"XXI. mendeko gizarte erresilienteak eraiki nahi baditugu, has gaitezen elikaduratik!"

  • Londresko arkitekto eta ikerlari Carolyn Steel hirien eta landaguneen arteko deskonexioaz mintzo da bere liburuan (Ciudades hambrientas, Capitán Swing, 2020. Hiri gosetuak). Janaria bizitzaren erdigunean jartzea proposatzen du eta arazo globalak elikaduraren ikuspegitik aztertzea.

Argazkia: Miquel Muñoz / Directa.

2022ko uztailaren 13an - 08:33

Zergatik diozu egungo elikadura sistema globala oso hauskorra dela, are hautsia?

Artifizialki sortu dugu elikagaiak merkeak izan daitezkeenaren ilusioa, baina egiten dugun bakarra kanpo kostuak ez sartzea da. Bada ikerketa oso famatu bat hanburgesa bati buruz egin zena, txahal haragizkoa, zeina hazi zen deforestatutako oihan tropikalean. Egun, bi euroan dago hanburgesa hori baina bere kostu erreala 200 eurokoa da. Erabat orain ezina.

Elikagai merkeek ez dute kostuen artean sartzen klima aldaketa, deforestazioa, ur gezik gabe geratzen ari garela, nekazaritza kimikoak suntsitzen duen lurra, eta benetan izutzekoa den intsektu eta txorien galeraren abiada. Uste dut esan daitekeela gaur egun giza jarduerarik suntsikorrena nekazaritza dela.

Zer harreman du nekazaritza eredu horrek hiriekin?

Bere "geografiatik" deskonektatuta bizi diren hirietan bizi gara, ez dugu egunero elikatzen gaituen paisaia ikusten. Londrestarren janariaren zati handi bat Brasilgo paisaietatik datoz, Mato Grossoko soja zelaietatik adibidez.

Historikoki, janaria oso presente eta ikusgarri zegoen hirietan. Aleak gehienez hiritik 30 kilometrora ekoizten ziren, ez zelako bideragarria urrunagoko lurretatik ekartzea, eta haragitarako animaliak oinez eramaten ziren erdiguneko azoketaraino. Trena ezartzearekin, hiriak jada ez zeuden bere geografiara mugatuta elikagaiak ekoizteko, eta 1840ko hamarkadatik aurrera oso azkar hazten hasi ziren. Elikadura sistema ez zen ikusgarri egin.

Fisikoki eta mentalki urrundu egin gara elikatzen gaituzten paisaietatik. Paradoxa kaletarra deitzen diot: kaletarrak sentitzen gara, baina giza abere modura natur munduaren menpeko gara. Zenbat eta gehiago bizi hirietan, gehiago urruntzen gara gure biziraupenaren iturritik. Janariarekin disoziatu gara, janaria zorroan dagoen eta nondik datorren eta zer den ere ez dakigun zerbait bihurtu da.

Kaleko bizitzarako ezinbestekoa al da paradoxa hau?

Bizi garen lekuak diseinatzerakoan janaria txertatu behar dugu, hiria eta landagunea elkartuz. Janaria gure bizitzetako gauzarik garrantzitsuena da, erokeria da merke modura hartzea! Balioa eman behar diogu, onartu behar dugu gure gorputzak eraikitzen dituela, baita paisaiak eta hiriak ere. Baina ez dugu ikusten.

Beharrezkoa da oreka bat lortzea landagunearen eta kalearen artean, hiriak diseinatzean. Nire proposamena "berrantolatzea" da, beraz, elikagaien ekoizpena jendea dagoen lekura itzultzea. Noski, ahal den neurrian, ez modu exageratuan. Gertuko elikagaiak landu behar ditugu, garaikoa, eta nekazaritza erregeneratiboaren oinarriekin bat datorrena, eta horrek eskatzen du lurrarekin harreman erabat ezberdina izatea.

Lurrarekin eta naturarekin sinergiak bilatzen dituen nekazaritza sistema horretarantz aldatzeak, kimikorik eta ongarririk gabe, aldaketa handiak eskatzen ditu! Nola lortu?

Nekazari asko behar ditugu, elikagaien prezio erreala ordaindu behar diegu eta lur gehiago behar dugu erabilgarri. Greenwicheko etxalde batean kide naiz, Londresen, hiriaren zati bati jaten eman dion lur eremu handi bat dena. Askoz gehiagorengana iritsi daitekeen eredu bat da, baina hori eragozten duen gauza bakarra da zenbat jende dagoen prest janariagatik gehiago ordaintzeko. Beraz, hau kultur aldaketa bat da.

Aldaketa hau gauzatzeko, eskuhartze publikoa behar dugu. Gobernuak behartu dezake elikagai industrialek barneratu behar izan dezaten bere kostu erreala, kutsatzen duten nekazal praktikei zergak jarriz. Modu horretan, bertako produktuak merkeagoak izango dira, eta jendeak erosi egingo ditu. Lurraren jabetzari zerga bat ezartzeak ekar dezake nekazaritzarako erabilgarri dagoen lur gehiago izatea. Hiriaren hainbat puntutan jar daitezke bertako ekoizleentzako salmenta puntuak, baita elikagaiak lantzeko azpiegitura komunitarioak ere, horrela nekazariek soberakinak eraman ahal izango dituzte adibidez marmelada bihurtzeko.

Hainbeste eredu daude jada martxan, sustatu daitezkeenak! Inori ez zaio gustatzen besteek esaterik nola eta zer jan behar duen, beraz, hiriaren diseinuaren bidez jokabide zehatz batzuk sustatu behar ditugu.

Zer proposatuko zenuke Bartzelonaren moduko hiri batentzako?

Kataluniak bezala oraindik elikadura sistema tradizionala mantentzen duten pertsonei hau esateko betebeharra sentitzen dut: zoragarria da, egin ezazue ahal duzuen guztia babesteko, zeren behin desagertzen denean oso zaila da berreskuratzea. Erresuma Batuan elikadura kultura industriala oso garatuta dago, jendeak erabat galdua du janariarekiko lotura. Hiriaren inguruan dauden labore lurrak babestu itzazue, eta indartu jadanik badiren harremanak, bertako baserritarren azoken modukoak. Eta umeak inplikatu!

Eurpako herrialde askotan orain hiru geruzako elikadura sistema dago: lehena, sekula lurra lantzeari utzi ez dion elikadura kultur tradizionalaren aztarna gutxi batzuk; bigarrena, elikagai industrial merkeen kantitate masiboa; eta hirugarrenik, oso eskala txikian elikagaiak modu independentean ekoizten dituztenak, saiatzen direnak lehen geruza eusten edo berreraikitzen, adibidez, ekoizle eta kontsumitzaileen kooperatibak. Erresuma Batuan gure elikadura kultura tradizionalaren %95 galdu dugu, guztiek janari azkarra jaten baitute. Baina azken 30 edo 40 urteetan hirugarren geruza berreraiki dugu, eta orain gazta artisau gehiago ditugu Frantziak baino. Beraz, laborantzara emana den jendearen iraultza eman da.

Nire argudioa hauxe da: hirugarren geruza hori da prezio errealean elikagaiak ekoizten ari den bakarra. Ez dutelako lurra suntsitzen, ez dute kutsatzen, ez dute jendea gaixotzen, ez dituzte animaliak gaizki tratatzen. Haien janaria ez da hain garestia. Segur aski, bikoitza kostatzen da, eta jendearen gehiengoa gai da gehiago ordaintzeko, baina ez du nahi. Noski, bada talde oso garrantzitsu bat gehiago ordaindu ezin duena, eta beraz sistema ekonomikoa ere berregokitu behar dugu, adibidez, erreforma fiskalekin.

Ideia hauek denak oso interesgarriak dira baina badirudi gizarte bezala kontrako norabidean goazela. Nola jar daiteke eskala handiagoan martxan?

XXI. mendean ongi bizitzeko modu bat bilatzen ari gara, planeta suntsitzen ez duena. Horrek esan nahi du egungo elikadura ereduak ezin duela jarraitu, planetak ezin du jasan. Beraz, B planari heldu behar diogu.

Berri ona da B plana dagoeneko martxan dela, tokiko ekimen txiki asko dagoeneko badira. Ez dago inongo motiborik hazi ezin daitezen, ez bada oraindik bizitza onari buruz indarrean den ideia, dena dagoen moduan mantendu nahi duten interes handiek kontrolatzen dutena, diru asko irabazten dutelako horrekin. Aldaketa kultural hau egiteko borrokatu behar gara eta ikuspegi alternatibo bat behar dugu.

Planteatu nahi dudan galdera nagusia da: Zer da bizimodu on bat? Nola bizi? Uste dut janaria oso ikuspegi ona dela galdera hori egiteko. Gizarte on bat denek ongi jaten dutena da, ezin baita ongi bizi ongi jan gabe. Gizarte erresilienteak eraiki nahi baditugu, ekitatiboak eta karbono kontsumo txikikoak, has gaitezen elikaduratik! Aurre egin behar diegun konplexutasun guztiei erantzuteko modurik onena da, bai maila ekonomikoan eta politikoan. Bada eraman dezakegun bizimodu on bat naturatik gertuago dagoena, lurretik gertuagokoa eta sozialki askoz interesgarriagoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Agroekologia
2024-05-06 | Gedar
Asteartean hustu nahi dituzte Otxantegi Herri Lurrak

Hirugarren aldiz, Berangon birjabetutako lurrak husteko data berri bat ezarri dute. 08:00etan bertaratzera deitu dute Otxantegi Herri Lurretako kideek.

 


Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Eguneraketa berriak daude