ARRATZU UBARRUNDIA

  • Nork esan zuen Araban ez zegoela hondartzarik? Gasteiztik 10 bat kilometrora, Uribarri Ganboako urtegiaren inguruan kirol eta atsedenaldirako aukera zabala aurkituko dugu, hondartza barne. Arratzu Ubarrundian gaude, Zuiako Koadrilako udalerririk txikiena biztanle kopuruari dagokionez eta zati handi batean urtegiko urez estalita dagoena. Aldiz, udalerria osatzen duten herriek bisitarako eta aisialdirako beste hainbat osagarri eskaintzen dizkigute: jauregiak, apaingarri erromanikoz edertutako elizak, antzinako baserriak eta gainaldean Arabako lautada menperatzen duen mendilerroa, Gipuzkoarekin muga egiten duena, hain zuzen ere. Honek guztiak paisaje mota anitz sortzen du: hegoaldean Arabako lautada, urtegiaren inguruan altuera apaleko muinoak eta iparraldean Elgea mendizerrako tontorrak.

HISTORIA APUR BAT

Ubarrundia eta Harhazua izenak agertzen dira dagoeneko 934. urteko Arabako herrien katalogoan. Dura herriari dagokionez, 1076an zenbait jaunek San Millaneko monasterioari Duran kokaturiko ondasunak eman izana aipatzen da, Iruñako Sancho Ramirezen erregealdian zehar. 1417. urtean Hubarrundia lekuak Gasteiz, Trebiño eta Aguraingo ermandadean sartzeko baimena jaso zuen Juan II. erregearen eskutik. Arratzuko zazpi arkuko zubian, Aguraingo kondeak gidatzen zituen Arabako komuneroen derrota gertatu zen 1521eko apirilean. Juan Manrique de Lararen tropa inperialek borroka hartan 600 komunero atxilotu zituzten, Gonzalo Baraonako kapitaina barne, geroago Gasteizen burua moztuko ziotena. Pedro de Ayala, Aguraingo kondea Arabako komuneroen burua zen. Horregatik, 1521. urteko maiatzean eta errege karta baten bidez, kondearekiko desobedientzia agintzen zaie bere menpean gelditzen ziren sujetei.

Lehenengo karlistaldiaren lekukoa ere izan zen. 1838. urtean, Eskalmendiko errota gotorleku gisa hartu zuten karlistak menderatu zituzten Zurbano jeneralaren tropa liberalek.

XX. mendean, garapen sukarrak jota, 1957an inauguratu zen Uribarri Ganboako urtegia. Arabako urtegirik handienak 1.489 hektarea dauzka eta bertan kostaldean ohikoak diren osagarriak aurkitzen ditugu: hondartzak, itsas klubak, kanpamentuak, kirol instalakuntzak, kalak, kaiak, bihurgune bakartiak eta amaigabeko hodeiertza. Urtegiak 120 milioi metro kubikoko bolumena dauka eta 36 metroko altuera.


HERRIXKEN MONUMENTUEN BISITALDIA

Arratzu Ubarrundiako monumentuen txangoa Zurbao herrian hasiko dugu. Hor XVII. eta XVIII. mendeko jauregi-etxe ugari topatuko ditugu. Elizaren aurrean, Zurbanotarren landa jauregia dago. XVII. mendearen hasierako eraikuntza hau Monumentua izendatu zuten. Bere fatxadaren erdialdea oin karratuzko bi dorrez babestuta dago.

Handik hurbil Otalora-Gebara jauregia ikus dezakegu, armarri barroko ikusgarria harro erakusten duena. Beste armarri barroko biziki handia atzemango dugu Ortiz Zarate jauregian. XVI. mendeko eraikin honek teilatu-hegal handia du, habeburu apainduzko bi multzo dituela.

Otazutarren jauregia Basterratarren antzinako dorretxea zegoen leku berean eraiki zen. Landa jauregien arkitekturaren eredu bikaina da eta Gebaratarren armarri barroko ederra erakusten du bere aurrealdean.

Zurbao herrian jarraituz eta aipatu jauregietaz aparte, bertako beste etxeetako aurrealdetan ikus daitezke jauntxoen armarriak. Herriko baserriek bestalde, ez dute eskualdeko baserri ohikoen tipologia, Arabako lautadako landa arkitekturaren ezaugarriak dauzkate.

Zurbaoko San Esteban eliza XV. mendekoa da eta Arabako Lautadan aurki daitekeen erretaula nagusirik inportanteena gordetzen du bere barnean, XVII. mendekoa, hain zuzen ere.

Zurbaotik Dura aldera abiatuko gara. Bertan, San Esteban Protomartir elizak arabar lautadetako erromanikoaren eskola propioaren adibide garbiena erakutsiko digu. XIII. mendeko portada elementurik aipagarriena da. Arkiboltak eta zutabeetako kapitelak bikain zaindutako apaingarri ugariz dekoraturik daude. Ikonografia guztiz oparoa da: landare, animali eta izaki fantastikoen irudiak, gizakien aurpegiak eta elementu geometrikoak.

Iparraldera joz, Mendibil herria zeharkatuko dugu, Arroiabera iritsiz. Herrixka honetako eliza haitz baten gainean jaso zuten, lautada osoa menperatuz.

Langara Ganboarako bidea hartuta, Uribarri Ganboako urtegiaren lehendabiziko bista bikainak izango ditugu. Parez pare Zuaza irla izango dugu, Aldaieta itsas klubaren aurrean. Langara Ganboa herriak ere ikuspegi polita eskaintzen du urtegi aldera. Bertako eliza ezin da bisitatu, bertan etxe pribatua eraiki baita. Herri honetan aldiz gurutzadura bat kontserbatzen da. Gidariak eta erromesak gidatzea zuten helburu eta otoitz leku gisa ere erabiltzen ziren.

Uribarri Ganboan beste gurutzadura bat ikus dezakegu bidearen ondoan. Bertako San Andres elizatik ere urtegiaren ikuspegi ederrak lortzen dira.

Monumentuen bisitaldia borobiltzeko Luku herrian bost arkuko zubia eta Lukotarren jauregia topatuko ditugu. XVIII. mendeko eraikuntza hau oin karratukoa da eta aurrealdean bi armarri txiki erakusten ditu.

Udalerrian zenbait baseliza bada, San Antoniokoa Betolazan eta San Rokerena Zirianon, adibidez.


LAKUTIK MENDIALDERA

Uribarri Ganboako urtegiaren inguruan aisialdiko ekipamendu eta zerbitzu ugari sortu dira. Adibidez, bi klub nautikok, Aldaietakoak eta Vitoria klubak, beraien zerbitzuak eskaintzen dituzte urtegi honetan. Bertan txalupak edo kanoak aloka daitezke edo antolatzen diren ikastaroetan eta ateraldietan belaontziak gidatzen ikasi.

Klub nautikoez gain, urtegian astialdiko eta atseden parkeak topatuko ditugu. Landa herriko lorategiak, mahaiak, erretegiak eta tabernak igaro ondoren, Landako parke probintzialeko hondartzara iritsiko gara. Hondartza honetan bainatzea baimenduta dago.

Urtegia eraikitzerakoan hainbat irla sortu ziren, Zuaza eta Untxiena, esaterako. Zuazako irlako jolasgunea udalekuetarako erabiltzen da, aterpetxea, bainugelak, ontziralekuak eta astialdirako beste zerbitzuak bertan badirelarik.

Gasteiz eta Landa herriak lotzen zituen trenbide zaharraren ibilaldian zikloturismoan aritzeko bidegorria egokitu dute. Zati handi bat urtegiaren albotik luzatzen da, oso ibilbide atsegina bihurtuz.

Landatik ere Elgea mendizerrara igo daiteke Luzera Handiko bidezidorra jarraituz. Elgea mendizerrako mendebaldeko zati honetatik, isurialdeen banalerroaren ibilbidea edota Gipuzkoako bira igarotzen dira, esate baterako. Pagadi zoragarriak zeharkatu ondoren Isuskitza edo Usokoaitzako tontorretik ikusmira bikaina izango dugu, Arratzu Ubarrundiako lurralde osoa begi-bistan dugularik. Urtegiaren urdina, larreen berdea eta lautadaren kolore horixkak kontraste harrigarria sortuko dute gure plazererako

Informazio Praktikoa
NON JAN:
- Eguzki-Lore taberna-erretegia (Dura) 945 299 655
- Erpidea taberna-erretegia (Uribarri Ganboa) 945 299 976
- Etxe-Zuri taberna-jatetxea (Landa) 945 299 98
- Uribe taberna-jatetxea (Luku) 945 298 005
- Arrantzale taberna-jatetxea (Mendibil) 945 299 502
- Yaiza taberna-jatetxea (Mendibil) 945 299 501
- Urbazter taberna-jatetxea (Uribarri Ganboa) 945 299 984
- Berriozabal taberna-jatetxea (Luku) 945 298 099
- Durana garagardotegia (Dura) 945 299 522


Azkenak
Manifestazio eta aldarri ugari Maiatzaren Lehenerako

ELA sindikatuak mobilizazioak egingo ditu Bilbon eta Iruñean, eta LABek, berriz, Iruñean.


2024-04-30 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs: "Zorrez itorik peko errekara doan etxalde batean kokatzen da antzezlana"

"Isiltasuna oztopo eta elkartasuna lagun, egungo mundu gordina" kontatzeko erronkari lotu da Axut! antzerki konpainia.


2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Eguneraketa berriak daude