Ze neurri hartu ditu Txinak izurritearen hedapena gelditzeko?

  • Joan den urte amaieran hasi ziren lehen kasuak agertzen Txinan, Wuhango hirian. Hala ere, aurtengo urteko lehenengo bi hilabeteak bortitzak izan dira herrialde asiarrarentzat; 81.053 kutsatu eta 3.225 hildako utzi ditu. Ia bi hilabeteko konfinamenduaren ostean, herrialdeko kasuak beherako handia jo dute, hilabete amaierarako kutsatu berririk izango ez dela aurreikusi dute.Zigor Aldamak Txinak hartutako neurrien errepasoa egin du Revista 5W-n.


2020ko martxoaren 17an - 10:45
Desinfekzio kanpaina Wuhango hirian.

Neurri zorrotzak birusaren hedapena ekiditeko

Urtarrilaren 22an, Txinako Urte berriaren bezperan, Wuhango hiria itxi zuten. Aurreko egunean baieztatu zuten birusaren existentzia, baita hiri horretan sortu zela eta bera zen foku nagusia. 11 milioi biztanleko hiri bat itxi zuten, horietatik 5 milioik alde egin zuten Gobernuak abisua jo zuenean.

Hiritik alde egindako horien arriskua zela eta, Hubeiko probintzia osoa itxi zuten; hau da, Italia osoa besteko biztanleria duen probintzia, 60 milioi biztanle. Gero herrialde osora zabaldu ziren neurriak, eta Urte Berriko oporrak otsailaren 10era arte luzatu zituen Gobernuak.

Maskarillen erabilera derrigorra ezarri zuen Gobernuak, eta bizilagunen komiteek tenperatura kontrolak egiten zituzten etxebizitzen sarreretan, bertakoa ez zen inori sarrera debekatuz. Eguneroko desinfekzioak agindu zituen Gobernuak, eta hasieran familia bakoitzeko kide bakarra baimendu zuen erosketak egitera joateko. Gero hori ere debekatu egin zuen, familia batzuei etxeko ate eta leihoak trabatuz.

Teknologiaren aldeko apustua

Horrelako egoera baten aurrean, teknologia aukeratu zuen Gobernuak konfinamendu egoera ahalik eta errazena egiteko. Produktu eta janaria etxetik eskatzen zituzten herritarrek, eta bertara eramaten zizkieten. Hasieran telefono bidez egin zuten, baina lineak bete zirenean WeChat, Txinako WhatsApp aplkazioaren bidez egin zituzten eskariak.

Eskolak internet bidez eman dituzte, 300 milioi ikaslek klaseak galdu ez ditzaten. Telelana ere bultzatu du Gobernuak, eta badago garraio kostua jaisteaz hain ekoizpena handitzea lortu dutela dioenik ere.

Baina osasungintzako teknologia izan da garrantzitsuena krisi honen aurrean. Txinako osasun-sistemak 2015etik aplikazio bat erabiltzen du, gaixoen jarraipena egin eta mediku eta erabiltzaileen artean komunikazioa egon dadin, ospitaleak bete beharrik izan gabe. Aplikazio horri koronabirusaren atala gehitu diote, eta 200.000 erabiltzaile izan direla adierazi du Gobernuak.

Gobernuak ere aplikazio bat erabiltzen du jendearen osasun-egoera kontrolatzeko. Aplikazio hori derrigorrezkoa da osasun-sistema erabili ahal izateko. Bertan gordetzen ditu erabiltzailearen historiala, mugimenduak eta tenperatura. Eta horren arabera, semaforoaren koloreak erabiliz sailkatzen du jendea. Berdea duenak, 14 egunean arrisku eremuetan egon ez denak, zerbitzu guztietarako sarbidea du. Azken bi asteetan mugimenduren bat izan duenak horia du, eta oinarrizkoak ez diren zerbitzuetarako sarbidea galarazten du. Gorri kolorea duenak ezin du etxetik irten.

Higiene neurriak

Goian aipatu bezala, herritarrak maskarillak erabiltzera derrigortu zituen Gobernuak, eraikinen eguneroko desinfekzioak agindu, eta igogailuetako botoiak ordu gutxiro aldatzen ziren plastikoz estali zituen.

Aurreko egunetan zabaldutako izu mezua zela eta, herrialdean saltzen ziren maskarilla guztiak agortu ziren. Horren aurrean, gobenuak maskarillak errazionatu zituen. Egunean 80.000 milioi ekoizten ditu, beraz 18 egun beharko lituzke txinatar bakoitzarentzako bana ekoizteko.

Hori horrela, ondasun hori sortzen duten enpresek ekoizpena areagotu dute, egunean 100.000 ekoiztera heldu arte. Horrez gain, beste herrialde batzuekin zituzten kontratuak bertan behera utzi eta Txinarentzat ekoizteari ekin diote.

Interes orokorra indibidualaren aurretik

Psikologikoki gogorra izaten ari da wuhandarrentzat konfinamendua, 50 egun baitaramatzate etxetik irten gabe. Hala ere, jendea “pozik” agertu da, interes indibidualen gainetik kolektiboak jarri direlako, ekonomiaren gainetik osasuna. Guillaume Zagury osasun publikoko adituak herrialdearen lan ona laudatu du, baita biztanleriarena ere: ”Biztanleria eredugarria izan da Gobernuak ezarritako neurriak onartzeari dagokionez. Gobernua, bere aldetik, bizkor eta era eraginkorrean aritu da”.

Zentsura eta informazio falta

Hala ere, hartutako neurriek epidemia gelditzeko balio izan badute ere, birusaren lehen fasean izandako jarrera askok leporatu diote Txinari. Izan ere, abenduaren 11an aurkitu zuten birusa zientifikoek, baina informazio hori ez zen zabaldu, eta zentsoreek horri buruz ezer esaten zuten mezuak ezabatu zituzten. Informazio hori Ai Fen Wuhaneko Ospitaleko Larrialdietako zuzendariak baieztatu zuen Renwu aldizkarian egindako elkarrizketa batean.

Gobernuak medikuak mehatxatu zituen ezer kontatu ez zezaten, eta laboratorioak frogak ezabatzera behartu zituzten. Zazpi mediku mehatxatu zituzten eta konfidentzialtasun kontratu bat sinatzera behartu. Beraietako bat hil egin zen otsailaren 6an eta jendearen haserrea piztu zuen. Horren ondoren etorri ziren higiene neurri zorrotzak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude