SEO titulua


2024ko apirilaren 07an - 09:47

Paternalismoak egungo kazetaritza hartu du. Akaso aspaldi bahitua zuen. Nostalgia gene horrek badirau ogibidean, iraganeko lorpen guztiak goratuz. Gure lotsariak edonork ezagutu ditzake: partzialtasuna, sentsazionalismoa, bihotzeko prentsa, eta beste asko. Izan ere, biztanleriaren sektore handi batek mertzenariotzat hartzen gaitu, tabernako koinatuek argi uzten duten legez. Ez pentsa sarritan ingurukoen balio-iritzirik jasaten ez dugunik.

Mundua gizartearen eskutik eraldatzen doa eta medikuek aparatu berrienak baliatzen badituzte gu ez gara zertan gutxiago izan. Gailuz inguraturik bizi gara, lanean, bazkalorduan... edonon mugikorra sakelan dugu, aisia xurgatzearen zain. Erredakzioek (batzuek) ezin izan dute transformazio digitala ekidin, dakarren erritmo eta lan-fluxuen aldaketekin. Alabaina, aipaturiko belztasunak ez dira oraingo gauza, beti izan baitira kazetari-morroiak, jabeak esandakoa bere horretan islatzen duten horiek.

Paternalismoak egungo kazetaritza hartu du. Akaso aspaldi bahitua zuen. Nostalgia gene horrek badirau ogibidean, iraganeko lorpen guztiak goratuz

Iruditzen zait funtsean ez garela hainbeste itxuraldatu. Nahi baino gehiagotan entzun ohi dut gazteona ez dela benetako kazetaritza. Ziztu bizian argitaratzen ditugula albisteak, sare sozialen eragina pairatzen dugula edota SEOra bideraturiko tituluak baino ez daudela. Benetan ezagutzen al dute hitzaren esanahia? Neologismoa denez gehienek clickbait-aren sinonimoa dela uste dute, nahiz eta kontrakoa adierazi. XX. mende hasierako kronista batek nire lankideekiko iritzi berbera izango lukeen susmoa daukat: ofizioa orbandu dutela, hain zuzen. Aurrekoak etor berria beti hobetuko du edo hala esanen dizute bederen.

Erritmo berriak dira, adiskide. Beste hainbat lanbidek egin duten bezala, kazetariok jai daukagu ez bagara gainontzekoekin batera mugitzen. Guztioi gustatuko litzaiguke Watergate Kasua argitara ematea edo erreportaje bat lantzeko nahi beste patxada izatea. Tamalez, egunerokotasunak agintzen du eta ezinezkoa da biziko dugun aroa aukeratzea; bakoitza bere garaiaren seme da eta denborarekin zer egin erabakitzea norberari dagokio. Bai, mingarria da Sálvame-ren esamesak audientzian lehenak direla ikustea, baina ezin ditugu kontsumo-joerak kolpe batean irauli. Etxean eta eskolan landu beharreko kontua da hau. Onar ezazue, kazetaritza aldatu egin da.

Jon Otermin Benito, kazetaria

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#3
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Eguneraketa berriak daude