Su-armak nonahi egotearen ondorioak, Vox-en egoak eramango gaituen egoera

  • Inguruko edonork soinean arma bat eraman dezakeelako susmoarekin bizitzeak ondorio larriak dauzka gizartean eta eguneroko bizitzan. Poliziak lehenik tiro eta ondoren galdetu egiten du eta tiro bat jasotzea benetako arrisku bihur daiteke lanera joatean, lagunekin poteatzean eta, oro har, jarduera arrunt guztietan. Horra hor Vox eskuin muturreko alderdiak sortu nahi duen mundua atentzioa emateko asmoz eta harropuzkeria ikaragarri handiak hartuta.


2019ko ekainaren 26an - 11:12

Behin, hamabi urte nituela, tren bat hartu nuen AEBetako ekialdeko kostaldetik Seattlerera bueltan senide batzuei bisita egin ostean. Bidaian zehar ez ginen AEBetako mugaz bestaldera pasatu, baina mugan hasten den 100 miliako (161 km) eremu berezia zeharkatu genuen. Gune hori Muga Patruilaren aginte-eremua da eta, hortaz, geltoki batean, agente batzuk trenera igo ziren. Une horretan, mexikar-estatubatuar familia batekin solasean nenbilen kafetegi-bagoian. Agente bat gugana heldu zen eta ea AEBetako hiritarra nintzen galdetu zidan. Baietz erantzun nion. Ondoren, familiari jarri zion arreta, haien azalak are ilunagoa zirudien nirearen aldean. Galdera bera egin zien eta haiek ere baietz erantzun ziotenean, agenteak pasaporteak erakusteko eskatu zien. Urduri baino urduriago, presaka joan ziren maletetan zeukaten dokumentazioaren bila.

Elkarrizketa tupustean moztu zenez, nire eserlekura itzuli nintzen. Hortik ilara batzuk aurrerago, Asia ekialdeko emakume bat zegoen. Agente batzuek beregana jo zuten pasaportea eskatzera, baina ez zirudien emakumeak haien galderarik ulertzen zuenik. “Herritarra” hitza besterik ez zuen errepikatzen, ezer konprenitu gabe.

Egoera hori gehiegi luzatzen ari zela ikusita, altxatu egin nintzen eta gaztaroko tolesgabetasunaz beteta agenteei azaldu nien emakumea beren galderak ulertzeko gai ez zela eta trenean geltoki batzuk lehenago sartzen ikusi nuela. Nire asmoa egoera baretzea zen, baina, horren ordez, agenterik gazteena supituan biratu eta bere pistola zorrotik ateratzen hasi zen. Ez dakit erabat ateratzeko asmorik ote zeukan, bere kide zaharragoak, begiak zabal-zabal, besotik eutsi eta trenetik kanpora bizkor eraman zuelako. Emakumea hor bertan geratu zen niri tinko begira, zur eta lur.

Hori izan zen polizia armatuekin izan nuen lehengo harremana bizitzan.

Urte batzuk geroago, udako oporrak zirela eta, AEBetara itzuli nintzen. Egun batean, Europan ikaskide nituen lagun batzuk bisita egitera etorri zitzaizkidan nire aldirietako auzo ezin bareagora. Etxean zaratarik ez ateratzeko, gaueko ordu bata aldera nire haurtzaroko eskola ohiko patiora joan ginen zerbait edateko eta berriketan aritzeko asmoz. Janari lasterra jan eta whiskey merkea apurka edan genuen, patxadaz, elkarrekin ondo pasatzeko sobera mozkortu gabe.

Gaueko hirurak aldera, alarma batek jo zuen, baina auzokoren baten autoaren alarma zirudienez, ez genion kasu handirik egin urrutitik polizia argiak hurbiltzen ikusi genituen arte. Handik alde egiteko aukerarik izan aurretik, hiru polizia guganantz zuzen etorri ziren esku-argiak eta pistolak eskuetan prest, telesail kaskarretan bezala. Eraikin baten atzean bageunden ere, laster aurkituko gintuzkete; beraz, besteak baino lehen ateratzea erabaki nuen. Gutxienez, bertakoa nintzen, lagunak ez bezala. Eskuak gora, emeki-emeki aurreratu nintzen polizien “altxa eskuak!” eta “utzi botila lurrean!” oihu kontraesankorren artean. Aurrean, hiru pistola kargatuak eta argi distiratsuak nituen. Astiro-astiro, botila lurrean utzi eta ahal bezain lasai azaldu nien hor atzean bi lagun nituela eta haiek benetan eskertuko luketela tirorik ez jasotzea, mesedez. Hurrengo hogei minutuak lurrean etzanda eta eskuak buruan eman genituen, poliziek beren datu-basea arakatzen zuten bitartean, gure izenen arrastoren bila.

Lapurrak ez ginela ondorioztatu ondoren, jakinarazi ziguten eskolako eremuan gauean egotea legez kontrakoa zela, are gehiago bertan edatea. Nahi izanez gero, bertan atxilotu gintzaketela azaldu ziguten. Haien ustez, “zorte ona” izan genuen, hogeita bat urte baino gutxiago izan bagenitu, haien autoetan eramango gintuzketelako.

 ***

Ni auzo horretan hazi nintzen eta polizia horiexek hilean behin edo bitan geldiarazi ohi ninduten hamahiru urte nituenetik, nire norabideari buruz galdetzeko edota identifikazioa eskatzeko asmoz. Gehienbat, gauean lagunekin irtetea gustuko nuelako izaten zen, besterik ez; AEBetan, susmagarria zara kalean gauez ibiliz gero. Izan ere, hori izan zen departamentu horretako poliziek pistolekin destatu ninduten bigarren aldia.

Inguru horretan ez dago ia krimenik, baina, halere, polizia-auto bakoitzak eskopeta eta eraso-fusil erdiautomatikoa dauzka. Gainera, agente bakoitzak soinean eramaten ditu pistola erdiautomatikoa, taserra, esprai narritagarria eta borra. 25.000 lagun inguruko udalerri horretan, dozena erdi agente lanean aritzen dira beti gau osoan zehar. Miatu egin naute, iskinen kontra eserita egotera behartu, eskuak ipurdi azpian nituela, eta, oro har, hainbat alditan jazarri. Eta ni auzo aberats bateko gizon cis zuria baino ez nintzen.

Azkenean, goizeko laurak aldera, agenteek alde egiteko baimena eman ziguten. Dezepzionatuta zeuden eskolako idazmahaiak lapurtu nahi zituen gaizkile taldea ez ginelako, baina, era berean, bihotz-zabalekoaren plantak egiten zituzten gu ez atxilotzeagatik. Astiro, etxerantz itzuli ginen, ondo baino hobeto genekien graduatu ostean zain geneukan mundua horrelakoa izango zela.

***

Horrelakoa da bizitza edonork su-arma bat eraman dezakeen herrialde batean. Euskal Herrian zergatik bizi naizen galdetzen didatenean, lehen erantzunetariko bat izaten da kaletik tirokatua izateko beldurrik gabe bizi naizela. Gehienek txantxa hutsa dela uste dute. Ezta hurrik ere.

Hemen ez naiz tiro bat jasotzearen beldur edozein taberna-zulotan behar ez nuenarekin talka egin dudalako. Badakit trafiko-kontrol batean poliziak ez didala tiro egingo besoa luzatzen badut diru-zorroaren bila. Badakit ez naizela masa-hilketa batean tirokatua izango eraso fusil batekin eskuin muturreko konspirazionista baten eskutik.

Santiago Abascal Vox eskuin muturreko alderdiko burua Espainiako Estatuko hiritarrek armak edukitzeko eskubidearen alde aritu zen aurreko hauteskunde kanpainan, “etxean lapurrengandik babesteko”. Halako arrazoiketa ondo ezagutzen dut. Alde batetik, ideia horrek zentzuzkoa lirudike bere horretan aztertuta: nor bere burua defendatzeko gai izan beharko litzateke. Baina argi hitz egin dezagun. Hasteko, Espainiako Estatuan, hilketa tasa izugarri txikia da. 300 pertsona inguru erailtzen dituzte urtero, hiru hamarkada lehenago baino %30 gutxiago, mundu osoko tasa txikienetarikoa da. Duela hogeita hamar urte baino %50 pertsona gutxiago edozein motatako krimenen biktima dira gaur egun. Izan ere, autodefentsa bada arrazoi nagusia, inoiz baino armak izateko gogo gutxiago egon beharko litzateke.

Dena den, horretan ez datza eskuin muturreko alderdiaren arrazoiketa. Horrelako argudio enpirikoek ez lukete haietako bat ere konbentzituko, AEBetako esperientziaren arabera. Voxen arrazoibidea emozionala da: nork bere burua eta bere familia defendatzeko ahal beste indar erabiltzeko eskubidea izan beharko luke. Ideia horri aurre egin nahiko nioke, krimen tasei buruzko eztabaida antzu batean sartu baino; izan ere, horrekin egiatan esan nahi dena zera baita: neure etxean, ni naiz autoritate ahalguztidun gorena eta beste gizaki bat hiltzeko eskubidea daukat, baldin eta nire autoritatea mehatxa dezakeela susmatzen badut.

Errealista izanez gero, zure ondasunek bizitza batek baino gutxiago balio dute eta, seguruenik, lapur baten eskutik ez zara hilko —harrigarria bada ere, lapur gehienek jakin badakite hobe dela etxeetan hutsik daudenean sartzea—. Hortaz, ideiak berak ezkutatzen duen printzipioa baino ez dute defendatu nahi. Beste hitzez esanda, beren egoa babestu nahi dute. Vox ez dabil autodefentsaren alde egiten, bestea hiltzeko eskubidearen alde ari da norbere botere sentsazioa babesteko asmoz.

Gauzak horrela, ez da harritzekoa Espainiako Estatuan hilketa tasak behera egin ahala, feminizidio kopurua berdin mantendu dela ikustea. Ez da harritzekoa, era berean, gizon eskuindar batzuek beren egoa babesteko beste pertsonak hiltzeko eskubidea defendatzen duten bitartean, emakumeak hiltzen dituzten gizonak topatzea, gehienetan beren egoa minduta sentitu zutelako.

Ezin diegu utzi boteretsu sentitzeko beste gizakiak hil nahiko lituzketen gizonei gizartean zehar armak zabaltzen. Nahiz eta neurri batean eztabaida hau garrantzi handi-handikoa ez izan izan —egungo legearen arabera, ia edonork arma bat erraz lor baitezake— arma gehiago egoteak eragin larria eta ukaezina du poliziaren jokaeran. Poliziak, tiroak jasotzearen beldur denean, nahiago izaten du lehenik tiro egin eta ondoren galdetu alderantziz egin baino.

Zenbat eta arma gehiago hedatu, orduan eta sarriago erabiliko ditu bereak poliziak. Berdin du zein egoera motari buruz ari garen, edozein poliziak esan lezake une horretan bere “bizitza arriskuan zegoela sentitu zuela” besteak besoa honela edo bestela mugitu zuelako. Jendearekin izandako edozein interakzio hil ala biziko kontutzat hatuko lukete. Trafiko kontrolak, hil ala bizikoak. Zebrabidetik ez pasatzea, hil ala bizikoa. Auzokidea zure etxeko zarataz kexatu bada edota etxeko alarmak nahi gabe jotzen badu, hil ala biziko egoera sor daiteke. Normalean, gu hil eta haiek bizi.

Horra hor armak hedatu eta normalizatzearen benetako arriskua, “autodefentsa legitimoaren” erretorikaren kaltea. Edonork arma bat soinean eraman ahal badu, poliziek barneratzen dute jendea etsai arriskutsua dela eta euren burua soldadutzat hartzen hasten dira. Ondoren, AEBetan dugun pareko egoera nagusitzen da, non poliziak mila lagun baino gehiago hiltzen eta milaka gehiago zauritzen dituen urtero su-armez. Horrek azaltzen du nolatan gerta daitekeen nire burua hiru pistolaren aurrean aurkitzea nire haurtzaroko eskolako patioan, nahiz eta ingurunean ia krimenik ez egon. Nolatan poliziek serio-serio esan diezadaketen zorionekoa naizela aske alde egiteagatik.

Zinez uste dut armak izateko eskubidearen aldeko benetako argudioak egon badaudela. Santiago Abascalen argudioa, ordea, ez da horietako bat. Gizonezkoaren ego hauskorrean oinarritutako argudioa da eta argi dago zer ondorio ekarriko lituzkeen: feminizidioak, suizidioak eta ikaragarrizko arriskua poliziarekiko edozein interakziotan. Egia da, armei eta autodeterminazioari buruzko eztabaida askoz sakonagoa da; baina dena den, oraingoan, gauza sinple bakar bat azpimarratu nahiko nuke: egun, Voxen aldarria armak etxean edukitzera mugatzen bada ere, hau hasiera baino ez da. AEBetako ezkerreko komunikabideek Trumpi buruz diotena hemen ere aplika daiteke: eskuin muturreko talde hauek serio hartu behar ditugu, baina ez literalki. Beren jarrera eta diskurtsoa arretaz aztertu behar ditugu, baina ez dezagun pentsa dauzkaten benetako helburuak adierazten ari direla. Hasieran, etxean armak eduki nahi dituzte; laster, arma horiekin mugak patruilatu egin nahiko dituzte, edo gure kaleetatik begi-bistan eraman. Batak nahitaez bestea ekarriko du.

***

2002 urtean, bizi nintzen aldirietako auzoko giro distopikoki bare horretan bertan, gizon batek banku bat lapurtu zuen paper zati batez baliatuz, besterik ez. Polizia agente batek atzetik tiro egin omen zion. Hemerotekan agertzen ez bada ere, argi gogoratzen dut garaian irakurri nuela nola bi agentek hogeita hamar aldiz tiro egin zioten. Horrek esan nahi du tiroketa erdian etenaldi bat egon zela armak berriz kargatzeko.

2014 urtean, inoiz krimen bortitzik egin zuen sukaldaritza ikasle bat tirokatu eta hil egin zuen poliziak, arma faltsu batekin banku bat lapurtu ostean. Poliziek beren buruak babestu baino ez zutela egin esan zuten. Hilketaren lekukorik ez dago.

Tiroketa hauek guztiak 25.000 pertsona dirudun zuri bizi diren komunitate batean gertatu ziren. Guztiek bi polizia agente berak izan dituzte protagonista. Nerabezaro osoan bortizkeria-burrunba sotil baina iraunkor batean murgilduta bizi izan nintzen.

Urte horietan zehar, ezagutzen dudan inork ere ez zion bere buruari galdetu: benetan merezi al du zenbait mila dolarrengatik lapur bati bizia kentzea? Ba al dago etxebizitzen pare-parean auto batetik tiroka ibiltzea merezi duen ezer? Egiaz erantzun bat eta bakarra dago: gizon harro baten egoa.

Azken finean, autodefentsa harropuzkeriarekin nahasten badugu, ondorioak denok jasango ditugu.

Erreportaje hau Diego Pallés Lapuentek euskaratu du ingelesetik

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Gorka Bereziartua
#4
Estitxu Eizagirre
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Isilean


Materialismo histerikoa
Zainduta

Umea gelan eranzten utzi, eta ni lau minutuan jantzi naiz, bi pasa behar izan ditudalako pulamentuzko kulerorik ez dudala ohartzeko, eta souvenir moduan gordeta nituen norbaiten kaltzontziloak janzteko. Nik bakarrik jakingo dut galtzen azpian Spiderman daramadala. Hogeita bost... [+]


2024-05-12 | Diana Franco
Teknologia
Norbera izatea ahaztu

Oso gogoko dut zientzia fikzioa, genero honetan istorioak oso modu aldrebesean kontatuak izaten badira ere. Fikzioa erabiliz, dugun errealitate konplexua azaltzeko edota eraldatzeko modu berriak lantzen dira. Ocativa E. Butler zientzia fikziozko idazleak, elkarrizketa batean,... [+]


Eguneraketa berriak daude