MARIBI UGARTEBURU: "UDALBILTZA DA, BERE OSOTASUNEAN, UKITU DUTENA"


2003ko maiatzaren 11n
Udalbiltzak Astigarragako udaletxean zeukan bulegoa hutsik utzi zuen Espainiako Poliziak, prezintatua. Ondoko gela batean bildu ginen Udalbiltzako Batzorde Eragilearen eleduna eta Amorotoko alkatea den Maribi Ugartebururekin.

Zer-nolako interpretazioa egiten duzu Udalbiltzaren aurkako operazioaz?
Duela bost urtetik gaur arte, eta azken urte honetan bereziki, Espainiako Gobernuak eta Estatuaren aparatu guztiek -hiru botereek bat eginik- Euskal Herriaren aurka gerra estrategia bat jarri dute indarrean. Euskal Herria subjektu politiko bezala artikulatzeko bidean ari diren hainbat ekimen jomuga dira honezkero, eta ez bakarrik politikan zuzenki ari direnak, kasu honetan Udalbiltza izan den bezala, beste arlotan ari diren elkarte, talde edo eragileak ere erasanak izan baitira: «Egunkaria», Ikastolak edota zeuek, ARGIA, ere bai.

Operazioa Udalbiltzak datozen udal eta foru hauteskundeei begira harturiko konpromisoaren ondoren etorri da. Zein da zure balorazioa?
Atxiloketak apirilaren 28tik 29rako gauean izan ziren, justu Estatuko Fiskaltzak -aldez aurretik iragarri zuen bezala- AuBren eta herrietako plataformak hauteskundeetatik kanpo utziko dituen edo ez ebatzi behar duen unean. Aste horretan erabaki hori hartu behar zuen eta aste horretan justu bideratu dute Udalbiltzaren aurkako operazioa. Udalbiltza eta AuBren sorrera biak nahasten saiatu dira. Berez, zerikusirik ez duten bi ekimen dira, baina haiek, gure udal hautetsien izaera probestuz, nahasi dituzte. Apirilaren 26an hauteskundeei begira gure jarrera agertzeko bildu ginen. Estatuko Fiskaltzak hauteskundeei buruz hartuko zuen erabakia edozein izanda ere, euskal herritarrek euren ordezkariak hautatzeko eskubidea dutela adierazi genuen, euren bozka emateko eta horren arabera udalak, foru aldundiak eta Udalbiltza ere osatzeko. Gure konpromisoa berritu eta 24 ordura etorri zen erasoa. Beraz, sekuentzia oso argia da.

Baltasar Garzonek epaileak 1998ko maiatzean irekitako 18/98 sumarioan sartu du operazioa. Omen, honen arabera, Udalbiltzak ETAren agindua jaso du Batasunaren karguak AuBren zerrendetan egon daitezen.
Guk bulegoak itxiarazteko autoa irakurri dugu bakarrik, auto honek horretaz ez du ezer esaten, horren zain gaude. Artean hau da esan dezakeguna: Garzon epailea, Acebes Barne ministroa eta Michavila Justizia ministroa hitz eta pitz ari direla, eta lehenago ere hau bezalako episodioak ezagutu ditugula. Hauek guztiak sintonia berean mintzatzen dira, delitu zantzurik azaldu eta epai politiko bat hartu gabe. Nondik eta nola da delitu AuBren zerrendetan azaltzea? Edo Udalbiltzako hautetsiek AuBren zerrendak osatu izana, esaterako? Zer da delitu izatea estatu honetan? Absurduaren muga gainditu dute honezkero. 18/98 sumarioa, aski potoloa dagoeneko, beste kapitulu bat gehiagoz osatu dute. Sumario horren medio burututako operazioak Xaki eta «Egin» egunkariarekin hasi ziren, eta oraintsu «Egunkaria» ukitu dute. Operazio hauetan guztietan argudio guztiz nobeleskoak erabili dituzte, izaera nobeleskoa izanagatik juridikoki eta penalki delituen zantzurik eskaini ez dutenak. Eta orain, berriz ere, berdin ari dira jokatzen, jokaerak Espainian botoak emango dizkien ustean.

Gertatutakoaren ondoren, nolako balorazioa egiten duzu alderdiek eta gizarte eragileek emandako erantzunaz?
Une honetan, epe motzeko pausoak ematen ari gara. Hala ere, hasieratik premisa bat garbi izan dugu: orain gu eraso gaituzte, lehenago beste batzuk izan dira, eta aurrerantzean, Euskal Herria aintzat hartzen duen inor ez da libre izango. Beraz, erantzunak emateko unean, gertatua ez dela Udalbiltzaren hautetsien aurkako eraso bat bezala hartu behar uste dugu, eta adostasunak hautetsi eta gizarte eragileen artean bilatu behar ditugula.
Izan ere, batetik, nahiz Udalbiltzak bere kudeaketa bi moldetan eraman duen 1999tik, oztopoz eginiko lana izan arren, ekimenak hasierako helburuei atxikiz eta premiei erantzunez bere bidea egin du. Une honetan, erasoa etorri den moduan etorri delako, ezin dizut erantzun zehatz bat eman, baina Udalbiltzaren premia ikusi genuen guztion asmoa Udalbiltzaren sorreran ipini ziren helburuak atxiki eta lanean jarraitzea da. Udalbiltza udal hautetsien biltzar bat izateko sortu zen, herrialde guztiak kontuan hartuko dituen udal izaerako entitate bat, Euskal Herriak entitate hori behar baitu hainbat gauzetarako. Eraso honen ostean gure konpromisoa berresten dugu, eta aurrerantzean berau nola gauzatuko den gogoetatu behar dugula kontziente gara une honetan.

Eragile guztiei deia egin diezue, EAJ-EAren Udalbiltzari barne. Nolako erantzuna izan duzue?
EAJ-EAko hautetsien Udalbiltzak alde biko bilera bat eskatu digu. Guk lehenengo deia beraiei egin genien, eta hori azpimarratu beharreko gauza da. Izan ere, oraingoan ideologia jakin bateko hautetsiak atxilotu dituzte, bulego zehatz batzuk itxi dituzte, baina Udalbiltza da bere osotasunean ukitu dutena, estatuak kriminalizatu duena. Udalbiltzaren existentzia oso molestagarria da, planteatzen dituen helburuak Espainiako eta Frantziako Estatuen muinak ukitzen dituelako, Euskal Herriak bere egituren bidez berezko erabakiak hartzeko sortu baitzen Udalbiltza. Beraz, gogoeta hori egin behar da, hau da, orain gure bila etorri dira, baina aurrerantzean zer?

Apirilaren 26an hartutako konpromisoaren ondoren eta azken operazioaren ondorioz zer edo zer aldatu al daiteke Udabiltzan?
Konpromisoan ezer ez. Metafora bat erabiliz honela esango nuke: gu batela txiki batean gindoazen, arraun kaskar batzuekin agian, baina bagindoazen eta batelaren flotazio marrara torpedo bat bota digute, arraunik eta belarik gabe utzi gaituzte, baliabiderik gabe. Baina marinelak hemen gaude, aurrera jarraitzeko prest, ipar orratza ez zaigu galdu, gure bidean zertan ari ginen ez zaigu ahaztu, ezta gogoa galdu ere. Baliabideak bai, jakina. Eta horregatik ezin dizut zehazki erantzun une honetan, baina gure konpromisoa berresten dugu.

Azkenik, nola ikusten duzu Euskal Herria Udalbiltzaren aurkako operazio hau gatazkaren testuinguruan?
Udalbiltza ekimen xumea da, baina estatuak badaki oso ongi Udalbiltzak egundoko horizontea daukala etorkizunean. Udalbiltzak orain gutxi egindako ekarpena, ELA eta LAB sindikatuek egindako gogoeta mahai gainean daude, proposamen politikoak dira finean. Herri hau blokeotik ateratzeko giro bizi-bizia dago azkenaldi honetan, gatazka gainditzeko berebiziko gogoa. Egoera aldarazteko gogoa eta ekimenak daude, modu atzeraezinean eta eraginkorrean, prozesu berri bat abian jartzeko nahia. Guri dagokionez, zehazkiago, Euskal Herriaren Eskubideen Karta dela, joan den urrian gatazka gainditzeko gure proposamena dela, hala nola duela hilabete bat burutu genuen Nazio-eztabaidarako Foroa egoera hau aldatzeko tresnak dira. Baina, jakina, gogoetatzeko tresna hauek oso molestagarriak dira Espainiako Estatuarentzako eta beren egileak eliminatu nahi ditu. Operazio guzti hauen klabea horretan datza nire ustez

«Baionako bulegoa baino ez zaigu geratu, besterik ez»
Udalbiltzaren aurkako operazioan zortzi izan dira atxilotutako kideak eta lau egoitza itxiak. Zer dakizue zuen kideez edota zer duzue guzti honen inguruan esateko?
Batetik, kolpe oso latza dela gure lankideak horrela ikustea. Bestetik, inflexio une batean eraso gaituztela, hauteskundeen atarian, alegia. Lehendik ere, sumatzen genuen hau bezalako eraso bat emango zela, parametro antidemokratiko eta nahasietan. Horregatik, hauteskunde hauek bideratzeko gure ahalegina oztopatuko zutelakoan, apirilaren 26an berrespen moduko saiakera bat egin genuen. Bereziki finantzazio mailan bidea lantzeko, Udalbiltza datorren urteari begira antolatzeko, oztopoz oztopo, egoerari eusteko. Hala ere, erasoa etorri da. Memento honetan biluzik gaude.

Nola geratu zarete azpiegitura mailan, zehazkiago?
Baionako bulegoa baino ez zaigu geratu, besterik ez. Gaur jakin dugu, bestalde, Udalbiltzaren partzuergoaren diru kontua blokeatu dutela, hori abokatuek landu behar duten gaia da nolanahi ere. Partzuergo bat entitate publiko eta juridikoa da, udaletxeek osatua gure kasuan, eta ez dugu uste nolanahi blokeatu daitekeenik. Ez da elkarte partikular baten kontua. Are gehiago, gaur jakin dugunez, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa blokeatu dute. Hau da, Zuberoa Garatzen ekimenerako diru kontua. Herritarren ekarpenez sustatutako fondoa da. Udalbiltzak garapen fondo horren sorrera bultzatu zuen eta gaur egun egitura propioa dauka. Izaera publikoko partzuergo bat eta elkarte partikular bat diren aldetik, teorian ezin ditzakete beren kontuak blokeatu, baina egin dute. Zer ikusia dauka Zuberoaren garapenerako esklusiboki antolaturiko ekimenak eta Udalbiltzatik modu guztiz autonomoan funtzionatzen ari den erakunde kontuak ere blokeatzeak? Azken finean, hainbat herritarren dirua bahitu dute

Alkategaia berriro ere
1979tik Amorotoko udalbatza herri kandidatura batek osatua izan da. Herritar guztiak hautagai dira aldez aurretiko hautaketa baten bidez. Zerrendan daudenak ez dira HB, EH edo Batasuneko zerrenda batean inoiz izan. Maiatz honen 25eko hauteskundeetan Maribi Ugarteburu zerrendaren burua izango da berriz ere. Alabaina, PPk aurkeztutako zerrenda bat aurkari izango du lehen aldiz.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude