Partekatu ala erail


2022ko apirilaren 11n - 07:17

“Urak nahieran eta nahi tenperaturan ateratzeari utziko dio luze gabe”, pentsatzen dut aldiro sukaldeko edo dutxako iturriak irekitzerakoan. “Etxean hotzarekin bizitzen ikasi beharko dugu”, berogailua piztean. “Gasteiz bezalako hiri ertainetan ere bilakatuko al da bizitza materialki ezinezko?”, erosketak egitean. Nola egingo dugu lan ARGIAn gasolina eskasiagatik maiz elkartzerik ez dugunean, edo dozenaka mineral eskasdun gailu elektronikoak luxu bihurtzean?”, autoan lantokira, Lasartera noala. “Esportatzera ohituta gauden gerrak gure etxeko atea joko al du?”, Ukrainari begira. Pentsamendu errepikakorrak.

"Gure eliteen agenda argia da. Zer egingo dugu herritarrok? Are, zer ezkertiar usteko herritarrok?"

Heldu da. 2008an hausnartu genuen auzoan, “zetorrenarekin”, eraldaketa bultzatu behar genuela jai herrikoiak antolatuz edo espazioak okupatuz baino gehiago guztiontzako elikadura eta etxebizitza borrokatuz, baztertuak biderkatuko zirelako –baztertuak “besteak” izaten jarraituko bazuten ere–. 2015ean La espiral de la energía entziklopedikoaren irakurketak “gertu genuenarekiko” hotzikarak eragin zizkidan. Auzoko elikadura sarea sortzeko prozesuaren erdian piztu zen pandemia, eta lehenbizikoz sentitu nuen oinarrizko beharren asetze komunitarioa “besteenak” ez ezik nire beharrak asetzeko erreminta bilakatu zitekeela “bihar”. Energia krisiak, kaos klimatikoa, gerrak eta migrazio masiboak, hornidura arazoak... Kolapsoaz irakurtzea ariketa intelektuala zen atzo; errealitate ukigarria da gaur: iraultza E egun epikoan hasi eta amaituko ez den modu berean, kolapsoa ere prozesua baita.

Pentsatzen dut, baikortasun gehiegiz akaso, erraza litzatekeela ditugun-datozen arazoetako askori konponbidea jartzea: partekatuz, kolektibizatuz, gutxituz, berrerabiliz... Biziraupena ez ezik, bizipoza ere ekarriko liguketela aldaketa horietako askok. Ikusten dut Europa, hauspotu duen gerra baten beroan aurrekontu eta balore militarrak biderkatzen, eta pentsatzen dut, ezkortasun gehiegiz nahiko nuke, ez dela egon historian talde dominatzailerik goian egonik behera egitea “kiroltasunez” onartu duenik: gu europarrok ez garela hobeak izango, gerraren bitartez lortutako pribilegioak gerran sakonduz defendatuko ditugula, sarraskia ‘antzua’ izango bada ere hegemonia galerak ez baitu atzera bueltarik.

Gure eliteen agenda argia da. Zer egingo dugu herritarrok? Are, zer ezkertiar usteko herritarrok? Eliteen orpotik jarraitu ugertzen jarraituko duen gure urrezko kaiola –kaiola, baina urre kolorekoa; urre kolorekoa, baina kaiola– etsian defendatzeko? “Baliabideak gutxitzen doazen jendarte batean, edo inoiz ez bezala partekatzen ikasten dugu, edo inoiz ez bezala hilko dugu elkar”, idatzi zuen Emilio Santiago Muiñok. Buelta erdia hartu, eta ekin diezaiogun partekatzeari. Partekatzea posible egingo duten egunerokotasunak, desioak, etikak, egiturak, antolakundeak sortu eta indartzeari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gerra
Ruandarekilako gerra saihesteko "azken aukeratzat" jo du Angolaren mediazioa Kongok

Tutsi eta hutu etnien arteko gatazka zein mineralen ustiaketa dira gaiztotuz doan gatazka odoltsu horren iturrien artean. Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Agentziak jakitera eman du orotara 5,7 milioi errefuxiatu eragin dituela 2021ean areagoturiko gatazkak.


Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


Gerra danbor hotsak Europako Batasunean

Urtebete pasa da Mendebaldeari Ukrainako gerra okertu zitzaionetik. Xakean esaten da jokalari bat zugzwang posizioan dagoela egin dezakeen edozein mugimenduk kaltetuko badu. Mugimendurik egin beharko ez balu berdinketa lortuko luke, baina bere txanda bada, bereak egin... [+]


Israelgo Armada hornitzen duten petrolio konpainiak, gerra krimenen konplize?

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.


Eguneraketa berriak daude