Zisjordaniaren aurkako anexio-plana bertan behera uzteko eskatu diote Nazio Batuek Israeli

  • Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren arabera, “nazioarteko legedia larriki urratzen du” Israelek Zisjordania bereganatzeko garatu duen planak. AEBek, berriz, Israeli esleitu diote bere “subiranotasuna” erabakitzeko hautua.

(Argazkia: Suzanne Plunkett)

2020ko ekainaren 25an - 12:13

Israelek iragarritako plan espantsionistak deitoratu ditu Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. Benjamin Netanyahuren exekutiboak maiatzean adierazi zuen “Israelen subiranotasuna” Zisjordaniako hainbat eremutan ezartzeko intentzioa. Sionistak dagoeneko Jordan ibaiaren haranean eta Itsaso Hilaren iparraldean kokagune berriak ezartzen hasi dira. Hori “nazioarteko legediaren urraketa larria” dela gogorarazi die Guterresek. Asmoak “bi estatuen irtenbidea” endekatuko lukeela adierazi baitu, eta herrialdeen arteko elkarrizketak abiatzeko itxaropena, berriz, “hondatu” egingo litzatekeela. Ondorioz, Israelgo Gobernuari mezu argia helarazi dio: “Bertan behera utz dezala anexio-plana”.

Idazkari nagusiak negoziaziorako deia luzatu zien Israelgo Estatuari eta Palestinako Autoritate Nazionalari. AEBek, Errusiak, Europar Batasunak eta NBEk osatutako taldeari, berriz, bitartekaritza funtzioa esleitu zitzaion. Inguruabar horretan, “baldintzarik gabeko elkarrizketak” sustatu nahi ditu erakundeak. Tel-Avivek, bitartean, berme juridikorik ez duen nazioarteko legediari eta gainontzeko potentzien gomendioei jaramonik egin gabe darrai. Ildo beretik, Zisjordaniako anexio plana uztailaren 1etik aurrera burutuko dela berretsi du. Guterresek nazioarteko komuniatatearentzat “une erabakigarria” dela azpimarratu du.

Atzera bueltarik ez

Guterresen hitzak partekatu ditu Nikolay Mladenov Ekialde Hurbilerako NBEren ordezkariak, kezkatuta azaldu baita Israelek jaurtitako “mehatxua” ikusita. Mugimendu horrek gatazka geopolitikoa “une kritikora” eramango duela ondorioztatu du, izan ere, anexioak Israel eta Palestinaren arteko harremanak “atzera bueltarik gabe” utzi ditzakeela uste du errusiarrak. Hori gutxi balitz, Mladenovek baieztatu du Israelek Zisjordania bereganatzekotan “hutsaren pare” geratuko litzatekeela nazioarteak estatu palestinarraren alde egin omen duen “mende laurdeneko ahalegina”. Anexioak “mezu arriskutsua” bidaliko luke bere ustez, hots, “negoziazioek ezin dutela bake justu bat lortu”. Egoerak ezegonkortasuna areagotuko luke lurraldean barrena, eta “indarkeriaren bidea” utziko luke gatazka konpontzeko irtenbide bakartzat.

AEBak, Israelen asmoak elikatzen

AEBek Israelen duten enbaxadore Danny Danonek NBEren Segutasun Kontseiluari jakinarazi zionez, Estatu sionistak plana azken muturreraino eramatea erabakiko balu, “aldarrikapen zilegi, historiko eta legezkoa” litzateke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
2024-03-27 | ARGIA
NBEk lehen aldiz su etena eskatu du Gazan

32.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2024-03-24 | Marta Maroto
Inork nahi ez duen gerra saihetsezina

Hezbollah, Ekialde Hurbileko miliziarik boteretsuena, Libanoko lurretatik Israeli eraso egiten hasi zen, Gazako sarraskia hasi eta biharamunean. Palestinari elkartasuna adierazteko bigarren fronte honen etorkizuna Zerrendan gertatzen denarekin lotuta dago. 91.000 lagun inguru... [+]


Eguneraketa berriak daude