Pfizerren txertoa nola banatu ahalko da bide osoan -70ºC-etan atxikiz eta zein preziotan?

  • Pfizer eta BioNTech konpainiek zalaparta handiz iragarri duten lorpena jarri da COVID-19aren kontrako txertoa lortzeko lasterketan buru. Gutxienez astebeterako... zeren eta denborarekin azaldu dira txerto horren zenbait ezaugarri lortzen lehenbizikoa balitz ere mundu mailako banaketa eragotziko luketenak: nola bermatu milioika dosiak fabrikatik hiri eta herrietako osasun zentroetarainoko  bide osoa -70ºC azpiko tenperaturan egitea?


2020ko azaroaren 16an - 11:50
Txerto ultraizoztuak edukitzeko ahalmena duen biltegi berezi bat. (Argazkia: Pharmaceutical Commerce)

COVID-19aren kontrako txertoa lortzeko lasterketan ari diren farmaziako korporazioen artean Pfizerrek eta BioNTechek aurreratu zuten bere burua joan den astean, kasik lortua duela iragarriz. Albisteak burtsetan ere eragin zuen, pandemiaren amaieraren zantzu bat izan zitezkeelakoan. Baina euforiaren aparrak joan ahala azaleratu dira hainbat inkognita, horietako bat Pfizerren txertoa metatu, garraiatu eta jendearen jartzeko lekuetaraino iristeko beharko den kongelazio kate erraldoiari dagokio. Izan ere... operazio logistiko erraldoi bat antolatu beharko litzateke txertoa bere garraio kate osoan derrigor eskatzen dituen -70ºC azpiko tenperaturetan erabili ahal izateko.

Pfizerrek berak –egun batzuetan burtsan etekin handiak lortu ostean, tartean bere zuzendari nagusi Albert Bourla akzioak salduta aberastuz– aitortu behar izan du txertoa lortzea konplikatua bada ez dela gutxiago izango hori munduan barrena zabaltzeko azpiegitura antolatzea. Gainerako txerto gehienek ez dute hain biltegiratze-tenperatura baxurik behar, eta, beraz, ez dago dagoeneko ezarritako azpiegitura orokorrik.

Pfizerren plana da txertoa AEBetako, Alemaniako eta Belgikako zentroetatik banatzea. BBC-k azaldu duenez, lurrez zein airez bidaiatu beharko du. Etapaz etapa jaso beharko duten banaketa-zentroek biltegiratze ahalmen handia beharko dute eta horietatik aurrera ultraizoztuek behar dituztenen antzeko baldintzetan iritsi beharko du klinika, kirurgia, farmazia eta ospitale bakoitzera, herritarrei txertoa jarriko zaien leku orotaraino.

Wall Street Journal egunkariak jakitera eman duenez, Pfizerrek maleta baten tamainako garraio-kutxa berezi bat garatu du, izotz lehorretan enpaketatuta 5.000 dosi garraiatzeko, GPS daramaten maleta berrerabilgarriak. Ez dira kaxa merkeak izango: askoz hotz txikiagotarako eta dosien laurdena eramateko prestatutako kutxak 5.000 libratan saltzen direla jakin du BBC-k. Baina maletatxoena litzateke garraio osoaren azken urratserako beharrezko tresneria. Garraio osoa honela laburbildu daiteke, zehazki txerto honi dagokionez:

- Pfizerrek ekoizpen zentroetatik erosketa egin dion herrialde bakoitzera hegazkinez bidaliko ditu txertoak, aipatu 5.000 dosiko maletetan.

- Herrialde bakoitzean txertoa eduki ahal izango da 6 hilabete arteko epean -70ºC azpiko biltegi handietan.

- Biltegietatik ateratakoan, txertaketa-zentroetaraino maletatxook eramateko 10 egun dauzkate (beti -70ºC-ko tenperatura urratu barik).

- Txertoa eman beharreko osasun-zentroak -2ºC eta -8ºC-ko hotzean eduki ditzake gehienez ere bosgarren eguna arte.

Gauzak nola dauden ikusteko, Erresuma Batuan BBC-k galdeturik gobernutik erantzun diote biltegiratze zentralari eta txertoaren banaketari buruzko prestaketa lanak egiten ari direla, zehaztapen gehiago gabe. Hedabideari zalantza handiak agertu dizkiete medikuntzako profesionalek, txertoak eman behar dituzten medikuek gisa horretako izozgailurik ez daukatela esanaz. Agian, dio BBC-k, unibertsitateek eta ikerketa laborategiek beren ekipoak jarri ahalko dituzte biltegiratzeko plan erraldoiaren mende. BBC-k galdekatutako logistikako enpresek diote eta Michael Bourlakis logistika irakasleak esan du: "Hornidura katean, ezustekoaren zain egotera ohituta gaude. Hori esanda, eskalak, konplexutasunak eta horren gaitasunak ez dute aurrekaririk".

Euskal Herriari dagokionez, Hernaniko Bexen enpresak jadanik dauzkan hozkailu bereziak beste gehiagorekin osatuta urtea amaitzerako espero du hiru milioi txerto dosi -80ºC arteko hotzean eduki ahal izatea, EITB-k jakinarazi zuenez. Bexeneko arduradunek operazioa konplexu baina egingarritzat jo dute kazetarien aurrean. Alabaina, ez da dirurik aipatzen ez hor eta ez Pfizerren txertoaren ezaugarri honek txertatze operazio osoari gehituko liokeen koste ekonomikoaz. Zeren eta gainerako txerto gehienek –jadanik garapen bidean direnek– aski baldin badute ohiko errefrigerazio xume batekin... nola epaituko da azkenean batzuen eta besteen arteko lehia, ezaugarri mediku eta klinikoez gain benetako kosto ekonomikoa osotasunean hartuta?

Herrialde txiroetan ez dute, hala ere, hori argitu zain itxaron beharko: erokeria da gisa horretako soluzio bat mundu guztiarentzako egingarria litzatekeenik pentsatzea. Associated Press agentziak berrikitan azaldua du datozen txertoak hozkailuetan garraiatu eta eduki behar direnez, 3.000 milioi jende automatikoki geratuko direla planetan txertatzeko aukerarik gabe. Adibide bat aipatzearren, Burkina Fasso dagoeneko 1.000 hozkailu arrunten faltan dagoela. -70ºC harrapatu behar duten hozkailuak aipatzeko moduan...

Txertoen erabilera ultraizoztuen biltegi batean. (Argazkia: BBC)

Astelehenean, azaroak 16, gaiak beste jauzi bat egin du bigarren farmazeutika batek, Modernak, iragarri duenean bere txertoa ere Pfizerrerrenak adinako eraginkortasuna emateko moduan dagoela (%94) baina gainera hilabetez kontserbatu daitekeela -2ºC-tan eta aurretik bost hilabete arte -20ºC-tan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude