Podemos, Compromis, En Comú Podem, EH Bildu, EAJ, ERC, En Marea eta PDeCAT-ek aurkeztu dute lege proposamena. Gizateriaren aurkako krimenak epaitu ahal izateko Amnistiaren legea aldatzea du xede proposamenak.
“Espainiako Estatuak behingoagatik Frankismoaren biktimoi justiziarako eskubidea onartzea da helburua”, dio Chato Galante Frankismoaren biktimak. Kode Penalean Nazioarteko Legaltasun Printzipioa txertatzea jasotzen du lege proposamenak. Baita Amnistiaren Legea aldatu eta Gizateriaren Aurkako Krimenak epaitzeko aukera ere.
Oposizioko alderdi gehienek babestu dute proposamena. PSOE eta IU izan dira salbuespenak. Sozialistek ez dute proposamena sinatu, berau osatzeko bileretan parte hartu duten arren. IUk ere ez du sinatu lege proposamena, nahiz eta Kongresuan alde bozkatuko duen, horren ordez Amnistiaren Legea indargabetzea eskatzen duen proposamena aurkeztuko dute datozen egunetan.
Espainiako Estatuko Botere Judizialak Amnistiaren legea babesleku gisa erabili du urtetan Frankismo garaiko krimenak ez ikertzeko. 2011. urtean beste saiakera bat egin zuten lege hori aldatzeko, baina PP, PSOE eta CiUren aurkako botoengatik ez zen aurrera atera.