"XXI. mendeko gure gizartearen hipokresiaren adierazgarri da interna erregimena"

  • Koronabirusaren krisiak agerian utzi du bizitzak erdigunean jartzearen beharra. Zaintza krisiak gainezka egin digu eta dagoeneko ezinezkoa da beste aldera begiratzea. Krisi guztietan bezala, honek ere batzuk beste batzuk baino gehiago kolpatu ditu. Josefina Roco Sanfilippo, Trabajadoras No Domesticadas taldeko eta Mundubateko Genero eta Feminismoen Departamentuko kidea elkarrizketatu dugu telefonoz, konfinamendutik konfinamendura. Zaitza eta etxeko langileen egoeraz eta krisiari aurre egiteko martxan jarri dituzten egitasmoez aritu gara.


2020ko apirilaren 05an - 10:56
Josefina Roco Sanfilippo, Trabajadoras No Domesticadas elkarteko kidea eta Mundubateko Genero eta Feminismoen Departamentuko kidea

Zein aldarrikapen egin dituzue Etxeko Emakume Langileen Nazioarteko Egunean?

Etxeko lanen banaketa justu bat aldarrikatu dugu. Izan ere, egungo gizarte kapitalista, kolonial, arrazista eta patriarkalaren zapalkuntza guztiak agerian geratzen dira sektore honetan. Lan eremu hau da beraientzat bizirauteko modu bakarra. Bitartean,  mendebaldeko gizarte honen zaintza beharrak asetzen ari dira; gure zahar eta haurrak zaintzen. Administrazioak aldiz, beste aldera begiratzen du eta ez du arazoa konpontzen asmatzen; zaintza mekanismo merkantilizatuak eta defizitarioak jartzen ditu. Horregatik diogu martxoak 30a gizarte bezala pentsatzeko eta aldarrikatzeko eguna dela. Hitzarmen bat osatzeko beharra dagoela uste dugu, nahiz eta badakigun ez dela erraza. Emakume hauek etxeetan bakartuta egiten dute lan, ez daude egunero ofizina batean. Horrek saretzea zailtzen du, eta euren arazoak arazo indibidual gisa ikusten dituzte, ez arazo estruktural eta kolektibo gisa.

Aurten egoera berezian iritsi da martxoaren 30a.

Koronobirusak agerian utzi du denbora luzez etxeko langileen elkarteetatik eta hainbat feminismotatik aldarrikatzen eta salatzen ari ginen hori.  Gizarte bezala ditugun hainbat krisi jarri ditu mahai gainean. Argi geratu da gizarte hau zaintza zutabe baten gainean estrukturatzen dela. Ez da kasualitatea krisiak gehien zeharkatu dituen sektoreak sektore feminizatuak eta prekarizatuak izatea, horietako asko ezkutuko ekonomian oinarritzen direnak. Eta hala ere, lan hauetan dauden emakumeak hor jarraitzen dute egoera oso lazgarrietan Euskal Herriko aiton-amonak zaintzen.

Koronabirusak gogor kolpatu ditu. Zein da etxeko eta zaintza lanetan diharduten langileen egoera?

Lehenengo irakurketa bat egiten ari gara, izan ere, oraindik goiz da krisi honek utziko dituen ondorio guztiak aztertzeko. Inkesta bat egin da estatu mailan eta orain inkesta horretatik Euskal Herriko datuen irakurketa egiten ari gara. Hasierako ondorioetan ikusi dugu kontratu mozte asko egin direla, indemnizaziorik gabe. Hau da, kaleratze bat baina dagokion ordainketarik gabe. Beste emakume askori eten egin dizkiete kontratuak; honek iraun bitartean lanera ez joateko esan diete, baina lanpostua mantentzeko aukerarekin, soldatarik gabe. Kasu horietan batzuei Gizarte Segurantza ordaintzen diete edo beste kasu batzuetan langileak ordaintzen du, ez duelako eten nai. Beste batzuei egun horiek oporretatik hartzera behartu diete.

Bestalde, kanpo langileen kasuan eta orduka lan egiten dutenen kasuan, gehienetan lana galdu dute. Internei dagokienez, berriz, hainbat eskubide urratu dizkiete: beraien eguneko eta asteko atsedenerako aukera galdu dute. Ezin dira etxetik irten eta beste etxe batera joan, familiek ez dutelako zaharrak kutsatzerik nahi. Beste kasu batzuetan ezin dira euren etxera bueltatu ez daukatelako lanera joan ahal izateko baimenik. Egoera irregularrean daudenek ez daukate kontraturik, eta, beraz, familiek ezin diete ziurtagiririk egin, eta beldurra diote poliziak gelditzeari. Beste kasu batzuetan, administrazio egoera erregularrean egonda ere ez dute kontraturik, eta arazo berbera dute.

Eta langileen osasuna?

Beste alde batetik dago osasunarekin lotutako arazo guztia. Emakume askok gaixo dauden pertsonekin egiten dute lan, askotan gela berean egiten dute lo, eta ez dira langile horiek babesteko prebentzio neurriak hartzen. Paradoxikoa da: alde batetik, familiek ez dute nahi langile hauek etxetik ateratzea ez kutsatzeko, baina beste aldetik ez dituzte neurriak hartzen euren osasuna babesteko. Hor ere kate bat sortzen da non agerian geratzen diren klasea eta pribilegioa. Horrela dago egoera, eta gobernuak beste aldera begira jarraitzen du.

Nola baloratzen duzue erakundeen jarduna?

Oso gaizki, uste dugu larrialdi ekonomikoari aurre egiteko neurriak guztiz defizitarioak direla. Baina kontua da gure sektorea batere berdinzalea ez den arautegi batetik datorrela. Beste sektoreetan historikoki onartu izan diren lan baldintzak ez daude jasota gure sektorean, esaterako, langabezia saria. Espainiako Gobernuak proposatutako neurrietan ez da kontuan hartu gure egoera eta hori krisi hau sostengatzen ari den kolektibo bateko kideak garela, ikusiko dugu ea datozen egunetan zein neurri iragartzen dituen, eta ea jasotzen duen langabezia saria ematea, hilabetez. Hori aurrera pausu bat litzateke baina ez nahikoa. Izan ere, kontratuek normalean ez dute errealitatea islatzen, ordaintzen dieten soldata baino gutxiago deklaratzen dute dagokiena baino gizarte segurantza gutxiago ordaindu ahal izateko, eta horrek berekin dakar langabezia saria ere txikiagoa izatea, benetan tokatzen zaiena baino.

Hori egoera erregularrean daudenen kasuan, baina zer gertatzen da egoera irregularrean daudenekin?

Administrazio egoera irregularrean daudenak, edo kontratu bat edukitzeko aukera duten arren kontraturik ez dutenak, sektorearen %40a dira. Horiek guztiak neurri horretatik kanpo geratuko dira. Egoera oso larria da, izan ere, kontuan izan behar dugu lana galtzeaz gain, etxea ere galdu dutela. Langile hauetako asko bizi dira  lan egiten duten etxe berean. Emakume horiek oso egoera zaurgarrian geratu dira. Amorrua eta inpotentzia sentitzen dugu.

Diru bilketa kanpaina bat abiarazi duzue beste hainbat kolektibo feministekin batera.

Saltsa askotan sartuta gaude, egitasmo batzuk erantzun azkar bat eman nahi diote sistemak edo administrazioak erantzutea lortu ez duen hainbat arlori eta beste batzuk epe luzeko neurriekin dute zerikusia. Neurri azkar bezala, atzo diru bilketa kanpaina bat abiarazi genuen, erresistentzia fondo bat izan nahi duena. Emakume batzuk kalean geratu dira, teilatuperik gabe eta erantzun azkar bat behar dute. Hori dela eta, Nikaraguako feministak, Mujeres con voz, Mujeres Tejiendo redes eta guk (Trabajadoras no domesticadas), Calala, Pikara Magazine eta Sortzen aholkularitzaren babesarekin batera abiatu dugu kanpain hau. Helburua da kalean geratu diren horiei laguntzeko erresistentzia kutxa bat sortzea. Inkesta bat zabaldu dugu beraien beharrak zeintzuk diren identifikatzeko eta irizpide batzuk zehazten ari gara larrialdi egoeran dauden emakume horiei lehentasuna nola eman ikusteko. Kale gorrian geratu diren emakume horiei emango zaie lehentasuna, eta asmoa da 13.000 euro biltzea 60 emakumeri 250€ eman ahal izateko. Gure asmoa da erantzun azkar bat ematea emakume hauei, baina baita administrazioari hartu behar dituen neurriak exijitzea ere.

Aipatu duzu epe luzeagoko proiektuak ere badituzuela esku artean.

Koronabirusa iritsi aurretik Mundubat fundazioarekin batera esku artean genuen proiektu batekin bagabiltza, alarma egoera tarteko, espero baino lehen martxan jarri duguna. Egitasmo honek plataforma digital bat eta gune fisiko bat hartzen ditu bere baitan. Online plataforma interdependientes.org da eta bertan zaintza eta etxeko langileen lan eskubideen inguruko informazioa eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen dira. Plataformarekin batera Bilbon gune fisiko bat jarri dugu martxan, orain itxita dagoena. Gunearen helburua aholkularitza eskaintzeaz gain elkargune bat izatea da, eta ekonomia feminista eta ahalduntzearekin lotutako ikastaroak egitea. Dena den, emakume askorentzat badakigu zaila dela fisikoki leku horretara joatea, batez ere interna bezala lan egiten dutenentzat, beraz, webgunearen bitartez behar horri erantzuten diogu. Bestalde, informazioa jasotzeaz gainera, informazioa emateko leku bat ere bada, foro bat dauka beraien egoera kontatu ahal izateko eta horrela diagnostiko bat egiten joan ahal izateko. Bi profesional arituko dira aholkularitza zerbitzua eskaintzen, eta kontsultak email bidez egin daitezke.

Bukatzeko, behin baino gehiagotan aipatu izan duzue interna erregimena esklaboa dela eta abolitu egin beharko litzatekeela.   

Guk beti esan izan dugu etxeko langilearen interna erregimena desagertu egin behar dela. Izan ere, gizarte bezala dugun erantzukizun kolektibo bati muzin egiten ari gara, zaintza lanak modu indibidual, feminizatu eta prekario batean eginez, norberaren etxe barruko esparruan. Interna moduan lan egiten duten emakumeen %90 migratu da, gehienak egoera administratibo irregularrean daudenak, hau da, hainbat zapalkuntza modu bizi dituztenak euren gorputzetan. Askok ez dute sare sozialik, ez familiarik, ez lagunik eta oso bakartuta daude, apenas informaziorik gabe. Gainera, azken urteetan erregimen internoan dauden emakumeei egindako eskubide urraketa asko jaso ditugu.

Finean, XXI. mendeko gure gizartearen hipokresiaren adierazgarri da interna erregimena. Zaintza lanak ez dira sistemaren akatsa, zaintza lanak behar beharrezkoak dira jaiotzen garenetik hiltzen garen arte, eta gaur egun zaintza lan horiek modu pribatuan eta indibidualean egiten ditugu, eta arlo komun eta politikora eramatea ezinbestekoa da. Zaintzaren krisiari kolektiboki eta publikoki egin behar zaio aurre, eta une honetan beste aldera begiratzen ari dira, bai gizartea eta bai estatua. Horrek koste handia izango du internen bizitza eta gorputzetan, baina baita gainerakoenean ere. Krisi honekin oraindik ageriago geratuko dira arazo honi iskin egin izanaren ondorioak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude