Marbellako zerbitzari baten egunerokoa: prekaritatea, gehiegikeria eta turismoaren mendekotasuna

  • Udako opor hauetan ez dira gutxi izango Andaluziako eguzki eta ur epel bila doazen euskal herritarrak. Kontrako bidea egin zuen Ana Geranios (San Pedro Alcántara, Andaluzia, Espainia, 1988) kazetari eta idazleak martxo amaieran, Euskal Herrira etorri baitzen Costa del Sol-en jasaten dituzten turismoaren ondorioak azaltzera eta zerbitzarien prekaritateaz ohartaraztera: “Ostalaritzaren gaitza da zure bizitza eta denbora librea turismoaren eskaeraren menpe daudela”.

Ana Geranios, kazetaria eta zerbitzari ohia: "Costa del Solen langileek ez dugu gozamenerako tokirik". / Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Geraniosek 2019ko uda pasa zuen Marbellako turistei garagardoa zerbitzatzen zien esku berberekin lanaldiaren amaieran bere egunerokotik abiatutako liburua idazten. Verano sin vacaciones. Las hijas de la Costa del Sol (Piedra Papel Libros, 2023) (Oporrik gabeko uda. Costa del Soleko alabak) lana izan zen emaitza, eguneroko bat eta saiakera politikoago bat uztartzen dituena. Horixe aurkeztu zuen Donostiako Hontza liburu dendan, desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren Bizilagunekin plataformak gonbidatuta. “Ostalaritzako langile klaseari protagonismoa eman nahi nion liburu honekin, inoiz ez delako protagonista”, aitortu digu.

Turistez betetzen ari den Donostia erdigunean egin dugu hitzordua, Hontza liburu dendatik gertu dagoen kafetegi batean. Geraniosek frappe bat eskatu nahi izan dio zerbitzariari, baina bost euro prezio garestiegia iruditu zaio; 1,95 euroko kafesnea hobe. Malagako Costa del Solen bezala, Euskal Herriko kostaldean ere nabari da nori bideratuta dauden komertzio gehienak. Geraniosek ezagutzen duen turismo eredua aisialdikoa da, parrandara eta desfasera baitoa jendea Marbellara; Donostian turismo kulturalagoa dagoela iritzi du: “Uste nuen oso desberdinak zirela, baina egia da ehun sozialean duten higadura berbera dela. Bi lurraldeetan gero eta gehiago egiten da apustu ostalaritzaren negozioaren alde. Bi turismo motetan sortzen da gero eta komertzio gehiago turistarentzat, eta etxebizitzaren prezioa igotzen da”.

Horri guztiari Costa del Soleko turismoak dakartzan berezitasunak gehitu behar zaizkio. Geraniosen herritik gertu dagoen Puerto Banús-en kasua kontatu digu –bertan egin zuen lan zerbitzari gisa–, non luxua eta gozamena diren Marbellako toki hori ezagutarazteko instituzioek eta enpresek erabiltzen dituzten ezaugarri nagusiak. “Jende oso gutxi doa Puerto Banúsera miresmen eta errespetuz. ‘Nahi duzuna egiteko toki’ bezala saltzen dute, dena daukazu: prostituzioa, drogak, nahi beste janari... eta ondoriorik gabe egin dezakezu dena. Turistek pentsatzen dute merkea dela, eta zerbeza gehiago eskatzeko besterik ez zaituzte behar. Ez dakite ezta non dauden ere”. Geraniosek kritikatu du turistek langileekiko duten tratua “mespretxuzkoa” dela askotan, eta klasismoa nabaria dela, hara doazen gehienak aberatsak baitira, eta txartelarekin guztia erosi dezaketela uste baitute; salgai dagoena eta ez dagoena.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Lehen sektorea utzi eta turismo sektorera lanera

Puerto Banúsen ez dago bisitatzeko toki erakargarri edo historikorik, Geraniosek deskribatzen duenez, baizik eta festarako eta aisialdirako establezimenduak besterik ez. Ez da kasualitatea. 1960ko hamarkada arte landa eremua zen, eta José Banús enpresari eta higiezinen eraikitzaileak luxuzko eremu turistiko gisa berreraiki zuen, Franco diktadorearen babesarekin. Erorien Harana eraikitzen parte hartu zuen enpresariak berak sustatu zuen Erresuma Batuko eta Europako beste zenbait lekutako aberaskumeak Costa del Sol kontsumitzera joatea.

"Ostalaritza behar ez dugun luxua da. Zergatik behar dugu zerbitzatu gaitzaten?"

Garai hartan aurrerapen eta lan iturri gisa bizi izan zuten inguruko herrietako langileek. Batik bat nekazariak ziren, eta ostalaritzan lan egitera pasa ziren asko, landa eremua utzi eta kostaldeko herrietara mugituta, Geraniosen gurasoak tartean. Honelaxe laburbiltzen du Costa del Soleko alabak, liburuan: “Costa del Solen jaio gara, lana eta bizi kalitatea zeuzkan tokia zelako. Baina denborarekin ohartu gara lehenak ez zuela toki eta espaziorik uzten bigarrenarentzat”. Aldaketa ez zen erraza izan, andaluziarrak gogorarazten duenez: “Landa eremutik iritsi ziren lehenbiziko zerbitzariek shock handia bizi izan zuten, eta gure gurasoen belaunaldiak ere bai. Aberats jende horrekin erlazionatzen hasi zen jende xumea, eta are, pentsatzen zuten mundu horren parte zirela, oso gertu daudelako. Baina azken finean jarraitzen duzu langile pobrea izaten”.

Puerto Banúsen eta inguruetan bizi den langile klasea testuinguru horretara ohituta egoteari “arriskutsua eta bortitza” deritzo, luxutik hain gertu eta hain urrun egoteari: “Nerabetan jasotzen duzun mezua zera da: oxala yate bat izatea, oxala ferrari bat izatea... Eta hain baimenduta dago bizimodu hori, horren parte izan nahi duzula”. Dena den, Geraniosek dio kanpora erakusten den luxu hori ez dela Puerto Banúsen benetan dagoena: “Marketina da dena. Agian badaude ezagutzen ez ditudan toki pribatuak, baina oro har oso toki dekadentea da, mozkorkeria handia dago, drogak... Batzuk horrela gustura daude igual, baina ez da izugarrizko tokia”.

Zerbitzaria turisten menpe

Turista festazaleek garagardoz leporaino gozatzen jarraitzeko, euren esanetara egongo diren zerbitzarien beharra dute, ezinbestean. Geraniosek, ordea, ostalaritzan bizitako esperientziatik dio inork ez lukeela inor zerbitzatu behar: “Ostalaritza behar ez dugun luxua da. Ez da oinarrizko beharra, zapatari edo jostun bat bezala, adibidez”. Jakitun da hiriak gero eta gehiago oinarritzen direla ostalaritza komertzioetan, eta dioenez herritar oro “turista” bihurtzen da ondorioz. Zenbait galdera bota dizkigu: “Zergatik behar dugu zerbitzatu gaitzaten? Zergatik nahi dugu aldendu guk geuk gauzak egitetik? Zergatik nahi dugu uneoro norbait eduki gauzak eginda ematen dizkiguna?”. Garai batean bidaiarientzako ostatuak egotea zentzuzkoa zela iritzi du, baina gaur egun ez du beharrezko ikusten “hainbeste jatetxe eta taberna” egotea. “Espazioa jaten dute, beste lokal mota batzuena zein espazio publikoarena. Adibidez, kalean gero eta banku gutxiago daude tabernetako terraza gehiago daudelako. Negozio eredu honek hirietako bizitzak eta harremanak pobretzen ditu”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Zerbitzarien prekaritatea ere salatzen du Geraniosek: lanaldi amaiezinak, soldata oso eskasak, denboraldika lan egitea, deskantsurik ez, nagusien zapalkuntza... “Costa del Solen langileek ez dugu gozamenerako tokirik”, dio, eta euren bizimodua turisten beharrak asetzera bideratuta dagoela azaldu du. Esaterako, txikitatik ingelesa ikastera bultzatzen dituzte: “Baina ez gure hobe beharrez, Londresera ikastera joan ahal izateko, adibidez, baizik eta bezeroen beharrei erantzuteko”. Zerbitzariak nagusiaren eta bezeroen menpe daude, eta horien eskaeren arabera askotan “langileek direna izateari utzi behar izatea oso bortitza” iruditzen zaio. Andaluziarren kasuan hizkerarekin asko gertatzen dela dio: “Espainolez hitz egiten ez dakiten espainolak garela eta ‘gaizki’ egiten dugula esaten digutenez, sentitzen dugu hizkera ere aldatu behar dugula”.

Emakume zerbitzarien gorputzak ere bezeroentzat sexualizatzen dituzte, Geraniosek berak bizi izan duenez, askotan uniforme gisa gona motzak baitituzte, besteak beste. “Genero kontuak ostalaritzan ere ñabardurak ditu. Gizonak nahi dutena kontsumitzera eta ondo pasatzera datoz, eta uste dute zerbitzariari ipurdia ukitu ahal diotela, eta telefono zenbakia eskatu. Oso bortitza da”. Izan ere, gogorarazi du aisialdiko turismo horretan eskaintzen dela “nahi guztiak asetzeko” prest daudela denak: “Turismo eredu hain kontsumista honetan oso inplizitua da indarkeria matxista, batik bat alkohola-eta tartean daudenean; pack-ean sartzen da indarkeria”.

Ze erreminta dituzte horrelako erasoei aurre egiteko? “Bakoitzak ahal duena egiten du, ez dago protokolo bat”. Geraniosek oroitzen du hasi zenean blokeatuta geratzen zela ukituen aurrean, baina denborarekin “estrategiak garatzen” direla, oihu eginez erantzutea, kasu. “Halere, agian zure nagusiak errieta egiten dizu bezeroari oihu egin diozulako. Territorio arrotza da, zaila delako horrelako egoeren aurrean lantaldearen babesa eta laguntza lortzea. Bezeroak du arrazoia beti, hortaz, inpunitatea ere bai. Langile emakumeak abandonatuta gaude zentzu horretan”. Ez du egoera hobetzen laguntzen ostalaritza sektorearen behin-behinekotasunak. Geraniosek berak egin bezala –egun kazetari gisa egiten du lan–, langile askok epe laburrerako lan gisa baitute ostalaritzakoa, aipatu ditugun baldintza prekarioak tarteko, eta baldintza duinak exijitzeko zerbitzarien artean antolatzea ere zailagoa baita. “Hain nekatuta bukatzen da lanaldi luzea, antolatzeko ere indarrik ez dagoela askotan”.

Hondartza hobeak, turistak erakartzeko

Costa del Sol 1950eko urteen inguruan hasi ziren turistifikatzen, beraz, “jendea ohituta dago pentsatzera turismoaz bizi direla”, Geraniosen hitzetan: “Lana ematen digula pentsatzen dugu, eta horregatik heldu gara onartzera lan baldintza horiek”. Ostalaritzako langileen bizitzak “turismoak erabat baldintzatuta” daudela dio, “ez duelako frenorik”. “Aste honetan ezin da deskantsatu”, esaten diete, eta ekitaldi bereziren bat dagoelako lanaldia luzatzera behartuta daude, “eta ezin duzu ezetz esan”. “Iruditzen zait ostalaritzak beste lan batzuk baino askoz gehiago eragiten diola bizitzari”, ziurtatu du andaluziarrak.

"Harrigarria da, hain ohituta gaude turismoarekin, gizarte eta herri gisa dauzkagun gure beharren aurretik jarri ditugula turisten beharrak"

Dena dela, herritarrak oro har sinetsita daude turismoa onuragarria dela inguru horientzat, eta Geraniosek San Pedro Alcántarako adibide bat eman digu: “Kuriosoa da, nire herriko hondartza oso txarra da, eta herritarrak kexatzen hasi dira esanez ea nola etorriko diren turistak horrelako hondartza baldin badugu”. Hondartza hobetzea eta herria “politago” jartzea nahi dute, ez eurentzat, baizik eta kanpokoentzat. “Harrigarria da, hain ohituta gaude turismoarekin, gizarte eta herri gisa dauzkagun gure beharren aurretik jarri ditugula turisten beharrak”. Horretaz jabetzeak “eragin handia” izan zuen Geraniosengan, eta sentimendu horietatik abiatuta idatzi zuen liburua ere.

“Tristura handia ematen dit ikusteak nola aldatu den herria eta espazio publikoa, baita bertako komertzioak ixteak ere”. San Pedro Alcántara Marbellako langile klasea bizi zen herri bat zen, baina duela bospasei urte aldatu egin da, eta 2015-2017 aldera turistifikatzen hasi da, Costa del Soleko hainbat herri bezalaxe, andaluziarrak oroitu duenez. Adibidez, lehen baratzeak zeuden zabalgunean orain kirol espazio handia jarri dute, lehendik beste bat bazegoen arren. Betiko herriko plaza ere turistentzako toki bihurtu dute, “homogeneizatuta”. “Jendearekin egoteko txokoak edo sozializatzekoak galdu egin dira”. Dinamika toki turistifikatu guztietan errepikatzen dela nabarmendu du: “Turistei ematen zaie bertakoentzat ez dagoena. Herriari ez zaio entzuten, pentsatzen dut hemen ere antzekoa gertatzen dela. Beti diot, utopia bezala: turismoan inbertitu beharko litzateke, herritarren beharrak aseta daudenean”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Prekarizazioa ez babesteko, ez kontsumitu

Turismora ohituta egon arren, Marbella eta inguruko hainbat herritar ere ari dira antolatzen turistifikazioaren aurka, eta Geraniosek ere uste du kolektibizazioa dela bidea. “Agian ez du arazoa konponduko manifestatzeak edo ekintzak egiteak, baina ezin diegu hain erraz utzi nahi dutena egiten, kontrakotasuna izan dezatela. Herritarren erantzuna egotea oso inportantea da”. Horrez gain, andaluziarrak uste du inportantea dela non kontsumitu erabakitzea, horrekin eredu bat edo beste babesten ari garelako: “Guri dagokigu kontsumitzaile eta herritar bezala ez kontsumitzea toki batzuetan, jakinda langileak esplotatu egiten dituztela. Kontsumitzeari utzita ere eragina izan dezakegu”. Opor hauetan hausnartzeko auziak utzi dizkigu Geraniosek, Andaluziara joandakoan edo gure herrietan geratuta ere.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ostalaritza
Donostiako kaiko lizentzia onartu zuen funtzionarioa eta bere semea «gutxienez beste lautan» elkarrekin aritu dira, salatu dutenez

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak irregulartasunak salatu ditu Parte Zaharreko lizentzia askoren harira, baita salatu ere "onuraduna" ostalaritza dela "beti". Azalpenak eta ardurak eskatu dituzte.


Ostalaritza patronalak Gipuzkoako txosnei TicketBai ezartzea eskatu dio Aldundiari

EAEko hiru hiriburuetan udako jaiak ospatzearekin batera, etorri dira, berriz ere, ostalaritzako patronalaren kexuak jai herrikoien aurka. Gipuzkoako Ostalaritzaren elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Arabakoaren bidea jarraitzeko, eta txosnei eta kale saltzaileei... [+]


Errespetu falten aurkako kanpaina abiatu dute Baztango eta Bidasoako ostalariek

Jarrera sexistak, klasistak, arrazistak eta homofoboak salatu dituzte, besteak beste. Eskualdeko ostalariei dei egin diete ekimenarekin bat egiteko. Kanpainarekin atxikimendua adierazteko epea urtarrilaren 31n amaituko da.


Iruñeko Katakrakek 10 urte
Jan, edan, irakurri... mundua aldatu

Datorren abenduaren 31n hamar urte beteko dira Iruñeko Katakrakek ateak ireki zituenetik: ostatua, liburutegia eta ikuskizunetarako areto nagusia biltzen zituen espazio berriak. 2016an laugarren hankak mahaia osatu zuen: argitaletxea. Iruñerrian bakarra da... [+]


2023-02-10 | Leire Artola Arin
Getariako ostalarien elkarteak onartu du adostutako prezioen igoera baztertzea

Lehiaren Euskal Agentziarekin akordioa lortu du, eta espedientea itxi diete. 2021eko abenduan guztiek batera igo zituzten prezioak, eta herritarren haserrea piztu zuten. Orain, ostalariek hitzeman dute lehiaren arauak errespetatuko dituztela eta norberak bere prezioak finkatuko... [+]


Getariako tabernak ikertzen ari da Leiharen Euskal Agintaritza, ustez prezioak igotzea adostean eginiko irregulartasunengatik

Leiharen Euskal Agintaritza Getariako taberna eta jatetxeak ikertzen ari da, pandemiatik irtetean prezioak igotzea adostean konpetentziaren erregimena urratu zutelakoan. 18 hilabete ditu elkartea zigortu ala ez erabakitzeko. El Diarioko Belén Ferrerasek eman du isilpeko... [+]


2022-03-23 | Leire Artola Arin
Tabernei boikota
Nortzuek helduko diote estatxari, getariarrek ala turistek?

Txikia bezain bizia da Getaria, Gipuzkoako kostako herria, baina abendutik hona aldaketa batzuk izan dira Parte Zaharrean: ostalariek prezioak igo dituzte, eta gazteek eratutako Sos herritarrak ekimenak boikota egin die. Ia lau hilabete daramatzate tabernetan zentimo bat gastatu... [+]


Lurralde okupatuak

Zisjordania, Mendebaldeko Sahara, Krimea eta orain zure etxe pareko espaloia. Noiz demontre kendu behar dituzte covidaitzakian tabernek anexionatutako terraza horiek? Ba ez dago batere argi. Agindu kontraesankorrak. Behe lainoa. Etsaia identifikatzea ere kosta egiten da... [+]


2021-12-27 | ARGIA
Euskal Herri osoan COVID neurriak gogortzeko asmoa erakutsi dute agintariek, Omicron aldaeraren kutsaduragatik

Nafarroako Gobernuak auzitegietara jo du ostalaritzako ordutegia eta aforoak mugatzeko. EAEn ere Eusko Jaurlaritzak LABI batzordea bilduko du asteartean, eta Ipar Euskal Herrian Frantziako Gobernuko ministroen kontseiluak hartuko dituen erabakien zain daude.


2021-10-06 | ARGIA
Bilboko Kafe Antzokiak ateak irekiko ditu ostegunean, pandemia hasi zenetik lehenbizikoz

"Dantza dezagun berriro" aldarri eginez dator Bilboko Kafe Antzokia. Iazko martxotik itxita egon ostean, ostegunean irekiko ditu ateak.


Hainbat taberna itxiko dituzte Iruñeko Alde Zaharrean iragan asteko istiluen protesta gisa

Iruñeko Alde Zaharreko istiluak ez dira oraingoak, baina azken asteetan ostegun gauetan biziki gogorrak izan dira, bereziki San Nicolas eta San Gregorio kaleetan eta Sarasate Pasealekuan. Horren harira, hainbat tabernek itxi egingo dute hilaren 9an, 18:30etatik aurrera.


‘Kelly’-ek garbitzaileen lan-eskubideak betetzen dituzten hotelentzako erreserba zentroa abiatuko dute

Webgunea 2022tik aurrera jarriko dute martxan, eta garbitzaileen lan-baldintzak betetzen dituzten hotelak zeintzuk diren jakiteko balioko du. Prekarizazioa gelditzea eta esternalizazioa saihestea dira helburu nagusietako bi.


2021-07-21 | ARGIA
Kataluniako Kellyek “Booking” gisako plataforma sortu nahi dute, esplotazioz libre diren hotelekin

Lan Justu eta Kalitatezkoa Zigilua luketen hotelak bilduko lituzke plataformak, ostatu hartzen duen bezeroari langileen lan egoera duina bermatuz. Proiektua Kataluniako Kellyek bultzatu arren, Kataluniaz gaindikoa izatea nahi dute.


2021-07-05 | ARGIA
Ostalaritzaren itxiera ordua aurreratu dute Nafarroan

Kutsaduraren igoera dela-eta hartu du neurria Nafarroako Gobernuak. Asteazken gauerditik aurrera 01:00ak arte ireki ahal izango dute ostalariek, gehienez ere. Nafarroako Gobernuak “zuhurtzia” eskatu die herritarrei.


Eguneraketa berriak daude