'Zer jan, halako Baztan' ekimena aurkeztu dute

  • Bertako jatekoei buruz kontzientzia piztu eta tokiko ekonomia indartzeko egitasmoa abiarazi du Baztango Udalak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko apirilaren 07an - 07:53
Joseba Otondo Baztango alkatea eta Albaitaritzako Julen Huarte, ekimenaren aurkezpenean (Argazkia: Erran.eus)

Zer jan, halako Baztan herritarren artean bere honetako jatekoei buruz kontzientzia piztu eta tokiko ekonomia indartzeko Baztango udalaren iniziatiba da. Apirilaren 5ean aurkeztu zuten Arizkunenean Joseba Otondo Baztango alkateak eta ekimena patrozinatu duen Albaitaritza enpresako Julen Huarte gerenteak.

Aurkezpenean aipatu zutenez, «badira herritarren eskuetatik urrun diren gauzak eta badira herritarren eskura diren gauzak. Gure eguneroko kontsumo ohitura aldatzea norberaren eskuetan dago. Eguneroko erosketetan bere honetako produktuak erostea norberaren eskuetan dago. Tokiko ekonomia konpromiso eta konplizitate aunitzekin egiten da eta, horretan, herritarrok zer egin aunitz dugu». 

Bere honetako jatekoak nekazaritza sektoreak ematen dituela ere gogorarazi zuten: «Sektoreak bizi duen krisia ez da oraingoa, aspalditik heldu da. Kontsumitzaileok zerbait egiten ez badugu, nekazaritza Baztanen desagertuko da eta tokiko ekonomia ahulagoa izanen dugu. Orduan, nork produzituko ditu kalitateko jatekoak? nork zainduko ingurua? Nork altxatuko hainbertze jakitate eta kultura?». 

Zer jan halako Baztan ibilian ibiliz eginen den proiektua izanen da. Oraingoan etxe guztietarat igorri duten eskuorria da. Eskuorri hauekin Baztango produktuei buruzko interesa piztu eta hauen garrantziaz oharatarazi nahi dute. Betiko produktuak modu berrian prestatzeko modua erakutsi nahi dute, produktu modernoak eginez, oraingo mundurat egokituak. Halaber, bizia zein agudo mugitzen den jakinik, fite prestatzeko errezetak izanen dira. Oraingoan ardiaren esnearekin baratxuri zopa, zenderena opilak eta ardi-esne flanak egiteko errezetak prestatu dituzte. 

Eskuorri hauetan bertzalde, produktu hauek nola egiten diren aipatzen dute, ardi-esnearen kasuan artzaintzari buruz arituz eta honen balioa aipatuz: elikagai onen ekoizpena, paisaiaren zainketa…

Bertzalde, sektoreari buruzko datuak ere ematen dituzte, produktu hauek Baztango ekonomian duten garrantziaz ohartzeko eta produktuen balio nutrizionalari buruzko argibideak izateko. Eskuorriak produktuaren gaineko ikuspegi osoa ematen du: ekonomikoa, kulturala, nutrizionala… Horrela, produktuen garrantziaz osoki ohartu gaitezen.  Eskuorri hauek udalaren webgunean www.baztan.eus webgunean eskura egonen dira eta, hor ere, Zer jan halako Baztanen informazio guztia bilduko da. 

Errezetak Belen Urrutia sukaldariak Xaloa Telebistan prestatuko ditu eta baztandarrek, errezeta hauek ikasteko aukera izanen dute. Eskuorrian errezeten emisio egunaren berri ematen da.  Belen Urrutiaren prestutasuna eta borondate ona ere eskertu nahi dute.  Errezeta horiek egitera animatuz gero, hemengo produktuak erosi beharko dira eta hemengo produktuak erosiz gero hemengo ekonomia eta nekazaritza indartzen da.

Zer jan halako Baztan laneko ildoa arras inportantea da eta horren inguruan elikadura buruajabetza ardatz hartuta esku hartze sendo, egituratu eta estrategikoa egin nahi du udalak.

Akitzeko, Joseba Otondo alkateak aipatu zuenez, «Albaitaritzaren babesik gabe proiektu honen lehendabiziko iniziatiba honek ez zuen argirik ikusten ahalko. Hortaz, Albaitaritzari zintzoki eskertu nahi diogu proiektua babesteko egin duen eginahala eta sektorearekin duen konpromisoa. Zer jan, halako Baztan. Tokiko ekonomia bakoitzaren eta denen konpromisoarekin».

 

Albiste hau Erran.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-03 | Estitxu Eizagirre
Juanma Intxaurrandieta, ekonomia irakasle eta INTIAko kudeatzaile ohia
"Merkatu globalean elikagaien prezioa oso hauskorra da, zuzenean erosita egonkorragoa"

Elikagaien prezioak zergatik igo dira hainbeste? Nola ezartzen dira prezioak? Juanma Intxaurrandieta Nafarroako Unibertsitateko ekonomia irakaslea eta INTIAko kudeatzaile ohia da, egun erretiratua. Eli Pagolak Egonarria saioan egin dion elkarrizketan, hizkuntza arruntean eta... [+]


Eguneraketa berriak daude