Erreseinak 

1898. alea
2003-05-11
alde 0    kontra 0
MAILU ISILA

Juan Kruz Igerabide
ALBERDANIA

140 orrialde
13 euro



2002KO KRITIKA SARIA ESKURATUTAKO POEMAK

Azken bost urteotan egin dituen gogoeta poetikoak bildu zituen Juan Kruz Igerabidek 2002ko Kritika saria eskuratu zuen "Mailu isila" poema liburuan. Hiru zatitan banaturik dagoen ibilbidea da berea. Hasierakoan, maldan behera doa poeta, errealitate gordinera; bigarrengoan, maldan gora ekiten dio, goi-arnasaren bila. Eta hirugarrenari «Mailu isil bat behar dut» deitu dio. Tradizioaren oihartzun asko aurki daiteke poemarioan -Mirande, Lizardi, Mikel Lasa, herri poesia, Oteiza, Aresti, Atxaga, Gandiaga, Lekuonaà-, euskal tradizioaren irakurketa oso pertsonala egin duelako Juan Kruz Igerabidek "Mailu isila"n. Baina tradizio unibertsaletik hartutako oihartzun ugari ere bada poemotan -Neruda, Baudelaire, Dante... eta beste askorenak- eta antzinate klasikoaren oihartzunak ere bai, poetak ez duelako inongo eskolarik ukatzen, baina unean uneko irakurketa bat egiten du, eta bere jarrera poetikoa ez du posmodernoa denik uste -nahiz jarrera horren ezaugarri batzuk izan ditzakeen- jarrera klasikozalea baizik. Bestalde, jarrera pertsonalean errealitateari eta bizipenei lotua dago, eta berea jarrera espirituala bila dabilenarena da.

USOA.3
KARPETA MOREA
Patxi Zubizarreta/
Elena Odriozola
EREIN
105 orrialde
10 euro


USOA AFRIKARRA DELA ALDARRIKATZEN

Patxi Zubizarretak idatzi eta Elena Odriozolak marraztutako Afrikatik Euskal Herrira etorritako neskatilaren istorioa «Euskaldunon Egunkaria»n plazaratu zen kapituluka. Gerora, Erein argitaletxeak argitaratu zituen «Lehen kanpamendua» eta «Zelatan» liburuak, non Usoaren etorrera eta egokieraren berri ematen zitzaion irakurleari. «Karpeta morea»n, berriz, neskatila afrikar horrek jadanik hamabi bat urte ditu, eta Euskal Herrian gurasotzat dauzkanen karpeta batzuetan bere jatorrizko familiaren berri tamalgarriak aurkituko ditu. Adibidez, aita gerran hil ziotela; eta zortzi urterekin armak hartzera behartu zuten anaia espetxean sartu zutela eta han hil zela; eta bere ama, Usoarekin eta ahizpa ttikiarekin aireportura joan bai, baina geroztik desagertu egin zela...

SEGI, MUGARTEGI
Joxemari Iriondo
AUSPOA
247 orrialde
16,83 euro


JON MUGARTEGIREN BERTSO LANA

Jon Mugartegi Iriondo berriatuarraren bat-bateko bertso multzo batekin eta hark sortutako bertsopaperen beste sorta batekin osatu du Joxemari Iriondok «Segi, Mugartegi». Horrez gain, Bizkaiko bertsolari honen bizitzako unerik gogoangarrienak ere kontuan hartu ditu, hala nola soldaduskatik nahiko gaixo itzuli ondoren, plazara irten gabe hiru urte egin zituela, baina Azpillagak bere betiko bertso laguna etxean isilik geratzen utzi nahi ez, eta 1959. urtean Markinan egin zen Bizkaiko Txapelketako kanporaketara elkarrekin joatera animatu zuela. Mugartegi lehenengo gertatu zen hartan, eta baita hurrena egin zen Ondarroakoan ere. Eta Jon Mugartegi erabat animatu zen horrekin.

ZURIÑEK BELTZA IZAN NAHI DU
Seve Calleja
IBAIZABAL
55 orrialde
7,12 euro



ZURIÑE ETA NESKATO BELTZARANA

Seve Callejak zortzi urtetik aurrerako irakurleentzat idatzi duen «Zuriñek beltza izan nahi du» kontakizunean agertzen diren marrazki biziak Nadia Barkatek eginak izan dira. Euskal neskatila zurixka bat da Zuriñe. Bere auzora bizitzera iritsi berri den neskato beltz-beltz bat ikusi du, eta liluraturik gelditu da: Hain da polita neska hori, bere txirikorda horiekin! Zuriñek haren laguna izan nahiko luke, eta iruditzen zaio horretarako biderik aproposena bera bestea bezain beltza bilakatzea dela. Baina asteburu osoa eguzkitan etzanda pasa duen arren, gorri-gorri jartzea baino ez du lortu. Bere aitari eskatzen dio laguntza, eta hark esaten dio neska beltzarekin hitz egitea duela onena. Horrela hasiko da neskato bien arteko adiskidetasuna.

ILARGIA.COM
Care Santos
GILTZA
175 orrialde
6,20 euro



EDEBÉ SARIKO NOBELA IRABAZLEA

Joxe Antonio Sarasola Arregik euskaratu duen Care Santosen «Ilargia.eus» irabazle gertatu zen Edebé Gazte Literatura sarian. Nobelak, hamasei urteko neska sudur handi bat eta istripu batean hildako neska batez zeharo maitemindurik dagoen mutil gaztea ditu protagonista nagusi. Neskak bere sudurrarekin duen harreman ezerosoaren berri ematen digu. Izan ere, ez dizkio arazo gutxi sortu! Sudur horregatik, bere bizitza osoan senargai bakarra izan du, eta ordu erdia iraun zion hark: argiak piztu ziren arte. Bestalde, txiki-txikitandik da amodioz blai istripuan hildako lagunaz txora-txora eginda dagoen mutil horretaz, baina besteak ez du aintzat hartzen. Posta elektronikoa baino ez zaio geratzen, eta hartaz baliatuko da nahi duena lortzeko.

BIDEKO PROSAK: GIPUZKOA
L. M. Mujika Urdangarin
HIRIA
196 orrialde
17 euro



BIDE ERTZEKO IKUSKIZUN ETA SENTIPENAK

Luis Mari Mujika Urdangarinek 1986an irabazi zuen Irun saria saiakera literarioa «Poeta baten narrazio nagiak» izenburuko lanarekin. Eta hain zuzen, lan huraxe bilakatu zen gero «Bideko prosak, I (Nafarroa)» zeritzan liburua. Oraingoa, «Bideko prosak: Gipuzkoa» deritzana, guztira bost liburu izango dituen sail horren bigarren alea da, eta bertan, Nafarroan hasitako bideari jarraitzen dio egileak, autobiografia zantzua duen ibilaldi lirikoa burutuz. Ironiaz batzuetan, saminez besteetan eta beti eder-gosez kontatzen ditu Luis Mari Mujikak Gipuzkoako bazterretan bizi, ikusi eta sentitu izan dituenak. Eta kontakizunean, garrantzi handia dute topatzen dituenekin izandako elkarrizketek eta paisaiari ematen dion etengabeko protagonismo estetikoak.

ANTIGUO TESTAMENTO, DEL VASCUENCE
Félix Zubiaga
ELEIKER
160 orrialde



ITUN ZAHARRA ETA EUSKALDUNAK

Makina bat azterketa filologiko argitaratua da Félix Zubiaga.. «Antiguo Testamento, del Vascuence» izenburua daraman honetan, zera gogoratzen du: herri orok daukala Jainkoa bere erara gurtzeko eskubidea, eta Jainkoak ez zuela inongo herririk bereizi. Eta batzuek Itun Zaharreko Kondaira idatzia izan duten arren -judutarrak Moisesena dela uste den Torá delakoa, edota musulmanak Mahomarena dela dioten Korana, kasu-, euskaldunak bezala hizkuntza ezagutzen ez zuten beste herriek ere bazutela Jainkoarekin eginiko Ituna, aldian behin egiten zituzten jatorrizko ospakizunen liturgiatik sortutako ahozko literaturan gorde izan dena. Are gehiago, azkarrago konektatu omen zuten herri hauek Ebanjelioaren espirituarekin Ituna idatzia zutenak baino.



Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala1897
 
azala1896

1898 zenbakia.
2003ko maiatzaren 11

   
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys