Zahartzea eta zaintza: SOS


2021eko apirilaren 21an - 11:53

Ikusita nola dagoen adinekoen zaintzaren eta giza eskubideen egoera gatazkatsu eta onartezina egoitza gehienetan, ikusita hiru diputazioen eta Eusko Jaurlaritzaren propaganda zakarra, eta adineko pertsona bat zaintzen den etxeetan isilean gertatzen ari dena, etorkizunak beldurtu egiten du, asko beldurtzen du.

Eta gaur daukagunari bat, bi edo hiru hamarkada gehitzen badizkiogu? Trankil egon gaitezke pentsatuz zaintza duinagoa, merkeagoa eta pertsonalizatuagoa izango dela, eta bizi garen lekutik gertuago egongo garela, eta zaintzen gaituzten pertsonek zaharrentzako denbora gehiago eta lan-baldintza hobeak izango dituztela?

Gaur egun, 65 urtetik gorako pertsonak biztanleriaren %20 gara, eta 20 urtean %30 izango gara. 80 urtetik gorakoak %6 gara, eta 30 urtean %12 izango gara. Zaintzaileen soldatak, ratiok eta laguntza ekonomiko berberei eutsiz, 20 urtetan gastu publikoa gutxienez %50 igoko litzateke. Horri beharrezko hobekuntzak gehitzen badizkiogu, hala nola ratio onargarriak eta lan-baldintza normalagoak (Osakidetzaren antzekoak), etxean artatutakoentzat laguntza handiagoak izateaz gain, gastuaren igoera %65etik gorakoa izango litzateke. COVID osteko krisiak eta errezeta neoliberalek ez dute onartuko.

Eta zer gertatuko litzateke egungo gastu publikoaren ehunekoa handitu gabe mantentzen bada? Aldaketa demografikoa kontuan izaten badugu, egoera oso gogorra izango litzateke. 20 urtean, dirulaguntzak erdira jaitsi litezke, plaza publikoen prezioak %50 igoko lirateke, langileen ratioak %25 murriztuko lirateke.

Horregatik guztiagatik, Irauli-Zaintza Plataformak SOS bat jarri du abian. Euskal gizartean belaunaldien arteko adostasuna lortzeko eztabaida publiko, sozial, akademiko eta politikoa da bidea.

"Eusko Jaurlaritzak eta hiru diputazioek, udalak baztertuz, norabide okerra eta etorkizunik gabekoa hartu zuten. Ahal izan duten egoitza guztiak pribatizatu dituzte, eskrupulurik gabe. Orain, etxez etxeko laguntza ere erabat pribatizatu nahi dute"

Erabiltzaile eta senideen euskal elkarteek egoitzetan gertatzen ari diren erabaki eta egoera ugari salatzen ari dira; pentsiodunen mugimenduak, gero eta arreta handiagoz, zaintza eta etorkizun itxaropentsuagoa eskatzen du; milaka etxetan, legez kanpo zaintzaile etorkin esplotatzen jarraitzen dugu; Araba Bizkaia eta Gipuzkoan lotsagarria bada ere zaintzarako zerbitzuak eta prezioak ezberdinak dira; sindikatuek talka egiten dute diputazioen horma antidemokratikoarekin lan baldintza eta ratio hobeen eskaeretan…. Eta gure agintariak zaintza sistemak pandemiak eragindako krisiari ondo erantzun diola demostratu nahian dabiltza jo eta ke eta gai batzuetan (silver economy?) erreferentzia garela eta izango garela Europan esanaz.

Gure autogobernuak zaintzarako beharrezkoak diren eskumenak baditu, baina eztabaida irekiari ihes egiten dio. Eusko Jaurlaritzak eta hiru diputazioek, udalak baztertuz, norabide okerra eta etorkizunik gabekoa hartu zuten. Ahal izan duten egoitza guztiak pribatizatu dituzte, eskrupulurik gabe. Orain, etxez etxeko laguntza ere erabat pribatizatu nahi dute, eta publizitatean gastu handiak eginaz. Adibide gisa, Bizkaiko Foru Aldundiaren EtxeTIC planaren publizitate-kanpaina, non eskua joaten zaien AEBettako ultraliberalismo ekonomikoak adineko pertsonen zaintzari nola erantzuten dion apologia eginaz.

Irauli-Zaintzan pentsatzen dugu, batez ere, inork ez duela bere emaitza-kontura dirua eraman behar, guztiz beharrezkoak ditugun baliabideak murriztuz. Zerbitzu hori oinarrizkoa eta beharrezkoa da, eta inbertsioak sektore publikotik eskuragarriak dira, eta ez du kanpoko kapitalen sarrerarik behar. Pribatizazioa gizartea eta bizitza ulertzeko modu penagarri baten emaitza da. Kasu honetan, hainbat hamarkadatan kanpoko korporazioei eta inbertsio-funtsei onurak bermatu izana delitu soziala da, euskal gizartea pobretzea da, eta bere soldatatik edo pentsiotik bizi den eta zaintza beharra izango duen pertsona bakoitza pobretzea da. Enplegu duina sortzea, finantza-aurreikuspena zerga edo kotizazio berriekin egitea, eskumen eta finantza-baliabide gehiagorekin udalak ahalduntzea adineko pertsonen zaintzak kudeatu ahal izateko, erkidegoaren belaunaldi arteko hurbiltasunetik eta partaidetzatik abiatuta da bidea... Eta beste gauza asko.

Hiriko edo herrietako pertsona edo kolektibo bakar batek ere ez du eztabaida hori saihestu behar gure bizitzaren udazkena ere seguruagoa, justuagoa eta interesgarriagoa izatea ziurtatu nahi badugu.

Xanti Ugarte, Irauli zaintza elkarteko kidea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude