'Tartanga Berdea Eguna' antolatu dute Erandioko Altzaga auzoko urbanizazio proiektuaren aurka egiteko

  • Tartanga Berdea herri-ekimenak auzoko berdegune bakarra babesteko eskatuko dute ekainaren 12an eta elkarretaratzea ere egingo dute.


2021eko ekainaren 10an - 11:05
Azken eguneraketa: 13:12
Tartanga ingurunea babesteko mosaikoa egiten(argazkia: Hiruka / Tartanga Berdea)

Tartanga Berdea herri-ekimenak ekainaren 12rako elkarretaratzea deitu du, Erandioko Altzaga auzoan egingo den urbanizazio proiektuaren aurka egiteko. 400 etxebizitza baino gehiago eraiki nahi dituzte auzoko berdegune bakarrean, eta elkarteak “osasuna, aisia eta lur publikoa aldarrikatzeko” deia egin du.

Hiruka hedabideak jaso du Tartanga Berdea ekimeneko kideen iritzia, eta auzoko eremu natural bakarra galtzea onartezina dela adierazi dute: "Konfinamenduko aste luzeetan eta ondorengo hilabeteetan, gero eta jende gehiago konturatu da lur horiek gure auzorako duten balioaz". Hori aldarrikatzeko, bigarren aldiz antolatu dute Tartanga Berdea Eguna, eta hainbat ekintza egingo dituzte Altzagako berdegunean larunbat honetan. Goizeko hamarretan zuhaitzak landatu eta inguruak garbituko dituzte; hamabietan, umeentzako ekintzak eta kirol jarduerak izango dira; eta ordu bata eta erdietan, auzotik kalejira egingo dute.

Erandioko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura izeneko enpresarekin batera garatu du urbanizazio proiektua. 20.000 metro koadroko lurretan babes ofizialeko 350 etxebizitza eta tasatuta dauden beste hainbat pisu eraikiko dituzte. Horren aurrean, herritarrak kexu dira. 1.300 sinaduratik gora bildu dituzte proiektua gelditzeko eskatuz, baina erantzunik jaso ez dutenez, Tartanga Berdea ekimenak elkarretaratze eta ekintza gehiago antolatuko dituela adierazi du.

Ganemos Erandio alderdia eta Erandioko EH Bildu ere aurka agertu dira. Azken honek tokiko kontseilu exekutiboari eskatu dio Azpiegitura enpresarekin sinatutako hitzarmena berriz negoziatzeko edo proiektuak izan dezakeen eragina gutxitzeko moduak bilatzeko. Izan ere, prozesu administratiboko izapideen epeak kontuan hartuta, bi urte falta dira oraindik eraikitzen hasi ahal izateko.

Prozesu luzea

2019ko uztailean hasi zen prozesua, EAJk eta PSE-EEk urbanizazio plana onartu zutenean. Halere, proiektua askoz lehenagokoa da: 2011n Abaroa eraikuntza enpresak egin zituen zundaketa batzuek etxebizitza bloke bati arazo estrukturalak sortu zizkioten, eta hainbat familia etxerik gabe geratu zen. Altzagan eraikiko diren pisuetan birkokatu nahi dituzte orain familiak.

Baina hainbat eragilek ez dute begi onez ikusten, atzean azpijokoa dagoela uste baitute. EH Bilduk bere Facebook kontuan maiatzaren 13an salatu zuen Erandioko Udalak lur publikoak Azpiegitura enpresari esleituta, honek onura ekonomikoa aterako duela, etxerik gabe gelditu ziren familientzako pisuez gain, eraikiko diren beste hainbat saldu egingo dituelako.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Auzolana
'Eutsi geureari' goiburuarekin abiatu da Errigoraren udaberriko kanpaina

Nafarroako erdialde eta erriberako nekazariei eta euskalgintzari babesa adierazteko produktu loteen eskaerak egin daitezke Errigora. eus webgunearen bitartez. 'Eutsi geureari'  izeneko kanpaina abiarazi zuten atzo eta martxoaren 13ra arte aukera dago saski horietako... [+]


Auzokoak egindako lanaz

Udazkena etorri da aurten, ni fede handirik gabe nengoen arren. Ez dakit zein mirari tarteko, hostoek erabaki dute orbel bilakatzea; eta jantzi egin dituzte bideak eta bazterrak, gorriz, laranjaz, horiz eta berdez. Zuhaitz guztiek bat egin dute manifestazio erraldoian, baita... [+]


14.000 saskitik gora saldu ditu Errigorak, eta 185.000 euro bideratuko ditu euskalgintzara

Hamar urte dira saskiekin hasi zirela eta bi milioi euro bildu dituzte guztira.

 


Errigora, hamar urte euskarari puzka

50 euroko saski bakar eta "biribila" eta komunitatea batuko duen argazki erraldoia atera nahi dituzte urteurrena ospatzeko kanpainan. Azaroaren 9ra bitartean egin daiteke saskien eskaera.


2023-10-15 | Leire Artola Arin
Emakume baserritarrak, funtsezkoak bezain ahaztuak

Baserritar bat abereak gobernatzen edo traktorea gidatzen irudikatu beharko bagenu, ziurrenik gizon heldu bat imajinatuko genuke. Erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun baserritarrek, ordea, erakutsi digute iruditeria folkloriko horren atzean badaudela landa eremutik... [+]


Eguneraketa berriak daude