Olibondo sakratua

  • Azaroaren 29an egin zen Biriatun III. Arbolaren Besta. Bertan aurkeztu zen fruta arbolak ardatz dituen 2026ko Ilargia eta Landareak agenda, Jakoba Errekondoren azalpenak, Antton Olariagaren ilustrazioak eta umorea, eta Maddalen Arzallusen bertsoak uztartu zituen ekitaldi berezian. Arzallusek ekitaldirako berariaz jarritako sorta da honakoa.

Biriatuko Arbolaren Bestan, bertso sorta kantatu zuenekoa.

2025eko abenduaren 8an - 05:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

1-
Olibondo sakratua,
bakearen legatua,
beraz, madarikatua…
Egur gogorra izanagatik,
hain zara delikatua…
Aroz aro kolpatua,
adar ezin kokatua,
minez bihurrikatua.

2-
Bizi irauteko grinez,
zailtasunetan ekinez,
eredugarria zinez!
Uda azkena heltzean ere
beti hostaje berdinez…
Nahiz ta egon negar minez,
askatu nahi ta ezinez,
zu gogor plantak eginez!

3-
Lehorgune ta zartada,
zure hosto zilarkara
dotorezia marka da.
Bizitzan sarri beheko aldeaz
ahaztu egiten gara,
ta zu edozein gisara,
aurpegia ta islada,
ezin ederrago zara.

4-
Udazkenean fruitua,
altxor txiki ezkutua,
zanpatua, estutua…
Nork aterako probetxu gehien,
nork aterako zukua…
Zure ale lapurtua,
preziatua, gurtua
ura urre bihurtua.

5-
Mundu bortitz zabalean,
denbora eternalean,
irmo, eginahalean,
Palestinarren herria zaintzen
duzu zure magalean.
Nahiz zauriak azalean,
nahiz hormak lurrazalean,
zuk esperantza alean.

6-
Bonba, metraila, tiroa,
ez ote duzu giroa
tenperaturaz igoa?
Ez dakit zaren biktima soila
ala zaren motiboa…
Ondo al zaude oliboa?
Ala zure olioa
odol bihurturik doa?

7-
Amildegi muturrean,
erortzeko beldurrean,
egon arren hil hurrean,
etorkizuna irakurtzen da
zure azal zimurrean.
Badakizu malurrean,
haize gogorren aurrean,
nola sustraitu lurrean.

 

8-
Bere labar, bere malkor,
bizitza horren da galkor,
eta gizakia elkor…
Zu aldiz beti ixil-ixila,
hain umil ta hain moldakor.
Desagerpena badator,
gu ez gara izango nor
ta zu egongo zara hor.  

 

 

 


Doinua: Ai, hori begi ederra A


Eguneraketa berriak daude