Zaintzatik, komunitatera bidean

  • Araban koronabirusaren krisiaren testuinguruan sortu diren hainbat zaintza sare herritarrekin jarri gara harremanetan. Nola sortu ziren eta zertan ari diren ezagutu nahi izan dugu. Jakinda, horiez gain zaintza praktikatzen duten sare informal ugari dagoela gure herri eta auzoetan, krisiaren aurrean aktibatu direnak zein aurretik ehundutakoak. Bide hasi berrian metatzen doazen jakintzak, lorpenak zein gabeziak konpartitu dizkigute, etorkizunari begira ezinbesteko iritzi dioten lan komunitarioan sakontzea helburu.


2020ko apirilaren 02an - 18:56
Ilustrazioa: Maitane Gartziandia

Aiaraldea Zainduz sareko Ainhoa Lezamarekin, Aguraingo sareko Jon Ruiz de Pinedorekin, Gasteizko Batera sareko Aitziber Romerorekin eta Gasteizko Alde Zaharreko sareko hainbat kiderekin hitz egin dugu. Sare bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu, baina gauza askotan datoz bat. Batzuek eta besteek aletu dituzten bertute, ahulgune eta kezkak Euskal Herriko beste sare batzuei ere irakurri ahal izan dizkiegu –Donostiakoei edo Bilboko Alde Zaharrekoei, kasu–.

Agurainen, ekimena Gaztetxeko Gazte Asanbladatik sortu zen. “Egin genuen lehenengo gauza sare sozialen bidez kartel bat zabaltzea izan zen, gure laguntza eskainiz, eta herritarrei aukera emanez esateko laguntza emateko prest edota jasotzeko beharrean zeuden”, dio Ruiz de Pinedok. Gasteizko Alde Zaharrean, eskolak itxi zituztenean hasi ziren auzoko hainbat sareen artean ideiak partekatzen. Konfinamendua hastean proposamen bat zabaldu zuten: “Zaintza sare bat osatzea, atarietan oinarrituta”, azaldu du Irati Barriocanalek. Jarraian egin zen publiko Batera Zaindu Gasteiz mailako sarea. Elkarrekin hitz egin, eta bat egitea erabaki zuten: Bateraren parte da Alde Zaharreko sarea. Gasteizko Sarea larrialdi egoera ezarri aurretik hasi zen ehuntzen. Erantzunarekin harritu zirela dio Romerok: publiko egin eta 48 ordura 1.500 kide zituen Baterak, eta deszentralizatu egin zen azkar. Hasieran auzoka (22), ondoren are eremu txikiagoetan ere (50). Aiaraldean, eskualdeko bost herrietan sortu dituzte sareak: Laudion, Okondon, Orozkon, Aiaran eta Amurrion. “Helburua auzolan erraldoi batean antolatzea zen”, gogoratu du Lezamak.

Ekimen horiek guztiak sare sozialen bidez hasi ziren haien burua aurkezten, auzo- edo herri- kideei laguntza eman zein jasotzeko sarera batzea proposatuz. Laster egin zuten jauzi eremu digitaletik atari fisikoetara. Babesa ahalik eta gertukoenetatik jasotzea lehenesten dute, hori delako laguntza bideratzeko modurik eraginkorrena, osasun neurrien aldetik seguruena, eta komunitatea egiteko potentzialitate handienekoa. Gasteizko sareak etxez etxe banatzeko oharra prestatu du, ate azpitik sartzeko. Atarira irteteko moduan ez dauden bizilagunei mezua heltzen zaiela ziurtatzeko manera da. Informatzeko eta laguntza eskatu zein eskaintzeko WathsApp taldeak dira sarearen oinarria, edonola ere. Gasteizko Alde Zaharrean mapa birtual bat osatu dute sarean izena eman duten auzokide guztiekin: atariz atari dago zehaztuta nor dagoen laguntza emateko prest edo jaso beharrean –eta zertarako–. Aiaraldean datu basea sortu dute, zehazten dituena kide bakoitzaren izena, telefono zenbakia, bizitokia eta pertsona zertan den aditua edo aritua. Sare guztiek osatu dituzte, halaber, laguntza modu seguruan eman eta jasotzeko protokoloak.

Atariz atariko lana izaten ari da zaintza sareen oinarria. Herritar batzuk eskuz idatzitako mezuekin zuzendu zaizkie bizilagunei. Argazkia: Batera.

 

Feminismoaren eragina nabarmena eta egiturazkoa da sareen mezuetan, egiteko moduetan, aldarrikatzen diren baloreetan edo lantzen diren ildoak aukeratzean. Zaintzarena da kontzepturik erabiliena, bizitza erdigunean jartzeko beharra errepikatzen dute maiz. "Bizitzak erdigunera ekartzea dugu lehentasuna, bizitza kolektiboki nola sostengatu pentsatu behar dugu. Berregituratze horretan pausu txiki-txiki bat da Batera. Egoera honetan zaintza lanen ezinbestekotasuna eta errekonozimendua mahai-gaineratu behar ditugu", dio, esaterako, Romerok.

Ekimen jendetsuak eta askotarikoak

Alde Zaharrean aniztasuna handiagoa izan da, baina oro har gazteak izan dira ekimenen sustatzaileak. Aldez aurretik militantziaren batean edo bestean aritutakoak. Baina sareek arrakasta izan dute, jende asko batu zaie oro har: Agurainen 40 bat lagun dira; Aiaraldean 200; Gasteiz osoan 2.300 eta 300 inguru Alde Zaharrean. Kideen soslaia askotarikoa da, ondorioz.

Aniztasun hori altxor moduan bizi dute, batetik: ohiko esparruetatik harago heltzen ari da herrigintza, eta hori ez galtzeko nahia antzematen da gure solaskideen hitzetan bezala sareen mezuetan zein moduetan. Buruhausteen iturri zaie tarteka batzuei, bestetik: antolatzeko inongo ohiturarik ez duten pertsonekin aritzea zaila egiten zaie batzuetan, kuriositateagatik edo informatuta egoteko soilik kidetzen diren pertsonak daude, eta zenbaitek ez dute ulertzen edo errespetatzen WathsApp taldeen funtzioa eta ezarritako arauak –heltzen dira komentario pertsonalak, bideo ustez umoretsuak, eragileen mezu politikoak... Bateran taldeen administrariek mezu eredua dute horiei erantzuteko, “soilik beharrak asetzeari lotutako mezuak” bidali daitezkeela gogoratuz, eta maiz irakurri daiteke mezua, errepikatuta. Alde Zaharrean, taldea kanal bilakatzea erabaki zuten, mezuak administratzaileek soilik helarazteko aukera izanik horrela–.

Elkar laguntzeko hamaika manera

Zertan ari dira herritarrak elkarri laguntzen zaintza sareen bitartez? Lezamak eta Ruiz de Pinedok erosketak egitea nabarmentzen dute. Hori da errepikatuena. Horrez gain, osasun zentroan errekaduak egitea aipatzen du Barriocanalek. Zaborrak jaistea edo besterik gabe hitz egitea, Romerok.

Laudioko ekoizle txikiekin harremanean jartzen ari da banan-banan Aiaraldea Zainduz, merkatua bertan behera gelditu den honetan nola lagundu  pentsatzeko

Pertsonatik pertsonara bideratutako babesaz aparte, herritarrek bestelako laguntza orokorragoak bideratu dituzte ekimen hauen sare sozialen bitartez: itxialdia hobeto pasatzeko kultur emanaldiak, sukaldaritza proposamenak edo ariketa fisiko saioak kasu, edo hitz egiteko beharra dutenentzako telefono zenbakiak. Laudioko merkatuan euren produktuak saltzen zituzten ekoizle txikiekin harremanean jartzen ari da banan-banan Aiaraldea Zainduz, merkatua bertan behera gelditu den honetan nola lagundu dezaketen pentsatzeko. Eskaera orokorrik ere zabaldu da. Internet eskura izatea ezinbesteko bihurtu da komunikatuta egon ahal izateko edo hezkuntza eredu berrian ikasle izan ahal izateko. Baina herritar guztiek ez dute interneterako sarbidea eskura, arrakala digitalaren ondorioak inoizko gordinen azaleratu dira. Laudioko zaintza sareak herritarrei etxeko wifiak irekitzeko mezua helarazi die, eta bideo bat zabaltzekotan da aurki. Gasteizko Alde Zaharreko umeek eskaera berbera egin diete auzokideei:

Azkenik, zaintza sareek material propioa sortu dute herritarrak laguntzeko edo laguntza nola eman proposatzeko, askotan kalitate handikoa: laguntza eman edo jasotzeko protokolo idatziak, gobernuak hartzen joan diren neurrien inguruko argipenak, profesionalen bideo laburrak kutsatzeak ekiditeko edo itxialdia psikologikoki ahalik eta hobekien eramateko, txakurrak paseatzeko irizpideak, ekimenaren sare sozialetan bertan eman daitezkeen eraso matxisten aurkako protokoloa, etxe barruko erasoen aurkakoa...

Erakundeekin harremana

Zaintza sare bakoitzak erakundeekin edo zerbitzu publikoekin garatu dituen harremanak ezberdinak dira. Agurainekoak ez du horrelakorik bilatu. Aiaraldeko sare guztiak jarri dira harremanetan haien udalekin, eta bakoitzean sortu den harremana ezberdina da. Lezamak Laudiokoa ezagutzen du hobekien, bertako bizilaguna izaki: “Zerbitzu sozialekin jarri ginen harremanetan. Guk atarietan bi telefono jarri ditugu laguntza behar dutenentzat, gurea eta Udalaren zerbitzu sozialena, laguntza motaren arabera. Haiek guri helarazten dizkigute jasotzen dituzten hainbat dei”. Gasteizko Alde Zaharrean hasieratik egin zuten lotura zerbitzu sozialekin eta auzoko osasun zentroarekin, modu nahiko naturalean, aurretik ere herrigintzak saretuak zituen pertsona eta eragileen bitartez. Gasteiz mailan, Batera sareak bilera eskatu zion Gorka Urtaran jeltzaleak zuzentzen duen udalari, koordinazioa eta elkarlana proposatuz. Biltzea ere ez du onartu herritarrren omen ordezkari nagusiak. Ekimena begi onez ikusten duela adierazi dio sareari, baina “zer edo zer behar izatekotan”, Eusko Jaurlaritzak antolatu duen boluntario sarera jotzea gomendatu dio. Bateraren ustez, ordea, sare instituzional burokratikoa, geldoa eta asistentziala da.

"“Eusko Jaurlaritzak ezin ditu oinarrizko zaintza lanak soilik boluntarioen esku utzi. Argi utzi nahi dugu guk ez dugula inoren lana ordezkatzeko borondaterik"

Zein izan behar du zaintza sareen eta erakundeen arteko harremanak? Sare herritarrak herritarren behar guztiak asetzen saiatu behar dira? Edo arlo batzuetan –osasun, elikadura edo etxebizitza arloan esaterako– erakundeei exijitzea izan behar du haien papera? Nork bere bidetik egin behar du lan? Elkarlanerako edota koordinaziorako esparruak sortu behar dira? “Guk badakigu zeintzuk diren gure artean bete ditzakegun beharrak, eta zeintzuk diren instituzioen ardura. Guk ez ditugu egingo ordaindu behar diren lanak, horregatik ari gara instituzioekin lanean, kontrolatzeko ere zeintzuk ez dituzten egiten eta salatzeko”, dio Barriocanalek. “Eusko Jaurlaritzak ezin ditu oinarrizko zaintza lanak soilik boluntarioen esku utzi. Argi utzi nahi dugu guk ez dugula inoren lana ordezkatzeko borondaterik, gure ustez egiten ari garena zerbitzu publikoen ardura da. Soldata duinarekin ordaindutako langile publikoek egin beharko luketena”, Romerok.

Zaintza sare herritarrak ugaldu eta gero jarri zuen boluntarioen sare instituzionala martxan Eusko Jaurlaritzak, laguntza "berme guztiekin" egiteko. Irudia: euskadi.eus.

Eskaintzeko erraztasuna; eskatzeko zailtasuna

Zaintza sareetatik bideratzen ari diren laguntza motak zerrendatu ditugu arestian. Baina gure solaskide guztiek ahulgune berbera seinalatu digute: asko dira laguntza emateko prest saretu diren herritarrak, gutxi dira heldu diren laguntza eskaerak. Desoreka handia da.

Arrazoietako batzuk negatiboak dira. Horien artean errepikatuena zaurgarritasuna agertzeko ditugun zailtasunak dira. Denen ustea da erraztasun askoz handiagoa dugula laguntza eskaintzeko, eskatzeko baino. Eskatzeak ahulezia egoera batean ikusarazten gaitu, eta horrela agertzeko erresistentzia handiak ditugu. Besteak beste neoliberalismoak gutako bakoitzean egin duelako abia, eta behin ardurak indibidualizatuta, laguntza behar izateak porrot pertsonalaren kutsua du. “Zaurgarri garela onartzea kostatzen zaigu. Sistemak sinetsarazi nahi digu bizirauteko ez dugula beste inoren beharrik”, dio Romerok. Ziurrenik zaurgarritasunaren dimentsio hau lotsa edo erreparo sinplearekin nahasten da. Lotsatiak gara laguntza eskatzeko orduan, are gehiago pertsonalki ezagutzen ez dugun norbaiti eskatu behar badiogu.

Arantza Basagoiti Gasteizko Alde Zaharreko sareko kidea da. Talde bat osatu du beste kide batzuekin batera. Alde Zaharrean bakarrik bizi den auzokide ugari dago, horietako asko zaharrak. Horren jakitun, taldeak bere burua eskaini die "besterik gabe" hitz egiteko beharra duten auzokideei, beharrezkoa den maiztasunarekin eta beti pertsona berdinarekin hitz egiteko ideiarekin. Hasierako bi asteetan inor ez zen haiengana zuzendu, orain lau pertsonarekin ari dira harremana mantentzen. “Oso zaila da behar hori duen pertsona batengana heltzea, oro har bakardade asko baduzu”, hausnartu du Basagoitik. Helduta ere, aurretik aipatutako arazoa dago: “Zaurgarri agertzea oso zaila zaigu”. Ondo daki Basagoiti zertaz ari den. Gurpildun aulkian bizi da eta gatazka hori bere azalean bizi izan du: “Transmititzen dudan estereotipoa da laguntza behar duen pertsonarena. Nik laguntza eskaintza piloa jasotzen dut. Asko eskertzen dut, baina ikasketa gogorra izan da. Gure jendartean autonomismoa erlijioa da”.

Erraztasun askoz handiagoa dugu laguntza eskaintzeko, eskatzeko baino. Eskatzeak ahulezia egoera batean ikusarazten gaitu, eta horrela agertzeko erresistentzia handiak ditugu

Laguntza eskaera gutxi jasotzearen beste zergati bat babesgabeen eta baztertuen daudenengana heltzeko sare hauek gaur gaurkoz dituzten mugak dira antza, baina hurrengo azpiatalean helduko diogu horri. Edonola, zailtasun horiek guztiek ez dituzte ezustean harrapatu sareetako kideak, oro har. Joera eta ahulgune horiek urratsez urrats eraldatzen joatea sare hauen borroketako bat dela ulertzen dute, hain zuzen ere. Eskaintza eta eskariaren arteko desorekak nabarmena izaten jarraitzen du, baina iragan diren hiru asteetan zehar laguntza eskaerek gora egin dute pixkana.

Arrazoi positiboek ere azaltzen dute laguntza eskaeren urritasuna. Batetik, sareek atariz atariko antolaketa eta dimentsioa lehenetsi dute, lehenago aipatu bezala. Hortaz, behin atariko bizilagunen artean komunikazioa sortu eta elkar laguntzarik praktikatu bada, sarearen kudeaketatik zein ezagutzatik kanpo geratzen da errealitate hori. Zentzu horretan, ez dago jakiterik sareen bitartez asetzen edo bideratzen ari diren beharren tamaina. Bestetik, atariz atariko elkar laguntza hori zaintza sare formalen aurretik ere aktibatu dute herritar askok. Hau da: zorionez, gero eta bakartuagoak eta harremanak gero eta indibidualizatuagoak egonagatik ere, mantentzen dira egunerokoan gutxieneko zentzu komunitarioa duten erlazio sareak. Ikusezinagoak diren sare informal horietatik naturaltasunez praktikatzen da elkar laguntza, berariazko egitura bat sortzeko beharrik gabe, eragile batek propio sustatu gabe. Zentzu berean, Aguraingo komertzioak euren kabuz antolatu dira behar duten herrikideei erosketak etxera eramateko, edo Gasteizko Alde Zaharreko supermerkatu txikiak berdina egiten du auzokideekin.

Atariz atariko elkar laguntza, zaintza sare formalen aurretik ere aktibatua zuten herritar askok

Balore handia du horrek, eta errealitatea aztertzean kontuan hartu behar da. Egin ezean elkar zaintzaren eta praktika komunitarioen irudi herrena eta mugatua izango genuke. Pentsa genezake, esaterako, hainbat herri txikitan zaintzarako sare formalik sortu ez bada herritarren zentzu komunitario ezagatik dela. Aldiz, kontrakoagatik izan daiteke kasu askotan. Murgian edo Kuartangon, esaterako, ez da sarerik sortu, eta horren azalpen berdina eman digute bertako herritar banak: bizilagunek ezagutzen dituzte aurretik ere dauden beharrak edo pertsona jakin batzuen egoerak, eta propio egiturarik sortu gabe erantzuten diete haien beharrei. Arabako beste herri batzuetan sareak udalaren eta herritarren arteko elkarlanetik sortu dira. Ematen du tamainak zentzu horretan zerikusia duela –ordezkari politikoen eta euren alderdien sentsibilitateaz gain–. Udalak herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direla esan ohi da, eta egia izan daiteke, baina ez da berdina herri txiki batean edo hiri batean herritarren eta udalaren artean dagoen hartu-emanaren kantitatea eta kalitatea. Zalduondon esaterako udala eta herritarrak eskutik ari dira zaintza sarean lanean. Trebiñuko bi herri nagusietan ere sortu dira sareak, Argantzunen zein Trebiñun. “Argantzunen %50ean udalak eta %50ean herritarrek sustatuta”, azaldu digu Argantzuneko zinegotzi Ibon Txopiteak.

 

Baztertuenak sareetatik kanpo?

Behar larrienak dituzten pertsona eta sektoreengana heltzeko elkartasun sareek mugak ote dituzten galdetuta, solaskideek baietz diote. Haien sareetan gabezi horrekiko kezka dagoela diote. Sektore baztertuenak izan daitezke, batetik, lagunartearen, auzokideen edo familiaren babes sarerik ez duten pertsona zaharrak edo migratzaileak, esaterako. Eta, noski, sozioekonomikoki baztertuak. Agurainen eta Laudion, ondorioztatu zuten sare sozialen bitartez eta sustatzaileen ohiko kanaletatik komunikatzea ez zela zaurgarrienekin batera bidea egiteko modurik egokiena. “Kezka hori zen, komunikaziorako gure ohiko bideak erabiliz gero behar handienak dituztenengana helduko ote garen. Atarienak oso harrera ona izan du, normalean heltzen ez garen jendearengana heldu gara”, dio Lezamak.

Iñaki Luzuriaga Gasteizko Alde Zaharreko kale hezitzailea da, baina auzokide eta militante bezala ari da auzoko zaintza sarean parte hartzen. Injustiziak eta diferentziak konfinamendu garaian birproduzitu eta sakondu egiten direla dio: “Estatus legala, baliabide laboralak eta errekurtsoak ditugunoi irizpide batzuk ematen dizkigute, babesten gaituztenak, baina baztertuta dagoena konexiorik gabe geratzen da erabat, beti du galtzekoa”. Alde Zaharrean pobrezia eta bazterkeria egoerak Gasteizko gainontzeko auzoetan baino handiagoak dira, baina deskribatzen dituen egoerak toki askotan ari dira gertatzen: “Pobrezian dagoen jende askok ez du etxea alokatuta, gelak baizik. Askok mugikorrak badituzte, baina daturik ez. Isolatuta egotea dakar horrek egun, informaziotik, lagunartetik, eskolatik [horregatik auzokideei wifia irekian uzteko eskaera]. Leihoetan daude, ia taberna edo elkarte batetik wifia harrapatzen duten”. Etxe horietako askotan haurrek jolasik ere ez dute eta kalean ordu asko ematera daude ohituta, eskolako lanak egiteko beharrezko materialik ere ez. Zaintza saretik jolasak edo margoak eraman dituzte hainbat etxetara: “Une honetan partxis edo oka bat kristoren ekarpena izan daiteke etxe batean. Barruko aldetik margotzeko kartelak eta margoak banatu ditugu ere. A ze harrera!”. Materialaz gain beste behar batzuk ere asetzen dituzte horrelako ekimenek Luzuriagaren ustetan: “Benetako beharra harremana zen. Sentitzea badagoela norbait, auzoa, nolabaiteko komunitate bat, eta ni haien buruan nagoela”.

 

Etxeko lanak, aukeran, aurretik

Gasteizko Alde Zaharreko sarean egoera eta pertsona zaurgarrienen ezagutza hurbilagoa dagoela ematen du, eta horien presentzia zaintza sarean handiagoa dela. “Gure elkar zaintza sarea egunerokotasunean sortuta dugunaren inguruan sortu dugu”, dio Barriocanalek, ezinbesteko gakoa emanez. Egunerokotasun hori sare ugariz osatuta dago, horietariko batzuetan egoera sozioekonomiko ezberdinetako jendea nahasten da eta urteetako lana dago atzean: eskolako gurasoak, Goian elkartea, Sareak Josten, Auzoan Bizi.... Elkarren artean saretuta daude aldi berean, haien artean eta beste hainbat mugimendurekin ere: Gasteiz Txiki Auzo Elkartea, Gasteizko Gaztetxea, Talka gune okupatu feminista...

Sektore baztertuenetara heltzea ez da egun batetik bestera lortzen. Gutxi-asko, maila sozioekonomikoa konpartitzen dugun multzoen arabera sozializatzen gara

Antzera interpretatu dezakegu Lezamak kontatu diguna. Gabezi horretaz ari dela, salbuespen “polit” bat nabarmentzen du. “Laudion eta Amurrion greba mugagabean egon ziren supermerkatu batzuk, eta greba orokorraren testuinguruan harreman estua sortu zen greba komiteetan”. Prekarizatutako eta feminizatutako lan esparrua da, migratzaile kopuru handikoa ere. “Orain, haiek jarri dira harremanetan sarearekin, kutsadura arriskua gutxitzeko erosketekin laguntzeko haien burua eskainiz”.

Sektore baztertuenetara heltzea ez da egun batetik bestera lortzen den gauza. Gutxi-asko maila sozioekonomikoa konpartitzen dugun multzoen arabera sozializatzen gara egunerokoan, haien artean apenas ukitzen edo gurutzatzen diren kapetan. Sektore militante antolatuetako kideak ez dira oro har sektore baztertuenetakoak gure herrian, eta harreman sare klasista horiek hor ere erreproduzitzen dira. Osaerak asko baldintzatzen eta mugatzen ditu mugimendu bakoitzaren agendak, lehentasunak, ardurak edo sentsibilitateak. Bide luzea dago egiteko hori eraldatzeko, baina egia da azken urteetan ugaritu egin direla gabezi hauen inguruko hausnarketak eta, garrantzizkoena dena, hori iraultzeko borroka herritar zehatzak. Bizitzen ari garen garaiak –eta etorriko direnak– aliantza eta nahasketa hauetarako beharra zein aukerak areagotu dituzte.

Barriocanalek azken egunetan sareko zenbait kideren artean konpartitu duten kezka jarri du mahai gainean. Uste du modu dikotomikoegian planteatzen ari direla laguntza: eman ala jaso. Batetik, errealitatea desitxuratzea dela deritzo: “Denok eman eta jaso dezakegu laguntza modu batera edo bestera, eta une batzuetan emateko izango dugu gehiago, beste batzuetan jasotzeko behar handiagoa”. Edo, Romerok dioen bezala, "guztiok dugu gure bizitzako momenturen batean zainduak izateko beharra, eta baita zaintzeko ardura ere". Bestetik, nahi gabe ere logika paternalista edo asistentzialak elikatu ditzakeela uste du: "Laguntza emateko gai" diren sareko kideak dira "laguntza behar duten pertsona zaurgarriak" babesten dituztenak, nolabait.

“Denok eman eta jaso dezakegu laguntza modu batera edo bestera, eta une batzuetan emateko izango dugu gehiago, beste batzuetan jasotzeko behar handiagoa"

Garaiei komunitarismotik heltzeko erremintak

Konfinamenduak eta larrialdi egoerak sortu edo areagotu dituzten zaintza beharrei erantzuteko sortu dira zaintza sare herritarrak Araban –eta Euskal Herri osoan–. Behar horiek areagotu egingo dira konfinamendu egoera luzatu ahala, gure solaskideen ustez. “Batzuk etxe eta egoera erosoagoetan gaude, beste batzuk dezentez okerrago. Beldurrak eta komunikazio beharrak sakonduko dira, gure onena eta txarrena aterako da. Jendea behar horiek asetzen saiatuko da, sare formal zein informalen bidez”, dio Basagoitik.

Konfinamendua amaituko da, baina beharrak ez. Krisiaren ondorioak berriz ere herritarren bizkarrean zamatzen ahaleginduko dira agintariak, injustiziak eta sufrimenduak areagotuz. Zaintza sareen esperientzia agertoki horri erantzuteko baliagarri ikusten dute gure solaskideek, sare bezala izan zein beste moduren batean. Erronka handia izango dute orduan sareek. Konfinamendua komunitatearen beharra ikustarazteko eta sentsibilitatea garatzeko testuinguru oso aproposa da. Baina komunitatea egituratzeko eta sendotasuna emateko muga gaindiezinak ezartzen ditu –horizontalki, elkar ukituz eta parte-hartzea oinarri eraikitzeko–.

Konfinamendua komunitatearen beharra ikustarazteko eta sentsibilitatea garatzeko testuinguru oso aproposa da. Baina komunitatea egituratzeko eta sendotasuna emateko muga gaindiezinak ezartzen ditu –horizontalki, elkar ukituz eta parte-hartzea oinarri eraikitzeko–.

Luzuriaga ez da optimista, sistemak koronabirusaren krisia bere burua orekatzeko erabiliko duela dio, 2008an egin zuen bezala. Baina hala ere zaintza sareek edo ekonomia sozial eraldatzaileak aukera bat dutela uste du. “Auzokideen artean inoiz baino gehiago ari gara hitz egiten, ikusten duzu zuri laguntzeko prest dagoena ez dagoela ez dakit zein bulegotan, baizik eta zure atarian. Nik uste horrek oinarri polita utziko duela”, dio Barriocanalek Gasteizko Alde Zaharretik; “nik uste dut honetatik ikasiko dugula. Gazte Asanbladatik abiatu zen ekimena baina beste jende bat batu da. Covid-19aren krisia pasatuta sarea beste modu batean mantendu daitekeela uste dut”, Ruiz de Pinedok Agurainetik; “horretaz ez dugu hitz egin eta nik neuk sarea bere horretan ez dut uste mantenduko denik, baina sortzen ari diren lotura eta zubi berriak balioko digute aurrera begira”, Lezamak Aiaraldeatik; “etorkizunean forma desberdina hartuko dugu agian, baina ziur nago egun hauetan egindako lanak arrastoa utziko duela. Baterak asko izango du esateko eta egiteko”, Gasteizko sareaz Romerok.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


Eguneraketa berriak daude