Gure jaiak


2025eko abuztuaren 28an - 10:27
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Euskal Herri osoan —beste herrialdeetan bezalatsu— jairik ez da falta. Negu giroan ere asko badira ospatzen direnak, uda-garaian ez da festa gabeko egunik. Egun-argi luzeak eta gau epelak jendea etxe zuloetatik kanpora, kalera ateratzeko aproposak dira eta jai giroan bada, hobeto.

Udako jaietan erreparatzen badugu, hasi San Juan inguruko jaietatik eta irailaren azkenera arte, ez da jairik falta gurean. San Juan aipatu dugu, udako solstizioa, eta gaur egun horrela deitzen diete: San Juan jaiak. Baina Euskal Herrian San Juan ezagutu aurretik udako solstizioko jaiak bazirela, bezperako suarekin eta erritoekin garbi adierazten da. Ama-lurrari begira egindako jaiak dira, eguzkia goren dagonean eta uzta heldu bidean, gaitz eta izurriteetatik babesteko eta mamu txarrak uxatzeko suak piztuko dira uzta ona izan dadin. Paleolito garaian ere ziur eguzki amandrea goren zegoenean ospatzen zutela borobilean egindako dantzaren batekin.

Uztailaren hasieran sanferminak ditugu Nafarroa aldean: Iruñean eta Lesakan, besteak beste. Bietan San Fermin dute gidaria eta bere izenean festa bikainak egiten dituzte. Ez dakit santuak heldu aurretik festarik bazen edo ez. Dena den, San Ferminek jai desordenatu xamarrak egiteko ere baimena ematen du. Santu hori gerritik gora baita santu; horrela azaltzen da bere figura, gerritik gorako bustoa. Iruñean, behintzat, zezenek dute fama; leku txarra hankarik gabeko santuentzat. Lesakan ere hankak finak behar —hanka arinak eta gaueko zurrutak eragindako balantzarik gabeko gorputza— Onin erreka bazterreko bi pareta gainetan dantza egin ahal izateko.

Abuztuaren atarian San Inazio jaiak ere ospatzen dira leku desberdinetan, baina, batez ere, Azpeitian: Iñigo Lopez de Loiola jaio zen herrian. Ignacio, “Ignatius” izena santuak berak jarri zion bere buruari.

Mito erlijiosoak edo mito ez erlijiosoak gure jaietako ikurrak dira. Bai antzinako gure mito zaharrek eta ondoren ezarri zizkigutenek balio batzuk badituztela ezin uka

Abuztuaren hasieran Gasteizen ditugu jaiak. Andra Mari Zuria mitikoa eta Zeledon mito berria ditugu Gasteizko jaietako zaindariak edo pertsonaiak. Jai guztiek dute, betidanik, sakoneko espiritualtasun bat eta antzina, gure asaba zaharrek ospatuko zuten bezala, —irudikatu nahi badituzu, gogoratu inoiz ikusitako tribu batetako dokumental bat, denak borobilean dantzan eta kantuan— batzuk errezoan Ama Birjinaren irudiaren atzetik eta besteak eromenean zerutik datorren Zeledon mitikoaren ondoan. Motiboak behar dira jaiak ospatzeko.

Donostia aldean zain daude gasteiztarrek jaiak noiz amaituko. Zeledon zeruetara jaso orduko, “kañonazoa” bota eta Aste Nagusiari hasiera ematen diote. Donostian ez omen da jairik gabeko egunik… fama hori dute. Beraz, ez da erraza jakitea zein den herriko zaindari hori, aste guztirako festa baimena ematen duena. Kanoiarekin jaiak hasteko militar kutsuko santuren bat izango dute zaindari —izan ere, badute danborrada izenarekin militar irudiko jaia, Napoleonen tropen parodia-jaia bada ere—. Donostian lehenengo jaiak ospatzen dituzte eta gero gogoratzen dira Koruko Andra Marirekin. Festak abuztuaren 9an hasi ziren eta 14an abestu zioten salbea Andre Mariari. Ama Birjinaren eguna 15ean da eta 16an festak amaitzen dira. Koruko Andra Mariren jatorria ez da segurua. Batzuek diote elizako koru bazterrean aurkitu zutela eta beste batzuek, berriz, Donostiako arrantzale batzuk itsasoan aurkitu zutela. Donostiarrek eta, batez ere, arrantzaleek debozio handia diote Andra Mari honi.

Bilbon, aurten, abuztuaren 16an hasi da Aste Nagusia —honek erreleboetako jai-korrika saioa ematen du: Gasteizen 9an amaitu eta Donostian 9an hasi; Donostian 16an amaitu eta Bilbon 16an hasi. Aspaldiko “non stop dance” abestia gogorarazi dit—. Seguru nago, Bilboko jaiak ere abuztuko Andra Marirekin lotura dutela, itsasoko portua izanik, baina, hala ez bada, hor daukate Begoñan beste Amatxu bat. Abuztuko Andra Marietan leku askotan egiten dira jaiak. Bilbon balkoira irteten dena andra “Mari” da, andra “Mari-jaia”, festa guztien erregina; santuak Euskal Herrira etorri aurrekoa, euskaldunon garai bateko jainkosaren ordezkoa.

Mito erlijiosoak edo mito ez erlijiosoak —ez zait profanoak deitzea gustatzen, denak baitira sakratuak eta espiritualak, mitoak diren neurri berean— gure jaietako ikurrak dira. Bai antzinako gure mito zaharrek eta ondoren ezarri zizkigutenek balio batzuk badituztela ezin uka eta, festa-giroan gaudenean ere, gogoratzekoak direla: elkarrekintza, elkar-jolasa, jana eta edana partekatzea, dantza, errespetua eta umore ona.

Orria bete zait eta ezin izan dut Iparraldeko jaiei buruz ezer idatzi. Barkatu! Hurrengoan.

Izan jai zoriontsuak!

Iñaki Lasa Nuin

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude