko neska gaztea zinela.
Bai. Eta kontua zabaltzen hasi ginen. Eta jende mordoak eman zuen izena. Esate baterako, ikaslea izan nuen Lopez Arriortua. Gaur egun baztertuta dago, baina handia izan da. Horko General Motors eta horko abarra. Nik baino hobeto jakingo duzue zuek, seguru. Ikaragarri maite nau. Beste bat, hamabi, hamalau urte zituela ikasle izan nuena eta ezagutuko duzuena, Jon Idigoras. Ikaragarri maite ninduen hark ere. Ume zirela hasi nintzen haiekin. Esaten nien ez genuela horrelako ikastetxerik izan ordura arte Zornotzan, eta saiatu egin behar ginela, ikasi egin behar zutela... Jon Idigoras? Huraxe bai jatorra!

Hain gazterik, eta ikastetxea ireki eta zuzentzen Zornotzan!
Hain gazte ere! 23 urte! Zientzietan lizentziadun ziren beste batzuk ere sartu nituen eta hasi ginen. Oso ekimen handikoa nintzen. Gazte izatea zer den, ezjakina, baina muturra aurrean ibili beharrekoa, dio esaerak. Gero, egurra ere jaso dut... baina ez askorik. Bizitzak mimatu egin nau.

1952an ezkondu zinen.
Jose Luis Gotirekin. Medikua. Valladoliden ezagutu nuen baina orduan ez ginen ezertan hasi. Gero, Madrilera joan nintzen ni eta ezer ez. Handik etxera itzuli nintzenean bai, lardaskan hasi ginen, lehendik ezagutzen genuen eta elkar. Handik lasterrera, ezkondu egin behar genuela esanez hasi zen. «Ez du morroi txarra ematen Zeberioko honek!», nik, neure artean. Jose Luis gure etxera etorri eta esan zien gurasoei, serio: «Badira urte batzuk elkar ezagutzen dugula. Valladoliden ezagutu nuen. Gero, Madrilera ihes egin zidan...». Gure aitak ez zuen ezer esaten. Dena dela, hark egunean ez zituen bi hitz baino gehiago esaten. Amak, berriz: «Hau, ezkondu? Ez dakit ba! Nik badaezpada, egia esango dizut, eta zeuek atera kontuak: ezer egiten ez daki!». Horixe esan zion gure amak. «Ikasiko du, azkarra da eta», Jose Luisek. Eta hark alde egin zuenean, amak: «Aizu, kozinan ikasten joan beharko duzu, bestela ez duzu onik izango eta!». Eta akademia batera bidali ninduen, sukaldean ikastera. Eta ikasi nuen.

60ko hamarkadan emakumearen sustapenaren alde lan egin zenuen.
Bai. Bilbon bizi ginen ordurako, hementxe, Urkixo zumardian. Jose Luis oso lanpetuta zegoen beti, gaixoak zaintzen. «Nik ere zerbait egin behar diat ba!», esaten nion neure buruari. Umerik ere ez zetorren... Bestalde, hemen, artean unibertsitaterik ere ez. Lehenengoa Deustukoa izan zen, eta ni bertako lehenengo irakasle emakumezkoa. On Andres Mañarikua nuen arima zuzendaria, eta berak jakinarazi zidan Deustuko unibertsitatea irekitzera zihoazela eta haraxe joan behar nintzela ni, erakustera. Baina ordurako emakumeekin ari nintzen lanean. Emakume asko etorri ziren hona, etorkinak. Gajo haiek! Zamora, Andaluzia... Espainiako leku askotatik heldu ziren. Ordurako, Ekintza Katolikoko Elizbarrutiko presidente izendatua ninduen Gurpide gotzainak.

Zure egitekoa?
Parrokietan apostolutza lanak burutzea. Baina nik esaten nuena: «Errezoa ondo zegok, baina hona etorri diren emakumeek hori baino gehiago behar dute». Bilkura handi bat izan zen, Espainiako elizbarrutietako presidente guztiena. Han, emakumearen sustapenaz ari ginela, batek helduekin jarduteko metodologia berezia behar zela aldarrikatu zuen. Nik esaten dut Jainkoa nire bidean dela beti ze, egun haietantxe, egunkaria ireki eta Parisen zen Mayor Zaragoza, helduei irakasteko metodologiari buruzko biltzar batean. Hartu ninduten bi emakumek eta Parisa, bidaia geure poltsikotik ordainduta. Nazioarteko biltzar bat zen, 600 emakume baino gehiago bildu zituena. Helduen irakaskuntzarako metodologia berriak ziren aztergai. Guretzat, primeran, etorkin olde hari ez zegoen eta metodo berririk gabe erakusterik. Hiru egun egon ginen han. Tartean, gure asmo eta lanaren berri kontatu nion batari eta besteari, eta denen aurrean, 600 emakume haien aurrean hitz eginarazi zidaten. Etorri nintzenean, zentroak irekitzen hasi nintzen, etorkin olde harekin batera heldu ziren emakumeei prestakuntza eskaintzeko.

Nola egin zenuten lan emakume haiekin?
Lehenengo, beraien arteko batzuei erakutsi genien, gero eurak izan zitezen zuzendari, begirale, kultur animatzaile edo zuk nahi duzun hitza erabili, garaian garaiko terminologiaren araberakoa. Eta arrakasta izan genuen: begiraleak genituen, ikasi nahi zuen jendea. Egoitzak behar genituen, eta begiraleentzako soldatak. BBKra joan nintzen, Bizkaiko Aurrezki Kutxa zen orduan. Frantzisko Breña zen presidente. Joan nintzaion, nik esan eta hark entzun, entzun eta entzun. Nik, neure artean: «A, bai? Akordatuko zara!». Sasoi hartan, Kontziliotik bueltan, Gurpide gotzaina etorri zitzaigun bisitan.

Gotzaina etxean, bisitan.
Aita Santuaren bedeinkapena ekarri zidan eta hau eta hura. Ni konturatzen nintzen etorkin emakume haiek kristau formazioa ez ezik, besterik ere behar zutela. Ez zekiten ezer. Txabola haiek eta! Aurrezki Kutxako presidentearen harrera ez zitzaidan gustatu eta Gurpideri esan nion Otxarkoagan martxan genuen zentroa handikiro bedeinkatu behar genuela. Bera etortzea komeni zela. Emakumeentzako prestakuntza zentroarekin batera, haurtzaindegia ere jarri nahi nuen, gehienek ume txikiak ere bazituzten eta. Prestakuntza zentro haietan hogeita hamar emakume hartzen genituen.

Inaugurazio ekitaldia.
Breña gonbidatu nuen, eta etorri zen. Eta gotzaina, jakina. Honi esan nion zituenak eta ez zituenak janzteko egun hartarako. Eta halaxe etorri zen, dotore, hango mitra eta hango zera. Hitzaldia egitea zegokidan, eta nik: «Zoragarria da, pentsa ezina. Hau da eskuzabaltasuna, Aurrezki Kutxak lagundu digu denean. Halako eta halako ikastaroak egin ditugu, eta baita umeentzako amantal zuriak ere. Aurrezki Kutxak lagunduta». Breña bekozko jarri zen; halakoxea zen. Gotzaina ere, hitz ederrak eginez. Eta, tartean, espontaneo bat: «Maria Angeles andreak esan duena gutxi da. Niretzat, berriz jaiotzea izan da. Ni etxean nengoen, abere artean abere nintzen. Hona etorri eta irakurtzen, idazten eta honetan eta hartan ikasi dut. Hemendik atzera, hauxe izango dut nire herrialdea». Ez zegoen aurrez prestatuta, zin dagizut, baina primeran etorri zitzaidan. Breñak, orduan: «Kontuan harturik hau eta hura... Aurrezki Kutxaren Gizarte Ekintzak bere gain hartuko du Emakumearen Sustapenerako Zentroa». Ez genuen tratuan ibili beharrik izan. Zenbat eskatu, hainbeste eman ziguten. Otxarkoagako ikastegi haren eta gainerako guztien kargu egin ziren.

Emakume espontaneo harena ere!
Halaxe esan zuen. Orduko emakumeekin erraza zen. Gizona kanpoan, beharrean, eta umeak zaintzen zituzten, baina beti ateratzen zuten ordu bi ikasteko. Oraingo etorkin jendearekin ezin da. Beti beharrean dabiltza, ezertarako astirik ere ez. Zelan ikasi?

Unibertsitateko lana Deustun. Lehenengo irakasle emakumezkoa izan zinen han.
Ez dakit zein zen urtea. Ireki eta gutxira. Hasieran Deustuk ez zuen baimenik titulurik emateko. Zuzenbidea besterik ez zuen erakusten. On Andres Mañarikuak esan zidan niri han erakusteko, Deustuk titulazio ofiziala emateko baimena jaso eta Zuzenbidea ez ezik, Filosofia eta Letrak erakusteko aukera izan zuenean. Mañarikuak esan zidan: «Maria Angeles, gurean erakustera etorri behar duzu. Neskak ere ikasten hasiko dira eta irakasleen artean ere emakumezkoren bat behar dugu». Eta halaxe hasi nintzen. Lehenengo irakasle emakumezkoa Deustuko unibertsitatean. Zer iruditzen zaizu?

Ordurako doktore tesia egina zenuen.
Bai, Madrilen, Konplutentsean. Bizkaiko bideak XVIII. mendeko bigarren erdian. Oraintxe ere furi-furian dagoen gaia, nondik gatozen eta nora goazen gabiltzan honetan. Bideak. Tesi zuzendari izango nuenarekin jardun nuen hizketan eta hark esan zidan interesgarri izango zela orga-bidetik kaminorako aldaketa aztertzea. Eta kaminoak egiteko arrazoi ekonomikoak aztertu nituen, zein gune lotu behar ziren eta beste. Guk kamino txarra genuen XVIII. mendean, Urduñatik barrena zetorrena, eta aztergai interesgarria iruditu zitzaigun. Tesi garaian, On Andres Mañarikuarekin konfesatzen nintzen. Askotan egiten genuen berba historiaren gainean, historialari handia zen eta. Eragin handia izan zuen niregan. Esan zidan: «Espainiaren historialari asko dago. Zu, Euskal Herriaren historialari». Garai hartan ez zegoen, besterik gabe, Euskal Herria aipatzerik, baina On Andresek bai, aipatzen zuen. Lagunartean, behintzat. «Euskal Herriko historiari buruzko ikasgaia ipiniko dugu» esan zidan. «Euskal Herria» ipini eta egurra jaso zuen eta, orduan, «Bizkaiko historia» jarri genuen, gure asmoa ezkutatzeko. Eta neu izan nintzen gai hura erakutsi zuen lehenengoa, Deustuko unibertsitatean.
Erlijiotasuna
«Amak debozio handiz bizi zuen erlijioa. Ez dut ezagutu haren erlijiotasuna zuen inor, nahiz eta hainbat apaiz eta gotzain izan ditudan lagun. Udako etxea egin genuen Sopelan. Inauguratu eta familia gonbidatu genuen eta nik: 'Amatxo, ez duzu ezer esan. Etorri balkoira, itsasoa ikusten da bertatik'. Amak, txintik ere ez. 'Amatxo, ez zaizu gustatzen, ala?'. Eta, azkenean, berak: 'Bai, horixe! Baina hemendik askoz gaitzago duzu zerura joatea. Gauzak txarto dauzkazu orain'. Horixe esan zidan. Horrela hazi gintuzten. Amamak, berdin: 'Mundu honetan ez dago balio duenik. Luzaro biziko zara, edo laburrago, baina kito. Erregeak eta! Niri interesatzen zaidan errege bakarra Kristo errege da. Hemengo erregeek ez dute balio'. Nik gure amamak bezala pentsatzen dut. Eta pozik nago».

Nortasun agiria

Maria Angeles Larrea Sagarminaga (Usansolo, Galdakao). Esan du zein urtetan jaio zen, baina ez paperean idazteko. «Ingalaterrako erreginaren urteak dauzkadala esaten dut, eta zelan jendeak ez dakien haren edadea...». Gabino zuen aita, zornotzarra, eta Maria Bizenta ama, Usansolokoa, Zeledonio Lezamaren biloba. Batxilergoa ikasi zuen Bilbon, artean ikastera oso neska gutxi joaten zenean. Gero, unibertsitate ikasketak egin zituen Valladoliden »«maistra izan nahi nuen»», eta Madrilen, non historian doktoratu zen. Itzuli eta Jose Luis Goti zenarekin ezkondu zen 1952an, eta emakumearen sustapen lanetan jardun zuen. Deustuko Unibertsitateko lehenengo irakasle emakumezkoa izan zen, Andres Mañarikuak, Zuzenbide irakasle Deustun bertan, Euskal Herriko historia irakats zezan deia egin eta gero. Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko (RSBAP) zuzendari izana, karguan izan den emakumezko bakarra: «Nonbait, ez nuen lan ona egingo, harrezkero ez dute eta beste emakumerik izendatu zuzendari». Bi lan ditu argitaratuak: doktore tesia, batetik, Caminos de Vizcaya en la segunda mitad del siglo XVIII (1974), eta Introducción a la historia del País Vasco (1987), Espainiako gaur egungo erregearen eskuetara iritsitako liburua. Maitatua, sobera, eta estimatua. Sei omenaldi ere jasoa da bere denboran.

Jon Idigoras
«Gaixotu zenean, senarraren kontsultara etortzen zen, eta galdetzen zuen: 'Eta Maria Angeles?' 'Unibertsitatean da, eskola ematen, baina laster izango da hemen'. Jon Idigoras gure etxean, zain, eta han non ikusten duen parean Espainiako errege-erreginen argazki bat, neuri eskainia. Zergatik? Jose Angel Sanchez Asiainek, nire lagunak, elkarrizketa bat izan zuen erregearekin. Esan omen zion Espainiako Juan Carlos erregeak: 'Zer zabiltzate euskaldunak? Beti matxinatuta! Ez dakit zuen herriaren historiarik'. Jose Angelek nire lana aipatu zuen: 'Bada, nik badut lagun bat, Euskal Herriaren historia laburra idatzi duena'. Jose Angelek esanda, nire liburua bidali nion erregeari. Hark, ordainetan, euren argazkia, eskaintza eginez. Eta Idigorasek huraxe ikusi! 'Zer zabiltza zu, Maria Angeles!'. Pasadizoa kontatu behar izan nion. Eta berak, orduan: 'Tira, horrela bada, ulertzen dut!', esan zidan. Jatorra zen, jatorra. Kontu horretan oso egoskortuta, baina ulertzen nion, ze hemen egia osoa goiko horrek beste inork ez du».

Zeruko Argiatik flashera
«Zeruko Argiakoak besoak zabalik hartzen ditut nik, merezi duen argi bakarra delako, gainerako argi guztiak oso tristeak direlako mundu honetan. Guk egiten dugun argiak ez du askorik balio, ez du indarrik. Baina goiko argiak... Eta zuek, Zeruko kendu aldizkariaren izenari! Baten batek esango zuen orduan ere: 'Delako Zeruko hori... soberan dago'. Gaur egun jendea ez dago zeruko argi horren zain, baina ni bai. Antigoalekoa naiz horretan, Paleolitikokoa, ze denetik probatu dut eta ez dago hura bezalakorik. Goitik datorren argia eta dotrina… baina alferrik, ez dugu kasurik egiten. Hau desastrea! Goiko argirik ez dugu nahi. Orain argazki-kameraren flasha nahi dugu!»

Irakurtzea
«Aurreko batean umetako lagun batekin topo egin nuen kalean, Usansoloko auzo-eskolako garaikoa. Gorozibaikoa da bera. Esan zidan: 'Zu ere, zer zinen ba! Egundoko amorrua nizun. Auzoko jaiak igual, eta han jartzen zintuzten zu, jende aurrean irakurtzen, deklamatzen edo dena delakoa. Zu baino lau, bost urte zaharrago ginen gu, baina gu baino askoz gehiago zinen irakurtzen eta. Hura amorrua!'. Barregura egin zidan. Nonbait, neska antojagarria izan behar nuen! Niri asko gustatzen zitzaidan irakurtzea eta, bestalde, auzo-eskola hartako maistra, gure osabaren amaginarreba, oso saiatua zen. Bertsoak ere prestatzen zizkidan.

Kun, kun, ez negar egin
neuk emango bai
sagar zimel-zimela
amona bezain zimurra
eta gozoa bera bezala.

Sei urte nituela, Galdakaoko udaletxean hori deklamatzen, ni!»


Azkenak
Queertopiak: babeslekuak, inguruan eragiteko moduak

'Queertopia' da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak sortzea. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin duela 21 urte Bilbon... [+]


Aro ustez berri bat, bi liburu aurkezpen eta hiru jaka

Udaberriko azken egunean, ikusmin handia Gasteizko Legebiltzarrean. Nonbait juntatu bada jende frikia, hemen izan da. Baina aspaldian ez bezainbeste jende dago, eta zerbaitegatik da hori. Hedabideetako 300 profesional, ez alferrik. Hamabi urteren ostean, bi boxeolariak berriak... [+]


Nafarroako Gobernuak Microsoft enpresaren esku utzi du administrazioa digitalizatzea

María Chivite presidenteak lankidetza publiko-pribatua “beharrezkoa” ikusten du aurrerapen digitala lortzeko. Besteren artean, adimen artifiziala erabiliko du Microsoft Ibéricak, instituzioetako izapideak “arintzen laguntzeko”.


Baxoko ahozkoa ikasleei euskaraz egiten lagunduko diete ehun bat irakaslek

Irakasleek baxoko ahozkoa euskaraz egiten laguntzeko ekintza egingo dute. Soinean ahobizi eta belarriprest txapak eramango dituzte, ikasleei adierazteko “babes osoa” dutela euskaraz mintzatzeko azterketan.


Zubietako erraustegia kudeatzen duen enpresari zigorra jartzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak

Artaxoako Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor-espedientea abian jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez,... [+]


Eguneraketa berriak daude